Haur eskolak familiaren osagarri izan behar du, ez ordezko

2013-01-01
Haur eskolak haurren etxeak izan daitezen lan egiten du Rosa Vidiella i Badell hezitzaile eta pedagogoak, ­Katalunian. Haurraren behaketatik ­abiatzen du bere lana, Pikler-Loczy institutuaren oinarriekin bat eginez. Haurrari erabateko askatasuna eta ­segurtasuna emango dioten espazioak antolatzen eta diseinatzen laguntzen du, hori ­baita, bere aburuz, hezitzailearen ­egitekoa: haurrak laguntzea eta­ ­inguruneak hornitzea, aspertu ez ­daitezen, garatu daitezen, bilatu eta probak egin ditzaten. Haur eskolako espazioek, halaber, hezitzaileen ­premiak ase behar dituztela dio, eta familiei ere leku egin behar dietela.
 
 
Haur eskoletako espazioaren antolaketa eta diseinuaz hitz egin aurretik, lehen urteetako eskola-sistemaz zer iritzi duzu?
Ez gara gauzak ondo egiten ari, gizartea ez da ondo egiten ari. Umeak eskolara bidaliz familien arazoak konpontzen ari ginela pentsatu dugu —begi bistakoa da haurrarentzat askoz hobea dela familiak ahalik eta arazo gutxien izatea— eta lortu duguna da, orokorrean, familien eta haurren arteko harremana murriztea. Eta hori oso txarra da. Haur eskolek familiaren osagarri izan behar dute, ez ordezko. Batzuetan argudiatzen dugu gurasoek nahikoa lan dutela lanpostuari eusten, baina ez, hori ez da nahikoa, eskolek familia ordezkatu behar dutela argudiatzea, oso jarrera berekoia iruditzen zait. Mundu guztiak nabarmentzen du bizitzako lehen hiru urteak zein garrantzitsuak diren, baina gaur egun gauzak egiten ari garen bezala, ez dira haurren beharrak kontuan hartzen.
Zergatik diozu hori?
Haurrek lehen hiru urte horietan inoiz baino gehiago behar dituzte helduak . Baina askotan objektu bezala tratatzen ditugu, leku batean utzi edo ukitu egiten den objektu bezala. Haurrek beren familiaren beharra dute. Haur eskolaren defendatzailetzat dut neure burua, baina ez eskola gisa, familiaren espazio osagarri gisa baizik. 
Ikusi dudanaren arabera, umetxoek bakarrik daudenean harreman mota bat ezartzen dute euren artean. Ondorioz, parekoen arteko heziketa jaiotzetik bertatik garrantzitsua dela pentsatzen dut, baina kontuz, ­umetxoek ez dute parekoekin familiarekin baino denbora gehiago pasa behar. Denbora gehiena familiarekin pasa behar dute, eta parekoen arteko harremana pixkanaka eraiki behar da, hasieran ordu gutxi batzuk eta beti senideak inguruan dituztela. Umeak lehenengo ikusten du bere familia duela, eta, gero, beste ume batzuk ezagutzen ditu, eta objektuak; buruari buelta emanda gurasoak gertu ikusten dituen neurrian hartzen du beste umeengana joateko segurtasuna. Eta, nahi duenean, familiarengana itzultzen da. Bereizketa prozesua berezkoa da, eta iristen da une bat zeinean umeak ez dion familiari gehiago begiratzen eta hura gabe ordu batzuk pasatzeko gai den. Haatik, gaur egun, oraindik hainbat haur eskolatan maisu-maistrak behartuta daude umeak gurasoen besoetatik kentzera, ez egun bat edo bitan, harik eta umeak ulertu baino gehiago amore ematen duen arte. Bizitzari ekiteko abiapuntu txarra da, nire iritziz.
Beraz, ez dut onartzen haur eskola familia ordezkatu dezakeen instituzio gisa 
ulertzea, ezta familiatik kanpoko pertsonek ordezkatzea ere. Gaur egun, bereziki auzo aberatsetan, haurrak ume-kotxetan lotuta joaten dira, kultura berekoak ere ez diren pertsonek lagunduta; gurasoek iluntzean baino ez dute ikusten haurra, eta ez da inolako harremanik sortzen haien artean. Harreman bakarra beren onena emateko ahalegina egiten duten pertsona horiekin du umeak, baina haurrak beste haurren beharra ere badu. 
Zure esanetan, umeak maitatzen ditugu, baina ez ditugu aintzat hartzen. 
Nire asmoa ez da inori errua botatzea. Guraso taldeetan abandonuaren gaia azaltzen denean, jendea errudun sentitzen da, eta horrek ez du ezer konpontzen. Baina merezi du gogoeta egiteak, haurren eskubideen aldeko borroka hobeto bideratzeko. Borrokaren oinarrian gurasoek haurrekin denbora gehiago egoteko exijentzia dago, eta gizartean, sindikatuetan eta enpresarien artean eman behar den borroka da. 
Wert legearen zirriborroa denon ahotan da orain. Eskola-uzteak eta azterketetako emaitza txarrak aitzakia gisa erabiltzen ditu ministroak bere burua babesteko. Eta hezkuntza lege baten bidez dena aldatu nahi du, baina legearen beraren oinarriak dira 
okerrak, ez dituztelako haurrak aintzat hartzen. Helduok lege edo programen bidez 
erabakitzen dugunaren aurrean errenditu egiten dira zenbait haur, eta gainerakoak bazterrean geratzen dira. Umetxoetatik hasten da hori. Lehenengo urratsa da familiarekin lotura sendo bat eraikitzea. Bigarrena, beste umeekin egotea bizitzaren lehen hilabeteetatik, ondo zainduta, beste haurrekin pasatzen dituzten ordu horiek atseginak izan daitezen familiarekin haurrak nola ukitu eta nola bizi hitzartu duten profesionalek lagunduta. Eta horri guztiari jarraipena eman behar zaio Haur Hezkuntzan; baina hor ere ez dituzte haurrak ondo ulertzen, komeniko litzateke gizatasun handiagoz jokatzea Haur Hezkuntzan. Eta, ondoren, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan.
Nire ustez, dena dago gaizki enfokatuta, baina batez ere hasiera.  Haur batzuk 
errendituko dira edo ez, porrot egingo dute edo ez, bilatuko dute zertan lan egin, edo gizarteak baztertuko ditu. Baina haurtxoek ezinbestekoa dute munduari aurre egiteko segurtasunezko oinarri sendoak eraikitzea. Eta iruzur egiten ari gatzaizkie.
Oinarriak gaizki ikusten dituzu? Zimenduetatik hasi, eta gizartearen lehentasunak berriz antolatu beharko genituzkeela uste duzu, haur eskola familiaren espazio osagarri gisa planteatuz eta ez familiaren ordezko?
Hezkuntza sistema osoa behar da irauli, baina txikienen eskubideetatik hasi behar da, batez ere.
Familian deskubritu ezin dituzten gauzak deskubritzeko haurrek duten espazio antolatua da haur eskola. Espazioak berak eta ondo prestatutako profesionalen erantzunak laguntzen diote haurrari deskubrimenduak egiten.
Haur eskola eta espazio familiarrak demokrazia, giza eskubide eta elkarbizitzari buruzko lehen eskola izan ohi dira. Ondo antolatutako haur eskoletara joaten diren guraso askok, gero jarrera aldarrikatzailea eta arduratsua erakutsi ohi dute seme-alabak Haur eta Lehen Hezkuntzan daudenean, profesionalen lan egiteko moduaz jakin nahi izaten dute, parte hartu nahi izaten dute… Hain zuzen ere, eurak ikasle zirelarik jaso ez zituzten irakaspenak jaso baitituzte euren umeen haur eskoletan: norbere eskubideak defendatzen jakin, izpiritu kritiko eta ez menpekoa izan, aske sentitu eta munduak eskaintzen dionari segurtasunez eta ezagutzaz erantzuten jakin...
Haurraren premiak behar bezala asetzeko, zer hartu behar dugu kontuan haur eskolan? Zein da abiapuntua haurrak aske eta beren bizitzaren protagonista senti daitezen?
Haurrak behatzea. Hori da nire eskola oraindik ere. Umeek jaiotzen direnetik adierazten dituzte gauzak, baina ez diegu beti behar bezala erantzuten, baizik eta guk uste dugunari egiten diogu kasu. Haur txikiei entzuteak eta behatzeak argia ematen digu jakiteko nola erantzun hitzen, begiraden edota keinuen bidez. Entzunak sentitu behar dira, eurek adierazten dutena interpretatzeko gaitasunik ez baitugu. Egozentrikoak gara, eta pentsatzen dugunari egiten diogu kasu helduok. Ez dugu arretarik jartzen haurrak esaten digun horretan. 
Batzuetan, familiek libertinajeari dioten beldurra dago beste aldean. Ni haurren erabateko askatasunaren aldekoa naiz, eta helduak haren askatasuna lagundu eta gidatu behar duela pentsatzen dut. Une jakin batean askatasun horrek ondorio txarrak 
ekartzen badizkio haurrari, helduak gidaritza eskaini behar dio baliabideak sortu eta antzeko egoeretan erabiltzeko. Horiek dira mugak, niretzat. Txikitatik ezezko eta ohartarazpen ugari jasotzen dituzte haurrek, baina askatasunetik ikasten dira mugak, askatasunik gabe ez dago mugak zein diren ikasterik. Askatasunik gabe, helduek jarritako baldintzei izkin egiten ikasten du umeak. Beraz, askatasunak du lehentasuna, eta beharrezkoa denean bakarrik jarri behar dira mugak. Ez da teoria huts bat, behatzaile gisa izan ditudan esperientzietan oinarritzen naiz hori esateko. Umeak leialtasunez eta errespetuz tratatzen dituzten hainbat leku ezagutu ditut, eta baieztatuta dago egiteko modu horrekin umeak osasuntsu, irizpidedun eta ausart hazi daitezkeela. Horregatik oinarritzen naiz askatasunerako eskubi­dean.
Hori bai, honek soilik balio du helduok kontsekuenteak izanez gero. Presente baldin bagaude. Ez du balio oihu egiteak, txantaia egiteak, errieta egiteak edota zigortzeak; baiezkoa edo ezezkoa segurtasunez esateak balio du, eta kontsekuente izateak baiezko edo ezezko horrekin. Umeek hitz egiten ikasi baino lehenagotik ulertzen dituzte gure pentsamenduak. Horregatik da hain garrantzitsua esaten, egiten, adierazten duguna. Ondo eginez gero, heldua ere hazi egiten da, zalantzan jarri behar duelako bulkadaz ateratzen zaion guztia. Txikitan barneratutakotik, gogoetatu gabe oinordetzan jasotakotik sortzen da bulkada. Baina gogoeta egin eta erantzuna aukeratzen badu, haurrei erantzuna ematen dien aldi berean bere burua eraikitzen ari da heldua.
Zuk askatasuna aipatu duzu, baina txiki-txikitatik, lotu egiten ditugu, hamakatxoetan ezartzen ditugu...
Hori da. Non dago askatasuna? 
Amaren sabeletik ateratzen denetik bi jarreratan egon beharko luke umeak: bata, besoetan bilduta, jarrera semi-fetalean, umetokian zuenaren antzekoa, helduari begiratzeko eta seguru sentitzeko aukera ematen diona. Bigarren jarreran, helduak esku bat buruaren azpian jarriko lioke eta bestea, ipurdiaren azpian. Hasieran bizkarrez eta azal lauaren gainean jarri beharko genuke haurra. Eta lehen hiru hilabeteetatik aurrera, 
azal gogorraren gainean, eta ondoren lurrean batez ere, bizkarrezurrak lurrarekin kontaktatzen du, grabitatearen ondorioz. Hori da mugimendu guztien abiapuntua, modu naturalez sortuko dira besteak, grabitatearen legeagatik. Hortik artikulatzen da beste guztia: tendoiak, hezurrak, artikulazioak… dena koordinaturik dago. Mugimendu horiek guztiek, arkaiko eta nahi gabekoek zein nahita egindakoek, mundurantz abiatzeko askatasuna ematen diote haurrari. Eta ondoren iritsiko da beharrezkoak dituen posturetara: buelta eman, hankak bildu, eseri, zutitu eta ibili. Mugimendu asketik abiatuta haurrak eraikitzen duen guztiak burmuinaren eraikuntzarekin zerikusia du. Psikomotrizitatea deitzen diote, hitz majikoa da. Espazioak eta materialak eskatzen dituela ematen du, baina haurraren lehen hiru urteetako bizitza baino ez da.
Gaur egun psikomotrizitatea lantzeko gelak daude, astean hainbat orduz eramaten dituzte haurrak psikomotrizitatea lantzera... Horrela landu beharko litzateke?
Lehen hiru urteak dira psikomotrizitatearen aro nagusia: edozein mugimenduk zerikusia du burmuinaren osaketarekin. Haurrak psikomotrizitate garaian baldin badaude, zer dela eta erabakitzen dugu helduok espazio batera eraman eta zer egin behar duten agintzea? Zer gertatzen da? Askotan, gehiegitan, eskola berrietan Haur Hezkuntzaren ispilu diren proiektuak aplikatzen dira. Ez dakienak, Haur Hezkuntzatik kopiatzen du, eta sekulako zentzugabekeriak ikusten dira; esaterako, urte eta erdiko haurrak fitxa batean marrazten. Eskola gisa ulertzen dute haur eskola. Nik ahal banu, ‘eskola’ hitza ezabatuko nuke. Buru asko argituko lituzke.
Haurrak ez doaz eskola konbentzional batera, egunean zenbait orduz beste ume batzuekin partekatutako espazio batera joaten dira, bizitza ulertzen ikasteko. Irakaskuntza modala da. Gurasoek jolas gelan uzten dute beren seme edo alaba, eta gurasoen eta maisu-maistraren arteko begiradak informazioa ematen dio umeari: ulertzen du pertsona hori fidagarria dela eta harekin gustura egongo dela gurasoak berriz jasotzera itzultzen diren arte. Hori da erreferentziazko espazioa. Espazio horrek dena ­eman behar dio haurrari: janaria gose denean, atsedena logura duenean, eta batez ere, haurrak sentitu behar du berak nahi adina gertu dagoela heldua. Horren barruan daude, noski, haurraren gaitasun motrizeak. Haurrek bi motako jarduerak egiten dituzte lehen hiru urteetan: manipulazioa (ukitu, miazkatu, arramazka egin, bete, hustu...) eta mugimendu zabalak. Biek ordezkatuta egon behar dute jolas gelan.   
Zer espazio gehiago behar ditu haur eskolak?
Haur eskola batek, eskola baino gehiago, etxe familiar baten antza izan behar luke. Baina plaza nagusi bat ere egon behar da, espazio heterogeneo bat, haurrak, gurasoak, maisu-maistrak bilduko diren leku bat, erabilera librekoa. Eta lorategia. Jolas gelak, plaza eta lorategia elkar loturik egon behar dute. Horrela umeak espazio berriak ekartzen ditu bere bizitzara, eta ez soilik maisu-maistrak erabakitzen duenean. Lehen urteetan ez dauka zentzurik haurrari esateak noiz atera behar duen lorategira, noiz joan behar duen jolas gelara... Umeak bere espazioa bizi behar du, intimitatea ematen diona, eta inor ez da bertan edozein modutan eta ustekabean sartu behar, baizik eta baimena eskatuta. Haurra espazio horretan eta helduaren konpainian seguru sentitzen denean, beste espazio batzuk bilatzen hasten da, bere garapeneko unea delako. Horretarako, ateak zabalik aurkitu behar ditu.
Baina mugak eta kondizionanteak ere badaude. Beti ezin dugu askatasun hori 
eman ateak irekitzeari dagokionez. Badira zenbait momentu, gurasoak heldu direlako edota maisu-maistrak atseden hartzeko beharra duelako, haur guztiak gelan sartzea komeni dela. Kasu horietan, azalpena ondo prestatuz gero haurrek berehala ulertzen dute. Ulertzen dute heldu batek sartu edo atera behar badu egin dezakeela, baina debekuak indarrean dirauela. Eta maistrak erabakitzen duenean berriz ere askatasuna dagoela gelatik ateratzeko, ezer esan gabe atera joaten da, baldoia irekitzen du eta atetik apartatzen da. Begirada altxatu duen umeak ulertu du eta atea zeharkatzera doa, edo ez. Umeek uler dezaketen muga da.  
Eta zer eskaini behar die espazioak hezitzaileei eta familiei? 
Lehenik eta behin, familiek ulertu behar dute hura ere beren etxea dela. Horretarako beharrezkoa da eskola guztiona dela ulertuko duen eta besteekin partekatzen jakingo duen irakasle talde bat izatea. Jolas gelaren barruan, oso ondo dator sofa bat izatea, 
eseri ahal izateko, umeari harrera egiteko...  Sarrerako gune horretan gertatzen da dena: iritsierak, agurrak, bisitak; maistra gertu dago, handik hitz egin daiteke... Senideen zain dauden haurrak gelaren beste erdian daude, eta familiak, iritsi ahala, modu naturalean esertzen dira sofan, edo uraren txokoan sartzen dira umeari arropa aldatu behar badiote, agur esaten dute eta badoaz. Eta gainerako umeek jolasean segitzen dute gurasoak iritsi arte. Familiak jolas-gelan hartzeko ohitura horrek oso emaitza onak ematen ditu.
Eguraldi onarekin lorategian egitea oso ondo dator, sarreraren aurretik hain juxtu, eta orduan gauza zoragarriak gertatzen dira. Esaterako, duela 16-17 urte eskola batean gertatutakoa aipatuko dizuet: zenbait guraso eta aiton-amonek esan zuten lorategiak intimitatea ematen ziela, ez ziotela beldurra umea bakarrik ibiltzeari, eta hain gustura zeuden, ezen eskola amaitu ostean bertan gelditzeko baimena eskatu baitzuten... 
Horrelakoak lorategian zein plazan gerta daitezke. Beste aukera on bat da plazan gurasoen txoko bat sortzea, familien interesekoak diren aldizkariak, informazioak, artikuluak uzteko. Etxea haurren bizitza nahasiko ez duen modu batean antolatzea da garrantzitsuena. Haur eskola bat, ezeren gainetik, haurren etxe bat delako. 
Materialei eta koloreei dagokienez, zer eduki behar dugu kontuan?
Espazioek, instalazioek eta materialek hausnarketa pedagogikoaren emaitza izan behar dute. Hortik aparte, materialei dagokienez, beti pentsatu behar da beraien funtzionaltasunean,  garbiketan eta segurtasunean. Material naturalak lehenetsiko ditugu, eta baita koloreak ere, ateen, hormen eta  leihoen kasuan, dagoeneko kolore biziz betea dagoelako haur eskola —haurren arropa eta jostailuengatik—. Gardentasuna garrantzitsua da haur eskolan, gune batetik beste batean gertatzen dena ikusteak haurraren jakinminari erantzuten baitio. Horrez gain, eraikinaren orientazioa zaindu behar da, eguzki orduak izan behar ditu, baina baita itzalak ere.
Ez duzu eskola instituzio baten gisan ikusten, baizik eta ‘haurren etxea’ edo ‘harrera gunea’ bezalako kontzeptuak dituzu ardatz.
Eta elkarbizitzarena. Haur eskolan umeek ikasten duten ikasgaia bizitza da; eta bizitza ez dago gela batean sartzerik. Bizitza aurkitu egiten dute haurrek, eta helduon arteko harremanetan ikusten dute. 
Nola hautematen dute haurrek espazioa?
Niri gaiak interes handia pizten dit, eta, hala ere, oso gutxi dakit espazioaren hautemateari buruz. Ikerketa gutxi egin dira. Azken urtean haur bat behatzeko aukera izan dut eta galdera berriak sortu zaizkit. Aurretik beste hainbat haurtxo behatu ditut eta jakin badakit haien jarrerak ez duela beti sentitzen dutena erakusten. Haur batzuek ez dute mina adierazten, eta hautematen jakin beharra dago; beste batzuek poza ezkutatzen dute eta horretaz jabetu beharra dago kanporatu ahal izateko.
Gauza bera gertatzen da espazioekin. Nik uste dut oso hasieran muga bat behar dutela. Seguruenik, lurrean egotea baino hobea da sehaskan egotea lehen 3-4 hilabeteetan, harik eta gorputzari buelta ematen ikasi eta lurrera jaisten dugun arte. Baina haurren begietara, sehaska horrek muga batzuk ditu.  Beharbada badira amaren sabelaren muga sentitzen jarraitzea behar duten umeak, askatu aurretik. Gai apasionantea da, eta gehiago jakin beharko genuke horri buruz, umeak hobeko laguntzeko.
Maisu-maistren egitekoa zein da, haurrari laguntzea eta espazioak prestatzea? 
Bai, horixe da. Inguruneak dira gure haurren liburuak. Inguruneak prestatu behar dira, haurrak aspertu ez daitezen. Irakasleek ez dute zaintzaile izan behar, laguntzaile eta ingurune hornitzaile baizik. Umeak behatu behar dituzte. Ez da lan erraza, batzuetan erritmoak eta mekanismoak gailentzen direlako. 
Gertatu izan zaigu espazio zoragarria, ondo orekatua, ondo banatua eta mugitzeko gune zabalak dituzten eskolak bisitatu, eta, bi hilabete geroago, itzuli garenean dena aurrekoan bezala zegoela ikustea, eta haurrak aspertzen ari zirela. Halaber, 2-3 urteko haurren artean agresibitate handia zegoen kasuetan, baieztatu ahal izan dugu haur oldarkor horiek aspertzen ziren haurrak zirela. Haurrak aspertzen direnean, besteei bultza egin, jostailuak kendu eta begietara begiratzen diete, ea zer gertatzen den... Zer deskubriturik ez daukaten haurrak dira.
Irakasleek sortzaile ere izan behar dute. Horregatik, haur eskola batek tailer-biltegi handi bat eduki behar du. Arkitekto askorekin lan egin dut eta %90ak ezin dute hori ulertu. Haientzat, balio ez duten gauzak uzteko lekua da biltegia. Eta horregatik, segitzen dute biltegi txikiak egiten, atea ireki eta gauzak gainera erortzen zaizkizula. Baina biltegiak espazio zabala izan behar du, arotzenak bezalako mahai batekin, lanabesekin, erositako jostailuez zein birziklatutako materialekin egindako jostailuez betetako apal handiekin... Eta jostailu eta material horiekin guztiekin, saski edo kutxa txikiak prestatu behar dituzte irakasleek. Haurrek material horiek deskubritu, manipulatu, sortu, jolastu behar dute... eta irakasleak adi egon behar du, zerk pizten duen haien interesa eta zerk ez. Haurren arreta pizten ez duena erretiratu eta zerbait berria jarri behar dute. Berritasunak beti erakartzen du. Umeek gauza ezagunak eta ezezagunak aurkitu behar dituzte egunero. Horrek aukera ematen die aurretik esperimentatu dutena errekonozitzeko, eta erronka berriak jarriko dizkieten gauzak deskubritzeko. Haurrak informazioa ematen dio irakasleari material berriak bila ditzan. Plastikoa ez, beste material batzuk erabiltzea komeni da, eta erositako jostailuen ordez, birziklatutako materialekin egitea. Haurren ingurunea zaindu behar du irakasleak, aspertu ez daitezen.