UEUko Sexologia Saila: Goazen sexologia aztertzera eta bizitzera

2003-06-01
UEUko Sexologia Sailak "Sexuen hezkuntzaren garapena euskal eskolan" izeneko gradu-ondokoa estreinatu du ikasturte honetan, eta aurrerantzean ere eskaintzan jarraituko du. Ikastaroaren asmoa jendakiaren sexualitatea hobeto ezagutzen hastea da, eta era berean, gaur egungo sexologiaren ekarpenak hezkuntza arloan euskaraz osatzea, sistematizatzea eta plazaratzea.
 
 
Badirudi azken urteotan sexu hezkuntzaz eta sexualitateaz gero eta gehiago hitz egiten dela. Ikastaro, prestakuntza eta mintegi ugari antolatzen dira bai ikasleentzat, bai irakasleentzat, zein gurasoentzat. Baina, hala ere, UEUko Sexologia Saileko 25 lagunek beste zerbait gehiago eskaini behar zela pentsatzen zuten; zerbait osatuagoa eta trinkoagoa eskaini nahi zuten, eta horren haritik prestatu dute "Sexuen hezkuntzaren garapena euskal eskolan" gradu-ondokoa. Hala kontatzen digute Iñaki Karrera eta Amaia Vazquez ikastaroaren bultzatzaileetako bi lagunek: "Talde asko eta hamaika eskola ari gara gai hau lantzen, eskaera handia da, baina hala ere irakasleek ez dute jorratzen eta material kurrikular oso gutxi dago. Beraz, eskaera badago, baina eredu bat falta da, hots, gauzak argitzeko, horien inguruan hausnartzeko eta lanari ekiteko marko bat. Hori ikusirik prestatu dugu formatu luzeko, 170 orduko, gradu-ondoko hau".


Hutsune hori betetzearekin batera, beste bati ere erantzuten dio, orain arte ez baitzegoen mota horretako euskarazko gradu-ondokorik. "Gu geroni ere Euskal Herritik at prestatu gara eta aukera hori hemen eskaintzeko unea iritsi da" diote UEUko Sexologiako bi ordezkariek.


Hartzailea jendakiaren sexualitatea eta, bereziki, sexuen hezkuntzaren inguruan sakontzeko interesa duten profesional eta ikasle oro izan daiteke.





Ikastaroaren berezitasunak


Ikastaro honen berezitasunik aipagarrienak hiru dira. Lehendabizikoa, gradu-ondoko profesionalen jatorria da. Hainbat ezagutzatatik etorritako profesionalak dira, esan nahi baita, sexologian prestatuak izateaz gain, pedagogian, psikologian, filosofian, soziologian... jarduten dutenak direla, eta horrek osotasuna ematen dio ikastaroari. Izan ere, sexologia aztertzeaz gain, horrek beste ezagutza horietan zer eskain dezakeen ikusteko aukera ematen baitu.


Bigarren berezitasuna aberastasun pertsonalaren tailerra dugu. 32 ordutan norberari bere burua garatzeko aukera ematen dio tailerrak, eta horrek, noski, izugarrizko garrantzia du gero transmisio lanak egiteko.


Eta hirugarren berezitasuna practicuma da, hots, gradu-ondokoaren azken 40 ordutan programazio bat egiten da. Ikasitako guztia programazio batean txertatzen da, ondoren praktikara eraman ahal izateko eta ondorioak aztertzeko. Beste modu batera esanda, sexu hezkuntzaren errealitatera hurbiltzeko saiakera egiten da.


Aipagarria da, era berean, terminologiaren inguruan egiten ari diren ekarpena. Izan ere, bi partaide hauek dioten bezala, "gaztelaniak eta frantsesak beren diskurtsoak eta izen zientifikoak eta espezifikoak garatuak dituzte, baina euskarak ez. Orain arte bakoitza bere irizpideen arabera jardun gara, eta gu irizpide horiek bateratzen ari gara. Adostasun batera iristen ari gara eta hori oso garrantzitsua da".


Prestakuntza honekin lortu nahi den helburuetako bat ezagutza sexologikoa lantzea da. Horretarako, behar diren baliabideak eskainiko eta garatuko dituzte, ikastaroan parte hartzen dutenen eginkizun profesionalean lagungarriak izango direnak, hain zuzen ere. Modu berean, giza izate sexualaren aurrean sortzen diren jarreren inguruan hausnarketa sakona egin nahi da, eta sexualitatearen inguruan irauten duten tabuak eta beldurrak gainditu ere bai. Mendebaldeko egungo kulturak ezartzen dituen balio sexualak ere aztertzen dira, horien ondorioen inguruan hausnarketa eginez. Sexualitatearen funtzioen eta horien garapenen berri ere ematen da.





Sexuen hezkuntza irakaskuntzan


UEUko Sexologia Sailean lanean ari diren profesionalek, beste askok bezala, urte dexente daramatza ikastetxeetan sexualitatearen gaia lantzen, eta aldaketarik sumatu ote duen galdetuta zera erantzun du: "Balioak eraldatu dira: guraso asko banatu egiten dira, homosexualitatea ezberdin ikusten da... baina oso harrigarria egin zait gela batera joan eta garai bateko rolak mantentzen direla ikustea".


Sexuen hezkuntza ikastetxeetan txertatuz doan arren, aldaketak nekez etortzen dira. Edonola ere, besteak beste, inguruneak eta gurasoen maila ekonomikoak eta kulturalak eragin handia dutela nabarmentzen du. "Irakasle asko prestatu ditugu urte hauetan, baina gero ez dute praktikan jartzen ikasitakoa. Dena dela, esperientzia txikiak eta positiboak badaude, eta hori da bidea".


Sexu hezkuntzan aritzen diren gehienen ustez, Haur eta Lehen Hezkuntzan irakasleek beraiek arduratu beharko lukete sexu hezkuntzaz. DBHn eta Batxilergoan, aldiz, gaztetxoek bizipen gehiago dituztenez, irakaslearen eta kanpoko profesionalaren lana osagarriak izan litezke.


Mementoz ez da derrigorrezko ikasgai bezala planteatzea, eta hala izan gabe, beste planteamendu bat egiten du Karrerak. "Ikasgai bezala ezartzea baino egokiagoa iruditzen zait hainbat ezagutzatan eta arlotan lantzea sexu hezkuntza. Aukerarik egongo balitz, nik gainerako ekarpen guztiak koordinatzeko eta biribiltzeko balioko lukeen leku bat emango nioke sexu hezkuntzari". •








Kontzeptuak argituz


Izaki sexuatua


Izaki guztiok sexuatuak gara eta sexuen hezkuntzaren zeregina honako hau da: izaki guztiok dugun dimentsio hau ezagutzen, ikertzen eta lantzen saiatzen da; beraz, izaki sexuatua identifikatzeaz arduratzen da. Izaki sexuatua norbera da, autoktonoa, originala, ez da egitura biologikoetatik soilik sortzen, bizipenek eta esperientziek eraikuntza honetan eragin handia dute.


Efigenio Amezua sexologo ospetsuak eredu bat proposatzen du giza izate sexuala ulertu eta deskribatzeko, eta lau elementu bereizten ditu:


1. Sexua edo sexuaketa prozesua : sexuaketa prozesuan parte hartuko duen elementu hauen artean bi multzo nagusi bereiz ditzakegu. Batetik, biologiarekin zerikusi handiagoa duten elementuena:. kromosomak, genitalak, hormonak... Eta bestetik, giza elementuak: familia, hizkuntza, ohiturak, erlijioa... Giza eta biologia elementu horiek korapilatzen hasten direnean giza izate sexuatuaren sustrai eta enborra eraikitzen dira, eta bi modu soilik hartzen ditu: emakumezkoarena eta gizonezkoarena, neskarena eta mutilarena. Munduko giza talde guztietan ematen da prozesu berbera, hainbat sexuaketa elementu sozial eta biologikoen nahasketa korapilotsuaren ondorioz, emakumezko edo gizonezko eraikitzen gara.





2- Sexualitatea : gizakion dimentsio subjektiboa da, pertsona bakoitzak bere sexua bizitzeko manera eta kalitatea eduki ditzake. Hau da, gizaki bakoitzak, sexuaketa prozesua medio, bere maskulinitatea edota feminitatea bizitzeko duen era da. Are gehiago, pertsona bakoitzak gizonezko edota emakumezko egiteko, sentitzeko eta bizitzeko duen modu pertsonala, berarena. Eta bizi izateko, sentitzeko eta existitzeko modu honek, nolabait, gure identitatea moldatzen du, esan dugunagatik eta halabeharrez identitate hau sexuatua gertatzen delarik.


Honekin batera, ezin dugu ahaztu pertsonok gizarte konkretu bateko partaide garela, eta horrexegatik, "sexu rol" batzuk jorratuta eta ezarrita dauzkagula.





3- Erotika edo desioa :pertsonen arteko erakarpenarekin eta sedukzioarekin zerikusia duen hirugarren esparrua da. Desioa pertsonen arteko harremanak ahalbidetzen duen oinarrizko materia da. Desioaren ezaugarri nagusia bestearen bilaketa bultzatzea da.


Desio edo erotika honen konposaketan hainbat osagairen parte-hartzea bereiz dezakegu, hala nola, sentimenduak, sentsazioak, fantasiak, irudimena eta abar. Horiek guztiek, sexuarekin eta sexualitatearekin batera, pertsona bakoitzaren ezaugarriak eta ñabardurak osatzen dituzte.





4- Amatoria : aipatu ditugun hiru esparruen (sexuaketa, sexualitatea eta erotika) ondorioa da. Erotikaren edo desioaren manifestazio, dimentsio, praxis edota adierazpen praktikoa bezala ulertzen da. Kontzeptu honek pertsonen artean ematen diren erritual, ohitura, usadio eta elkartopaketaren berri eman nahi du. Kontuan izanik, beti ere, topo egite hauek gizakumeok sexuatuak garelako sortzen direla.





Beste sexologo batzuek honako laburpena egiten dute honen guztiaren inguruan:


1- Sexua : determinazio biologikoa da, organo genitalak dira.


2- Sexualitatea : gizakiok jaiotzez hiru gaitasun ditugu eta, kulturan sartzen garenean, gaitasun horiek egitura batean bilakatzen dira.


3- Gozamena : komunikazioan hasten garenean sortzen da. Adibidez, haur txikiek energia sexuala organo erogenoetan bizitzen dute eta gozatu egiten dute.


4- Maitemintzea : sozializatzen hasten garenean norberaren sexualitate gaitasuna ere sozializazio horretan sartzen da eta hor sortzen da maitemintzea edo sentimenduak.


5- Ugalketa : gaitasun biologikoa da, baina kulturak asko baldintzatzen duena.


Hori guztia gizaki bakoitzak bere era propioan bizitzen du. Horregatik diogu pertsona adina sexualitate dagoela.





Edertasun estetikoa eta edertasun funtzionala


Edertasun estetikoa inposatzen edo saltzen zaigun edertasun ereduekin lotzen da.


Edertasun funtzionalak, aldiz, subjektuaren eraikuntzarako baliagarriak diren ezaugarriei ematen die garrantzia. Hau da, pertsona batek begi politak dituela pentsa dezake koloreagatik edo formagatik, eta ez ikusteko balio diotelako. Azken horretaz jabetzea eta horri garrantzia ematea da edertasun funtzionala. Horrela, bakoitzak bere barruko edertasuna ikusten du eta askoz gehiago baloratzen du bere gorputza. Autoestimarekin lotura zuzena du.





Informazio gehiagorako:


Irati Iciar


Tel.: 943 82 14 26


Faxa: 943 82 06 16


E-posta: ikastaroak@ueu.org


www.ueu.org