Historiako zertzeladak: Euskadiko haurren babesa eta hezkuntza guda zibilean

2003-03-01
Lan honen bidez azpimarratu nahi izan dugu Euzkadiko Behin-behineko Gobernuak (EBG) haurren babesaren eta hezkuntzaren alde eginiko esfortzua Bizkaira iritsi zen jende multzo handiari aurre hartzeko, batez ere beste euskal probintzietatik etorritakoei. Ondorioz, lan hau leku-denborazko koordenatu zehatz batzuetara mugatzen da, alegia, EBGren sorreratik Bilboko jausialdira bitartean errepublikari leial izandako euskal lurraldera.
 
 
1936ko uztailaren 18ko altxamendu militarrak bakea urratu eta euskal gizartea bitan banatu zuen; alde batetik, espainiar militarren matxinadak babesten zuen eskuindarren eremua eta, bestetik, ezkertiarren eta euskal nazionalismoaren eremua.

1936ko urriaren 1ean Euskal Autonomia Estatutua onartu zuten Madrilen eta 7an Gernikako Batzar Etxean Jose Antonio Agirre Lekube izendatzen zuten lehendakari. Honek J. Mª Leizaola hautatzen du Justizia eta Kultura sailburu, irakaskuntzaren arloko gaietarako eta Juan Gracia Gizarte Laguntza sailburu, adin-txikikoen babesaren arloko eginkizun guztietarako.



Giza mobilizazioak

Bi memento bereiz daitezke; batetik, 36ko irailean jazotakoa, zeinean Euskadin aurreratzen zihoazen nazionalen tropei ihes eginez exodo asistematiko eta babes ofizialik gabeko bat gertatu zen. Ziurtasunik gabeko lehen une hauetan Araba, Nafarroa eta Gipuzkoako herri okupatuen ebakuazio jendetsuak izan ziren, artean errepublikarra zen Bizkaiko probintziara abiatzen zirenenak. Beste batzuek, ordea, Frantziaren laguntza bilatuko zuten mugaren beste aldera igaroz. Bi kasuetan, aldez aurretik erabaki gabeko planik ezean eta botere publikoek bultzatutako antolakuntzarik ezean, populazio zibilak mobilizatzea erabaki zuen faxisten uztarripean harrapatuta geldi ez zedin; ondorioz, populazioa bere kabuz eta bere baliabideekin lekualdatu zen.

Beste aldetik, 37ko martxotik aurrerako mementoa dugu: ebakuazioak EBGren babespean egin ziren, kontrolpean eta sistematikoki, testuinguruak eskaintzen zituen aukeren arabera, eta Kultura eta Gizarte Laguntza Sailen jarraipenarekin. Haurren eginkizuna oso garrantzitsua izan zen exodo honetan. Bi mota bereiz ditzakegu: nazio barneko ebakuazioak, Katalunia eta Levantera, eta naziotik kanpokoak, Frantziara, Erresuma Batura, SESBra (URSS), Belgikara, Danimarkara...



Bizkairako etorrera jendetsuak

Zibilen etorrera jendetsua (100.000 inguru agure, emakume eta haur) Bilbon eta inguruko herrietan bildu zen, bertan bizitzeko segurtasuna aurki zezakeelakoan. Batzuk senideen edo ezagunen etxeetan hartu zituzten, baina gehiengoari elikadura eta ostatua bermatu behar izan zitzaion. EBGk eta bereziki Gizarte Laguntza Sailak kontrolik gabeko exodo honen aurrean parte hartzea erabaki zuten errefuxiatu guztien ongizatea bermatzeko.

Lehenengo neurrietako bat etxaldeak eta eraikinak konfiskatzea izango zen (Arte eta Ofizio eskola eta Deustuko Nautika eskola, esate baterako) aterpeak, jangelak eta osasun zentroak sortzeko helburuarekin. Halaber, haurrei zuzendutakoetan hezkuntza ekintzak bertan garatzeko nahi iraunkor bat islatu zen. Sare honetan haurrak arreta berezi baten onuradun izango ziren, jarraian azaltzen ditugun ekintzetan ikus dezakegunez.



Haur behartsuen babesa eta hezkuntza

EBGk ezinbestekotzat zuen sail bat sortzea, zeina beharrean zegoen populazioa babestu, sorotsi eta laguntzeaz arduratuko zen, eta bereziki babesgaeenak: haurrak. Behartsuei laguntzea gizartearen funtzio bat zela ulertu behar zen eta ez iraganeko denboraldietan bezala, karitate pribatuaren funtzioa, hau baitzen hain zuzen ere premia gorria eta pobrezia zekarten gizarte elementuen eragilea. Sail honek ongintzaren (benefizentzia) kontzeptua desagertzea nahi zuen, eta haren ordez gizarte laguntzarena ezarri, gizarteak laguntza beharrean zegoen herri batekiko zuen betebeharraren adierazpen gisa. Sail honek egindako ahalegin ikaragarriak burutu zituen ekintzetan islatzen dira:



Haur Osasun Etxea

Haur guztiek ez zuten osasun ona, bazeuden gudaren eraginez gaixotu egin zirenak, eta beraiei zuzendu zitzaizkien Zaratamoko Haur Osasun Etxeak eskainitako zerbitzuak. Olagane etxaldean eta Prade-ona deituriko albokoan kokatu zuten, Zaratamoko Artotxa auzoan. Osasun eskaseko haurrak hartu ziren, 50 leku zituzten guztira. Lorategi bikaina, frontoia, baratza, oilategia, ontzitegia eta ukuilua zituzten, baita zinema eta irrati aparailuak ere. Alejandro Gerrikaetxebarria medikua, praktikante bat, erizainak eta bestelako langileak zituzten zaindari.

Haurren bizitza atsegintsua zen. Zortzi eta erdiak inguruan jaikitzen ziren eta, gosaldu ostean, lorategira jaisten ziren haizea hartzeko eta beraien adineko jolasetan aritzeko; eguerdiko ordu batean bazkaldu eta berriz ere jolasaldira, askari ordura arte. Azkenik, zortzietan afaria ematen zen eta ondoren oheratu egiten ziren. Astean bitan zinema filmak proiektatzen ziren eta zentroan bertan jostailuak ere bazituzten. Gainera, arduradunen egitasmoetako bat lehen mailako irakaskuntza ikastaroak antolatzea zen. Osasun Etxeko erizainek honela zioten proiektu honi buruz:"Guk dakiguna erakusten diegu, baina jakina, ulertzen dugu hori ez dela nahikoa gizarte berriaren gizon-emakumeen mentalitatea lantzeko"1.



Milizianoen Umezurtz Etxea

1936ko urriaren 23ko Dekretuaren bidez sortu zen Milizianoen Umezurtz Etxea haur multzo jakin batentzat, milizianoen seme-alabentzat.

16 urte baino gutxiago zituzten guztiek, guda ekintzetan edo haien ondorioz aita galdua zutenak eta baliabide ekonomikorik gabeak laguntza bikoitza, hau da, kultur eta gizarte laguntza, eskaintzeko prestaturik zeuden etxeetan hartuko zituzten. EBGk haur babestuen hezkuntza eta lanbide prestakuntzarekin zerikusia zuen oro zaintzeko konpromisoa hartu zuen, horretarako etxe hauetako hezkuntza eta kultur funtzioak bere gain zituzten teknikarien txostenei jarraituz. Xede horretarako, honela banatu ziren lanak: Justizia eta Kultura Sailak etxe hauetan hezkuntza eta lanbide zuzendaritza beren esku hartuko zuten pedagogia teknikariak eskainiko zituen, Osasun Saila etxeetako martxa onerako beharko ziren medikuez arduratuko zen, eta Gizarte Laguntza Saila horien gainbegiraketaz eta kontrol orokorraz.

Helburu honekin konfiskatu zen lehenengo etxaldea Portugaleteko Gure Andra Carmen Fundazioa izan zen, ondoren 635 eta 636 etxadiak eta Begoña zabaltzako zonalde berdea ere, eta azken hauetan 250 bat umezurtzi ostatu eman ahal izan zitzaien. Geroago Santutxuko Carmelitas Descalzas mojen komentua bereganatu zuten, 200 haurrentzako lekua zuena, eta honekin batera Villarias markes ohiak Begoñan zuen etxaldea.

Azken konfiskatze honen aurretik, milizianoen umezurtz etxeek aterpe gisa funtzionatzen zuten haur behartsuentzat, baina azken etxalde hartan islatu zen proiektu haren dekretu sortzailearen baitan zegoen espiritua: etxe baten eraikuntza, non gizarte ekintzak eta hezkuntza ekintzak elkarri loturik egongo baitziren. Hortaz, guda-umezurtzentzako eskola-etxe bat egiteari ekin zitzaion ilusio handiz.

Etxe hau benetako etxe baten gisara egituratu behar zen, hain zuzen ere gudaren eraginez haurrek galdu zituzten etxeen modura. Komentuetan izan ohi zen soiltasuna eta laztasuna saihesten saiatu ziren, eta horretarako lanean aritu ziren argiketariak, zurginak, latorrigileak, igeltseroak, harginak... Eraikin moderno bat egitea zuten helburu. Hauekin batera hainbat euskal artistak -margolari eta eskultorek- esku hartu zuen etxearen hormen apainketan, besteak beste Martinez Ortizek, Urrutiak, Guineak, Arteta Guezalak, Arruek, Huertasek, Lucarinek, Basterrak, Saenzek...

200 haurri ostatu emateko tokia zeukan, logela zabalak, jantokiak, egongelak, komunak eta mediku kontsulta bat, Marin mediku jaunaren ardurapean.

Bi egonaldi mota ezarri ziren: bata barne erregimenekoa eta bestea kanpokoa. Azken kasu hau milizianoen alargunen seme-alabei zuzenduta zegoen, haurrak beren ondoan izan nahi zituztenen eta ekonomia aldetik ahal zutenen kasuetan.

Etxe honek umezurtzei babesa ez ezik irakaskuntza egokia ere eman nahi zien. Lehen Hezkuntzako ikasketak egiten zituztenek eskola moderno baten abantailez goza zezaketen, eta eskolaunifikatuaren sistemari jarraituz, hezkuntza sisteman jarraitzeko gaitasuna agertzen zutenak erdi mailako ikasketak burutzera bideratzen zituzten edo lanbide batean trebatzeko ikasketa bereziak egitea aholkatzen zieten. Beraz, helburua milizianoen umezurtzei ezaguera zabala eskaintzea zen, gerora norberaren gaitasunen arabera lanbide batean aritu ahal izan zitezen modu kualifikatu eta duinez.



Haur Egonaldiak (Permanencias Infantiles)

Haur asko zebiltzan Bizkaiko hirietako kaleetan noraezean, eta bereziki Bilbokoetan, beste zereginik gabe. Gehienak beste zonalde batzuetatik etorriak ziren, deserrotuak eta inguru berriarekiko loturarik gabeak. Haientzat kalea arriskutsua zen, eta neguak adin-txikikoen kale bizitza ia jasangaitza bihurtu zuen. Gizarte Laguntza Sailak 1936ko azaroaren 4ko Dekretuaren bidez Haur Egonaldiak sortu zituen.

Erakundeok berriro ere helburu bikoitzari erantzuten zioten: kultur eta gizarte beharrei aurre egiteko baliabideak eskaintzea. Bilbon ostatu hartuak ziren errefuxiatuen seme-alabak, 14 urtetik beherakoak, artatzeko beharrezko ziren guztiak sortu ziren. Zituzten instalazioen arabera aukeratu ziren eraikinak; nahiago zituzten sukaldea eta jangela zituzten eskola eraikinak, beti ere haurrak libreki jolasteko toki nahikoa baldin bazuten. Maisu-maistrak Kultura Sailaren laguntzarekin jarri ziren.

Maisu-maistrak eskola adinean zeuden haurrez arduratzen ziren goizeko bederatzietatik arratsaldeko zazpiak arte, irakasleek lagunduta bazkaltzen zuten eta askariaren ondoren amek hartzen zituzten.

Pedagogi lanaren arduradun zen Kultura Sailak proiektu bat eratu zuen, non haur euskaldunak eta ez euskaldunak ezberdintzen ziren, behar adina gradu eratuz. Haur euskaldunen taldeak euskaraz ikasten zuen, gaztelania ikasgai bat izanik, eta erdal hiztunen taldeak euskara derrigorrezko ikasgaia zuen, gainontzeko gaiak erdaraz eginez. Egokitzat zuten, halaber, sexuen banaketa. Erabaki zen antolakuntza honek eragiten zituen udaletxeek behar zen materiala eman zezatela, edo Justizia eta Kultura Sailekin elkarlanean eskuratzea, eta, eskolako mediku zerbitzuei zegokienez, Egonaldiak zeuden herrietakoak erabiltzen ziren.

Egonaldi hauek mistoak ziren eta adinari dagokionez, dekretuak 14 urtetan finkatu zuen gehienezko adina. Bilboko Fontecha 1.ean zegoen Egonaldira zetorren haur taldea 31 mutil eta 16 neskaz osatuta zegoen; mutilen adin tartea 6 urtetik 14rakoa zen, eta nesken kasuan 4 urtetik 14ra.

Txatxarramendi uhartea ere konfiskatu zen, medikuen aginduz itsas sendaketak behar zituzten haurrentzako udaleku iraunkor bihurtzeko. Sail honetako Idazkari orokorra zen Bustos jaunaren iragarpenen arabera, ekainean hartu ahal izango zuten lehengo haur udalekua, baina gudak ez zien horretarako aukerarik eman.

Egonaldietako lana ez zen soilik adin-txikikoak babesturik eta arriskuetatik urrun mantentzea; horrez gain, haurrek behar bezala garatzeko behar zuten normaltasuna, bakea eta lasaitasuna beren bizitzetan sustraitzea eta berreskuratzea bilatzen zuen. Ekintza batzuek haurren ongizate fisikoa zuten helburu, beste batzuek, ordea, epe luzerako ongizatea, haurren esparru sozio-moral eta intelektualean. Lehenengoak elikagaiak, arropa eta neurri higienikoak ziren, oinarrizko elementuak haurren osasuna hobetzeko eta gaixotasunen kalteak saihesteko nahiz murrizteko. Bigarrenak, hau da, hezkuntzaren alderdikoak, etorkizuneko hiritarren prestakuntzarako ekintza propedeutikoak ziren.

Ikastaroak ez ziren ikasgai estatikoetan oinarritzen. Aitzitik, haurren adina errespetatuz eta ikasgela bakoitzean biltzen ziren egoera pertsonal ezberdinak kontuan izanik, haurren barne interesei erantzutea bilatzen zen. Historiarekin, gizartearekin eta naturarekin erlazionatutako gaien inguruko elkarrizketa eta hausnarketarako uneak ziren. Erakundeak berak hezkuntza gune bilakatu behar zuen, zeinean haurrek askatasun osoz, Pedernaleseko udalekuetan azpimarratzen zen bezala2, beren ekintzak zuzentzen ikasiko zuten, beren formakuntzaren onurarako, eta beren autogobernu pertsonalerantz hurbilduz.

Haur Egonaldiak gune ezin hobeak izan ziren, eta une hura bera ere egokia zen bertan praktikan jartzeko etorkizuneko hiritarren formakuntza integralera bideratutako jarduerak. Talde jarduerak ziren, esate baterako: jokoak, elkarrizketak, eztabaidak, filmen proiekzioak, antzerki emanaldiak... Eta bakarkakoak: hainbat jarduera tailerretan, edo liburuen irakurketa liburutegian... Ordura arte eskolatik kanpoko ekintzatzat hartua izan zen guztia, erakunde ofizialek hezkuntza proposamen gisa onartu zuten.

Haur Egonaldiak ekimen interesgarria izan ziren, izan ere eskola udalekuetarako entsegu bezala balio izan zuten, aurrerantzean atzerrirako ebakuazioak zirela eta hainbat herrialdetan martxan jarriko zirenak3.



Karrantzako Haurtzaindegia

Bestalde, Gizarte Laguntza Sailak babestu zuen Nazioarteko Sorospen Gorriak egindako proiektua, Karrantzan haur txiroei ostatu emango zien haurtzaindegi bat sortzeko. Kasu honetan FETE sindikatuak aukeratu zituen hezkuntza ekintzak burutuko zituzten langileak.



Fondo bilketa

Sailaren zeregina ez zen soilik herriaren beharrak estaltzera mugatu behar, enpresa ohoragarri hau ordaintzeko baliabide ekonomikoak ere bildu beharra baitzuen. Alde batetik dohainek eta harpidetzek eta, bestetik, ikuskizun publikoak konfiskatzeak ahalbidetu zuten Gizarte Laguntzaren ekimenen ondorioz ogasun publikoaren dirua kolokan ez jartzea.

1936ko abenduaren 14ko Dekretuaren bitartez EBGren barne zegoen lurraldeko antzoki publikoak, zineak eta antzerkiak Gizarte Laguntza Sailaren menpeko bihurtu ziren. Konfiskazio hauek behin betikoak ziren zinema eta antzerki aretoen jabeak faxista deklaratuak baziren, eta behin-behinekoak, berriz, hala aitortzen ez zirenen kasu guztietan. Hala eta guztiz ere, xedapen hauetatik kanpo gelditzen ziren ikuskizun publikoetarako aretoak, baldin eta dekretu honen promulgazioa baino sei hilabete lehenago Errepublikari leialak ziren erakunde politiko edo sindikalen jabetza baziren.

Ondasun hauek konfiskatzeko justifikazioa oso sinplea zen: ikuskizun publikoen gorakada herriak egindako inbertsio handien ondorioa zen. Herria industriaren adar hau laguntzen ari zen neurrian, bidezko, zentzuzko eta komenigarritzat jotzen zuten egoera hartan ondasun horiek itzultzea, guda herritarrengan sortzen ari zen arazo larriak arin zitzaketen laguntza edo arreten moduan. Horiek horrela, 1937ko urtarrilaren lehenetik aurrera Bizkaiko hiriburuan eta probintziako hainbat udaletan sakabanaturik burutu ziren zinema, antzerki, kafe eta hainbat ikuskizunetako -futbol partidak esaterako- irabaziak konfiskatu zituzten.

Dekretu hau garai hartan argitaratutako beste edozeinekin alderatuz gero, oso bestelakoa dugu. Hasteko, bere originaltasuna konfiskatzeaz argi eta garbi hitz egitean datza; Errepublikako gobernuaren eta Generalitatekoaren antzeko xedapenek beti ere bereizten zuten konfiskatu eta esku hartu artean. Bigarrenik, originala da hura izan baitzen jendaurreko ikuskizun guztiak konfiskatu zituen gobernu bakarra.

Dirua lortzeko beste zenbait erabaki hartu ziren, hiritar guztiei sail honetako erakundeen garapenean modu errazean laguntzeko aukera ematen ziena. Honen adibide 1936ko abenduaren 7ko Dekretua dugu; haren bidez bost zentimoko posta zigilu bat eratu zen, derrigorrezkoa, bai Euskal Herriko borroka fronteetara bai lurralde barneko eta kanpoko korrespondentzia orokorrean bidaltzen ziren eskutitz eta postaletarako. Bildutako dirua Milizianoen Umezurtz Etxeek sortzen zituzten gastuak ordaintzeko erabili zen.

Ez ziren ohiko harpidetza eta postulazio forma tradizionalak ere baztertu. Udalerri bakoitzeko Frente Popularreko kideak diru bilketaz arduratzen ziren; Gizarte Laguntzaren Aldeko kontzeptupean, herritarrak harpidedun egiten ziren borondatez kausa honen alde eta horrela, diru kopuru bat ematera behartuta zeuden.

Dohainak oso erakunde ezberdinetatik zetozen: batailoietatik, lantegietako batzordeetatik, sindikatuetatik, elkarteetatik, kooperatibetatik edota magisteritzatik. Erakunde bakoitzak, ahal zuen neurrian, saileko kutxak handitzen laguntzen zuen.

Hala ere, lan hau eten egin zen hainbat arrazoirengatik: alde batetik, 37ko apiriletik aurrera Bizkaiak jasan zuen blokeoak populazioaren horniketa nabarmenki oztopatzen zuen. Bestetik, bonbardaketa etengabeek elikagaien urritasuna eta populazio zibilerako segurtasun falta ekarri zuten, bereziki haurrentzako. Honek guztiak egoera berri bat sortu zuen, zeinean haurren populazioari eman ziezaiokeen babes irtenbide bakarra ebakuazioa zen. Adin txikikoak bakean bizi ahal izango ziren, gudako urritasunak pairatuko ez zituzten eta beren hezkuntzarekin jarraitu ahal izango zuten lekuetara erbesteratzea aukeratu zen. Haur diasporak Errepublikari leialak ziren zonaldeak, Katalunia eta Levante bezala, eta kausa errepublikanoari laguntzen zioten atzerriko herrialdeak izango zituen helmuga. •