Arantza Zugazagasti: Ilusioz betetako irakasleak behar ditugu, enpatia handia dutenak eta beti prestatzen ari direnak

2013-11-01
1975. urteko iraila. Hiru urteko 35 haur, denak negarrez eta bera bakarrik. Programarik ez eta esperientziarik ere ez. Horrelaxe abiatu zuen Arantza Zugazagastik 
haur-eskolako ibilbidea: “Balio ez zuen eredu batetik gentozen, eta dena zegoen egiteko”. Geroztik, Haur Hezkuntzan aritu da nagusiki. Hizkuntzen irakaskuntzan 
espezializatu da, eta Eleanitz English eta   Ahozkotasuna Lantzen proiektuetan jardun du, baita materialgintzan eta   irakasleen prestakuntzan ere: “Irakaskuntzaren muina haurra da, eta irakaskuntza hori aurrera eramateko bi zutabe nagusi daude: materiala eta irakasleak. Irakasleok prestakuntza gehiago behar dugu”. Joan den uztailean hartu zuen erretiroa ikastolatik, baina hezkuntza-munduarekin lotuta jarraitzeko asmo osoa du.
 
 
Duela gutxi hartu duzu erretiroa. Atzera begira jartzeak ematen dizun ikuspegitik, nolako bilakaera izan du Haur Hezkuntzak hasi zinenetik hona?
Bilakaera izugarria izan da. Beharrak eraginda sortu zen Haur Hezkuntza ikastoletan: gero eta haur erdaldun gehiago genituen geletan, eta horri erantzun egin behar zitzaion, haur horiek euskalduntzea genuen helburu. Orain, ikuspegi zabalagoa dugu, eskolaurrera haurrak ez datoz euskara edo hizkuntza ikastera bakarrik, baizik eta heztera. Heziketa osoa izaten dugu kontuan, eta badakigu heziketa hori ez dela 3 edo 2 urterekin hasten, baizik eta haurra jaiotzen den unetik hasten dela, gu heziketa horren zati bat besterik ez garela, eta zati horretan familiarekin batera egin behar dugula lan. 
Nola irakasten zen lehen eta nola irakasten da gaur? Nola aldatu da irakaskuntza?
Gu hasi ginenean, ez genekien garbi zer erakutsi behar genuen. Ez zegoen programarik. Intuizioz erakusten genuen, edo albokoak egiten zuena ikusiz. Lehen urtean, 35 haurrekin gela batean jarri nindutenean, nik ez nekien zer egin behar nuen. Aldamenean banuen irakasle bat, eta esaten zidan: “Aizu, hartu zure haurrak, etorri nire gelara eta 
ikusi nik zer egiten dudan”. Eta hala, bata bestearengandik ikasiz joan ginen. 
Irakasle-eskolan ikasitakoak ere ez zigun balio ikastolan lan egiteko. Nik Donostiako eskola batean egin nituen praktikak, eta astelehenetan, goizeko bederatzietan, “Cara al sol” kantatzen genuen. Gela barruan egiten zena ere horrekin bat zetorren. Eskola frankista batean ikasi nuen, eta eskola frankista batean egin nituen praktikak. Horregatik, unibertsitateko ikasketak bukatu eta ikastolan lanean hastea talka handia izan zen, aldaketa izugarria. Ez zigun balio ikasitakoak, balio ez zuen eredu batetik gentozen, eta dena zegoen egiteko. 
Gaur egun, dena askoz ere planifikatuago dago. Badakigu gelan zer egin behar dugun, baina nire ustez garrantzitsuena ez da zer egiten dugun, baizik eta nola egiten dugun. Hor dago gakoa, egiten dugun hori ondo edo gaizki egitean.
 
Zein izan da aurrerapausorik nabarmenena lanean jardun duzun urte horietan guztietan?
Haurrari bere tokia ematen saiatu gara. Ez dakit beti asmatu dugun, baina argi dugu irakaskuntzaren muina haurra dela eta haur horri bidea egiten lagundu behar diogula. 
Irakasleok oso ohituta gaude gu aurretik joaten, guk egiten, guk esaten… Baina erdigunean haurra dago, eta haurrak berak egin behar du bidea. Gu laguntzeko gaude. Haurra bera da bere ikasketa-prozesuaren arduraduna.
Ba al da lehengo hartatik berreskuratuko zenukeen zerbait?
Ilusioa eta proiektu berriak aurrera ateratzeko ausardia, baita familien eta eskolaren arteko elkarlana eta gurasoen parte-hartzea ere. Garai batean oso gertutik lan egiten genuen ikastolak eta familiak. Gurasoak asko inplikatzen ziren, eta proiektu guztietan zuzenean parte hartzen zuten: dirua ateratzen, ikastola garbitzen, irakasleekin gauzak planifikatzen, txangoetan umeak zaintzen…, denetik egiten genuen gurasoekin, gertuko harremana genuen, itsasontzi berean gindoazen denok. Orain, familia dezente aldendu da, irakaskuntzaren eremua eskolaren esku utzi da, eta hori atzerapausoa da, familiek ere hor egon behar dute. Elkarrekin lan egin behar dugu.
Materialgintzan ere jarduna zara. Hasierako hutsunea betez joan zarete. Zein da gaur egungo errealitatea? 
Guk Urtxintxa erabiltzen dugu, eta nik uste dut Haur Hezkuntzan, gaur egun, material ona daukagula: globalizatua, proiektuetan oinarritua, ipuina ardatz duena…, oso material egokia da, baina nire iritziz materiala ez da garrantzitsuena, baizik eta material horrekin zer egiten den. Eskuartean munduko materialik onena izanda ere, gero material hori gaizki erabiliz gero oso emaitza kaxkarrak lortuko dira. Eta alderantziz, ezagutzen ditugu kasuak, adibidez Finlandiakoa, itxura batean material tradizionalarekin ere oso emaitza onak lortzen dituztenak. Beraz, material horren erabilpenean dago gakoa. 
Eta nola erabili behar da material hori?
Material hori erabiltzeko orduan, oso kontuan izan behar da haurra, eta, horretarako, irakasleak trebatu behar ditugu. Haurra da irakaskuntzaren muina, eta irakaskuntza hori aurrera eramateko bi zutabe nagusi daude: materiala eta irakasleak. Irakasleok prestakuntza handiagoa behar dugu. Hizkuntzen irakaskuntzan behintzat, unibertsitatetik atera berriek teoria ona dute, baina praktikarik ez. Teoria asko ikasten dituzte, baina gero ez dakite teoria horiek nola aplikatu.
Hizkuntzen irakaskuntzan ibili zara nagusiki. Hasi zinenetik, zein metodologia erabili dituzu? 
Hizkuntzak oso beste era batera irakasten ziren lehen, estrukturalki edo formalki. Gaur egun, komunikazioan oinarritutako metodologia erabiltzen dugu. Hizkuntzen jabekuntzaren inguruan ikerketa asko egin dira, eta horiek denak oso baliagarriak zaizkigu gure lanerako. Modak ere bizi izan ditugu: orain oso ona dena hemendik urte batzuetara baztertu egiten da. Hala ere, metodo hitza ez zait gustatzen. Uste dut metodologia guztiek dutela zerbait aprobetxagarria, eta denetatik ikasi behar dela. Afrikan esaten den moduan, komunitate osoa behar bada haur bat hezteko, guk ere baliagarria den guztia erabili behar dugu hizkuntzak irakasteko. 
Helburua da haurra hizkuntzaz ondo jabetzea. Edozertarako behar dugun tresna da hizkuntza, zeharkakoa. Fisika ikasten ari bagara ere, hizkuntza behar dugu. Fisikako irakasleak, fisika irakasteaz gain, hizkuntza ere irakasten du. Hizkuntza ondo ikasi behar da denerako, ez bakarrik gero ikasten jarraitzeko, baita gaurko munduan aurrera egiteko ere. Joxerra Gartziak dioenez, hizketan taxuz ez dakienak arrakasta izateko aukera eskasa du gaurko munduan. Kontuan izan behar dugu, gainera, hizkuntza eta pentsamendua lotuta daudela, ez dagoela bat besterik gabe. Hizkuntza da garapenerako tresna nagusia; beraz, gure lana ondo betetzea besterik ez zaigu geratzen.
Artigalen metodoan oinarritutako Eleanitz English eta Ahozkotasuna Lantzen proiektuetan ibili zara.
Orain dela 21 urte, Josep Maria Artigal etorri zen guregana, ipuintxo batzuk hartuta ingelesa nola irakasten zuen azaltzera. Pentsatzen nuen lau urteko haurrekin gelan abesti batzuk eta hiztegi pixka bat irakasten hastea nahikoa izango zela, eta sekulako sorpresa hartu nuen hasiera-hasieratik ingelesa bakarrik erabili behar zela esan zidatenean. Nola ulertuko zidaten haurrek, ingelesik ez bazekiten? Eta are sorpresa handiagoa hartu nuen Artigal haurrekin gelan sartu eta metodologiak funtzionatzen zuela ikusi nuenean. Orduz geroztik, urte askoan ingeleseko irakasle aritu naiz, baita ingeleseko irakasleak prestatzen ere. Izugarri ikasi dut, hori izan da nire benetako unibertsitatea. Metodologia komunikatiboa da, ipuina oinarri duena, ipuina oso zubi egokia baita umeengana iristeko.Geroago, ingelesa irakasteko erabiltzen genuen metodo horretan oinarritu ginen euskara eta ahozkotasuna lantzen hasteko. Konturatzen ginen A, B eta D ereduak jarri zirenetik ez zela asko aldatu euskara ikasteko metodologia, eta Ahozkotasuna Lantzen proiektuarekin hastea erabaki genuen. 2006-2007 ikasturtean jarri genuen abian, 9 ikastetxetako 11 irakaslerekin,  eta pixkanaka indarra hartzen joan da. Aurreko ikasturtean, adibidez, Euskal Herri osoko 57 ikastolatako 349 irakaslek hartu zuten parte. 
Metodologia komunikatiboa erabiltzen duzue hizkuntzen irakaskuntzarako. Zein da metodologia horren muina?
Hizkuntzak erabiliz ikasten dira, bizikletan ibiliz ikasten den bezala. Autoa gidatzeko saio teorikoak eta praktikoak behar diren moduan, hizkuntza bat ikasteko ere teoria eta praktika behar da. Gu, irakasleok, oso trebeak gara saio teorikoak 
ematen, baina praktikoetan huts gehiago egiten ditugu. Ikasleei hitz egiteko aukera eman behar zaie. Irakasleok gehiegi hitz egiten dugu, eta ikasleek denbora gehiena entzuten ematen dute, baina entzutea ez da nahikoa hizkuntza bat ikasteko. Hitz egiten irakatsi behar zaie, eta ahozkoaren lanketa hori planifikatu egin behar da. Ikasleei hitz egiteko aukerak eskaini behar zaizkie, baina ez hori bakarrik, aukera horien kalitatean dago gakoa. Aukera asko eta era guztietakoak behar dira: haurren interesa piztuko dutenak, haurrek dakitenean oinarrituko direnak, pentsaraziko dietenak, euren arteko komunikazioa bultzatuko dutenak, eroso sentiaraziko dietenak eta ondo pasatzeko aukera eskainiko dietenak. 
Egia da hizkuntza erabiliz ikasten dela, baina horrekin ez da nahikoa, erabilerari erabileraren beraren gaineko hausnarketa gehitu behar zaio. Gainera, kontuan izan behar dugu oso ordu mugatuak ditugula lan hori egiteko. Horregatik, ditugun ordu horiei txinpartak atera behar dizkiegu. Beraz, gure egitekoa jarduera interesgarriak proposatzea da, haurrak pentsa dezan, gelakideek esandakoa entzuten ikas dezan, eztabaidatzeko gai izan dadin, erabakiak har ditzan, etab. Jarduera horietan guztietan irakaslea alboan izan behar du haurrak, lagundu egin behar zaio, eta eredu 
egokiak eskaini.
Hori guztia egiteko tresna hizkuntza izango da. Eta irakasleak hizkuntza pakete txikietan eskaini behar du, lana erraztu egin behar du. Janaria prestatzen den bezalaxe, prestatuta eman behar zaio hizkuntza haurrari, bestela irentsi ezina gertatuko zaio.
Ahozkotasunari garrantzi handia ematen diozue. Nola planifikatzen duzue ahozkotasunaren lanketa? Zein dira ahozkotasunaren didaktikan jarraitzen dituzuen irizpide nagusiak?
Gure metodologia komunikazioan oinarrituta dago, eta haurrei komunikatzen irakatsi behar diegu. Ez dugu ergatiboa, lehen aldia eta baldintzazko aditzik irakatsi beharrik hizketan hasteko. Gure haurrek hasiera-hasieratik hitz egiten dute, eta zer esaten ari diren jakinez, gainera. Horretan oinarritzen da gure planifikazioa, ez horrenbeste “zer” 
irakatsi behar dugun, baizik eta “nola”. “Zer” hori komunikatzea izango da. 
Hiru urteko haurrekin hasten garenean, ipuina izaten da gure abiapuntua, haurrengana iristeko bide zuzena delako. Beraz, ipuinak nola landu planifikatu behar dugu, eguneroko egoerak nola landu, elkarrizketak nola landu, fitxak egiteko modua nola landu, hori da garrantzitsua, “nola” hori. 
Gainera, beste akats bat egiteko joera ere badugu: hizkuntzak erabilera asko ditu, eta irakasleok pentsatzen dugu erabilera bat erakutsita, txapel horrekin buru guztiak estal ditzakegula. Adibidez, haurrei ipuina nola kontatu irakasten badiegu, gero ezin diegu eskatu txiste bat kontatzeko edo gauza teoriko bat azaltzeko. Haurrek, pixkanaka, erabilera bakoitza landu behar dute.
Ipuinetan oinarritzen zarete hizkuntzen irakaskuntzarako. Zer funtzio betetzen du ipuinak?
Ipuinaren bidez, haurrari ingurua ezagutzeko aukera eskaintzen zaio, eta berori nola antolatuta dagoen ikasten du. Benetako egoerak eta fantasiazkoak tartekatuz, mundua nola antolatuta dagoen erakusten zaio. Gainera, ipuina haurrengana iristeko bide ezin hobea da, eta horretaz baliatzen gara. 
Ipuina oinarri hartuta, hurrena garrantzitsuena zera da: ipuin hori nola inguratzen den. Hasieratik, ipuina antzeztu egiten dugu, antzezpen kolektiboa izaten da. Hala, lehen egunetik haurrak ipuina bizi egiten du, eta kontatzen hasten da, irakaslearen laguntzarekin. Hor garrantzi handia dute mimikak edota ahotsen aldaketek, baina baita lekuak nahiz tempoak ere. Antzezpena denek batera egitea ere inportantea da. Begirada ere zaindu behar da. Haurrei begiratu egin behar diezu, haurrak konturatu behar du berarekin ari zarela. Haur guztiak partaide egin behar dira, eta ipuinaren barruan sartu. 
Irakasleen prestakuntzan ere jardun duzu. Zer irizpide izaten dituzue kontuan?
Oso prestakuntza praktikoa egiten dugu. Irakasle berriek oinarri teorikoa badute, baina  unibertsitatearen hutsunea aplikazioan edo “nola” horretan dago. Beraz, gu hutsune hori betetzen saiatzen gara. Horregatik, gure prestakuntza-saioetan, oinarri teorikoa lantzeaz gain, gela batera sartzen gara, eta esaten ari garen hori praktikan jartzen dugu. Irakasle guztiak begira daudela, nik eskola ematen dut eta nola egiten den ikusten dugu. Gero, irakasleek hori bera euren ikastolan egiten dute, eta saioa grabatzen dute, gainera. Ondoren, ikusten dute zer egin duten ondo eta zer daukaten hobetzeko, eta hurrengo saioan denon artean komentatzen dugu. 
Nolako irakasleak behar ditugu? 
Irakasleak ondo komunikatzen jakin behar du, eta haurrengandik gertu egoten. Uste dut berezko sen apur bat ere behar dela, baina horrekin ez da nahikoa, ikasteko prest egon behar du. Irakasle ona ez da jaiotzen, ikasi egiten da irakasle ona izaten.
Ilusioz betetako irakasleak behar ditugu, enpatia handia dutenak eta beti prestatzen ari direnak; izan ere, ez dugu inoiz ikasten bukatzen. Gainera, irekitasun handia izan behar du irakasleak. Kontuan izan behar dugu orain gure artean ditugun haurrak 2060. urtean lanean ariko direla gaur egun existitzen ez diren lanbideetan. Beraz, irakasleak ere 
etengabe egoera berrietara egokitu behar du, eta erronka berriei aurre egin behar die.
Zu lanean horrenbeste urtez aritu zaren eskola horrek nolakoa izan beharko luke? Zein erronka ditu?
Eskolak irekia izan behar du, familiari eta gizarteari irekia, integratzailea, ikaslea oso kontuan izango duena, haurrekin harreman zuzenak eta gertukoak landuko dituena, eta euskalduna, dudarik gabe. Proiektuak elkarlanean eramango ditu aurrera, bai irakasleen artean eta bai familiekin batera. Helburua da pertsona zintzoak heztea, irekiak, irizpideak dituztenak, pentsatzen dakitenak, erabakiak hartzeko gai direnak; ondoren, gure gizarteari baliotsuak izango zaizkion pertsonak prestatzea.