URBIETA, Imanol:

2003-01-01
Txiki-txiki-txikia ikusten naiz kalean... haunditzen, haunditzen, ari naiz haunditzen... txikia izanik asko maite zaitut nik...

Ba al da abesti hori

ezagutzen ez duen irakaslerik?

Alaken!, Ranroberra!, Euskera oi euskera!, Akerra ikusi nuen... milaka

abesti aita bakarrarentzat: Imanol Urbieta.

Txiki-txikitatik musika izan du bere inguruan. Bertatik edan, bere barnean ongi hausnartu eta musika berria sortu du. Euskal Herriko herri eskola eta ikastola guztiek ezagutu dituzte Imanolek haurrei eginiko ehunka kantu. Euskal kulturan eta hezkuntzan haurrentzako zegoen hutsunea ongi betez, irakasleok

erreferentzia ederra eta ia bakarra izan dugu urte askotan.

Haurrak eta irakasleak hezi ditu Imanolek urtetan. Musika irakasle

ugari igaro dira bere ingurutik. Bere euskalzaletasuna, haurrei zien maitasuna eta musika nola uztartzen zituen ezagutzeko zorte izugarria izan dugu askok.
 
 
Imanol artista al da?

Inoiz ez diot neure buruari planteatu artista naizen edo artista izan nahi dudan. Txikia nintzela ea handitan zer

izan nahi nuen galdetu zidaten. Orduan 3 edo 4 urte omen nituen eta zera erantzun omen nuen: "Nik ofizio alegreena izan nahi dut". Eta etxean, kalean eta inguruan hori onartu egin izan dute. Nire eskuetatik jaso dena, behatzetatik irten dena, ongi onartua izan da.



Badago Imanol sortzailea, ezta?

Ez dakit. Imanol larritua bai, badago. Ihes egin nahi izan duen norbait

izan naiz eta ihesaldi horretan sortzaile

izatea egokitu zait. Eskolako lanean zure eguneroko ogia, zure makina, zure erraminta, haurrak dira eta haurrak ixten zaizkizunean, ezin dituzunean bereganatu, zerbait egin behar duzu gustura egon daitezen eta zurekiko konfiantza har dezaten.

Helduekin aritzea edo haurrekin

aritzea ez da gauza bera. Zarauzko ikastolan hasi nintzen eta hasieran haurrak oso urrun nabaritzen nituen. Hura ikusita aldatu nuen estiloa, bertan fruituak ikusi ez baziren ere. Gogoratzen naiz

inoiz andereñoek esaten zutela: "Ekarri dugu gizon bat musika irakastera eta haurrak aspertu egiten dira. Ez ditu bereganatzen haurrak". Han piztu ziren argi gorriak eta gerturatze lanari ekin nion. Dena dela, hasiera gogorra izan zen, hots, haurrek beste interes batzuk zituzten konturatzea. Baina behin hori onartuta, garbi neukan egokitu egin behar nuela. Horrela, beharretik ikasten joan nintzen, haur horiengana gerturatu eta ibilian-ibilian ikasi dut.



Imanol musikaria.

Magisteritza ikasi nuen eta pedagogo bezala Magisteritza Eskolan bertan hasi nintzen. Han ekin nion nire teoriak zabaltzeari. Izan ere, aurretik helduekin ibilia nintzen musika lantzen eta oinarria solfeoa zen. Haurrekin, ordea, desberdina behar zuen izan. Musika aldetik ongi pasatzea zen helburua: musikaren sentsibilitatea lantzea, kantatzea, instrumentuak lantzea, afinatzen ikastea... , behin ere pentsatu gabe handik kontserbatoriora joatea eta horrelakoak.

Jolas-orduan hainbat jolasetan erabiltzen zen musika, soka-saltoan eta

abar. Baina, gela barruan musikaren

irakaspena oso formala zen. Horrela, haurren beharretatik abiatuz sistema berria eskaintzen hasi ginen. Haurrek musika sistema arrunta ez zutela ulertzen ikusirik, txirula jotzen ikasteko ere bide berriak landu genituen, biribilen bidez eta abar. Gerora koruak, tipleak, musikariak eta abar beharko zirela

ikusten genuen, eta haurrekin musika landuz, gerorako harrobia elikatzen ari ginela ohartu ginen. Azken finean, musika haurren eta gazteen zerbitzura jartzen saiatu ginen.

Andoni Egañak Luzea da bidea zure biografia liburuan esaten du kantuan irakasten zenituela Geografia eta Matematika. Horrela al zen?

Nire tresna musika zenez, hori erabiltzen nuen ahal nuen guztietan. Niri beharretara egokitzea gustatzen zitzaidan, eta edukia modu dibertigarrian irakasteko, musika bertsoa bezala ateratzen zitzaidan, momentuan sortuta.



Nondik datorkizu musikarako zaletasun hori?

Zarauzko herriko plazan jaio nintzen, gaur egun musika plaza deitzen den horretan eta txiki-txikitatik entzun izan nuen musika. Etxean aitonak bazuen piano bat eta hura tailerrean lanean jarduten zen bitartean han aritzen nintzen jo eta jo. 8 urte nituela, kanpokoak etxera etortzen zirenean beraientzako jotzen nuen. Gerora ere, plazan musika jo behar zutenek askotan gure etxean uzten zituzten euren instrumentuak eta han aritzen nintzen bata eta bestea probatzen eta jotzen.

7 urterekin, jada, klarinetea jotzen nuen herriko bandan. Entsaioen ordutegiak, diziplinak eta besteentzako jotzeak asko lagundu zidaten. Zuk jo eta besteak dantzan ikustea pozgarria zen. Ni zoriontsua nintzen.



Imanol ipuinlaria.

Txikitan istorioak entzutea gustatzen zitzaidan. Gauetan etxera etortzen ziren esnezaleak esnea ekartzera eta han aritzen ziren kontu kontari. "Manolito ohera!", esaten zidaten, baina nik aho zabalik jarraitzen nuen haien kontuak entzuten.



Kokles txakurraren ipuin tristea nola sortu zenuen?

Kokles txakurraren ipuina latinetik itzuli nuen. Italian ikasten ari nintzela ezagutu nuen eta gustuko nuen sentimenduak azalarazten zituen

ipuin hura. Gerora norbaitek esan du haurrak negar arazten dituela, baina

ipuin hori desdramatizatu egin behar da. Aitak txakurra zahartuta eta hilzorian dagoela ikusita, eta haurrak hiltzen ikusten badu tristetu egingo dela jakinda, gauean zubitik ibaira botatzea erabakitzen du. Tximista eta trumoiak ari direla, haize bolada batek txapela eramaten dio. Hori egin orduko, ordea, zera pentsatzen du: "Egin beharra zegoen. Egin dut. Eta orain, zergatik nago triste?".

Nire ustez, haurrak mina oso gertutik bizitzen du. Sentsazio guztiak bizitzen ditu, eta mina ere bai.



Imanol psikomotrizista.

Gure bizitzan dena motrizitatea

izan da. Beti jolasean aritzen ginen.

Erregeek ezer gutxi ekartzen zuten eta hura urte osorako, gainera. Askotan,

errege festak pasa eta egun batzuetara jostailuak desagertzen ziren eta hurrengo urtean agertzen ziren. Garai hartan edozerk balio zuen jolasteko, baita euliak ere. Orduan ez zegoen telebistarik eta iniziatiba handia geneukan.

Ikastolen Elkarteak espresioaren inguruko lan bat egitea eskatu zidan.

Esan beharra daukat nire lan gehienetan Ikastolen Federazioa presente egon dela. Orduan ez zen ezaguna psikomotrizitatea eta Martuteneko Irakasle Eskolara joan nintzen batean uztaiak zintzilik zeudela ikusi nuen. Hautsez betetako uztaiak ziren, erosi arren ez baitzekiten zertarako erabili uztai haiek eskolan. Gu esperimentatzen hasi ginen eta proposamen batzuk ere egin genituen. Zenbait musika-zinta argitaratu genituen eta hainbat material prestatu ere bai. Dena den, denboraz aurreratu ginela uste dut. Irakasleek orduan ez zuten horren beharrik ikusten. Ez zen ezagutzen sistema hori. Garai hartakoa da "Uztaia gora-gora" kantua, gaur egun baliagarri dena, nire ustez.



Imanol maitatua eta maitalea.

Guda ondorenean eta anaia-arreba asko izanik, hamar, gurasoek ez zeukaten denborarik niri dedikatzeko, eta asko behar izan duen horietakoa naizenez, maitasuna faltan bota dut. Gauzak pikardiaz eginez lortzen nuen etxekoen arreta, askotan paliza ederrak hartzeko balio izan bazidan ere. Baina

etxean osorik ez neukana kalean aurkitzen nuen. Leku guztietan koadrila nuen: elizondoan, plazan, eskolan...

Musika jotzen aritzen nintzenean beti egoten zen gerturatzen zen norbait, begira egoten zena, eta askotan begirada hark beste zerbait ere eskatzen zuen.

Nik ezin ditut haurrak beldurtuta

edo deseroso ikusi. Haurrak kasu egiten badit oso ongi, baina egiten ez badit ere bai. Musikarekin laguntza eskaini nahi diet haurrei haur izateko. Hezitzaileak maitatu egin behar ditu haurrak.



Imanol ikertzailea al da?

Gauza serioak esaten dituzue. Ni bizirik irten naizen bat naiz, beharretatik abiatu eta bizirik atera den bat. Batzuk, pianojole izanda, beti pianoa jotzen aritzen dira izugarrizko perfekzioa lortu arte. Ni ez naiz horrelakoa

izan. Oso estimatua izan naiz beti planak egiten aritu izan naizelako. "Manolito beti planak egiten", esaten zuten lagunek.



Imanol parte-hartzailea?

Saltsa guztietan sartuta egon izan naiz. Akolito izan nintzen, koadrila ezberdinekin nenbilen, musika taldeak osatu nituen, Zarauzko Oleskariak zortzikoa eta abesbatza zuzendu nituen, musika eskola sortu nuen, Xirula Mirula... Eta haur taldeak kantu txapelketetara eramaten nituen. Nik haur guztiak eramaten nituen eta txarrenak han jartzen ziren lehenengo ileran gogo handiz abesten. Nola irabaziko genituen, bada, txapelketak? Baina hori zen filosofia, parte hartzea eta kantuari gustua hartzea. Behin, Pasaian, azkenak geratu ginen, baina jendea gure kanta kantatuz irten zen, oso alaia eta eranskorra baitzen.



Andoni Egañari ere halako zerbait gertatu zitzaion, ezta?

Bai horixe! Bertsolari txapelketako finalean, Belodromoan, "Txoria nintzela, txoria nintzela..." txikitan ikastolan ikasitako abestia oinarri bezala hartu zuen, eta txapelketa irabazi ez bazuen ere, jendea doinu hori kantatuz irten zen handik.



Afrika beltzean ere izan zinen. Nola joan zen hango esperientzia?

Eskolako giroan nenbilela beltzen erritmoa, dantza, sormena eta ahalmena ikertu nahi nituen. Jazz mundua nola aurreratu zen ikusita, jakin-mina nuen. Ikusten nuen, bestalde, ia beltz denek haurrak euren gainean eramaten zituztela eta Afrikan zebilen lagun bati galdetu nion ea haur txikiak nola moldatzen ziren jolasteko. Hark esan zidan kalean, lanean, alea xehetzean, lo hartzerakoan eta abar amari lotuta

egoten zirela, baina jolasteko lurrean euren kasa ibiltzen zirela. Amarekin duten mugimenduzko harremanak euren erritmoa garatzen laguntzen die, beti erritmoan baitaude.

Hala, bertara joan ginen gitarra eta guzti, grabazioak egin genituen eta beraiekin zoragarri pasatu genuen. Bete-betean bizi dute musika. Behin, lau orduko saio bat bukatutzat eman genuen eta bertako bat etorri zen bere ordularia erakutsiz eta bi minutu falta zirela esanez. Horrelako musika egarria zuten! Musikaren bidez oso harreman zuzena lortu genuen.

Azken egunean herri guztiak festa bat eskaini zigun. Guk euren modura dantzatzeko eskatu genien, ez katekista bezala, baizik eta beltzak bezala. Dantza erotizatuak, paganismoaren artea... azaldu ziguten. Izugarria izan zen.

Dantza egiteko orduan, munduko gauza sinpleenak egiten dituzte. Hankak apenas mugitzen dituzte eta gorputzeko beste edozein atal erabiltzen dute.

Asko ikasi nuen, eta batez ere, esker onekoak direla ikasi nuen.

Bestalde, eskola bat egiteko helburua hartu genuen eta hemen jasotakoarekin lortu zen egitea.



Zure ustez, egin duzun lana aintzatetsia izan al da?

Pako Garmendiak behin esan zidan "Hi beti izan haiz errekonozitua, baina inoiz ez aipatua".



Zergatik zioen hori?

Ni naizen bezala naizelako.

Andoni Egañak egindako liburuaren kontrazalean agertzen den "Bakarrik eta libre badoa" abestiak honela dio: "Bakarrik eta libre gaztea, poltsikoan eskuak, oinak arrastaka, luzea da bidea... bakarrik eta libre gauean. Gauez argitzen zaio bidea, argitzen zelaia, zuhaitzak lurrean, gauez badoa gaztea. Bidean zergatik? Berak ba ote daki? Zertarako libre ta bakarrik? Adizak gaztea apurtu kateak! Ez duk jakingo zer den bakea... Kanta kantari badoa bide guztien ildoan!"



Euskaraz sortutakoa eraman duzu atzerrira, ezta?

Beno, Santillana editorialak Euskal Herrian sartu nahi zuen eta Giltza editoriala sortu zuela uste dut. Hemen izan ziren, Xirula Mirulako estudioetan grabatzen,

eta beraiek esaten zuten Musika Hezkuntzan ez zutela inoiz halako talde konpetenterik aurkitu. Horrela, gure materiala egokitu dute eta hor ibiltzen gara ikastaroak eskaintzen Kanariar Uharteetan, Granadan, Bartzelonan, Madrilen eta abar. Hasi ginenetik, oso harreman pertsonal onak izan ditugu.



Aurrera begira, zer egiteko asmoa duzu?

Egia esan, osasunak ez dit asko laguntzen. Hala ere, lanean jarraitzeko asmoa dut.

Egin didaten omenaldiak animoa

eman dit eta honek bezalako elkarrizketek ere poza ematen didate. Baina horren guztiaren aurretik pentsatua nuen zer egin. Nire lana ez dut bukatu oraindik.

Oraingoz, bi lan aurreikusten ditut. Bata, musika klasikoaren inguruan hasitako lana bukatzea. Haur euskaldunei norbaitek esan beharko die Mozart nor zen, zer musika sortu zuen..., hots, pertsonaia hura beraiengana hurbildu. Errusian, Italian, Txekian... ibili gara grabazioak egiten eta bideo formatoan prestatzen. Euskal musikarien biografiak ere egiteko ditugu.

Bigarren lana 0-3 urtekoekin egiten hasi garena da. Esperimentatzen ari gara eta proposamen bat egin nahi dugu.

Koru mundua, korala, kanonak, polifonia... lantzeko materiala prestatuta daukat, baina forma emateko denbora behar dut.



Ikusten danez, ez da geldi egoteko horietakoa gure Imanol. Inoiz ez da

izan eta zertarako aldatu orain? Jarrai dezala, bada, horrela, eta ikus ditzagula datozen urteetako fruituak.

Bitartean, bere bizitzari buruz informazio gehiago nahi duenak elkarrizketan honetan aipatu den Luzea da bidea liburuan aurki dezake.