Historiako zertzeladak: Elbira Zipitria, euskal <br />eskolaren izen mitikoa

2002-11-01
Euskal hezkuntzaren historiari arreta jartzen dion aldizkariaren atal honetatik agertu zaizkigu, honezkero, zenbait emakume izen: Julia Fernandez Zabaleta eta Maria Dolores Goia. Gaur beste izen ezagun bat, Elbira Zipitria, ekarri nahi dugu gogora, zeren euskal maistra guztiek bezala, urteetan zehar lan isila egiteaz gain, gerraurreko euskal hezkuntza metaketa gerraostearekin jarri baitzuen harremanetan, maistra belaunaldi berria nazional-katolizismotik at sozializatzeko eta prestatzeko aukera ahalbidetuz.
 
 
Nor zen Elbira Zipitria?

Elbira Zipitria 1906an Zumaiako herrian jaio eta oso gazte zela Donostiara bizitzera joan zen. Hiri honetako Eskola Normalean ikasi eta 1926an Lehen Hezkuntzako maistra agiria eskuratu zuen, berehalaxe Muñoa Jaunaren Ikastetxean 6 urtera arteko neska-mutilei eskolak ematen hasi zelarik.

Gerra Zibila hasi zenean Iparraldera joan eta, 1942an Donostiara bueltatu arte, Antonio M. Labaienen semeei klaseak ematen jardun zuen. Urte batzuetan klase partikularrak ematen ibili ondoren, 1946an Fermin Calbeton kalean ezarri zuen bere eskolatxoa (etxe-eskola) orduko hezkuntza legeak 9 urtera arteko eskolatze arauek ahalbidetzen zutenarekin jokatuz.

1969ra arte mantendu zuen Zipitriak bere etxe-eskola, eta urte horretan halabeharrez aldatu ere, zeren une horrexetan Gipuzkoako Gobernu Zibilak etxe-eskolen debekua ezarri eta legeztatu beharra derrigortu baitzuen. 1969an etxe-eskolak erabat desagertu zirela esan dezakegu, ez soilik aginte politikoen erabakiaren eraginez, baizik eta gizartean sortu zen euskal eskola eredu berria, ikastola izenez guztiok ezaguna den hori, erabat zabaldu eta finko sustraitu zelako.

Baina nolakoa zen Elbira Zipitria? Gure ustez, nagusiki bere garaiko emakumea izan zen, euskal pizkundea gertatzen hasi zenean jaiotako eta nazionalismoaren urterik emankorrenetan gazte izan zen emakumea, ideia eta mugimendu ezberdinen arragoa, alegia. Bere ekarpenaren muina ulertzeko hurrengo hiru puntu hauek aztertzeari derrigorrezko deritzogu, bere ideologiaren osagai nagusitzat jotzen baititugu, hain zuzen, Muñoa Jaunaren ikastetxeko irakaslea izateari, euskararen munduko loturari eta Emakume Abertzale Batzako militantziari.

Esan dugun bezala, 1926an hasi zen lanean Zipitria Muñoaren ikastetxean. Muñoa Jaunak eratu zuen eskola euskal irakaskuntzako lehenengo saio jarrai eta sendoa izan zela esan behar dugu, eta euskara hutsez irakastea, gaztelania ikasgai hartzea, aisiari garrantzi berezia ematea eta nagusientzako gau-eskolak antolatzea izan ziren ikastetxe honetako ezaugarri azpimarragarri batzuk. Horretaz aparte, aipatu behar dugu Muñoak euskal irakaskuntzarako zeukan grina ez zela bere ikastetxera mugatzen; Euzko Ikastolen Batzaren proiektuaren diseinuan eta Eusko Ikaskuntzaren lanetan parte hartu zuen, baita adibidez 1931an Donostian ospatu zen "Elebitasunaren Kongresuan" ere. Datu horiek guztiek Elbirak bere profil profesionalaren atal bat bederen euskal hezkuntzaren gune aberats batean taxutu zuela adierazten digute, hamar urteko epean gainera.

Muñoaren ikastetxeko jarduera hau, noski, ez zen esperientzia isolatua izan. Zipitriak, gazte-gaztetatik Gipuzkoako euskararen aldeko mugimenduarekin oso harreman zuzenak izan zituen. Manuel Lekuonak euskara garbiaren kontuan Elbira Zipitria "proselitistatzat" jotzen du, herrietara abertzaletasuna erakustera zetorrelarik:"Olako proselitismo-saioak eratzeko oitura andia zan orduan: Kapitaletatik erri txikietara; Andereinoak eta mutil abertzaleak Donostia´tik eta Bilbao´tik baserrietara, abertzaletasuna erakustera"; Tolosa eta Oiartzun aldeko lagunekin batera Argia aldizkarirako artikuluak idazten zituen, eta giro berberaren bitartez Tolosako ikastolako sortzaile eta andereñoekin harremanetan zegoela ikusi ahal dugu, baita Aitzol, Lekuona, Labaien eta euskal munduko izen ospetsu batzuekin ere.

Elbiraren euskararekiko kezka hauek Euskaltzaleak erakundeko kidetzan ere antzeman daitezke. Jakina denez, nazionalismoaren barruan kultur politika aberkideaz aparte, bazegoen Euskaltzaleak erakundea, etiketa politikoetatik ihesi, euskara eta euskal kulturaren pizkundea aldarrikatzen eta bultzatzen zuena. Haren adierazlerik garrantzitsuenak José de Ariztimuño "Aitzol" eta José M. De Agirre "Lizardi" izan ziren eta Eusko Ikaskuntzarekin harreman estuak zituztelarik Euskararen Eguna eta euskal antzerkia, poesia eta elaberriaren aldeko jardunak antolatu zituzten.

Baina bere biografian badago beste atal azpimarragarri bat: Zipitriaren EABko militantziaren berri ematen diguten lekukotasunak, hain zuzen. Dudarik gabe, erakunde honek Zipitriak gorpuzten zituen hainbat ezaugarri bereganatzen zituen, besteak beste, euskararekiko eta erlijioarekiko kezka, heziketa lana (bai eskolakoa, bai eskolatik kanpokoa ere) eta nazionalismoaren zabalkundea. Zipitria ez zen izan EABko edonolako militantea, militante kualifikatua baizik, arlo politiko eta publikoan, propaganda eta emakume hizlarien puntako markoan aritzen zen militantea. Aipamen honen adierazgarri, adibidez, 1932ko apirilean Donostiako EABko eraketa saioaz Policarpo Larrañagak esaten diguna:"..y el formidable mitin en el Frontón Urumea sin precedentes en Donostia, con una asistencia calculada en 25.000 personas, a cargo de los brillantes oradores patriotas Mercedes de Kareaga, Elvira Zipitria, José Antonio Aguirre".

Gerraurreko esperientzia eta jarduera hauen bitartez, Zipitria naziogintza eta euskalgintzaren harreman sareetan guztiz txertatuta eta kokatuta zegoela esan dezakegu; lagun harremanak eta politika, hizkuntza, hezkuntza eta erlijioaren bidezkoak gurutzatu, elkar osatu eta oinarri bihurtzen dira bere bizitzaren azterketa guztian zehar. Gauzak horrela, gerrara arte zituen lagunekin erbesteratu, exilioa eurekin igaro eta berriro herriratu zenean harreman zirkulu berdinean ikusten dugu.



Lehenengo euskal eskolak frankismoan: Donostiako etxe-eskolak

Zipitria Iparraldetik etorri eta 1946an bere etxe-eskola zabaldu zuen Fermin Calbeton kalean. Maistra tituluduna izateak ematen zion aukera profitatuz, bere etxean 9 urtera arteko haurrak bildu eta hezten aritu zen. 9 urteak betetzean, haurrek legeak ezartzen zituen edukien ezagupena "ingreso" izeneko azterketa batean frogatu behar zuten hezkuntza arautu eta formalean jarraitu ahal izateko. Etxe-eskola hauetako zuzendaria eta erantzulea irakaslea bera zen, eta gurasoek ordaintzen ziotenarekin finantzatzen ziren eskolako gastuak.

Horrela funtzionatzen zuten eskolak gerraurrean aurkitzen ditugu, baita edukiak euskaraz emanez ere. Beraz, funtzionaketa eredua ez zen berria, are gehiago, legeak agindutakoaren irizpideei jarraituz (edo hezkuntza sistemak zituen lotugabeko bideei jarraituz) antolatu ziren etxe-eskolak. Berrikuntza, zalantzarik ez, egoera soziopolitikoaren eskutik etorri zen; euskara eta euskal kulturaren arrastorik txikiena guztiz galarazita zegoen momentu batean, euskara bide zelako eskola bat antolatu eta martxan jartzea izan zen esperientzia honek bereziki nabarmendu zuena.

Martxan jarri bai, baina euskaraz izateaz gain, Zipitria gerraurrean praktikatutako eredu pedagogikoaz baliatu zen, nagusiki pedagogia ekintzailearen ekarpenak nabaritzen zaizkiolarik: interes guneak eta ikuspegi globala, haurra hezkuntzaren ardatz hartzea, ingurune naturalekiko harremana, ibilaldiak baliabide pedagogiko gisa... oro har, memorismotik eta autoritarismotik ihesi zihoan planteamendu pedagogikoa.

Irakasleen prestakuntzari ere ekarpen berezia egin ziola azpimarratu nahi genuke. Zipitriak, gerra baino lehenago zegoen joerari jarraituz, irakasleriaren prestakuntzari garrantzi handia eman zion, eta 50eko hamarkadaren hasieran maistra gazteak etorri zitzaizkionean, berarekin urtebeteko praktikak egitea eskatu zien. Etxe-eskola bat zabaltzeko, irakasle titulua ezinbesteko lehenengo baldintza zen eta bere metodologian urtebetez aritzea derrigortu zuen.

Maistra hauek, praktiketako urte horretan, goiz eta arratsaldeko ikastaldietara joan eta, etxera itzultzean, dena apuntatu eta jasotzen zuten. Praktiketan ibilitako andereño bik honela gogoratzen dute:"...Eseritzen zinen eta ikusi nola egiten zuen lana, eta pasatzen zitzaizun ohartu ere egin gabe denbora! (..).Beste ikasle bat bezela, lurrean eserita eta hantxe, dena berri-berria zen, niretzako izan zen dena berri-berria, osea, Normaletik atera anormala bezala eta orduan hara joan eta ikusi.."; "Orduan zen noski, horrela, lurrean, kanikakin, baino zein matematika zen hura!, inork ez zekiena, kolegiorik eta sonatsuenetan ere inork ez zekien bezalakoa. Izugarria, izugarria, hori niretzat izan zen (..) Pentsa! urtebete pasatzen genuen hori ikusten, eta agian ez zen nahikoa, eta magisterio osoa egina genuen, eta hiru urtez magisterion praktikak egiten genituen e?. Gero oposaketak ere prestatu genituen eta hala ere zeharo gauza berri bat, ba nik uste ezagutu genuenoi sekula ahaztuko ez zaiguna".

Praktikak egitea, beraz, andereño gazte horientzako guztientzako esperientzia aberasgarria bihurtu zen eta eskolak ematen hasi baino lehen ezinbesteko baldintzatzat jotzen hasi ziren; ordutik aurrera, etxe-eskola zein beranduago ikastoletara joango ziren andereñoak denbora luze batean esperientziadun andereño batekin ibiltzea arau bihurtu zen euskal hezkuntzan.

1984ko ekainean zendu zen, haurren, helduen eta andereñoen andereñoa izandako emakume nekaezina. •



Bibliografia

- ARANBURU, X.: "Hezkuntzaren historia Euskal Herrian: Ikastola. Elbira Zipitriaren biografiarako jakingaiak: Ikastola Donostian 1942-1969 urte bitartean", Eusko Ikaskuntza. Cuadernos de Sección: Educación, 4 (1991). Donostia. 13-14 .

- FERNANDEZ, I.: Oroimenaren hitza. Ikastolen mugimenduaren historia 1960-1975, UEU, Bilbo, 1994.

- LEKUONA, M. (1985): "Elbira Zipitria", in Euskarazaintza (arg.): Zipitria´tar Elbira Andereñoa. Omenaldia, Lopez Mendizabal, Tolosa.