ARGENTINA. Euskal Herriko lanbide eskoletako makinak Argentinako ikastetxetara eraman dira

2003-11-01
 
 
Anjeles Iztueta Hezkuntza sailburua Daniel Filmus Argentinako Hezkuntza ministroarekin bildu zen Buenos Airesen urriaren 10ean. Biak oso gustura agertu ziren euren arteko elkarlanarekin. Iztuetaren hitzetan "herrialdeen artean kolaboratzeko modurik onena ezagutza, prestakuntza eta esperientzia trukatzea da".

Eusko Jaurlaritzak Lanbide Heziketa eraldatzen, eguneratzen eta estrategia berriak garatzen lagunduko dio Argentinari; eta honek biozientzian eta teknologian ekarpen interesgarria egin diezaguke. Elkarlan horrez gain, Argentinako hezkuntzaren egoeraren berri eman dio Filmusek Hik Hasiri.



Zertan lagun diezaioke Argentinak Euskal Herriari hezkuntza arloan?

Garapen bidean dauden herrialdeetatik, Argentina zientzietan bost Nobel sari jaso dituen herrialde bakarra da. Guk ikerketa arloan ekarpenak egin diezazkiokegu Euskal Herriari. Truke zientifikoak egin ditzakegu, eta baita ikerketa institutu eta arlo komunak sortu ere.



Gobernu aldaketarekin jendea itxaropentsu dago. Zer esango zenieke argentinarrei?

Aldatzen ari garen herrialdea gara. Krisi ekonomiko latza pasa dugu: BPG %20 erori zen lau urtetan soilik, eta hori gerra jasan duen herrialde batean soilik gertatzen da. Gure krisiak, ordea, ez zuen zerikusirik izan ez hondamendi naturalekin, ez gerrekin, baizik eta herrialdea gidatu zen moduarekin, politika ekonomikoarekin. Argentinak esportatzen dituen produktuen %80 lehengaiak dira, eta %20 soilik da argentinarrek manipulatu edo produzitutakoa. Eta hori aldatu egin behar da. Ez dugu eskulanaren edo lehengaien gehiegizko hustiapenean oinarritutako eredua nahi, baizik eta hezkuntzan, zientzian eta ezagutzan oinarritutakoa.



Orain dela bi urteko krisiaren ondorioz pobrezia hedatu egin da Argentinan eta horrek hezkuntzan ere eragin du. Nola egin aurre horri?

Hezkuntzaren krisia hamarkadetako kontua da, ez da azken bi urteetakoa soilik. Noski, azken bi urteetako egoerak pobrezia areagotu egin du, baina krisia aurretik dator.

Hori onartuta daukagu eta gogotik ari gara lanean prozesu horri buelta emateko. Ez da erraza izango, etengabeko ahalegina behar da, inbertsioa hobetzea, bere erabilera ere hobetzea...



Ikasleen ezagutza maila neurtzen duten ikerketa batzuen arabera, Argentina da ikasleen artean desberdintasun handiena duen herrialdea; hau da, gehien dakiten ikasleek herri garatuetako ikasleen maila daukate, eta gutxien dakitenek herri ez garatuetakoek adina dakite. Nola gutxitu daiteke alde hori?

Bai, probintzien artean desberdintasun handia dago. Zenbait probintziatako eskola publikoan ia gehienak behartsuak dira, gaizki elikatuta daude, familian arazoak dituzte, indarkeria arazoak dituzte... Horri aurre egiteko politika konpentsatzaileak erabili behar dira. Hezkuntza probintzietako instituzioen ardurapean dago, baina guk nazio mailako Hezkuntza Ministeritzatik gehiago lagundu behar diegu abiapuntu baxuagotik hasten direnei eta hainbat arlotan: prestakuntzan, liburugintzan, lanerako materialean, teknologian...



Amerikako goi bileran eta herrialde iberoamerikarretako Hezkuntza ministroen bileran kanpo zorraren ehuneko bat hezkuntzan inbertitzea proposatu zenuen eta UNESCOk hori ziurtatzeko agiri bat egitea eta bultzatzea. Zer erantzun jaso zuen zure proposamenak?

Proposamena mozio bezala onartu zen eta orain UNESCOra bidali dugu, berau baita prozesu hori bidera dezakeena. Oso ondo hartua izan zen eta UNESCOko zuzendari ondokoak epe laburrean batzorde bat osatzea planteatu zuen, martxoan UNESCOko zuzendaritzak egingo duen bilerarako txostena presta dezan.

Aurretik ere egon dira laguntzak herrialde garatuen aldetik, baina akordio horiek orokortzea nahi dugu; hots, negoziazio puntualetan gelditu gabe herrialdeen artean estrategiak estandarizatzea nahi dugu. Bestela, gaur egungo erritmoarekin gutxieneko aurrerapenak lortuko ditugu, baina ez gure benetako hezkuntza helburuak.







Euskal Herriko lanbide eskoletako makinak Argentinako ikastetxetara eraman dira



Anjeles Iztueta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak berriki Argentinara egin duen bidaian bi herrialdeen arteko lankidetza finkatzeko urratsak eman ditu. Hemengo Lanbide eskolatako 45 makina eraman berri dituzte Buenos Aires, Rosario, Paraná eta Rio Cuartoko zenbait eskoletan banatzeko eta aurrerantzean ere bide horretan jarraitzeko asmoa agertu dute bi aldeek.



Eusko Jaurlaritzak Formazio Teknologikorako Institutu Eusko-Argentinarra sortu zuen Argentinako Lanbide Heziketari laguntzeko asmoz. Horren haritik, aurten zazpi makina eraman dituzte bertara: elektroerosiorako bat eta kontrol numerikoko sei. Horrez gain, 38 tornu konbentzional ere eraman dituzte Rosario, Paraná eta Cordobako hainbat lanbide eskoletan banatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko arduradunek iaz bisitatu zituzten aipatu eskolak zer behar zituzten ikusteko, eta behar horien araberako makinak eraman dituzte orain. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lanbide eskoletan erabili izan dituzten makinak dira, baina hemen zaharkitutak gelditu direnez argentinarrei eman dizkiete. Anjeles Iztueta Hezkuntza sailburuak argitu zuenez "ez dira makina aurreratuenak, baina Argentinako enpresetara egokitutakoak dira, memento honetan behar dituztenak. Izan ere, garrantzitsuena enpresetako eta eskoletako makinak antzekoak izatea da, hots, koordinatuta eta egokituta egotea, ez batzuk aurreratuak egotea eta besteak ez. Horrela, Euskadin makinak berritzen ditugun heinean, Argentinan ere horretan laguntzen diegu; birziklaiak horretarako bidea ematen digu".

Elkarlanak, ordea, badu beste alderdi bat, formazioarena. Argentinatik Euskal Herrira etortzen dira irakasleak makinak erabiltzen ikastera eta prestakuntza jasotzera, gero hara itzuli eta ezagutza hori hedatzeko. Horri ere garrantzi handia ematen diote alde biek.



Lanbide Heziketaren gainbehera eta errekuperatu nahia

Argentinan industrializazioa beste herrialde askotan baino lehenago gertatu zen, eta baita Euskal Herrian baino lehenago ere. 50eko hamarkadan Latinoamerikako herrialderik industrializatuena zen eta prozesu horrek Lanbide Heziketa indartsua garatzea ekarri zuen. Peronen garaian lanbide eskola ugari eta arlo askotarikoak sortu ziren eta aurreratuak eta eredugarriak ziren mundu mailan.

70eko hamarkadatik aurrera, ordea, Argentinako eredua aldatu egin zen: ekonomiaren irekiera indiskriminatuak herrialdearen desindustrializazioa ekarri zuen. 90eko hamarkadan 1975. urtean zituen langileen erdiak zituen. 90eko hamarkadan langabezia %4 zen eta gaur egun %20 da. Horrek izugarri eragin zuen ekonomia osoan, baina bereziki industrian, produkzio industriala eraldatu egin baitzen.

Aldaketa artifizial horrek eta ekonomiaren irekiera indiskriminatuak Lanbide Heziketaren gainbehera ekarri zuen. Beste hezkuntza arloak baino garestiagoa zenez, gobernuak baztertu egin zuen.

Memento honetan horri buelta eman nahian dabiltza. Batetik, Lanbide Heziketarako estrategia berriak diseinatzen ari dira. Bestetik, enpresekiko harremana garatu nahi dute. Eta irakasleen prestakuntzari ere bultzada eta ikuspegi berria eman nahi diote. Goi mailako Lanbide Heziketarik ez dago Argentinan, eta hori sortzea da beste erronketako bat. Unibertsitateko ikasketez aparte, goi mailako institutu teknologikoak bultzatu nahi dituzte herrialdearen eredu berriak hala eskatzen duelako eta unibertsitate tradizionalaren aurrean alternatiba bat eskainiko lukeelako.

Hori guztia bideratzeko, aurrekontua iazkoa baino %20 handiagoa izango da Lanbide Heziketan orokorrean, eta Zientzia eta Teknologia arloan %90 handiagoa.



Kezka nagusiak

Argentinako bidaiaren barruan Anjeles Iztuetak hitzaldi bana eman zuen Buenos Aireseko eta Rosarioko euskal etxeetan Euskal Herriko egoera politikoaz eta hezkuntza sistemaz hitz egiteko, eta Buenos Aireseko Hezkuntza Ministeritzan bideo-hitzaldi bat ere eskaini zuen zehazki Lanbide Heziketaz aritzeko. Bertaratutakoek ez ezik, Argentina osoko hainbat euskal etxeetan bildutakoek ere izan zuten hitzaldia jarraitzeko aukera eta baita galderak egitekoa ere.

EAEko Lanbide Heziketatik gehien miresten duten puntuetako bat enpresekiko harremana da. Hemengo lanbide eskolek harreman estua daukate enpresekin; ikasleek lantegietan egiten dituzte praktikak eta ikasketak bukatu ondoren jarraitzeko aukera izaten dute batzuek. Argentinan, aldiz, ez dago horrelako erlaziorik enpresekin eta hutsune hori nabaritzen dute.

Bestalde, galderen artean eskaerak ere egon ziren; hau da, aurten lau herritara iritsi den laguntza leku gehiagotara hedatu ote litekeen galdetzen zuten. Erantzun zehatzik eman ez arren, Hezkuntza Sailak ahaleginak egingo dituela jakinarazi zuen.







Rosarioko Mariano Nicolas Savio lanbide eskolaren errealitatea



Rosarioko Escuela de Educación Técnica General Mariano Nicolas Savio da Euskal Herritik eramandako tornu konbentzional batzuk jaso dituen zentroetako bat.

Eskola honetara 1.000 ikasle joaten dira egunez eta gaueko txandan 130. 13-19 urte bitarteko ikasleak dira, eta %70 mutilak. Bi ikasketa mota eskaintzen dira: Ondasun eta Zerbitzuak (honen barruan bi adar: elektronika eta elektromekanika) eta Natur Zientziak. Ikasleen %80ak lehen arloa aukeratzen du eta gutxi dira Natur Zientzien hautua egiten dutenak, batez ere neskak.

Azpiegitura aldetik arazo nagusia ondo hornitutako lantegi edo tailerren gabezia da. Oinarrizko beharrak beteta dauzkate, baina hortik aurrera ez. Duela urte dezente hobeto zeudela diote, baina 90eko hamarkadan Lanbide Heziketa erabat baztertuta egon zen hezkuntzaren barruan. Ez zen batere inbertitu eta gaur egun instituzioetatik jasotzen duten diru laguntza oso-oso txikia da: 50 euro hiru hilabetero mantenurako. Horregatik, Eusko Jaurlaritzatik jaso dituzten makinak oso ondo etorriko zaizkiela aitortu dute, irakaskuntza eguneratuagoa eskaintzeko aukera emango baitie.

Irakasleen egoera ere ez da batere ona. Soldata oso baxua da eta ez daukate inolako aholkularitzarik. Ikastaroetan edo jardunaldietan parte hartu nahi badute, beraien poltsikutik ordaindu behar dute eta askok ezin dute.

Oro har, gizartean dagoen giroak ikasleengan ere eragina du. Irakasleek diotenez, ikasleek ez daukate motibaziorik, axolagabetasun handia dago. "Zertarako ikasi? Zertarako ahalegindu?" galdetzen dute irtenbiderik ikusten ez dutelako.

Dena dela, gobernu berriarekin esperantza pixka bat sortu da eta adi-adi daude denak.•