Geroa eskola. Waldorf pedagogian oinarritutako eskola bakarra Euskal Herrian

2012-03-01
Geroa eskola librea Trokonizen dago, Arabako Lautadan, Gasteiztik hamar bat ­kilometrora, hain zuzen. Herri txikia da: 2009ko erroldaren arabera, 49 biztanle zituen orduan.
Lizarratik Gasteizerako ­bidea egiten zuen “Vasco-­Navarro” trenak Trokonizen zuen geltokia da eskolaren ­eraikin nagusia. Inguruan, ­zelai ederrak eta zuhaitzak ditu, paraje aparta da. Luze ­aritu omen ziren horrelako baldintzak betetzen zituen ­leku baten bila. Izan ere, ­Waldorf pedagogiak berebi­ziko garrantzia ematen dio naturari: haurra naturarekin harremanetan egoteari. 
Trokonizko eskolara gerturatu zen Hik Hasi, eta eskola egun bat bertatik bertara ­partekatzeko aukera izan zuen Geroako kideekin. 
 
 

Haziz doan hazia

 Sei ikasturte dira Geroa eskola zabaldu zela Trokonizen. Lehen ikasturte hartan, 10 ikasle izan zituen eskolak: 7 neska-mutil, 3., 4. eta 5. mailetan, eta 3 neska-mutil, Haur Hezkuntzan.

Eskola hazten joan da haurrekin batera, eta ikasturte honetan 3 urtetik 12ra bitarteko 50 bat ikasle ditu.

B ereduan ari dira, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren baimen guztiak lortu dituzte jada. Duela bi ikasturtetik, itunpeko hiru gela dituzte, eskolan lau gela badituzte ere.

Orain, haien ametsa Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa eskaintzea da. Bide horretan, “proiektua gehiago finkatu behar dugu, eta jendarteari ezagutarazi behar diogu”, diote bertako kideek. Izan ere, Gasteiz oso hurbil dagoen arren, jende askok ez daki oraindik han daudenik. Eta hori ez omen da lan erraza izango: “Guretzat proiektua ezagutaraztea da gauzarik zailenetakoa, jendartearengana iristea”, adierazi dute.

Waldorf pedagogia Rudolf Steiner (1861-1925) pentsalari eta hezitzailearen filosofian oinarritzen da. Filosofia horrek, haurraren bizi-beharrak ase­tzeko, haurrarengan eta haren garapen naturalean oinarritutako pedagogia proposatzen du. Era berean, haurraren garapen-beharretan laguntzea helburu duen hausnarketa-lanean oinarritzen da.

Pedagogia horretan, ikaslea da curriculumaren zioa. Eta haurra heztearen helburua haren gorputz-garapenean eta garapen psikologiko eta kognitiboan laguntzea da, nork bere autonomia lortzeko bidean. Era horretan, heldua denean inguruan era sortzailean jarduteko, libreki hautatzeko eta ekin­tzaile izateko.

Gazte libreak hezi nahi dituzte Trokonizko tren-geltoki zaharrean, baina badakite libre izateko jakintza behar dela. Jakintza eskuratzeko bide horretan, tentu handiz zaintzen dute ikasle bakoitzaren ikasketa-erritmoa.

Geroa eskolan, Waldorf pedagogia osasuntsua dela sinesten dute. Izan ere, “borondatearen arloa zaindu behar da, sentimenduen arloa zaindu eta elikatu behar da, eta gauza bera alde kognitiboarekin”. Ez, ordea, arlo bakoitza bere aldetik, horrek gaixotu egiten baitu.

Tren-geltoki zaharreko martxa berria

 Geroa eskolako irakasleekin, Ainizerekin eta Peperekin, hitzordua egina zuen Hik Hasik. Haien hezkuntza-ibilbidearen berri eman zuten, lehenik. 

Aurretik Donostian aritu zen lanean Ainize, sare publikoko ikastetxeetan hezkuntza-premia bereziak zituzten ­ikasleekin. Ez zen oso gustura senti­tzen, eta beste era bateko eskola baten bila zebilen. Waldorf pedagogiaren berri izan zuenean, Madrilera joan zen prestatzera. Han ikasi zuen pedagogia hark haurra bere osotasunean hartzen zuela kontuan, arteari garrantzia ematen zitzaiola, eta abar. Prestakuntza ­amaitu ondoren, Peperen deia jaso zuen Geroa eskolan lan egiteko. Ordutik, Trokonizen da familia osoarekin.

Pepek, berriz,  27 urtean sare publikoko irakasle izan ondoren, beste zerbait behar zuela sentitu zuen. Lagun batzuen bidez izan zuen Waldorf pedagogiaren berri, eta Madrilera joan zen hura ere, prestatzera. Horren ondoren etorri zen Geroa proiektuan buru-belarri murgiltzea.

Waldorf pedagogiak “batez ere haurraren garapena ongi ezagutzen lagundu” diela diote biek. “Hezkuntzak elikadura izan behar du, eta, haurraren beharrak ongi ezagutzen badituzu, ongi elika dezakezu”, gaineratu dute.

Geroa eskolan, ikasleek irakasle berarekin egiten dute Lehen Hezkun­tza osoa. Horrek, haur bakoitza eta gurasoak ongi ezagutzea ahalbidetzen die, eta konfiantza-giroa eraikitzen eta taldean komunitatea sortzen laguntzen du, gainera. Izan ere, haurrarentzat ­erreferente nagusia eta garrantzitsuena etxea bada ere, eskola ere erreferente bihurtzen da, gertuko jarraipena baldin badago behintzat. Oso garrantzitsua da haurra ezagutzea eta zer behar dituen jakitea.

Curriculuma, beraz, behar horiek kontuan izanik finkatu beharko litzateke. “Guk pertsonaren irudi bat egiten dugu, eta irudi horren arabera antola­tzen eta gauzatzen dugu guztia. Horren atzean, filosofia bat dago: Steinerrek ­egindako antroposofia”, argitu dute irakasleek. Horregatik, ondo jakin behar da zer eskaini, nola, zer erritmotan, zer den osasuna... “Hezkuntzak osasuna ­izan behar du-eta”.

Haien ustez, hiru atal daudela esan zuten irakasleek: lehenik, burua, ga­rran­tzitsuena horixe da, beste biak ­ahaztu gabe, ordea; bigarrena, erri­tmoa, arlo dinamikoarekin eta arimarekin lotzen da, sentimenduen munduarekin; eta, hirugarrena, azkenik, ekimen-indarra, gauzak, kostatu arren, ­egin egin behar direla barneratzea.

Bigarren atalak beste biak erlazionatzen ditu, baina hirurek behar dute ­oreka. “Jendartean, maiz ikusten dugu buru azkarra duen asko arlo sozialean pobre dabilela; eta hori penagarria da”.

Arlo soziala, garrantzitsua

 Arlo sozialari garrantzi handia ematen diote Geroan. Horregatik, Waldorf metodologia erabiliz, ikasle talde handiak aukera gehiago eskaintzen ditu ­ikasle talde txikiak baino: “Irakasleen­tzat eta ikasleentzat, 20 ikasle baino gehiagoko taldeak egokiagoak dira, ­eta, adin berekoak badira, hobe dela uste dugu”. 

Ikasle asko izanda, nork bere barrutik, etxetik, herritik asko ekartzen duenez, eta hori guztia partekatzen denez, oso aberatsa delakoan daude. 

Eskolako gurasoekin duten harremanaz ere jardun dute. Waldorf pedagogian, gurasoek garrantzi handia dute. Geroako guraso gehienak “asko” inplikatzen dira. Etxeko hezkuntzak eta eskolakoak lotura handia izan behar dutela pentsatzen dute Ainizek eta Pepek. Hori lortzeko gakoa, ordea, “irakasleen eta gurasoen arteko harremana oso estua izatea da”. Bi aldeek hezkuntza mota horretan benetan sinetsi behar dutela diote, gardentasuna egon behar duela. “Bi aldeek bide berberari jarraitu behar diote”.

Gurasoekin harreman estu hori sustatzeko, gelako bilera egiten dute hilean behin. Bilera horretan, taldea nola ikusi duten, zer ikasten ari diren, zergatik, zer lortu nahi duten, zein ­izango diren hurrengo ­urratsak, eta abar azaltzen diete gurasoei. Gurasoek hori “asko eskertzen dutela” uste dute, “semea edo ­alaba non dagoen ikusten laguntzen dizulako, eta hari laguntzeko argibide asko eskaintzen dizkizulako”.

Horrez gain, banakako elkarrizketak egiten dituzte.

Gurasoen parte-hartzea handia da eskolan. Esku artean duten proiektua aurrera ateratzeko lan handia egin ­behar da, eta gurasoak ondoan dituzte lan horretan. Esate baterako, gurasoak arduratzen dira eskolako garbitasunaz, mantentze lanez, eta haurrek egiten ­dituzten eskulanetan parte hartzen ­dute, besteak beste.

Urtean bitan, Eguberritan eta udan, azokak antolatzen dituzte jende gehiagok ezagut dezan eskola. Ekintza ­horiek, adi berean, proiekturako dirua ateratzeko iturri ere badira. 

Hizkuntzaren trataera

Oso kontuan hartzen dute zein inguru soziolinguistikotan dauden eta nondik abiatzen diren. Hizkuntzaren arlo horretan ere, Geroako partaideentzat garrantzitsuena haurra errespetatzea da. Orain gutxi Alemaniatik ikasle bat etorri zitzaien, eta hari “ezin diogu bat-batean dena euskaraz egin, hemengo errealitatea ez da euskara girokoa”. Haur batzuk Deba bailaratik ­etortzen zaizkie, eta haiek euskaldunak dira. Oro har, baina, Geroako ikasleak ez dira euskaldunak. Haien ustez, euskararen arloan “ bada beste errealitate bat, sozialki erantzuna eman behar zaiona”.

Haur Hezkuntzan, haurrak sei urte bete arte, ikaslearen etxeko hizkuntza errespetatzen dute, hizkuntza hori ongi finkatzeko. Gero, haurrak bizi dituen bi hizkuntzak lantzen dituzte: helburua, eskolatik ateratzen denean, ikasleak euskara, gaztelania eta ingelesa ongi jakitea da.

Bestalde, oso kontuan hartzen dute kulturaniztasunean bizi garela, eta horregatik, agurrak, esker-emateak eta ­abar hainbat hizkuntzatan egiten dituzte, “hizkuntzen mundura esna daitezen”. Geroako eskolan, hizkuntzak haurrarengan maitasun osoz sartzen joan daitezen nahi dute, “behartu gabe, blokeatzeak gerta ez daitezen”.

Haurrak bere emozioak agertu behar ditu, eta hori guztia “ongi dakien” hizkuntzan egin behar du.

Irakurketa- eta idazketa-prozesua

 Waldorf pedagogia ondo egituratutako metodologia da. Kanpotik, behar bada, ikusten ez bada ere, “irakasleok askatasun osoa dugu gauzak gure erara ­egiteko”. Eskolan antzera pentsatzen dute denek, eta antzera egiten dituzte gauzak. Kontrakoa pentsa badaiteke ­ere, irakasleek askatasun osoa dute “nahi dituzten informazio-iturriak har­tzeko, epeak luzatzeko edo mozteko”. Irakasleak, azken finean, duen taldearen arabera antolatzen du gela, egokien iruditzen zaion eran.

Irakurketa- eta idazketa-prozesua aurrera eramateko era ere markatuta dago pedagogian. Irakasle bakoitzaren esku dago, ordea, hori guztia aurrera nola eraman: zein ipuin aukeratu, zein adibide jarri, hizkiak, hitzak... Azken batean, irakaslearen esku dago hizki horiek gelara nola ekarri.

Irakuketa-idazketa metodoa fonetiko-silabikoa da, baina horri zer irudi jarri “irakaslearen esku dago”. Prestakuntza Madrilen egin dutenez, beraiek ipini behar dizkiete hitzei irudi egokiak, eta gauza bera aho-jolasekin, aho-korapiloekin, ipuinekin eta abar: “taldearen arabera jokatu behar duzu”.

Ez da gauza bera taldea euskalduna izatea edo ez izatea, haurrak adin berekoak izatea edo ez izatea... “Oso zaila da, baina, aldi berean, oso polita eta ­aberatsa”.

Prozesu horretan, garrantzi handia ematen diote eskuz idazteari, Geroako irakasleen iritziz “ariketa soziala” da. Hainbat tokitan, ordenagailuaren erabileraren ondorioz, eskuz idazteak garrantzia galdu du. Geroa eskolan, ez dute ordenagailurik erabiltzen; adin horretan, asko idazten dute, orria ongi antolatzen dute, koloreak erabiltzen dituzte, eta abar. Eskolan, uneoro ari dira artea lantzen, baita idazten ari direnean ere.

Egindako lan guztia koadernora ­eramaten dute neska-mutilek. Baina, horretarako, adierazi beharrekoak landuta eta txukun egon behar du. Norberak jartzen du bere koadernoan, ahalik eta txukunen... Izan ere, hori da ikasleek duten ikasliburua. 

Geroa eskolan, ez dute bestelako ­ikaslibururik erabiltzen. Hala ere, ongi betetzen dituzte oinarrizko curriculum ofizialak. Haien ustez, “curriculum horiek oso ongi oinarrituta daude”. Eta gero eta hobeto dakite maila bakoitzean zer irakasten duten, eta zergatik.

Koadernoak badu, ikasliburua ordezkatzeaz gain, beste helbururik: haur bakoitzaren lana nonbait jasotzea, alegia, ikusgai eta ikusgarri jartzea. Bakoitzak bere edertasuna bilatzen du, bere koloreak... Oso bideratuta, akaso, baina norberak norberarena eginda.

Aldi berean, garrantzi handia ematen diote espresioari: ahozkoa, idatzia, marrazkia, eskulana, erritmoa, arte eszenikoa, eta abar. Hiru hilabetean behin, ikuskizun bat antolatzen dute gurasoentzat: deklamazioa, olerkiak, kantuak, ariketa erritmikoak, antzerkiak eskaintzen dizkiete. Azken finean, “hau da gelan egiten duguna, eta ongi prestatutako lan hori guztia erakusten diegu gurasoei”.

Eskola-egun bat Geroan

 Galdera bat zebilen bueltaka airean. Nolakoa ote da eskola egun-bat Geroa eskolan? Ainizek eta  Pepek eran­tzun zioten galderari.

 “Irakaslea, normalean, ikasleak baino ordu erdi lehenago sartzen da gelan: gauzak antolatzeko, ezustekoren bat prestatzeko... Ikasleak datozenean, banan-banan egiten zaie harrera begietara begiratuz, eskua emanez eta gertuko zerbaiten gainean hitz eginez. Horrek izugarrizko segurtasuna, gertutasuna eta lasaitasuna ematen die ikasleei. Kontuan hartzen dituztela eta balioesten dituztela sentitzen dute. Asko ­errazten du horrek ondorengo lana.

Harreraren ondoren, txapinak janzten dituzte, gelan eroso sentitzeko. 

Ikasle bakoitzak badaki, gutxi gorabehera, egun bakoitzean zer egingo duen. Horrek ere segurtasuna ematen dio, eta asko  laguntzen dio.

Ikasmahaietan esertzen direnean, egunaren gainean hitz egiten hasten gara: zer egun den, zergatik deitzen den horrela, zer berezitasun duen, eta abar. Horren guztiaren asmoa neska-mutilei munduan kokatzen laguntzea da. Eguneroko horiek lasaitasuna ematen diote haurrari.

Ondoren, berrien atala dator: zer gertatu den, norberak zer dakarren, zergatik dagoen norbait triste, pozik, haserre edo irrikaz... Horrela, arlo soziala eta emozionala lantzen ditugu. Kontatzen ari direna lagunak entzuten ari direla ­ohartzen dira haurrak, entzuten zaiela sentitzen dute, errespetatu ­egiten dituztela. Aldi berean, entzuten ikasten dute, eta hori guztia lasaitasunez eta pixkanaka egiten da, prozesu bat da.

Gero, Steinerren olerki bat esaten zaie, on egiten duen guztiari eskerrak ­emateko. Horrela, arlo espirituala eta ­erritmoa lantzen ditugu. Horrekin batera, buruko ariketa matematikoak egiten ditugu, abestu egiten dugu eta musika lantzen dugu.

Gero, aurreko egunean landutakoa gogoratzen dute, koadernora eramaten dute eta gauza berriak ikasten dituzte. Normalean, ikasteko gogo handiz ­egoten dira.

Jolastera ateratzen direnean, ingurune egokia dute: zelaia, landareak, zuhaitzak.

Jolastu ondoren, beste arlo guztiak lantzen dira: musika, eskulanak, zizelkatzea, ingelesa, baratzezaintza, lorezaintza, akuarela.

Ahalik eta material naturalenak erabiltzen saiatzen gara: egurra plastikoa erabili beharrean, koloretako argizariak plastilinaren ordez, eta abar. 

Kandelak pizten ditugu, eta horrek giro egokia sortzen du; goxotasuna. Estetikari ere garrantzia ematen diogu. Gela bakoitzean, urtaroaren mahaia dago, urtaroari dagozkion produktuekin, eta  ikasle bakoitzak nahi duena ­ekar dezake: gaztainak, perretxikoak, hostoak…

Ikasle bakoitzari olerki bat egiten zaio, haren gauza onak goraipatuz, haren izaeran ikusten diren gorabeherak aipatuz eta hobetzeko dituenak azalduz. Oso era poetikoan idazten saia­tzen gara, eta ikasle bakoitzak berea ­ikasten du besteen aurrean esateko. Konturatu orduko, denek denen olerkiak ikasiak dituzte”.

5. eta 6. mailakoekin

 Ainizek eta Pepek kontatutakoa zuzenean ikusteko aukera izan zuen Hik Hasik. Ona hemen, ongietorria egin ondoren, aurreko egunean ikasitakoa berrikusi zuten unea:

Andereñoak: Mesopotamia zenak zer izen du gaur egun, i…

Ikasleak: Irak. 

An.: Zergatik zen hain garrantzitsua Mesopotamia? 

Ik.: Lurrak oso onak zirelako. Ibaiak gainezka egiten zuen, eta ur asko egoten zen, eta lurrak oso emankorrak ziren.

An.: Gizakia nola bizi zen?

Ik.: Ez zuten etxe finkorik, nomadak ziren. Lurra ona zenez, ortuak egiten hasi ziren, eta haiek zaindu behar ­izan zituzten, eta, hala, lehen zibilizazioa sortzen hasi zen… 

An.: Zer herri sortu ziren?

Ik.: Babilonia, Ur (Persiako Golkotik gertu)…. 

An.: Eta Babiloniari buruz zer dakigu? Nola funtzionatzen zuen? Zein zen agintaria? 

Ik.: Erregea zegoen… Errege bat baino gehiago… Eta Babelgo eraikina… Orain obra-hondakinak daude ­(adreiluz eta lurrez egiten zituzten eraikinak…).

An.: Nolakoak ziren hango herriak? 

Ik.: Erregeak lur handi baten erdian jasotzen zuen eraikina... 

An.: Nola deitzen zitzaion eraikin hari? Zi… 

Ik.: Zigurat, dorre altuak. Goian tronua egoten zen, eta izarrei begira egoten ziren, eta izarrak mugitzen zirela ­ohartu ziren… Haiei jainkosen izenak jarri zizkieten, bakoitzari bat, egun hartan gehien eragiten ziena: Marte, Venus, Merkurio, Saturno, Urano, eta baita Ilargia ere. Horrela osatu zen aste eta egunen egutegia. Gaur egungo astegunen izenak zeruaren eraginez sortu ­ziren.

An.: Zer ikasi genuen atzo? 

Ik.: Gurpilen sorrera, barkuak nabigatzeko, buztingintza, artisautza, idazketaren… 

An.: Zer izeneko idazketa zen? Ku…

Ik.: Kuneiformea, buztinezko xaflen gainean egiten zutelako.

 

Haur Hezkuntza: Geroa eskolan hastean ongietorria 

 Egokitzapena haurraren beharren arabera egiten dute Geroa eskolan. Lehen egunetan, gurasoekin etortzen dira haurrak. Jolasean askatzen direnean ­eta lasai daudenean, gurasoak desagertzen hasten dira. Ondorengo egunetan gurasoekin etortzen dira, gurasoak agurtu egiten dituzte, eta, beharrik ­ikusten ez bada, normal eskolatzen dira. Ez dago, beraz, egokitzapen plangintza zehatzik.

Normalean, 2, 3, edo 4 urterekin eskolatzen dira. Geroan, Haur Hezkun­tzako ikasleak nahastuta daude, adin guztietako haurrak gela bakar batean daude.

Horrela izaten da, gutxi gorabehera, eskola-egun bat: haur bakoitzari ongietorria egin ondoren, ekintza zehatz batekin hasten dira: ogia, blokeak, ­akuarela, sagarrak zatitu eta konpota ­egin, eta abar. Haurrak ez daude parte hartzera behartuta. Ekintza hasi orduko, baina, batzuk beren kasa hurbiltzen dira, eta besteek ere laster egiten dute bat gainerakoekin.

Horren ondoren, erabilitako gauza guztiak jasotzen dituztenean, haurren intereseko gaien inguruan hitz egiten dute, eta erritmo-saioa egiten dute. Gero, komunetik pasatu, eta eskuak garbitzen dituzte jan aurretik, ohitura onak hartzeko.

Garrantzi handia ematen zaie urtaroei, eta asteko egun bakoitzak bere ­janari zehatza izaten du. Hori guztia ­hasieran esaten zaie, jakinaren gainean egon daitezen. Izan ere, horrek segurtasuna ematen die.

Jan ondoren, kanpora irteten dira ordubetez jolastera. Gero, gelara itzul­tzen dira, eta zerbait lasaia egiten dute: gehienetan eseri egiten dira, eta hizketan aritzen dira, irakasleak ipuin bat kontatzen die, eta abar.

Irakasleak une dinamikoen eta lasaien arteko oreka bilatzen saiatzen dira. Izan ere, “halako dinamika egokia dela” pentsatzen dute erritmorako, arnasketarako eta osasunerako.

Haurrek atsegin dute tarteka ezustekoak izatea edo lekuz aldatzea. Horregatik, gustukoa dute herriko parkera joatea, edo inguruko ibilbideetan barna ibiltzea.

Haur Hezkuntzako haurren eskolatzea goizeko 9:30etik 13:30era da. ­Arratsaldeko saioa, berriz, 3:30etik 4:30era izaten da. Arratsaldekoa, ordea, ez da nahitaezkoa, nahi dutenak soilik gelditzen dira. 

Gelditzen direnek elkarrekin bazkaltzen dute, eta, ondoren, jolasean ari­tzen dira. Arratsaldeko saioaren helburu nagusia haurrak gustura egotea da: siesta egin nahi badute, siesta egiten dute. Tarte hori sozializatzeko garaia ­ere bada.