Harrerako haurren hezkuntzari begirada sakon eta sistemikoa

Harrerako haurrei sentimenduak adieraztea kosta egiten zaie, oro har; hortaz garrantzitsua da alderdi emozionala lantzea: Harrerako familietan dauden haurrek hezkuntza-esparruan izan ditzaketen arazoei aurre egiteko sentsibilizazioa eta formazioa behar dituzte irakasleek. “Trauma”, “erresilentzia”, “bizimina” , “zorioneko gizartea” edota “hezkuntza kooperatiboa” hitz soil baino gehiago dira Beroa elkartearentzat eta euren berezko familietatik atera dituzten neska-mutilentzat.

 
 
Zer dira harrerako familiak? 
Familia-harrera baliabidea Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan duen baliabideetako bat da, haur-nerabeen babesera bideratua. Egoera latza, kritikoa edota berezko familiak haur horien ardura ondo bete ezin duenean, babesik eman ezin dienean, Gipuzkoako Foru Aldundia haur horien kargu egiten da, beraiek zaintzen dituzte eta familiatik kanpo ateratzen dituzte. Haur bat bere familiatik kanpora ateratakoan, ume horren garapenerako egokiena familia-eredu bat izatea dela aurreikusten bada, familia-harrera baliabidean sartzen dute. 
Harrerako familiez hitz egiterakoan ez da familia-eredu nuklearretan pentsatu behar, familia-eredu anitzak dira; guraso bakarrekoak, sexu bereko bikoteak… familia modu zabal eta anitzean ulertzen dugu familia-harreretan.
Beroa elkarteak zer eskaintzen du? 
Duela 15 urte sortu zen, baliabide honetan parte hartzen zuten familiek kolektibo bat sortzeko beharra ikusi baitzuten, dauzkaten egoera berdintsuetatik ikasteko, partekatzeko, elkarri babesa emateko, etab. 
Pixkanaka garatuz joan da egitura eta, gaur egun, familia hauei eremu bat eskaintzen zaie beraien artean gauzak komentatzeko eta, horrez gain,  ikastaroak eta formakuntza-saioak eskaintzen zaizkie. Beste alde batetik, haurrekin ere hainbat proiektu egiten ditugu. Badira, adibidez, familia ezberdinetan dauden neba-
arrebak, eta haiei eremu bat ematen zaie elkarrekin egoteko,  elkartzeko… Azken finean, gurasoek dituzten behar berdintsuak dituzte haurrek ere. Harrerako familietan dauden haurrek ere, askotan, antzeko egoerak bizi izaten dituzte, “bi ama 
eta bi aita” dituztela esaten dutenean, edo konturatzen direnean bere familiakoen abizen berdinak ez dituztela…  Gurasoek bezala, haurrek eurek ere behar dute talde bat, kolektiboa, beraien artean gauzak komentatu, nola sentitzen diren adierazi, etab. 
egiteko. 
Bestalde, Etxe Gorriaren kudeaketa ere eramaten dugu, haurra eta familia biologikoaren arteko bisitaldiak egiten diren eremua da hori. Eta horrez gain, sentsibilizazio- eta erakartze-kanpainak ere egiten ditugu. 
Harrerako familietan dauden haurrekin lan egin behar duten irakasleek, zer izan behar dute aintzako? Nola egituratuko duzue ikastaroa?
Familiei eta irakasleei begira antolatuko dugu ikastaroa, hezkuntza-munduan harrera familietako haurrek dituzten garapenerako arazoei nola aurre egin landuko dugu. Bai 
etxean zein eskoletan arazo antzekoak egon ohi dira, eta, gainera,  askotan errepikatu egiten dira arazo horiek; nola egin aurre eta gertaeren aurrean nola jokatu landuko dugu.
Harrerako familietan dauden haur eta gazte gehienek, alderdi emozionala kudeatzeko zailtasunak izaten dituzte, sentimendu eta afektibitate gaietan oso “ukituak” daude-eta, eta sentimenduak adieraztea eta nola dauden esatea kosta egin ohi zaie. Horrexegatik, emozioen kudeaketari begiratu nahi dio ikastaroak. 
Bisitaldien gaia ere landuko dugu. Harrerako familietan dauden haurrek beraien jatorrizko familiekin bisitaldiak izaten dituzte eta testuinguru horretan denetariko egoerak aurki daitezke. Horregatik, bisitaldiaren aurretik eta ondoren ere haurren egoera zaila izaten da, eta beharrezko izango dugu ikastaroan, “trauma”, "erresilentzia”, “bizimina” eta “zorioneko gizartea”... bezalako kontzeptuen inguruan hitz egitea. Hezkuntza kooperatiboak egin ditzakeen onurak edota gai hauek ikasgelan nola landu eta horrelako egoerei nola buelta eman ere ikusiko dugu.
Harrera familietan zer adinetako haurrak hartzen dira, umeak, nerabeak, gazteak...?
Berez 0tik 18 urtera bitarteko haurrei egiten zaie harrera, hau da, adingabekoak diren bitartean. Haurra familia batera bideratzeko orduan, harrerako familiaren nahiak edo ezaugarriak ere kontuan hartzen dira; adibidez,  6-7 urteko seme-alabak badituzte, adin antzeko haurren bat nahiago izango dute, edota seme-alabarik ez badute nahiago dute haur txikiago bat, etab. Familiek ez dituzte haurrak aukeratzen, baina beraien profilera gehien hurbiltzen den umearekin lotura egiten saitzen gara. Horretarako, garrantzitsua da  familiak politikoki zuzena izan beharrean, zintzoa izatea eta bere nahi eta beldurrei buruz argi hitz egitea. Balorazio-momentuetan horrelako jarrerak asko eskertzen dira, harrerako familien egitekoa ez baita “izena ematea eta kito”. Guri interesatzen zaiguna da bai haurra zein familia ondo egotea, gustura egotea, prozesu guztia ondo joatea. Horrela ez bada, familia-harrerak ez du aurrera egingo.
 
Momentu honetan badago nahikoa harrerako familia? Gehiago behar dira?
Gehiagoren beharra dago. Gainera, orain legea aldatuko da, eta lege berriak dio, 0-3 urte bitarteko haurrek harrerako familietan egon behar dutela, ez harrerako pisuetan. Horregatik,  harrerako pisuetan dauden 0-3 urte bitarteko haur guztiak, familietara pasatu beharko dira eta haur horiek etxeetan hartuko dituzten familiak behar dira.
Zer egin behar da harrerako familia izateko?
Lehenengo informatu, oso garrantzitsua da ondo informatzea; eta behin erabakia hartutakoan, Laukara joatea da hurrengo pausoa. Lauka harrerako familia izateko balioztatzeak egiten dituen erakundea da. Erakunde horrek, elkarrizketa eta testen bitartez balorazioak egiten ditu, eta positibo emanez gero, itxaron zerrendan sartzen da familia hori, norbere profilarekin bat datorren haurren batek familia baten beharra izan arte. Momentu hori iristean, egokitzapen-prozesua hasten da, eta egokitzapen etapa hori haurra etxera eraman arte luzatzen da. Bestalde, herritarrak informatzeko, hainbat herritan hitzaldiak ematen ditugu, edota Beroara deituz gero, hitzordu informatiboak ere egiten ditugu. 
Haurrak zenbat denbora egon ohi dira, gutxi gora-behera, harrerako familietan?
Gipuzkoan harrera soilak eta iraunkorrak daude. Harrera soila, bi urte baino lehenago bere berezko familiara bueltatu ahal izango dela aurreikustean ematen da.  Iraunkorra, aldiz, bere berezko familiara bueltatzeko  zenbat denbora beharko den aurreikusi ezin denean izatean da. Harrerako familiaren baliabideen helburu nagusiena haurra bere berezko familiara itzultzea da. Baina askotan, familia oso desegituratuak izaten dira, eta itzulera hori ez da erraza izaten. Gizpuzkoan dauden harrera gehiengoak iraunkorrak dira, soiletik hasten dira, baina helburuak betetzen ez badira, soiletik iraunkorrera pasatzen dira.