SAN TELMO ETXOLA: Ugaztun hiztunak gara

2003-05-01
Hedabideetan gero eta gehiago nagusitzen ari da amatasunaren eta eskolatze goiztiarraren inguruko diskurtsoa, eta aurrerazale itxurapean sistematikoki ahanzten ari dira aitatasuna eta haurraren oinarrizko premiak. Zilegi bekit gogoeta batzuk plazaratzea, eztabaida aberastuko dutelakoan.
 
 
Hazkuntza

Ugaztunak gara. Eta ugaztunok badugu sekretu bat ingurunera egokitzeko: haurrak hazteko eta elkartzeko

ahalmena. Bi ahalmen horiek sortu dute kultura, gizakiok harrokeriaz gure asmaziotzat jotzen badugu ere.

Ugaztunen kumeak goiztiarrak dira, gizakiok bezalaxe, eta ezin izango lukete aurrera egin amak eskuzabaltasunez zainduko ez balitu. Ugaztun guztiok berdin-berdinak ditugu burmuinen egituretako batzuk; sistem linbikoa , esate baterako. Sistema horrek, gure portaeran eragin handia izateaz gain, bizitza afektiboa eta emozionala arautzen digu. 40ko hamarkadan egindako ikerlan batzuek frogatu zutenez, kontaktu fisikoa elikadura bezain garrantzitsua da haur jaioberriarentzat. Kontaktuaren inguruan antolatzen da haren afektibitatea: hil egiten da inork ukitzen ez badu. Titia xurgatzea da haurrak gehien atsegin duen harreman fisikoa, baita bederatzi hilabetean aterpe eman dion gorputzaren erritmoak eta sentsazioak gertu sentitzea ere. (Zergatik zaio hain zaila zenbait emakumeri hori entzutea?) Afekturako premia asetzen denean, haurrak oinarrizko segurtasuna lortzen du, eta horixe da bermerik sendoena aurrerantzean bizitzan zehar arazo psikologikorik ez izateko.

Ugaztun espezie gehienetan aitak parte hartzen du kumeen hazkuntzan. Gizakion kasuan ere gizonak haurraren zaintzan partaide izateak onura handia dakar berekin: erantzukizun,

eginbehar eta sarien banaketa zuzena. Dena dela, psikologiaren esparruan, uste zabaldua da gizonaren parte-hartze horrek ez dituela funtsean aldatzen ez amak ugaztunetan bete ohi duen funtzioa, ez eta zaintzaile nagusiaren

eta haurraren arteko harreman desegoki batetik sor litezkeen arazo psikologikoak ere.

Ez dezagun ahanztu gizarte garatuen arazo nagusia buru osasuna dela eta buruko gaixotasun gehienak (genetikak berak eragindakoak aparte

utzirik, noski) bizitzaren lehen urteetan sortzen direla. Beraz, guztiz funtsezkoa zaigu hazieraren lehen etapa hau bereziki zaintzea, gizakiaren sozializazio

egokia eta garapen harmonikoa ziurtatu nahi baditugu.



Sozializazioa

Sozializazioa da hazkuntzaren hurrengo urratsa. Etapa honetan haurrak galdu egiten du zaindari nagusiari zion atxikimendua. Atxikimendu fasean, haurraren barne mundua, hau da, subjektibotasuna, bi alderdi hauek eratzen dute: batetik, lotura estua eskaintzen dion pertsonaren (ama, ahal dela) gerturatze/aldentzeak; eta, bestetik, harentzat ia eduki afektiborik ez duten gainerako "objektuak" aldamenean

egote/ez egoteak. Haurra hiru urte inguru dituenean hasten da bere barnean "besteen" kontzientzia hartzen. Adin horretara bitartean, beraz, nekez hitz egin dezakegu sozializazioaz edo "subjektuen" arteko harremanaz.

Eboluzio une horretan behar-beharrezkoa da aitaren parte-hartze aktiboa. Aitaren figura hori ez egoteak edo prozesuan eraginkortasunik ez izateak bi rolak bere gain hartzera kondenatzen du emakumea; eta, aldi berean, haren esku uzten du irudizko familiari eusteko erantzukizuna. Bestalde, ama izan bada hazkunde fasean haurrarekin harreman estua izan duena, hauxe da mementoa aitak lekukoa hartu eta konpromiso zehatzak har ditzan familiaren nukleoa bizirik mantentzeko. Hori gerta dadin, aitaren inplikazioa bezain garrantzitsua da amaren eskuzabaltasuna; izan ere, hazkuntzan gorputz eta

arima lan egin ondoren, emakumea

abandonaturik senti daiteke, eta horrek eraman dezake haurra bere kontrolpean eduki nahi izatera.

Aurreko puntuetan aztertu dugu zein den egoerarik egokiena haurrak bere premiak ase ditzan bizitzaren lehen bi urrats horietan. Dena dela, kontuan izan behar da amatasunaz eta aitatasunaz hitz egiten dugunean, gizon

eta emakumeok egoeraren arabera joka ditzakegun rolez ari garela. Orobat, ez dugu epaitu nahi zer familia mota den hobea edo txarragoa. Izan ere, gaur egungo errealitateari erreparatzen badiogu, begien bistakoa da bai gizonek bai emakumeek eragozpenak dituztela haurren heziketan rol aktibo eta arduratsua jokatzeko. Kasu askotan, amak ez dauka jaio ondorengo lehen urteetan haurra bere ardurapean hartzerik, eta sozializazioa aitaren presentziarik gabe gauzatzen da maiz.



Eskolatze prozesua

Hazkuntzaren (0-3) betekizuna da haurrari lehen harremana garatzeko aukera ematea, baita ahalmen zinestesikoa, entzumena, ikusmena eta mintzamena estimulatzea ere. Familia giroa da, ezbairik gabe, haurrak behar dituen babesa eta segurtasuna eskain ditzakeen ingurunerik egokiena. Eta gizarteak prozesu hori errazteko erantzukizuna dauka.

Gizarteak egitura egokiak sortu

eta familiaren nukleoa prestatu, ikuskatu eta diruz lagundu beharko luke, familia bakoitzak ahalik eta libreen eta arduratsuen hauta ditzan bere seme-

alabentzat nahi dituen hazkuntza eta sozializazio moduak.

Eskolatze goiztiarra (0-3) onuragarria gerta daiteke, arrazoi ugari direla medio, bai hazkuntza bere gain hartzerik ez daukan familiarentzat, bai egituratu gabe dagoenarentzat, bai eta ziurtasun falta, ezjakintasuna edo erosotasuna dela eta haurrak gainetik kendu nahi dituen bikotearentzat. Baina kontuan hartu behar dugu fenomeno berri horren eragilea ez dela haurraren beraren ongizatea, baizik eta gizartearen premia soziologikoak. Horregatik, ez dauka zentzu handirik gizartearen baliabideak inbertitzeak haurra ordu batzuetan familiaren gunetik bereizteko, arazo berezirik ez duten familien kasuan behintzat.

Haurra 3 eta 6 urte bitartean eskolatzearen helburua, batik bat, sozializazioa da, eta ez hainbeste aldez aurretik finkatutako eduki kognitiboak bereganatzea. Alegia, joko sinbolikoaren bitartez, haurrak rol sozialak ezagutzen ditu, eta horrek bultzatzen du bere nortasuna garatzen hastera, ondorengo etapetan indartzen jarraitzeko. Hala ere, eskolaren inguruneak behartu egiten du haurra hainbat praktika berdintzaile eta portaera kode bere egitera, nahiz eta garatzen hasi berria duen nortasunak horretarako ahalmenik ez duen.

Ildo horretatik, garrantzitsuagoa da haurra bere kabuz nola hasten den

ikasten gertutik eta arretaz jarraitzea,

eduki jakin batzuk inposatzea baino.

Izan ere, sormenaren iturburua haur bakoitzaren bat-bateko ezaugarrietan dago, eta ez beregana ezin dezakeen informazio egituratuaren kantitatean.



Amatasuna eta aitatasuna

Balioez hitz egiten dugunean, ez gara genero desberdintasun "naturalez" edo "senezkoez" ari, ezpada irudikapenez, hau da, emakumeok eta gizonok ditugun elementu psikologiko komunez. Sozializazioa buru sinbolikoaren agerpenarekin lotzen da, baita hizkuntzaren eta kontzeptuen agerpenarekin ere. Balioak ere barne mundu horretan kokatu behar ditugu: ez dute sexurik, eta bere gain hartu edo proiektatu nahi dituen edonoren esku daude.

Esan gabe doa kulturak aldatu egiten direla sozializatzeko moduari dagokionez. Halaber, gizon eta emakumeok balio maskulino edo femeninoen aurrean hartzen dugun jarrera asko aldatzen da garaiaren, tokiaren eta egoeraren arabera. Bi generoak izan daitezke maskulinistagoak edo feministagoak. Hori dela eta, ez da harritzekoa bikote batean gizonak balio femeninoak bere gain hartzea edo haurrak berarengan proiektatzea, eta maskulinoak, berriz, emakumearengan.

Sozializazioan, haurrak amarengandik aldendu eta bizitza eta borondate propioak eskuratzen ditu. Mutikoak, baita neskatoak ere, independentzia, autonomia eta autokontrola hautatzen ditu atxikimenduari aurre egiteko; eta albo batera uzten ditu intimitatea, harmena eta bat-batekotasuna. Alegia, tradiziozko balio maskulinoak hartzen ditu eta amak ordezkatzen dituen balio femeninoak, berriz, uzten.

Mutikoak balio femeninoak errefusatzen ditu eta maskulinoekin identifikatzen da kontraesan askorik gabe.

Emakumeak, amaren generoarekin

identifikatzen baita, kontserbatu egiten ditu neurri batean balio femeninoak, nahiz balio maskulinoetatik gertuago bizi. Desberdintasun erlatibo hori dela eta, gizonak muturrera eramandako balio femeninoak ikusten ditu emakumearengan; eta emakumeak, berriz, balio maskulino/femenino polaritatearen kontrako muturrean ikusten du gizona. Desadostasun hori exageratzen dugunean, gure arteko desberdintasuna exageratzen dugu, eta orduan antagonismoa azaltzen da. Emakumeok eta gizonezkook sexu borroka moduan bizi dugun antagonismo horixe da, hain zuzen, patriarkatuaren garaipenik behinena.

Gaur egun, balio femeninoak gutxietsi egiten dira; izan ere, bertute heroikoaren gabeziatzat hartzen dira. Ideia horren

arabera, intimitateak independentzia galtzea dakar, eta, beraz, niaren ahultzea; harmena autonomia galtzea da,

eta, beraz, pasibotasuna; bat-batekotasuna, berriz, autokontrola galtzearekin lotzen dugu, eta, beraz, senezko erreakzioa da.

Gizonaren berezko joerak dira

asertzioa, arrazionaltasuna eta autokontrola. Balio horiek ertzera eramaten badira, gizonak jarrera arazotsu hauetakoren bat har dezake. Lehena jarrera eskizoidea da, eta haren eraginez galdu egingo du harreman emozionalak izateko ahalmena. Bigarrena autoritarismoa da, hau da, gizona sumindu egiten da emozio femeninoak ulertzen ez dituelako; eta, aldi berean, ez dauka ahalmenik familiaren dinamikan modu eraginkor batean jarduteko. Hirugarren aukera amaren ideologiari men egitea da, eta horrek hutsaren hurrengo bihurtuko du gizona familia sistemari egonkortasuna eta oreka emateko orduan. Hartzen duen jarrera hiru horietako edozein delarik ere, gizonak porrot egingo du familiaren multzoan partaide izan nahi duenean eta arazo ebolutibo edo gatazka emozionalen aurrean erabakiak hartu nahi dituenean.

Gizonak arazoak ditu harremanetan konpromisoak hartzeko eta independentea izateko. Haurraren hazkuntzan eta sozializazioan parte hartzeak aukera paregabea eman diezaioke balio femeninoak berreskuratzeko, bere

identitateari dagozkion ezaugarri maskulinoak ezertan ere galdu gabe. Gizonak ulertu behar du, behingoz, bikoteak bide bakarra duela aurrera egiteko: bi kideek elkarren bizitza proiektuak errespetatzea eta laguntzea. Bere egoera kultural eta laborala aprobetxatzeak

eta familiak eskatzen dizkion zama eta erantzukizuna albo batera uzteak arazo larriak ekarriko dizkio: bikote harremana hoztea, esklerotizatzea edo haustea.

Maiz kontrakoa entzuten badugu

ere, hazkuntzari buruz duten ideiarekin (edozein delarik ere ideia hori) koherenteak diren emakumeek ez dute

erruduntasunik sentitzen. Erruduntasuna bizipen intrapsikikoa da, eta ohiko sentimendua da gizaki bat mundura ekartzeaz arduratu nahi ez duten emakumeengan, baita seme-alabak izatea auto bat edo bigarren etxebizitza bat erostea balitz bezala hartzen dutenengan ere, edota balio maskulinoen eta femeninoen arteko anbibalentzia pairatzen duten emakumeengan.

Emakumea gizartean bere lekua aurkitzen duenean hasten da gizaki gisa errealizatzen, eta hori lorpen sozial agerikoa da. Baina horrek arrisku bat ekar diezaieke batez ere gizarteratzea lortu duten emakumeei: balio maskulinoen defendatzailerik sutsuenak bihurtzea, eta hain zuzen ere gizarte tolerantea, afektiboa eta solidarioa berma dezaketen balio femeninoen

etsairik handienak bilakatzea.

Balio sozial maskulinoak bere egiten dituzten emakumeek sostengua ematen diote gizarte kapitalistari, nahiago izaten baitute diru gehiago ekarri etxera eta

onarpen sozial handiagoa lortu, nahiz horrek familiaren afektuari eta harremanari galera handia dakarkien.

Balio femeninoetatik urrundu diren emakumeek halako paranoia bat nozitzen dute; izan ere, logikoa denez, beren feminitatea zapaltzen duten balioen eraginpean sentitzen dira. Orobat, ezaugarri nartzisistak izaten dituzte, eta horrek ezgaitu egiten ditu beren egoaren aurreiritzi eta asmoetara

egokitzen ez den hazkuntzari behar bezala aurre egiteko. Azkenik, obsesibo bihurtu beste biderik ez dute gizarte patriarkalaren eskakizunei erantzun egokia emateko.

Amatasunean politika besterik ez

ikustea Mozarten maisulan baten grabaketa entzutean musika ekipoaren kalitateari soilik erreparatzea bezalakoxea da. Jarrera kezkagarria benetan. Izan

ere, horren guztiaren atzean hau ezkutatzen da: Ama Natura Anidaren partaide izateari uko egin nahi izatea.