Kalitate-egitasmo integratua. Nola bihurtu nire ikastetxea prozesuen eta pertsonen lanaren hobekuntzan oinarritutako erakunde

2012-12-01
 
 
NOLA ARRAZOITU DAITEKE, GAUR EGUN, ESKOLARI EGITEN ZAION KALITATE-ESKAERA ETENGABEA? 
 
ARRAZOI HISTORIKOAK
Hasiera baten kalitatea adreilutan definitu zen, edo gauza bera dena, guztiontzako eskola postutan.
Aurrerago, bitarteko, baliabide tekniko eta ratio egokitan definitu zen.
Azkenik, agenteen gaitasun moduan, eta pertsonen itxaropen eta interesei erantzuten dien zerbitzu moduan definitzen da. 
 
ARRAZOI SOZIOLOGIKOAK
Gizakiaren bizi premiak asetzen dituzten oinarrizko eremuak hiru dira: bizitza eta osasunaren eremua (osasungintza), askatasunaren eremua (zuzentza), eta gizarteratze, lan eta bizitza-egitasmoaren eremua (hezkuntza).  Eskola, hortaz, funtsezko eremu horietako bat dugu.
Herrialderik industrializatuenetan hiru eremu horiek bizi-kalitate deritzonaren ardatza osatzen dute. Horregatik dira herrialde horiek hain sentiberak haien kalitateari dagokionez. 
 
ARRAZOI TEKNIKOAK
Badira beste indar batzuk, zerbitzua hobetuko duten aldaketak bultzatzeko asmoz, hezkuntza-sistemari presioa egiten diotenak, esate baterako, jaiotza-kurbaren jaitsierak eragindako ikastetxeen arteko lehia;  ikastetxeak kanpotik ebaluatu beharra; autonomia eta partaidetza handiagoen eskakizuna; gaurko giza gurari eta premiei (aisialdia, teknologia berriak, eskakizun profesional berriak, ­etab.) hobeto egokitzen zaizkien zerbitzuen eskaera, etab. 
Azkenik bada izaera HUMANISTA duen beste arrazoi bat, herritarrek eskolari egiten dioten kalitate-eskaera azaltzen duena: hezkuntza, gizakiaren ongizatea eta gizarte aurreratuen bizi-kalitatea ziurtatzen duen funtsezko ondasuntzat hartzen da. 
Arrazoi horiengatik, duela hogei bat urtetik hona, ikastetxeei kalitatearen kudeaketarako ereduak eskaintzen zaizkie, halako eskari mota berriei erantzuten laguntzeko. 
ZER DA KALITATEA KALITATE-EGITASMO INTEGRATUAREN ESPARRUAN, HEZKUNTZAN PENTSATUZ?
- Kalitatea, lan egiteko eraren aldaketari, prozesuen eta pertsonen etengabeko hobekuntzari, irakasleen eta administrazio eta zerbitzuetako pertsonalaren hazkuntzari, eta ikasle, sendi eta erakundeen itxaropenei erantzuten dieten emaitzei lotuta dago.
- Mortimoren esanetan, kalitateko eskola, ikasleen aurrerakuntza intelektual, sozial, moral eta emozionala sustatzen duen eskola da. Kalitateko eskolak bere egile eta jasotzaileen gaitasunak bultzatzen ditu, 
aipatutako arloetan emaitza onak lortzeko.
ZER DA KALITATE-EGITASMO INTEGRATUA?
Ikastetxeetan esku hartzeko eredu bat da, eta kultura burokratiko formaletik pertsonen hazkuntza gizatiar eta profesionalean oinarritutako kultura transformazionalerako aldaketa bideratzea eta erraztea du helburu. 
KEI-REN KALITATE-PRINTZIPIOAK
1. Pertsonen asebetetzea. 
2. Hezkuntzako jarduera guztiak ikasleari pertsona gisa zuzentzea.
3. Inplikazioa.
4. Aitzindaritza konpartitua, eskolaren hobekuntzan konprometitua.
5. Ebaluazioa. 
6. Eraginkortasuna eta emaitzak. 
 
OINARRI KONTZEPTUALA 
Zein esperientzia eta ikerketatan dago oinarrituta KEI? 
a. Eredua ehunetik gora ikastetxe publiko eta pribatuetako maila guztietan esperimentatu duten bideratzaileen lanean eta profesionaltasunean dago oinarrituta. 
b. Kalitate-adierazleak, hezkuntzako ­ikerketa orokorretik eta Europako ikerketa nagusietatik hartu dira, hala nola, Eskola ­Eraginkorren Mugimendutik eta Eskolaren Hobekuntzarako Nazioarteko Egitasmotik.
c. KEI aurrera eramateko estrategia, ­Erakundeen Garapenean eta Ikasten duten Erakundeen ereduan oinarritzen da, eskola ikasteko gai den elkartetzat hartzen duten ­ereduetan, alegia.
KALITATE-EGITASMO INTEGRATUAREN EGITURA 
Beste kalitate-eredu batzuen aplikazioa, enpresa-kulturan arrakastaz esperimentatutako irizpideetan oinarritzen da; KEI, ordea, eremutan, kalitate-irizpidetan eta irizpide horiek ikastetxearen testuinguruan zehazten dituzten hainbat adierazletan egituratu da. Ikus dezagun zehatzago.
Eremuak eskola erakundeen garapenaren oinarrizko arloak dira. Zazpi eremu nagusi bereizi dira: 
1. Erakundearen planteamenduen eremua.
2. Antolakuntza-egituren eremua.
3. Harreman- eta elkarbizitza-sistemaren eremua.
4. Tutoretza- eta orientazio-eremua.
5. Curriculumaren eremua.
6. Familiaren eta inguruaren eremua.
7. Administrazioko eta zerbitzuetako ­eremua.
Irizpidea epaitzeko edo baloratzeko ­arau bat da. Kalitate-irizpideek zeharkako ardatz edo eremu pedagogikoetan lortutako kalitate-maila epaitzea ahalbidetzen dute. Kalitate-irizpide horiek, hezkuntzako ikerketak, oro har, eta kalitateari, hobekuntzari eta eraginkortasunari buruz egin direnak kontuan hartuta zehaztu dira. 
Adierazlea zera da: helburu jakin batez, ikastetxeko arloren batean egindako ahalegina, etekina edo hobekuntza baloratzeko, sistematikoki eta adosturik jasotako datu kuantitatibo edo kualitatiboa.
Deskribatzailea edo erakusgarria adierazlearen betetze-maila zehazten duen informazio zehatza da.
Ereduan erabiltzen den AUTOEBALUAZIO GIDA, egitura horretan oinarrituta dago.
 
ZEIN METODOLOGIA 
ERABILTZEN DUGU?  
Kalitate- eta hobekuntza-mugimendu gehienen metodologia erabiltzen dugu, talde-lana, erabakiak elkarren artean hartzea eta adostasuna bilatzea bultzatzen dituen ­ereduan oinarritua. Ereduaren garapenean, hobekuntza-taldeek partaidetza aktiboa dute prozesua eta bilakaera bideratu behar dituzten erabakiak hartzeko orduan.
Eredua aurrera eramateko, prozesuan zehar, hobekuntza-taldeei zenbait estrategia eta tresna eskaintzen zaizkie ondoko urratsetarako: 
• Erabakiak hartzeko: brain storming, metaplana, elur-bola, diamantearen teknikak eta lehenespen-sarearen teknika. 
• Laginak zehazteko eta datuak biltzeko: galde-sortak, elkarrizketarako gidak, probak, etab. 
• Diagnosia egiteko: Ishikawaren arantza, interesaren printzipioak, etab.
• Plangintza egiteko: plangintza estrategikoa, Demingen gurpila, PDCA, egitasmoen kudeaketa, etab. 
• Ebaluatzeko: Autoebaluazio Gida (KEI ereduaren berariazko tresna). 
Hobekuntza-taldeen lanerako, “hausnarketa-ekintza” estrategia erabiliko dugu, Ellioten “ikerketa-ekintza”-ren zenbait aspektu jasotzen dituena. 
  
NOLA EZARTZEN DA KALITATE-EGITASMO INTEGRATUA? 
KEIren ezarpenak 8 fase ditu, ondorengoak alegia:
INFORMAZIOAREN FASEA 
KEIn sartu aurretik, Organo Gorenari, zuzendaritza-taldeari eta langile guztiei informazioa eman behar zaie, KEIren ezaugarri orokorrez, proiektuaren iraupenaz eta baldintzez nola aurrekontuez.
KALITATEAREN KONPROMISOAREN FASEA
- KALITATEAREN DEFINIZIOAREN adostasuna:
   Ikastetxe bakoitzak, kalitatez edo etengabeko hobekuntzan lanean aritzeko irizpideak edo arrakasta-faktore kritikoak adosten ditu, hots, kalitatearen definizioa landu eta adosten du.
- Ikastetxeko EGINKIZUNAREN DEFINIZIOA:
  Proiektuan parte hartzen dutenek definitzen dute erakundeak  izatera heldu nahi duena. Eginkizuna erakundearen nortasuna definitzen duen asmoen adierazpena bezala ulertzen da.
- Ikastetxeko IKUSPENAREN DEFINIZIOA:
   Ikuspenak ikastetxeko gobernu- eta gestio-organoak, eta baita ere, langileek hautatua eta onartua izan behar du. Horretarako, ondoko baldintzak bete behar ditu:
* Erakundearen eguneroko bizitzari ­egokitu behar zaio.
* Partekatua izan behar du.
* Erakundearen gertakizun eta prozesu-gakoak interpretatzen lagundu behar du.
* Ikastetxeko kulturan barneratu behar da.
 
- ADIERAZLE PROPIOAK FINKATU ETA AUTOEBALUAZIOA ­EGITEKO ARGIBIDEAK EMAN:
Autoebaluazioaren fasean sartu baino lehen, eta, aldi hori bukatzeko, partaideek
ikastetxea ebaluatzeko erabiliko duten AUTOEBALUAZIO GIDA txertatzeko zenbait adierazle adosten dituzte. Halaber, ebaluazioa nola egin behar duten ikasten dute. 
EBALUAZIO ETA DIAGNOSTIKO FASEA
Aurrez aipatutako gidaren bidez egiten da eta bertan parte hartzen dute irakasle langileek, ez-irakasleek eta gurasoek.
   Tresna honek 7 eremuetako estandarrak baloratzen ditu adierazleen bitartez, alderdi sendoak eta ahulak zein diren antzeman eta horien artean lehentasunak finkatuz, lana nondik hasi behar den erabakitzeko.
   Laugarren fasea hasi baino lehen, langileria osoari eta Artezkaritza Kontseiluari edo dagokion Organo Gorenari aurreko faseetan eginiko lan guztia aurkezten zaie, ­emaitzak zein izan diren adieraziz. Halaber, laugarren fasean parte hartuko duten Hobekuntza Taldeak eratzen dira.
HOBEKUNTZA-TALDEEN PROIEKTUEN DISEINATZE FASEA
Komenigarria da hobekuntza-taldeak etapa guztietako ordezkariez osatutako taldeak izatea. Fase honetan hobekuntza-taldeek prestakuntza jasotzen dute proiektuetan lehenetsitako alderdi ahulak hobetzeko eta, noski, klaustroari eta Organo Gorenari hobekuntza-proposamen egingarriak eta errealistak aurkezteko.
PROIEKTUEN HEDATZE EDO INPLEMENTAZIO FASEA
Proiektuak egin ondoren aurrera atera behar dira. Fase honen helburua garbia da: diseinatu diren proiektuak aurrera atera behar dira, hobetzeko zeuden arloak hobetu daitezen, hain zuzen.
 Horretarako bi egitura sortzen dira ­ikastetxearen barruan:
1.- KEIren koordinazio-taldea: zuzendari edo KEIko arduraduna eta proiektuetako arduradunez osatutako taldea.
2.-  Proiektu-taldea: proiektu bakoitzeko arduradun eta bere talde edo ekipoa. 
FASEA: ESTANDARREN ARAKATZEA KANPOKO AUDITORIAREKIN
Hobekuntza-proiektuen garapenaren ondoren, fase honen helburua hauxe da: ­eremu bakoitzaren estandarren betetze-maila zertan den arakatzea. 
  Ebaluazio berri hori kanpoko auditoriak egingo luke, txosten bat idatziz non hobekuntzarik behar duten estandarrak zehaztuko liratekeen. Akreditaziorako urrats bat izango litzateke.
EGUNERATZEA
Fase honetan akreditazioa lortzeko hartu behar diren neurri, ekintza eta hobekuntza-proiektu eguneratuak gauzatzen dira. Prestatze-prozesu horretan ikastetxe bakoitzak bideratzaileen laguntza izaten du, aurreko fase guztietan bezalaxe.
KREDITAZIOA
Aurreko fasea osatu ondoren, ikastola bakoitzak eska dezake kanpoko auditoria 
egitea kalitatearen ziurtagiria lortzeko.
 Auditoria kanpoko auditore talde batek egingo du eta ikastetxe bakoitzak prestatu beharko du eskatzen den guztia.    
 
IKASTETXEKO NOR INPLIKATU BEHAR DA KEIN?  
a) Zuzendaritza-taldea
Lehen harremanak. Zuzendaritza-taldeak, erakundeko aitzindaritza duenez gero, ereduaz ahalik eta informazio gehien ­edukitzea ezinbestekoa da. Zuzendaritzako kideak inplikatzearen garrantziaz  ohartarazi nahi ditugu, haien esku-hartzea eredugarria izan dadin. Normalean, inplikazio-hitzarmena deritzogun kontratua sinatzen da. Bertan programa, ereduaren oinarrizko printzipioak, agenda, kostuak, finantzatzeko modua, etab. azaltzen dira. 
b) Irakasleen klaustroa 
Programak arrakasta izateko, zuzendaritza-taldeak gai izan behar du klaustroaren parte esanguratsu bat ilusionatzeko eta haiengan parte hartzeko nahia pizteko. Gutxienez, klaustroko irakasleen erdiek parte hartu behar dute.
c) Administrazioko eta zerbitzuetako langi­leak
Kalitate-eredu honek garrantzi bera ­ematen die irakasle taldeen erdiaren partaidetzari batetik, eta lehen lerroko (hots, administrazio eta zerbitzuetako) langileak, hala nola, bestetik, atezainak, administrariak, jantokikoak, bidaietakoak, garbitzaileak, ­etab. modu aktiboan inplikatzeari. Gehienetan, ikasleek eta sendiek haien bitartez jasotzen dute ikastetxearen lehen irudia. Haien lekukotasuna eta ongi egitea, hau da, haien gaitasun profesionala, ikastetxearen prestigioaren eta zerbitzuaren kalitatearen berme dira. 
d) Familiak.
Nahiz eta gurasoen inplikazioa ikastetxearen bizitzan, oro har, eskasa den, beharrezkoa ikusten dugu, ikastolen bilakaera ­ikusiz, gurasoen parte-hartzea eredu honetan ere. Hainbat urtetako esperientziaren ondorioz, KEIn dauden zenbait ikastolak demostratu dute gai direla bai gurasoak eta baita  irakasleak ere prestakuntza jaso ondoren, proiektuetan kide izaten eta lankidetzan arituz- proiektu horiek aurrera ateratzeko.
NOLA IZAN DA TXIOKA HAUR IKASTOLAK AKREDITAZIOA LORTU BITARTEAN JARRAITU DUEN PROZESUA?   
Txioka Haur Ikastola urte askotan Iñigo Aritza Ikastolaren ildo estrategiko baten inguruan egindako lanaren emaitza da. Iñigo Aritza Ikastolak Haur Hezkuntzako lehen ziklo osoaren ezarpena ezarri zuen ildo estrategiko gisa, lehen ziklo honen hirugarren maila soilik baitzuen, hots, bi urtekoen gela. Aukerak aztertu ondoren, Iñigo Aritza Ikastolaren guraso elkartearen izenean enpresa bat sortzea erabaki zen, modu honetan Iñigo Aritzarengandik juridikoki eta administratiboki independentea den ikastetxe bat sortzeko. Administratiboki independenteak diren bi ikastetxe izan arren, proiektu pedagogiko bakar bat osatzen dugu, eta kudeaketa-eredu bera jarraitzea erabaki genuen. 
2008ko maiatzean, Iñigo Aritza Ikastolak KEI kalitate-akreditazioa eskuratu zuen eta, urte berean, irailean, Txioka Haur Ikastolak ateak lehen aldiz ireki zituen. Lehenengo egunetik KEI ereduaren ezarpenarekin hasi ginen, honako fase hauek burutuz:
Aipagarria da, akreditazioa lortzeko ­erabili dugun denbora oso laburra izan dela, ­eta, ibilbide horretan, hainbat abantaila eta zailtasun aurkitu ditugula. Hauexek:
ABANTAILAK
Ondokoak lortu ditugu: 
• Irakas-jardunaren hobekuntza hausnarketa-ekintzaren bidez.
• Arrakastarako funtsezko prozesuen zehaztapena eta plangintza estrategikoa.
• Ikastetxeko pertsonal guztiaren arteko kohesioa.
• Gaitasun eta balio profesionalaren norbere onespen handiagoa.
• Ikastetxearen Idearioaren, Hezkuntza Proiektuaren eta eguneroko irakas-jardunaren arteko adostasun-maila handiagoa.
• Pertsonengan antzemandako premiari eta itxaropenei erantzun profesionalagoa (egokia eta zehatza) ematea. 
• Ikastetxearen prestigio hobea epe labur eta ertainean.
• Familien asebetetze handiagoa, ikastetxeko pertsonala kalitateaz eta ikasleen hobekuntzaz arduratzen dela ikusita.
• Hezitzaileen asebetetze handiagoa, euren lana baloratzen dela ziurtatzean.
 
ZAILTASUNAK
Prozesuan zehar, ondoko zailtasunak aurkitu ditugu: 
• Nola lortu autoebaluazio eta prestakuntza prozesuan irakasleen parte esanguratsu batek gogoz esku hartzea? 
• Irakasle gehienen aldetik, honek dakarren aldaketarako erresistentzia pasiboak.
• Aldatzeko helburu horiei ofizialki aurreikusitakoa baino denbora gehiago emateko erresistentziak. 
• Elkarlanean esperientziarik ez izatea. 
• Langileriaren egonkortasun eza; ondorioz, ikasturtero hezitzaileak formatu behar izaten genituen. 
• Ebaluatuak izateari beldurra.
• Estandarren gida ez zen Haur Hezkuntzako lehen zikloaren ezaugarrietara ­egokitzen, baina ziklo horretarako gida ­espezifiko bat sortzeko lanean parte hartu dugu. 
Artikulu hau Kalitate Egitasmo Integratua (KEI) ezagutzera eman eta ikastetxeak kalitatearen kulturan murgiltzeko baliagarria izatea espero dut.