Historiako zertzeladak: Lehen euskal udalekuak

2003-02-01
 
 
Gaur egun euskaraz hitz egiten den udalekuen eskaintza ugaria eta anitza da, eskaintza egiten duten erakundeak anitzak diren bezala. Hala ere, opor garaian neska-mutilak udalekuetara bidaltzeko ohitura ez da aspaldikoa gure herrian.

Lehen urratsak arlo honetan Aurrezki Kutxek eman zituzten beren Gizarte ekintza plangitzen bidez. Gogoan ditugu Ribabellosa, Goienetxe, Nafarroako Kutxak Hondarrabian zuena eta abar, denak gaztelaniaz, noski.

Frantzian oso zabaldua zegoen ohitura zenez, beren haurrak txikitatik frantsesez ikasten has zitezen, bide hori aukeratzen zuten familia batzuk baziren, beti ere gutxi batzuk.

Lehen euskal udalekuak 60ko hamarkadan gorpuztuz zihoan ikastolen mugimenduaren osagarri bezala sortu ziren, eta lehenengoz, 1965eko udan, Araban, Barriako Monastegiaren babesean antolatu ziren.



Hastapenak

1964-65. ikasturtean, Donostian, ikastoletan lan egingo zuten irakasleak prestatzea helburu zuen Andereñoen Erresidentzia izeneko egoitza ireki zen. Han bildu ginenon artean gehienok herrietatik etorritakoak ginen eta guk bizi izandakoaren alderantzizko egoeran ikusten genituen praktikak egiten ari ginen ikastoletako haurrak. Guk, giro euskaldunean bizi eta eskola gaztelaniaz. Ikasle haietako askok, alderantziz.

Ikastoletako ikasleei aisialdia ere euskaraz eskaintzen hastearen asmoa uda hartan bertan, udalekuetan gauzatu zen.

Era askotako jendea bildu zen egitasmo berri haren inguruan: Andereñoen Erresidentziako batzordeko jendea, bertan prestatzen ari zirenetako zenbait andereñogai, apaizen bat, ikastoletako batzordeetako ordezkariak eta euskararen normalkuntzan laguntzeko prest zegoen jendea.

Nondik hasi? Lehenik lekua bilatu behar zen. Ikastolak klandestinoak izanik, bazen gure artean, zuhurrena, hoberena Euskal Herritik kanpo egitea izango zela pentsatzen zuenik, eta zenbait guraso, ehizatik eta ezagunak zituzten inguruetan, Errioxako lurretan, leku bila hasi ziren. Arrazoi desberdinak tarteko, ez zen ezer egokirik suertatu. Errezeloa ere sortzen zen joaten ginen tokietan, eta Asentzio egunez, estu eta larri, Barriako zistertar monastegira jo genuen.

Monastegiak, Gipuzkoa barnekaldetik zeharkatu eta San Adriandik jaisten zen Santio Bidean

egonik, bazuen ostatu izandako eraikuntza bat. Gure asmoa azaldu genien, ondo iduritu zitzaien eta erraztasunak eman zizkiguten. Azkenean, bada, Euskal Herrian bertan eman zitzaien hasiera Euskal Udalekuei.



1965eko uda

Iritsi zen uda, eta 6-7 urteko 33 haur bildu ziren lehen txandan. Hiru asteko egonaldiaren ondoren, 8-9 urtekoentzat beste txanda bat egin zen. Berez, ikastoletako ikasleentzat ziren udalekuak; hala ere, haien lehengusu, ezagun eta abar eta oraindik beren herrietan ikastolarik ez zuten batzuk ere pozik onartu genituen.

Toki askotako haurrak elkartu ziren Barrian, gipuzkoarrak gehienak, bizkaitar mordoska bat ere bai, eta Gasteiz eta Iruñean ere bazenenez ikastola bana, hangoak ere izan genituen. Baita Brusela, Aljeria eta Paristik etorritako euskal errefuxiatu zenbaiten seme-alabak ere.

Lehenengo urtea froga gisakoa izan zen. Ez genekien jarraipenik eman ahal izango ote zitzaion, gai izango ote ginen, debekurik jasoko ote genuen... Denboraz ere juxtu genbiltzan, eta etxean ez zen ia egokitze lanik egin ahal izan. Monastegi barruan ur korronterik ez zuten eta gure aldean are gutxiago. Edatekoa oso urrutira gabe zegoen iturri batetik ekartzen genuen, komunetarakoa, berriz, mojen baratzeko putzu batetik, eta lixiba egiteko garbitegia nahiko hurbil genuen. Jangelarik ere ez genuen lehenengo urtean, baina oso uda ona izan zen eta otordu guztiak kanpoan egin ahal izan genituen. Mojen telefonoaz balia gintezkeen.

Ostatuko gelak handi samarrak ziren eta haur eta begirale kopuruaren arabera hamarnakako taldeak egin genituen. Horrela, talde bakoitzak bere logela zuen eta otorduetarako ere bere mahaia. Eguneroko antolaketarako, ardurak, ekintzak eta abar aurrera eramateko, egokia zen taldekako banaketa hori. Talde bakoitzak bere begiralea zuen.

Monitore edo begiraleok, borondatez geure burua eskaini genuen gazteak ginen. Andereño eta andereñogaiez gain, beste zenbait gazte ere bai.

Libururik ia ez zen ikastola haietan, ahozko trasmisioa aberatsa zen eta neurri handi batean altxor hartaz (abesti, joko, haur olerki...) baliatu ginen. Horrez gain, boy scout mugimenduko jendearekin harremanetan jarri ginen, egunetako irteerak egiten ohituak baitzeuden. Haien lan baldintzak eta gureak oso bestelakoak izanik, bai abiapuntu eta baita helburuen aldetik ere, zenbait ideia baliagarriak gertatu zitzaizkigun:

- Haurrak egin zitzaketen lanak beren ardura izan zitezela. Hezigarri izateaz gain, praktikoa zen, otorduak prestatu eta ontziak eta arropak garbitzen zituzten laguntzaileak oso lanpeturik ibiltzen baitziren.

Horrela bada, egunero, jaikitzen zirenerako, eguneko egitaraua bistan egoten zen eta han zehazten ziren egun hartako talde bakoitzaren ardurak: mahaiak jarri, mahaiak jaso, edateko ura garraiatu, okinaren bila atera eta ogia mahaietan zatituta jarri, Araia-Gasteiz autobosera atera bezperatik Araiako harakinari telefonoz enkargatutako haragiaren eske, etxea erraztatu eta abar. Ohea egitea eta norberaren arropak txukun edukitzea bakoitzaren egitekoa zen, nahiz eta txikientxoenei beren begiraleek lagundu.

Ingurua errespetatuz eta inguruaz baliatuz, gozatzea eta ikastea. Barriako errealitatean inguru fisikoa eta soziala hartu behar ziren kontuan. Inguru fisikoaren aldetik naturaz inguratuta aurkitzen ginen eta ekintza asko naturak ematen zituen posibilitateei lotuak izaten ziren: behaketak, bilketak, pista jokoak, eskulanak... Ekintzok talde bakoitzak, gehienetan, bere aldetik eta bere gisara burutzen zituen, beste taldeekiko autonomiaz jokatuz, masifikazioa ekiditeko.

Bazkalondoan talde guztiak elkarrekin izaten ziren eta begirale bat arduratzen zen guztietaz besteek atseden har zezaten. Arabako Lautadako beroa saihestuko bazen, itzala bilatu behar zen. Itzalean, etzanda egon, ipuinak entzun, mahai jokotan ibili, irakurri eta horrelakoak egiten ziren.

Afalondorenak ere denok elkarrekin pasatzen genituen. Gehienetan pixka bat ibili egiten ginen, toki egoki batean biribilean eseri, izarrez betetako zerua kontenplatu, isiltasunean gaueko soinuak entzun... Oso atseginak izaten ziren gaueko freskotasunean egiten genituen irteeratxo haiek. Beste zenbaitetan, toki jakin batean sua pizten genuen eta haren inguruan ohikoak diren ekintzak gauzatzen ziren.

Baina, inguru fisiko hartan jendea bizi zen. Monastegiaren inguruan lauzpabost familia eta Narbaixa eta Aspuruko herri kaskoak kilometro batera genituen. Oso garrantzitsua zen, ezinbestekoa, hango jendearengan aurkako jarrerarik ez sortaraztea. Ikastolena bezala, gure egoera, udalekuarena alegia, alegala zen. Eta gainera, jende multzo handi hura euskaraz, Araba erdian.

Esan beharrik ez dago tentu handiz ibili ginela. Monastegian egoteak hasiera erraztu egin zuen eta denbora pasa ahala haurrek eremuak errespetatzen zituztela ikustean eta abar, harreman oso onak izatera iritsi ginen. Lehenengo uda zen eta San Bernardo eguneko festan parte hartzea eskatu ziguten bai mojek eta bai auzokoek.

Inguruko herriak elkarrengadik hurbil zeuden eta denetara egiten genituen irteerak. Itzalak bilatu, bolatokietan probak egin, plazetan jolastu, iturrietan ura edan, jendeari aurrez prestatutako galderak egin, artisauak lanean ikusi (buztingileak, erratzgileak...), zekaleen bilketa lanak jarraitu eta abar ziren egiten genituen beste ekintza batzuk.



Guraso eguna

Gaiari buelta asko eman ondoren, txanda bakoitzeko igande batean guraso eguna ospatzea erabaki genuen. Frantziako udalekuetako esperientzia izan zutenek ziotenez han beti egiten omen zen.

Gure baldintza materialak zirenak ziren, baina ilusioa eta giroa mundialak. "Datozela eta bai bata ta bai bestea ikus dezatela" pentsatu genuen. Eta Barriako giroa, guraso askok ikusi soilik ez, bizi ere egiten zuten egun hartan.

Bezperatik hasten ziren gure lagun asko iristen errefortzo gisa, denak beharrezkoak, eta ezinbestekoa eta hutsik egiten ez zuena soinujolea zen. Era guztietako antolaketa lanei ekiten zitzaien haurrekin batera. Hauentzat ere betiko begiraleez gain beste gazte batzuk beraiekin ibiltzea oso gustukoa zen. Gainera, egun hartako ekintzak bereziak ziren: entseguak, girlandak egiteko landare bilketak, ongi etorri kartelen prestaketak, txukunketa lanak...

Igandero bezala, meza euskaraz emango zuen apaizen bat etortzen zen: Estibalizko benediktarra, Altsasuko kaputxinoren bat, gurasoekin joaten zen apaizen bat...

Gurasoentzat autobusak antolatzen ziren eta mezatarako iristen ziren. Meza ondoren elkartzen ziren beren seme-alabekin. Nahi zutenentzat, aurrez adierazita, mojek bazkaria prestatzen zuten eta lokutorioetara tornuetatik ateratzen zen. Bazkalostean "era guztietako" euskal kantuei ematen zitzaien errepasoa. Arratsaldean haurrek egindako eskulanekin tonbola egiten zen eta askotan bertaratzen ziren abestaldeen saioak ere bai.



Diru gorabeherak

Hasierako urte hartan, beste erreferentziarik ezean, haurrei kobratutakoarekin autobusa ordaindu eta otorduetarako egunean egunekoa erosteko moldatu behar genuela aurreikusi zen. Egunean erosi beharrekoak ez zirenak Donostiatik eraman ziren, dendari ezagunen bidez modu onean. Lehen esan dugu jende askok eta era askotara lagundu zuela.

Edozein modutan, oso zintzo ibili ginen diruarekin. Zorrik ezin zen egin. Lagun batek utzitako kutxa batean giltzapean gordetzen genuen dirua eta kontabilitateari denbora askorik ematerik ez zegoen. Behinola, diru piloa zertan zen ikusi eta, badaezpada, postrea bost errealetik ez zedila pasa erabaki genuen. Egonaldiak bukatu eta gelditu zitzaigun dirua hurrengo urterako espumazko koltxoiak erosteko erabili zen.



Urtez urte osatzen

Espreski aipatu gabe ere, denen buruan zegoen hurrengo udan jarraitzea. Gabeziak gabezi, esperientzia nahiko ongi atera zen.

Bigarren urtean, Barriatik kilometro batzutara zegoen Ozaeta herrian prestatu zen beste etxe bat 9 urtetik gorakoentzat. 9 urte bitartekoentzat ere Barriako ostatua txikitxo geratzen zen eta Agurainen Mariaren Bihotzeko fraideek utzitako etxean kokatu zen beste talde bat. Urte haietan ikastolak azkarki ugaritzen ari baitziren!

Urte batzuk geroago, mojek toki bilduago batera alde egin zuten eta haien barne eremua ere erabili ahal izan genuen.

Guztira zortzi uda egin nituen nik Barrian. Urtez urte instalazioak hobetuz eta bitartekoak ugarituz nola joan ziren ezagutu nuen. Irakasle ginenok ezin genuen betirako horrela jarraitu. Prestakuntza berezi baten bidez begiraleen figura sortu zen eta horrelako jendea da gaur egun udalekuei erantzuten diena.

Uda haien inguruko oroitzapen onak ditut. Haurrek ongi erantzun zuten. Gurasoek ere, gu ezagutu gabe eta zer-nolako abeleratan gerta gintezkeen jakin gabe, gugan konfiantza izan zuten. Guraso izanda edo izan gabe, Batzordea osatu zuen jendeari esker, ez ginen bakarrik sentitu, bisitan ere maiz etortzen ziren ondo moldatzen ari ote ginen ikustera, eta burua Barrian zuten. Dutxak jartzea erabaki zenean, Batzordeko batzuk, profesional bolondres batzuen laguntzarekin, asteburutan joanez egin zuten lan guztia. Sukaldariek, lan asko egiteaz gain, gazteontzat sostengua suposatu zuten. Hitz batean, euskararen aldeko jende kontsekuente eta langile ugariren laguntzarekin gure egitasmoa aurrera zihoala ikusteko aukera izan genuen. •