GAUTEGIZ ikastetxea, ARTEAGA: Mugak gaindituz, eskola handitu<br />Eskolen arteko postatrukea

2002-12-01
"Mugak gaindituz, eskola handitu" leloa aukeratu zuen guraso elkarteak 2001eko eskola publikoaren festarako. Eta egiaz, titulu egokia da eskolen artean eduki dugun gure bi urteko posta trukeko esperientziarentzat.
 
 
Gure esperientzia 2000-2001 ikasturtean hasi zen, iraileko astelehen batean. Astelehenero bezala, lehen saioan gelako asanblada egin genuen; biribil erdian bildurik asteburuko bizipenak, laneko planen martxa eta sortzen ziren hainbat alderdi lantzen hasi ginen. Astelehen hartan Euskaldunon Egunkariaren Xingola gehigarria erakutsi nien. Bertan Nafarroako eskola unitario bateko neska-mutilek posta trukea eskatzen zuten.

Posta trukea ohiko ekintza da gure eskolan, urte guztietako jarduera, eta izatez, Leongo eskola batekoekin gaztelaniazko posta trukea geneukan.

Gure ohiko hizkuntzan, euskaran, posta truke bat edukitzeko aukera aztertu eta baloratu genuen. Nafarroako eskola mapa batean kokatu genuen, Baztango Amaiur herrian. Ez genuen inoiz Nafarroako eskola batekin posta trukerik eduki, eta erantzutea erabaki genuen.



Lehendabiziko urtea

Hasteko, gutun kolektibo bat egin genuen eta bertan gure herria kokatu genuen, eskolaren ezaugarriak azalduz eta norberaren aurkezpen indibiduala eginez. Azken honetarako teknologia berrietara jo genuen; eskanerra erabili genuen bakoitzaren argazkia bidaltzeko. Posta truke honetan informazio eta komunikazio teknologia berrien erabilpena oso alderdi garrantzitsua izan da.

Posta truke bat mantentzen den guztietan bezala, erantzuna jasotzeko ezinegona handia izaten da eta nahi baino gehiago luzatzen da, nahiz eta epea laburra izan. Denboraren kontzeptua ere garatzeko dago.

Iritsi zitzaigun, bada, erantzuna Amaiurtik. Bertako gelan Lehen Hezkuntzako neska-mutilak zeuden, 2. eta 3. ziklokoak. Gure antzeko egoeran zeuden, gu baino hiru gehiago ziren. Eta posta trukerako irtenbidea erraza zen; gure gelako norbaitek korrespontsal bat baino gehiago izango zituen.

Horrela, bada, korrespontsalak mailak kontuan hartu gabe aukeratu ziren, eta aurkezpeneko ezaugarriak hartu genituen kontuan. Taula bikoitz bat egin genuen jasotzen genituen gutunen kontrola eraman genezan ikus behean ).

Pertsona bakoitzeko lauki bat zegoen eta bakoitzak zituen korrespontsalak eta bidalitako eta jasotako gutunen datak idazten zituen. Horrela, gutunak nork zor zituen jakiten genuen.



Eskolen arteko posta trukea

Bi posta truke mota mantentzen genituen: kolektiboa eta indibiduala.

Posta truke kolektiboa gela osoaren ardura zen eta batez ere eskola lanekin osatzen genuen, jeneralean Ingurumenaren Ikerketari eta Hizkuntzari zegozkion lanekin. Zenbaitetan posta trukea hainbat lan egiteko aitzakia bihurtzen zen, adibidez: herria, eskualdea, fauna eta landaretzako lanak, ipuinak, olerkiak, gutun motak eta abar. Gure "eskolako liburuko" ekintzak ere komentatzen genituen.

Korrespondentzia mota honek eskola bakoitzaren eskualdeko eta lurraldeko liburuxkak trukatzeko balio zigun.

Norbanako posta trukea ikasle bakoitzaren gain zegoen, eta gelan edo etxean egiten zen. Posta truke honek bi alderdi zituen: gutuna eta trukatzen zituzten objektuak. Behin gutuna idatzi ondoren, testua zuzentzeko eskatzen zidaten, baina ez beti. Posta truke honetan nik bi alderdi baloratu nituen: eskolakoa eta intimitatea. Bakarkako jarduera izan zedin utzi nuen, beraien erantzukizunean burututako ekintza. Gelan gutunontzi bat genuen eta data konkretu baterako gutun guztiek prest egon behar zuten.

Edozein modutan, zenbait kasutan gutun desegokiak idatz daitezke, ez forma aldetik, edukiari dagokionez baizik. Baina gelako martxari adi egonez gero, tutorea berehala ohartzen da horretaz eta arlo interesgarria da gelako asanbladan lantzeko.

Posta truke honetan telefono zenbakiak eta posta elektronikoko helbideak, baldin bazeukaten bederen, ematen zizkioten elkarri. Modu horretara, eskolako komunikazioaz gain, beste batzuk ere sor zitezkeen.

Aipatzekoa da beste komunikazio bide bat ere: Internet. Eskola biek genuen gure presentzia sarean. Gure eskolak web orri bat zeukan; www.galeon.com/montorre (gaur egun www.montorre.com web gunea dugu) eta Amaiurko eskolak Baztango eskola guztien artean argitaratzen duten www.kazeta.org aldizkari elektronikoan parte hartzen zuen. Aldian-aldian bisitatzen genuen beraien aldizkaria, eta horrela, egiten zituzten ekintzen berri izaten genuen. Era berean, gure orrialdea osatzen joateko pizgarri bat zen, korrespontsalek gure aurrerapenak ikus zitzaten.



Bultzada kualitatiboa

Martxoan espero ez genuen aldaketa bat gertatu zen gure posta trukearen baitan. Gure gelako familia bat kanpora joatekoa zen opor-zubi batean, eta nora? Amaiurrera. Eskolako jarduerek ustekabeko eta programatu gabeko emaitzak ematen dituzte sarritan. Gure familia hori nekazaritza turismoko etxe batera joan zen. Etxe hartan eskolako adina zuen haur bat zegoen eta eskolara joan zen, Nafarroan ez baitzen jai eguna. Gure ikaslea ere berarekin joan zen. Aipagarria da portaera hori, inguruneari irekitako eskolarena, alegia. Nekazaritza inguruneko eskoletan funtsezkoa izan ohi da.

Egonaldi puntual horrek ilusio gehiago piztu zigun. Argazkiak, informazioa, txutxu-mutxuak eta abar ekarri zizkigun familia hark eta gure korrespontsalak hobeto ezagutzen lagundu ziguten. Horrekin batera, hara joateko gonbidapena ekarri ziguten.



Amaiurko egonaldia

Amaiurrerako bisita aldez aurretik aurreikusi gabeko zerbait zen. Gure artean eztabaidatu genuen eta ekainean joatea erabaki genuen.

Amaiurren oso kontent zeuden topaketarekin eta zalantza bakarra zeukaten: non eman ostatu. Errazena eskolan bertan lo egitea zen, maistraren etxe zaharreko gela huts bat aprobetxatuz. Beraz, arazo logistiko hori konpondu ostean, bisita prestatu ziguten.

Ekainaren 14an abiatu ginen eta furgoneta batean agertu ginen Arteagako zortziak Amaiurren. Iritsi aurretik ikusi gintuzten eta ailegatzerako eskolaren kanpoaldean zeuden zain. Elkartu ostean eskolako jangelan bazkaldu genuen denok elkarrekin. Lehenengo eguna herrian ibiltzen eta jolasten pasa genuen. Neska-mutil nafarrek oso harro erakusten zizkiguten herriko txoko eta bazter maiteenak: udan bainua hartzera joaten ziren zubi azpiko putzua, auzolanean berreraikitzen ari ziren ermita, barraskiloak eta ostrukak hazten dituzten granja, independentziaren aldeko bataila mantendu zuen gotorlekua gogorarazten duen monolitoa, baserriak, zibilak bizi izan ziren Borda jauregia, eskuzko pilota partidan sekulako pasada eman ziguten pilotalekua, errota zaharra eta beste hainbat leku. Bizipenez jositako lekuak dira, herritarrentzat esanahia dutenak, komunikatu eta transmititu egiten duten tokiak. Erabili, bisitatu eta gozatu egiten diren lekuak direnez, historia eta oraindik zentzua daukate bertakoentzat.

Gaua luzea izan zen. Haurrak berandura arte ibili ziren herrian jolasten. Gauean eskola inguruan jolastea eta gure lagunekin bizitzea oso erakargarria izan zen. Oheratzeko garaia iritsi zenean, ez lo egitekoa, denak batera jarri ziren lurrean, bakoitza bere zakuan.

Hurrengo egunean Amaiurko amak arduratu ziren guztiaz. Bertizerako irteera antolatu zuten; beraiek eraman gintuzten, ingurunea erakutsi ziguten eta bazkaria prestatu zuten. Guztiok gozatu genuen irteera hartan.



Eskolaz kanpoko trukeak

Posta trukea garaian eta garaitik kanpo fruituak ematen dituen zuhaitza da. Lehen aipatu dut gelako posta trukeaz gain, beste komunikazio mota bat ere bazela: norberaren telefonoaren eta posta elektronikoaren bidezkoa. Komunikazio horien bitartez Amaiurko hiru neska udan Arteagako neskalagun baten etxera etortzekotan gelditu ziren.



Bigarren urtea

Lehenengo urtean posta trukea oso ongi garatu zen eta aurrera jarraitzea merezi zuela ikusi genuen. Korrespontsal berberak mantenduz jarraitu genuen, beraz. Amaiurko egonaldiaren ondoren, bigarren urte honetan Arteagara etortzea aurreikusten genuen.



Gautegiz-Arteagako egonaldia

Amaiurko gure lagunak irailean etorri ziren, ikasturtearen hasiera garai egokia iruditu baitzitzaigun posta trukeari bultzada bat emateko. Kanpotarrak gure etxeetan hartu genituen eta jatorduak eta irteerak antolatu genituen herritarren laguntzarekin.

Egonaldi honetan, Amaiurrekoan bezalaxe, gurasoen partaidetza funtsezkoa izan zen. Beraien laguntzarekin hondartzak bisitatu genituen, baztandarrentzat leku erakargarria benetan. Baita ere Kortezubi eta Basondo zentroa, zeina Xabier Maiztegi Fundazioaren egoitza den eta Busturialdeko fauna eta landaretzara eskainitako lekua den.

Noski, lehenengo gure eskola erakutsi genien, eta gero herria poliki-poliki ezagutuz joan ziren.

Besteen etxean lo egitea esperientzia berria izan zen gure lagun askorentzat, eta gure ikasle askorentzat ere bai beren etxeetan lagunei ostatu ematea. Amaiurko ikasleak, gu bezalaxe, urtero joan ohi dira nekazaritza eskolaren batera, baina banaka etxe batean gaua pasatzea erronka ezezaguna eta berria zen.



Eskolako posta trukea

Bigarren urtean aurreko urteko bi posta truke motak mantendu genituen eta posta elektronikoaren erabilera areagotu egin genuen. Posta horrek motibatzeko eta gure irteera eta landako lanen xehetasun gehiago emateko balio izan zigun. Ikasturtean zehar bere baitan irteerak zituzten hainbat proiektu egin genituen. Ibilbide horien berri ematen genien gure korrespontsalei programa informatikoak erabiliz. Posta elektronikoaren erabilera pizgarri izan zen horrelako lanak egiteko.



Ikasturte amaierako bidaia Amaiurrera

Eskola bilera batean Amaiurko gurasoek tutoreari berriz herrira gonbidatzeko proposamena egin zioten, oraingoan beraien etxeetan lo eginez. Gonbidapena eta programa bidali zituzten eta gure ikasleek erreparoz erantzun zioten; Amaiurrera joateko prest zeuden, baina besteen etxean lo egiteak ez zituen asko erakartzen. Denek elkarrekin egin nahi zuten lo, aurrekoan bezala. Gaia eztabaidatu egin zen eta gonbidapena egina zegoen bezala onartu behar zela erabaki zen. Alternatibarik sortu ez zenez, haien baldintzetan joatea onartuko zen; are gehiago, bagenekien etxeren batean lo egingo genuela, baina ez zein etxetan. Horrela izatea erabaki genuen, alferrikako eztabaidak ekiditeko.

Amaiurko lehen egonaldian amen parte-hartzea garrantzitsua izan baldin bazen, bigarren honetan funtsezkoa suertatu zen. Leku berriak ezagutu genituen, eta herriak txikiak izan arren ikusteko asko zuten. Horrez gain, ingurunea ere zoragarria da. Adibidez, Erratzu herria eta Gorostapolo auzoko Xorroxin ur-jauzia.

Beldurra sorrarazten zuen gaua ere iritsi zen, eta hurrengo goiza ere bai, inork uste baino lehenago. Ez zen inolako arazorik egon, dena ondo joan zen. Beldurra gainditu zen, eta besteen etxean lo egitea ez dela traumatikoa frogatu zuten, atsegina izan litekeela baizik.

Bigarren egunean Zugarramurdira joan ginen gurasoak, irakasleak eta ikasleak. Akelarreak ospatzen ziren eta Inkisizioak hain ezaguna egin zuen koba ikusi genuen. Handik Urdazubira joan ginen, Axular idazlearen jaioterria, euskal literaturan mugarri izan zen "Gero" liburua idatzi zuen egilearen sorlekura. Azkenik, Otsondoko portura igo ginen zelaian bazkaltzera.

Itzulerako bidaian zenbait opari ekarri genituen motxilan; baina oparirik preziatuena eta gehien iraungo duena bi egun haietako elkarbizitzaren oroimena izango da.



Posta trukearen amaiera

2001-2002 ikasturtea bukatu ostean, posta trukeari amaiera ematea erabaki genuen. Amaiurko ikasle asko Bigarren Hezkuntzara pasa dira eta egoera asko aldatu da. Baldintza berrietan posta trukea mantentzea nahiko behartua ikusten genuen. Korrespontsalen artean lotura afektiboak sortu ziren eta ikasleen egoera aldatu ostean lotura horiek mantentzea ezinezkoa zen.



Balorazioa

Lehenengo eta behin, eskola komunitatea osatzen dugun guztiok, ikasleak, familiak eta irakasleak, oso gustura gelditu garela azpimarratu behar dugu.

Eduki kontzeptualen, prozedurazkoen eta portaeren balorazioa egiten badugu, horiek guztiak lantzen eta garatzen diren une ugari sortzen direla esan daiteke.

Posta trukea mantentzeak hizkuntza idatziari komunikazio balioa ematen dio; hizkuntzarekiko funtsezkoa dena, hain zuzen ere. Hainbat testu mota lantzen dira hizkuntza zehatz batean, eta testu horien bidalketak bitarteko eta prozedura batzuk eskatzen ditu. Era berean, jarduera honek beste leku bateko pertsonekin harremanetan jartzen gaitu, eta horrek errespetuzko jarrerak mantentzea eskatzen digu, baldin eta harreman horrek iraun dezan nahi badugu. Aipatu dugun hori guztia begien bistakoa da; baina, horrez aparte, badaude a priori ikusten ez diren beste hainbat alderdi, aurreikus ezin daitezkeenak, bizitzan bertan bezala, eta jarduera honekin horixe gertatzen da. Gurasoen partaidetza ezin zen programatu, eta ezta eskolatik at sortu zen komunikazio paraleloa ere. Jarduera asko aberastu duten alderdiak dira.

Bestalde, eskualde bietan euskalki ezberdinak daude eta posta trukearen bitartez hobeto ezagutu eta ikasi dituzte. Horrekin batera, ingurunea gehiago ezagutzeko eta zaintzeko interesa piztu zaie. Laburbilduz, oso jarduera aberasgarria izan da eskola komunitate osoarentzat.•