IKASBIDEA ikastola, Gasteiz: Kantuz blai

2003-11-01
Gasteizko Ikasbidea ikastolan musika irakaslea da Iñaki Lasa. DBHko plaza utzi eta Lehen Hezkuntzara etorri zen Iñaki, jabetzen baitzen kantua txiki-txikitatik landu behar zela, eta lan horri norbaitek heldu beharko ziola. "Kantuz Blai" izeneko txapelketa asmatu zuen, kanturako motibazio iturri eta urteko lanaren erakusleiho izan zedin. Bederatzi aldiz egin dute "Kantuz Blai", eta euren esperientziaz busti gaitezen, hitz-jasan aritu gara Iñakirekin.
 
 
Zer jaialdi mota da "Kantuz Blai"?

Aste Santuko oporren aurretik egiten dugun kantaldia da. Lehen Hezkuntzako ikasleek hartzen dute parte. 1. zikloko gela bakoitzak bi abesti kantatzen ditu. 2. eta 3. zikloetan, berriz, gelen arteko lehia dago. Urtero txapel bera dago jokoan, zein gelatara joango. Bestetik, bakarlarien, bikoteen eta talde txikien arteko lehiaketak ere badaude. Bakarlariak gutxi izaten dira, eta bikoterik ez zen izan iaz.

Aurreko ikasturtean 430 haur pasa ziren agertoki gainetik. Ez da inor gelditzen oholtzara igo gabe. Hori da gelen arteko lehiaketaren helburua: haur guztiek parte hartzea. Guztira 50 abesti inguru abesten dituzte ordu eta erdiko emanaldian; abesti zaharrak dira gehienbat, eta iaz maitasunaren ingurukoak denak, gai monografiko gisa horixe hartu baikenuen jaialdiari osotasuna emateko.



Zergatik planteatzen duzue lehia moduan?

Lehia pixka bat beharrezkoa dela oso garbi dut. Lehiarik ez dagoen lekuetan, denborarekin erori egiten dira halako jaialdiak. Gainera, euskaldunoi gustatu egiten zaigu jokatzea. Lehia behar da; edonola ere, saiatzen gara pixka bat leuntzen, noski. Esaterako, jaialdi osteko askaria Lehen Hezkuntza guztiari eskaintzen zaio, ez 1. zikloari soilik. Bikoteei-eta ematen dizkiegun sariak ere oso apalak dira.

Txapela jokoan denean desilusioak ere hartzen dira, ustez oso ondo kantatu dutelako eta ez dutelako irabazi. Baina bizitzan askotan tokatuko zaie galtzea, eta hori ere gelan landu egin behar da. Traumarik ere ez da sortzen horrekin.



Zertarako da "Kantuz Blai"?

Batetik, motibazioa indartzen duen ekintza da. Bestetik, egindako lana erakusteko modu bat da jaialdia. Emaitza hori prozesu baten ondorio da. Abiapuntua ez da kantaldi bat egitea; kontua ez da lau abesti aukeratu eta "igo agertokira" esatea. Haur horiek lehendik ez baldin badute abesteko ohiturarik, oso zaila da ongi ateratzea. Perfekzioa ere ez dugu bilatzen, ezta gutxiagorik ere. Ongi pasatzeko jaialdi bat da. Baina agertokian ongi pasatzeko ere, aurretik abesteko ohitura bat behar duzu, urte osoan ere kantagintza lantzea behar duzu.



Eta nola lantzen duzue kantagintza urtean zehar?

Urtean zehar kantu zaharrak eta berriak lantzen ditugu. Kantu zaharrak euskararekin lotura duten abestiak dira. Bertsogintzarekin, bertso neurriekin eta doinuekin lotuta daude. Elkar argitaletxearen liburuen metodoa erabiltzen dugu eta urtean 6-7 abesti zahar ikasten dituzte.

Abesti berriek, aldiz, musikarekin zerikusi zuzenagoa dute. Imanol Urbietarenak izaten dira gehienak, jarraitzaile amorratua naiz eta.

Urtean zehar batez beste 14 abesti ikasten dituzte. Horrek esan nahi du, sei urte pasa ondoren, Lehen Hezkuntzaren amaieran, abesti mordoxkako oinarria dutela.



Ikasturtean zehar haurrek kantua ez dute musika gelan soilik lantzen, ezta?

Halaxe da. Hemengo irakasleekin akordio batera iritsi nintzen, musika gelan lantzen diren abestiak eurek ere gelan abes ditzaten. Musikan astean hiru ordu laurdeneko saioa besterik ez dugu. Nik antolatzen dut Kantuz Blai, baina gero gela bakoitzean irakasleak ere lantzen du, inplikazio handia dago. Eta eskerrak horri.

Gauza bat ikasi dut: zu konbentzituta bazaude zerbait garrantzitsua dela, hasi egin behar duzu egiten. Itxaroten bazaude, "hau egin behar genuke" esanez beti, oso zaila da zure lankideak konbentzitzea. Behin ikusten dutenean egiten ari zarena, agian orduan gustatuko zaie ideia.



Kantuz Blai jaialdian zer abestu aukeran ematen al zaie haurrei?

Bai. Kantuz Blairako 130 abesti inguru daude zintetan grabatuta eta prestatuta, eta orain CDetan biltzen ari naiz. Material horretatik aukeratzen dute zein abestu. Zinta bakoitzak alde batetik abestia dauka eta bestetik euskarri musikala. Abesterakoan garrantzia handia du musikaren laguntzak. Kantuz Blain nahi duenak "a cappela" ere abes dezake, musikaren inolako laguntzarik gabe. Baina jaialdiak bere maila edukitzea garrantzitsua da. Eta oso normala da "a cappela" kantatzera irten, eta tonu batean hasi eta bi beherago bukatzea. Bestetik, entzuten dagoena musikarik gabe nekatu ere egiten da, eta kontuan izan 8-9 urteko haurrak ere ordu eta erdiz egoten direla eserita.



Lan handia egin duzu 130 abesti, euskarri musikal eta guzti, zintetan eta CDetan biltzen. Halako materialik ez al dago eskura?

Ahalegin guztiak egin ditut, ahal nuen toki guztietatik, euskarri musikala lortzeko. Baina Euskal Herrian ez dago. Abesti zaharrekin Oskorriren Pub Ibiltaria erabiltzen dugu (zazpi disko atera dituzte); hortik aukeraketa bat egin eta abesti bakoitza bi aldiz grabatzen dut, batean hitzarekin, eta jarraian euskarri musikala huts-hutsean.

Abesti berrietan, aldiz, euskarri musikala lortzeko modurik ez dago. Karaokerako bideo batetik jaitsi nuen behin musika; Interneten ere badago zerbait, baina besterik ez dago. Euskal Telebistan badituzte abesti berriagoak, haurrei atsegin zaizkienak, baina deitzen duzu eta badirudi kontratu bat dutela ez dakit norekin eta ezin dela ezer atera handik.

Iparraldean Agorrila diskoetxeak atera zuen "Haurrak" konpaktua oso polita da. 14 abesti biltzen ditu euskarri musikalarekin. Bide hori da bultzatu nahi nukeena, euskararen inguruko abestiekin, zehazki. "Jalgi hadi plazara", "Guk euskaraz" eta halako abestiekin konpaktu bat egin behar genuke, azkar baino lehen. Imanol Urbietari ere esana diot, bere abestiak euskarri musikalarekin grabatu beharko genituzkeela.



Zer garrantzia du euskarri musikalarekin abesteak?

Euskarri musikala soilik jarrita, hitzik gabe, haurrak ahalegina egin behar du melodia sartzeko. Lanketa hori berdin egin daiteke "a cappela" ere, baina musikak beti ere asko laguntzen du. Konturatuta nago Haur Hezkuntzan "a cappela" ahotsez asko abesten duten haurrek, Lehen Hezkuntzan lehen egunetik abesten dutela. Zintan abestia hitzarekin jarrita abesten dutenei, berriz, tonua hartzea kosta egiten zaie, eta abestu heinean ere tonua galdu egiten dute. Hori egiaztatuta dago.



Karaokea da modan dagoena...

Niri Karaokea ez zait batere gustatzen; gureari "Kantaokea" deitzen diot. Karaokean badirudi pantailan eredua ikusi egin behar duzula eta letra irakurri. "Kantaokean", berriz, zerorrek ekarri behar duzu hitza burura. Hemen haurrek ikasi dituzte sei eta zortzi bertso buruz, eurentzat erabat berriak zirenak, eta gainera ezagutzen ez zuten euskara batean (abestietakoa bertsolarien hizkera baita, gelan erabiltzen ez duten hizkera). Horrek beti uzten du zerbait.



Buruan hartutako abesti batek zer uzten du norberarengan?

Asko irakurtzen duen pertsona bati gero antzeman egiten zaiola esaten da, irakurtzen duen horretatik zerbait gelditzen zaiolako. Abesti zaharrak-eta asko abesten dituen bati ere, ez ote zaio geldituko zerbait idazteko edo hitz egiterako orduan? Nik baietz uste dut. Abestietan bertsoa dago, eta bertsoa ez da prosa. Bertsoan, neurria oso mugatua denez, bi hitzekin perpausa handi bat egiten da. Bi hitz horiek esanahi handikoak dira beti, pisu handikoak, aberatsak. Bi hitz horiek ikasten badituzu, zure euskara aberastu egiten duzu.

Bestela ere, kantatzeak berez dauka garrantzia, haurrekin lantzeko. Musikan egin daitekeen gauzarik aberatsena kantatzea da, musikaren aldetik begiratuta ere kantuan gauza asko jorratzen dituzu. Eta hizkuntza aldetik begiratuz gero, zer esanik ez. Bai norberaren euskara aberasteko, eta baita euskal giroa lantzeko ere.



Euskararen inguruko abestiak lantzeko CD bat atera behar litzatekeela esana duzu. Zer garrantzia dute euskararen inguruko abestiek?

Gaur egun haurrak euskara ikasi, ikasten du. Erabilera da huts egiten duena. Eta euskara erabiltzeko, haurrak herria maite behar du. Guk ere gaztetan euskararekiko lotura "Ikusi mendizaleak" abestuz hartu genuen, edo "Hara nun diran" eta halako kantuekin. Gure aurrekoek ere Euskal Herriari abesten zioten, eta euskarari. Gaurko haurrek ere abestu egin behar dute, herria maitatzeko era bat da. Eta herria maitatu gutxienez egin behar dute, euskaraz egin ahal izateko. Oso zaila da herria maitatzen ez duen batek euskararekiko zaletasuna izatea (politikoren batzuk izango dira halakoak, baina beste interes batzuekin jotzen dute euskarara).



Bederatzi aldiz egina duzue Kantuz Blai. Zerk asebetetzen zaitu gehien?

Talde osoak, gela osoak, nola abesten duen ikusteak. Talde txiki batek ondo abestea ez da hain zaila. Nik badakit nor diren afinatzen dakitenak, ahotsa begiratzen baitiet banaka-banaka. 7 urteko haurrak noduluekin harrapatu izan ditudalako egiten dut hori, etxean garaiz jakin dezaten. Ahotsaren arabera, erraza nuke taldeak osatzea. Baina helburua abestea da. Eta horrek asebetetzen nau gehien: ikusteak gela oso batek zer afinazio maila duen, nola abesten duen eta abestiak nola ikasten dituzten denek.



Beste erronka berririk ba al duzu?

Badut ideia bat, eta irrikaz nago gauzatzeko: kantu maratoi bat egingo nuke, alegia, isilunerik ez duen ordu beteko emanaldia. 5 eta 6 urtekoekin hasi eta 3. ziklora arte, mailaz maila txandakatuz izango litzateke maratoia, baina, tartean isilunerik egon gabe, beti soinua ahoan dugula. Horretara konprometitzen naiz.



Ikastetxeetan kantua lantzen da, baina eskola barrurako gelditzen den zerbait da. Nola eman jarraipena, nola atera eskolatik?

Orain 5 urte Imanol Urbietari omenaldia egin genion. 3.000 haur elkartu genituen Mendizorrotzan, eta Urbietaren abestiekin ordubeteko saioa egin genuen. Hainbat eskolaren artean osatu genuen emanaldia. Hori urtero egitea litzateke aberasgarria: ikastola barruan lantzen duzuna gero beste ikastetxeekin batera jartzen baituzu agertokian. Jakina, horrek antolakuntza eta dedikazio handia eskatzen du.

Euskal Herriko Kantu Txapelketan ere badago halako zerbait egiteko aukera. Baina, berez, txapelketa horretara joaten direnak maila batetik gorakoak dira denak: musikarien seme-alabak, musika ikasten ari direnak, ikastetxetik hautatutako taldetxoak... Beharbada ez da hain garrantzitsua maila gorenari begira soilik egitea gauzak, eta aberasgarriagoa da jaialdi bat osatzea parte hartze zabalagoarekin, urtean zehar egindako lana besteekin elkartuz. Hori lor daitekeen zerbait da. •