Lanbide Heziketaren osasuna Ahuleziak eta indarguneak

2003-12-01
Oreretako Zamalbide lanbide eskola datorren ikasturtean itxiko da. Donostiako Martutene lanbide eskola, berriz, aurten itxi da. Elkarrengandik hurbil dauden bi eskola itxita, eta biak D eredukoak. Zer gertatzen da?

Galdera horri erantzun asmoz abiatu gara Zamalbidera eta erabaki hori bultza duen arrazoia garbia dela ohartu gara: ikasle falta. Baina, hori zergatik gertatzen ari da? Zergatik joan da ikasle kopurua jaisten? Hor, motibo ugari azaleratu dira.

Oro har, lanbide eskolen eta Lanbide Heziketaren beraren egoera ez da berdina eskualde batean zein bestean. Euskarazko ereduaren aldeko apustua egin duten batzuek ongi funtzionatzen dute, eta beste batzuek zailtasun gehiago dituzte. Ikasle kopuruaren jaitsierak ez die berdin eragiten batzuei zein besteei. Edonola ere, hainbat joera errepikatu egiten dira eta horrek kezka sortzen du batzuengan.
 
 
Nolako osasuna dute lanbide eskolek?



Bost urte dira Lanbide Heziketara erreforma iritsi eta ezarri zela. Ordura arteko ikasketa ereduak aldatu eta heziketa zikloen abiatzea ekarri zuen erreformak. Geroztik, titulazio zehatzagoak eskaintzen dira, betiere merkatuari begira; zer eskatu, hura eskaini. Horrekin enpresekiko lotura areagotu egin da eta ikasleei lan mundurako sarrera erraztu egin zaie. Hori izan da Lanbide Heziketak azken urteotan eduki duen erakarpenetako bat, eta horrek gizartean prestigioa irabazten lagundu dio.

Era berean, gero eta ikasle gehiagok egiten dute Lanbide Heziketaren hautua. Hala ere, kontuz ibili behar da datu horrekin. Iaz ikasleen erdia heziketa zikloak egiten ari dela esan izan da, baina hori esatean erdi eta goi mailako heziketa zikloko ikasleak hartzen dira kontuan, hots, 16 eta 18 urtekoak. Beraz, ezin dira Batxilergoko datuekin konparatu, horiek 16 urtekoenak soilik direlako. Esate baterako, 2002-03 ikasturtean EAEn 34.845 ikasle matrikulatu ziren Batxilergoan, eta erdi mailako heziketa zikloetan 11.340. Hori erdia baino gutxiago da, %17,5, hain zuzen.

Horrek esan nahi du, nahiz eta Lanbide Heziketan gero eta ikasle gehiago aritu, oraindik ere indar handiagoa duela Batxilergoak. 2002-03 ikasturtean 34.845 ikasle zebiltzan Batxilergoan eta 1998-99an 46.384, hots, 11.539 gutxiago. Erdi mailako Lanbide Heziketan, aldiz, 2002-03an 11.340 ziren eta lau urte lehenago 10.255, alegia, 1.085 gehiago. Goi mailako Lanbide Heziketan 3.015 gutxiago zeuden 2002-03an, 21.962tik 18.945era jaitsi baitzen.

Erreformak beste aldaketa bat ere ekarri zuen: lehen 14 urterekin joaten ziren ikasleak lanbide eskoletara eta 19 urtera arte egoten ziren. Egun, 16 urterekin hasi eta 18 urterekin amaitzen dute. Horrek, noski, ikasle kopuruaren beherakadan eragina izan du zentro guztietan, jaitsiera demografikoarekin batera. EAEn, esaterako, iaz baino 3.600 ikasle gutxiago dabiltza Batxilergoan eta Lanbide Heziketan.

EAEn 176 lanbide eskola daude egun eta 139 heziketa ziklo daude aukeran. Eskaintza gehiena A ereduan egiten da. Araban, esaterako, Gasteiztik kanpo ez dago ezer euskaraz, eta hiriburuan esku bateko behatzekin kontatzeko adina. Gipuzkoaren kasuan, euskarazko eskaintza soilik egiten duten zentroak 16 dira; euskaraz zein gaztelaniaz 24 eta gaztelania hutsean 25. Bizkaian A ereduko eskolak gailentzen dira, eta askogatik; 68 dira erdal eredukoak, 6 euskal eredukoak eta 10 eredu biak eskaintzen dituztenak.

Edozein modutan, gauza bat da eskaintza, eta bestea matrikulen arabera osatzen diren taldeak. Sarritan, A eta D ereduko eskoletan ez da jende nahikorik izaten bi talde osatzeko, eta denak bakar batean biltzen dituzte. Horrelako kasuetan, noski, A eredua nagusitzen da gehienetan. Nafarroan Iruñeko Donapea eskolan, Altsasun, Leitzan, Beran eta Elizondo dago euskaraz ikasteko aukera.

Hizkuntzaren aldetik, beraz, oraindik ahalegin gehiago egin beharra dago. Izan ere, beherakogo mailetan ikasleek D eredua hautatzen baldin badute, gerora ere ikasketak euskaraz jarraitzeko aukera bermatu behar zaie.







Zamalbide lanbide eskola ixtera doa



Oreretako Zamalbide lanbide eskolak 25 urte beteko ditu datorren ikasturtean, baina ezin esan liteke urteurrena ospatuko duenik, ateak itxi egingo baititu. Gero eta ikasle gutxiago zituela ikusirik, administrazioak datorren ikasturtean ixteko erabakia hartu zuen. Iaz 50 ikasle zeuden; 2. mailan zeuden 15ek ikasketa bukatu zituzten, eta gainontzeko 35 aurten ari dira 2. maila egiten. 1. mailarik ez da eskaini 2003-04rako. Beraz, 35 horiek izango dira Zamalbideko azken ikasleak.

Josu Berra zuzendariak eta irakasleek ikasle kopuruaren beherakadaren arrazoiak aztertu dituzte, eta horren atzean faktore bat baino gehiago daudela ikusi dute.




Aurten Donostian Martuteneko lanbide eskola itxi dute eta datorren urtean zuena. Kasualitatea al da biak D ereduko zentroak izatea?

D ereduko eskola gehiago badaude eta ondo funtzionatzen ari dira. Donostialdean eta Oarsoaldean, ordea, euskarazko eskaintza ez da erakargarria. Euskararen aldeko inplikazioa daukagun sektore batzuk hori bultzatzen ari ginen, eta horren aldeko apustua egin genuen, baina gazteengan ez du erakargarritasunik.

Egia da administrazioaren aldetik ere ez dugula laguntza handirik eduki. Ez du ezer egin D ereduaren alde. Ikastetxeoi nahi duguna egiteko esaten digute eta ez dago inolako planifikaziorik.

Dena dela, berriro diot, hori gure eskualdean gertatzen den fenomenoa da, beste leku batzuetan ongi baitabiltza.



Ikastetxea ixteko arrazoi bakarra hori al da?

Ez, noski, faktore bat baino gehiago daude. Lehendabizi jaitsiera demografikoa dago. 16 eta 18 urteko ikasle kopurua etengabe ari da jaisten. Memento honetan punturik baxuena 14 urteko ikasleetan dago, DBHko 3. mailan. Beraz, beste bi urtetan jaisten jarraituko du. Gero igotzen hasiko da, baina poliki-poliki, ez jaitsi den bezain azkar.

Lehen OHO bukatu eta Lanbide Heziketara ikasleen %25 etortzen zen, baina %25 hori 1.000 ikaslek osatzen zuten, eta gaur egun 74k. Ehunekoak mantentzen dira, baina ez da gauza bera 10.000tik edo 1.000tik izan. Kopuru horiekin taldeak osatzea zaila suertatzen da.



Zailtasun hori eskola batzuetan soilik nabaritu al duzue?

Ez, baina eskola handietan ez du txikietan bezainbesteko eraginik. Bolumen handiko eskoletan talde bat gutxiago osatzen bada, ez du eraginik. Talde batekoak beste batean sar daitezke eta kito. Gure kasuan, ordea, bost ziklo genituen, erdi mailako hiru eta goi mailako pare bat; administrazioa eta elektronika ikasketakoak. Kasu horretan, ezin ditugu elektronikako ikasleak administraziokoekin nahastu, ikasketak zeharo desberdinak baitira. Iaz bostetik talde bat galdu genuen, aurten laurekin ari gara eta lauetan ere kopuru minimoekin: 11-12 ikasle.

Horri guztiari dispertsioa eta eskola handien erakarpena gehitu behar zaio.



Eskola handietara joateko joera al dago, bada?

Bai, ikasleek zentro handietara joan nahi dute. Gure kasuan, Donostiako Usandizaga-Peñaflorida institutura edo Irunera jotzen dute. Donostiakoak 1.000 ikasle ditu eta hara joan nahi dute, berdin zaie zein hizkuntz eredu eskaintzen duen. Horri baino garrantzi gehiago ematen diote giroari, martxari, jendea egoteari... Hori gehiago baloratzen dute talde txikiak dituen hurbiltasuna, arreta eta baldintzak baino.

Gizarteko fenomeno berbera gertatzen da: jendea gune komertzial handietara joaten da eta auzoetako dendak ezinean daude. Gune horietara ez doaz erosketak egitera soilik, hango giroagatik, jendeagatik... ere joaten dira. Joaten ez badira, zerbait galtzen dutela dirudi. Eta eskolan ere hori sumatzen dut.



Ikasleek Batxilergoa aukeratzeak eraginik ba al du Lanbide Heziketan? Horrek kentzen al dizkio ikasleak?

Bai, noski, hori da beste faktoretako bat. Oraindik ere ikasle gehiagok egiten du Batxilergorako hautua. Bakoitzera %50 joaten direla esaten da, baina datuak ez dira errealak. Lanbide Heziketako %50 horren barruan maila ertainekoak (16 urte) eta goi mailakoak (18 urte) daude eta azken hauek unibertsitateko datuekin konparatu behar dira, ez Batxilergokoekin. Adibidez, gure eskualdean Batxilergoa %75,5ak hautatu zuen iaz eta maila ertaineko heziketa zikloak %22,4k. Batxilergoko 2. mailako ikasleen artean %61 unibertsitatera pasa zen eta %39 goi mailako Lanbide Heziketara. Beraz, kontuz ibili behar dugu datuekin.



Zer gertatzen da, Lanbide Heziketak ez al du prestigiorik hartu oraindik?

Oraindik unibertsitate fenomenoa dago. Orokorrean, gurasoek seme-alabek euren ikasketa mailak gaindi ditzaten nahi dute. Horrez gain, ez dituzte seme-alabak 18 urterekin lantegi batean lanean ikusten, oraindik umeak iruditzen baitzaizkie. Hori ere gizartean gertatzen ari den fenomeno bat da: orain dela urte batzuk adin horretarako denok lanean ginen, baina gaur egun 17-18 urtekoa ez dugu lanerako ikusten.







Beste eskola batzuen egoera





Euskal Herriko hainbat lanbide eskoletan ez dute bizi Zamalbideko egoera iluna. Noski, denek dituzte kezkak eta hobetzeko gauzak, baina erronka horiei aurre egiteko indarrez aurkitu ditugu.

Jaitsiera demografikoa dela eta, ikasle kopurua guztietan jaitsi da. EAEn iaz baino 3.600 ikasle gutxiago dabiltza aurten Batxilergoan eta Lanbide Heziketan. Iurretako lanbide eskolan iaz baino 90 ikasle gutxiago dituzten aurten, baina hala ere 450 inguru dira orotara. A eta D ereduak daude aukeran, eta ikasleen erdiak baino zertxobait gehiagok euskarazko eredua aukeratzen du. 19 talde daude guztira, 12 euskarazkoak eta 7 gaztelaniazkoak.



Iurretako lanbide eskolak D ereduaren aldeko apustua egin zuen eta hango irakasleek borondatea eta konpromisoa erakutsi dituzte. Inguruko herrietatik ez ezik, urrutiagotik ere joaten dira euskaraz ikasi nahi dutenak. Josu Palacios eta Julian Torres irakasleek diotenez ikasle gehienak aurreko ikasketak D ereduan egin dituztenak dira. B ereduan ikasitako batzuk A eredura pasatzen dira, eta beste batzuk Dra. "Eskualde honetan B ereduan ikasitakoek euskara maila ona dute eta D ereduan jarrai dezakete. Baina Galdakao, Zornotza eta beste zenbait tokietakoek arazoak izaten dituzte eskolak euskaraz jarraitzeko. Sarritan euskaraz esandakoa gaztelaniaz errepikatu behar izaten zaie ez dutelako ulertzen".



Elizondoko lanbide eskolan ez da horrelakorik gertatzen. Mikel Iriarte ikasketa burua bertako ikasle izana da eta orduko giro erdalduna euskaldun bihurtu dela dio. Ikasketen %90 euskaraz ematen dute eta euren erronka ahal duten gehiena euskaraz egitea da. A+D eredua daukate, eta eskolan 30 urte daramatzan Joxe Urroz zuzendariak dioenez eredu elebiduna hobea iruditzen zaio euskarazko eta erdarazko lerroak edukitzea baino. "Irakasle guztiak elebidunak izatea hobe da. Erdiak euskaldunak eta beste erdiak erdaldunak izango balira, dena erdaldunduko lukete". Zuzendariaren eta bere taldearen jarrera garantzitsuak direla gehitzen du. "Guk euskaraz egiten badugu, erdaldunek badakite zer egin behar duten: euskara ikasi. Ni Frantziara joaten naizelarik, frantsesa ahal dudan bezala mintzatzen naiz, eta bestela isilik egoten naiz. Hemen ere bide hori da errazena eta azkarrrena euskaldundu nahi badugu".

Ikasle erdaldun gutxi daude eskolan eta denek euskaraz solas egiteko moduan dakite. Liburu gehienak gaztelaniazkoak dira, baina apunteak euskaraz ematen dituzte eta azalpenak ere bai gehienetan. "Denek dakite euskaraz egiten dugula. Eskola sortu zuten guraso erdaldunek euskaraz egitea nahi zuten, bazekitelako hori zela beraien seme-alabak integratzeko bidea. Aldiz, baserritarrak ziren gaztelaniaz egin nahi zutenak, euskara bai baitzekin eta ez baitzuten euskaraz egiteko beharrik ikusten".

Ikasle Abertzaleak -eko kide Alex Marañon ezkorrago agertzen da. Euskarazko eskaintza ez dela handia dio, batez ere ikastetxe, eskualde eta ikasketa zehatzetara mugatzen dela. "Gainera, heziketa ziklo berrienak, erakargarrienak, berritzaileenak eta lan munduari begira pisu handiena dutenak gaztelaniaz daude".

Euskara ez ezik, ingelesa izango da hurrengo eztabaida puntua. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren asmoa ikasgai batzuk ingelesez irakastea da. Hori ez da martxan jarri oraindik, baina ingeles teknikoa ikasgai bezala ematen da. "Orain arte Batxilergoan ematen zen, baina gaur egun Lanbide Heziketan ere bai. Garrantzitsua da, makinetako argibide guztiak ingelesez egoten baitira" diote Iurretako irakasleek.



Hiriko eskoletako giroak erakartzen ditu ikasleak

Zamalbidetik bezala, Elizondotik ere ikasleak Iruñera joateko joera badute, eta hori Nafarroa osoan nabaritzen dela diote Elizondokoek. "Bi nukleo sortu dira: Iruñea eta Tutera, eta horra joaten dira Lizarratik, Tafallatik, Altsasutik, hemendik... Baina hori ez da ikasleen kasuan soilik gertatzen" dio Iriartek. "Gaur egun mugitzea arrunta bihurtu da. Jende aunitz joaten da Iruñera lanera. Inertzia bat da. Edonola ere, harritzekoa da kanpora joatea hemen han adina baliabide edo gehiago, ratioa txikiagoak, arreta hurbilagokoa... dituztela jakinda, baina 16 urtetan hemen egon ondoren, saltsa nahi dute eta adin horretan ulertzekoa da".



Prestigioa jokoan Batxilergoaren eta Lanbide Heziketaren artean

Oraindik Batxilergoak eta unibertsitateak ikasle asko erakartzen baditu ere, Lanbide Heziketara gero eta jende gehiagok jotzen duela diote Iurretako eta Elizondoko eskolakoek. Lana aurkitzeko aukera gehiago eskaintzen dituela ikusten omen dute ikasleek. Urrozek ofizio bat jakiteari ematen dio garrantzia. "Lanbide eskolatik ateratzen direnek lanbide bat ikasten dute eta Batxilergoan aritzen diren askok horren falta izaten dute gero unibertsitatera joaten ez badira".

"Prestigioa, azken finean, zure bizia aurrera ateratzea da eta horrek bere gisara ekarriko du Lanbide Heziketan gero eta ikasle gehiago egotea" argudiatzen du Iriartek.



Erreforma eta kontraerreforma

Lanbide Heziketaren erreformak heziketa zikloen ugaritasuna eta espezializazioa ekarri zuen, eta orain, lege berriarekin berriro gauzak aldatzera doaz. Urrozek dioenez, "hainbesteko espezializaziorik ez dute eskatzen lantegietan. Badirudi abantaila handiagoa dela, baina niri iruditzen zait teknikoki ez dagoela hainbeste espezializatu beharrik".

Kontraerreformak ekarri duena zera izan da: filosofia, historia eta horrelako ikasgaiak enborreko bezala ezartzea. "Ikasgai horiek oso garrantzitsuak dira, ados, baina lehenagotik horiek lantzen egon dira DBHn. Teknologiako eta praktikako orduak kendu dizkiete eta matematikan zein literaturan ez dira hobeki prestatuta etortzen. Orduan, zerbaitek huts egiten du" dio kezkaturik Urrozek. "Nik egiaztatuko nieke zer alde dagoen matematika soila eta matematika aplikatua irakastearen artean. Ez da gauza bera 2+2=4 irakastea edo tailerrean txapak neurtzen jardutea gero zehatz-mehatz mozteko. Askoz ere interes gehiago jartzen dute bigarren kasuan. Horregatik diot, berriro formazio traketsera itzultzen ari garela. Oso garrantzitsua da filosofia jakitea, baina lehenik ofizioa jakin behar da".

Kalitatea ere hitzetik hortzera erabiltzen da enpresetan, baina Urrozek kontzeptu hori gainditu egin behar dela dio. Enpresa guztiek kalitatea baldin badute, zerbait gehiago behar dela irizten du eta hiru gauza aipatzen ditu: intuizioa edukitzea, egiteko gaitasuna edukitzea eta egitea.



Motibazioa

Ikasleen motibazioak ere zeresana ematen du sarritan. Ikasleak ikasteko gogo handirik gabe joan ohi direla esaten dute zenbait irakaslek. Ikasleek ez dute hori ukatzen, baina motibazioa "irakaskuntza ereduaren baitan" dagoela dio Alex Marañonek. "Ziur nago ikasketa prozesua erakargarria egiten baldin bada, ikasleak motibatuta egongo direla. Memento honetan ikasle bati ikastea gustatzen al zaion galdetzen badiozu, automatikoki ezetz esango dizu. Zergatik? Ikastea gauzak memorizatzearekin, apunteak hartzearekin, azterketekin... identifikatzen duelako. Irakasteko eredu horrek ez du motibatzen".



Lanbide hastapenak

Motibazio falta ez da Lanbide Heziketako arazoa, inondik ere. Aurretik, DBHn ere arazo bera dago, eta horrek bultzatakoa da eskola porrota. Ikasle asko dira DBH gainditzen ez dutenak. Eta zer egin dezakete horiek? Batxilergoa edo Lanbide Heziketa ikasteko DBH gaindituta eduki behar dutenez, lanbide hastapenen aukera daukate. Zenbait lanbide eskoletan, heziketa zikloekin batera, lanbide hastapeneko ikasketak ematen dituzte, eta DBH gainditu gabe dutenei ofizio bat ikasteko aukera ematen diete.

Lanbide hastapenaren eta heziketa zikloen arteko beste desberdintasun bat zera da: askoz ere praktikoagoak direla (gutxienez %90 praktikoa da) eta ez dutela goitik erabakitako programa, hots, eskolak berak diseinatzen du ikasleen beharren arabera. Betiko irakaskuntza modua alde batera utzi eta makinetan lan praktikoa egiten hasten dira, eta horixe da ikasleek nahi izaten dutena.

Elizondoko lanbide eskolan ikasleen %30 lanbide hastapenetan dabil. Galdaragintza, soldadura, administrazioa eta merkataritza txikia dituzte aukeran. Zuzendariak dioenez, ikasleak pozik joaten dira. "DBH gainditu ez duten ikasleak birziklatzen ditugu eta beharrezkoa ikusten dugu. Eskolan nazkatuta egoten dira hainbeste matematika eta literaturarekin, eta hona etorri eta soldadura ikasten hasten dira, txapak ebakitzen, tailerreko makinak erabiltzen... eta hori beste gauza bat da beraientzat". Zenbait ikaslerengan izugarrizko aldaketa antzematen omen da, ondoren heziketa zikloren bat ikasten jarraitu nahi izaten dutelarik.

EAEn DBH gainditu ez dutenak hasten dira lanbide hastapenetan, baina Nafarroan DBH bukatu ez dutenak, alegia, 15 urtekoak. "Aspertu eta nekatu baino lehen ekarri behar direla ikusten dugu. Hori beharrezkoa da, eta horregatik, Nafar Gobernua lehenbailehen hasiko da 15 urterekin eskolatik ateratzeko aukera zabaltzen".







Goierri Fundazioaren eredu integrala



Goierri Fundazioa lanbide eskola baino zerbait gehiago da. Prestakuntza, enplegua eta ikerketa biltzen dituen zentroa da, eta Goierrin erreferentzia dena.

Ordizian kokatuta dagoen Fundazioa hasieran "escuela de aprendiz" bezala sortu zen eta 1984an Goierri lanbide eskola bilakatu zen. Bost urte beranduago fundazio izatera pasa zen eta horrek bestelako babesa eman zion eskolari, atzean bailarako bost udaletxe eta hiru enpresa jartzea ekarri baitzuen. Gaur egun, 18 udaletxe eta 40 enpresa daude fundazioan.

Bilakaera horrek eragina izan du eskolaren eboluzioan ere, eta pixkanaka-pixkanaka eskolaren eskaintza eta zerbitzuak gehituz joan dira. Memento honetan irakaskuntzarekin eta lan munduarekin zerikusia duten hainbat arlo asetzen ditu:

- Goierri lanbide eskola: erdi eta goi mailako heziketa zikloak eskaintzen ditu.

- Lanbide hastapenak: DBH gainditzen ez duten ikasleek heziketa zikloak ezin dituztenez egin, lanbide hastapenetara jo dezakete.

- Goikerri zerbitzu teknologikoa: enpresei aholkularitza, formazioa eta laguntza teknikoa ematen dien zerbitzua da, batez ere lau eremutan: galdaragintza, mekanika, automatismoak eta sistemak eta antolakuntza.

- Ikaslan: azken ikasmailako ikasleek praktikak egiteko erakunde autonomoa da eta enpresa bezala funtzionatzen du. Ikasleek egun erdiz ikasi eta beste egun erdiz lan egiten dute. Bailarako enpresentzako lana egiten da bertan.

- Enplegu zerbitzua: ikasleak lan munduan sartzeko lanak egiten ditu: informatu, aholkatu, prestatu, lan eskaintzak bilatu, bitartekari lana egin...

- Unibertsitatea: mekanikan espezializatutako Industria Ingeniaritza Teknikoa ikasteko aukera dago. Mondragon Unibertsitatearekin egindako hitzarmen baten bidez unibertsitate ikasketa hori ikas daiteke. 2005. urtean aterako da lehen promozioa.

Goierri Fundazioaren ezaugarrietako bat bailarako enpresetara egokitzea izan da. Udaletxeekin eta enpresekin duten erlazioaren ondorioz, ia ikasle denek lana aurkitzen dute. Horretarako, noski, enpresek behar dutenari erantzutea giltzarria dela ikusten dute. Modako heziketa zikloak eta espezialitateak eskaintzeari muzin eginez, bailarako enpresek eskatzen diotenari lehial izan dira beti.