Historiako zertzeladak: Euskarazko alfabetatzea XIX. mendean: inprentaren baldintzapena eta eragintza

2002-10-01
 
 
Alfabetatzea xede duten egungo azterketa historikoetan aldaketa garrantzitsua nabarmendu da: analfabetismoa aztertzetik (oraindaino ohikoa izan den jokabidea) arreta alfabetatze prozesuan jartzera pasa da. Analfabetismo kontzeptuak duen ikuspegi ezkor eta negatiboan (kulturak edota gizabanakoak duen "handicap" gisa) zentratu baino, testuinguru soziokultural jakin batean herritarren alfabetatzeak (alderdi positiboagoan zentratuta orain) nolako ibilbide historikoa izan duen ezagutzera jo nahi izan da, kultura idatziaren txertatzea eta bilakatzea ekarri duen alfabetatze prozesuaren egile izan diren eta burutu diren ekintza moduen ezagutzan arreta jarriz. Alfabetatzeak, bere horretan, irakurtzen eta idazten ikasi eta jakitea eta hainbat gizarte eta kultur praktikaren bidez gaitasun horiek erabili eta lantzea esan nahiko du. Alfabetatzea bera ulertzeko moduaren irekieraren aurrean gaudelarik, alfabetatzeak adierazten duen hitzaren teknologizazioarekin bat landu ohi diren gaitasun eta abileziak zein kognizio mailan izan ditzakeen ondorioak derrigorrez ulertu eta baloratuko ditugu irakurketaren eta idazketaren ikaskuntzarako eta erabilerarako testuinguru soziokultural jakin batean txertatuak, gizarte eta kultur praktika batzuen barruan kokatuak, alegia.

Ez da egon alfabetatze hedatura iristeko modu eta bide bakarra. Zenbait herrialdetako azterketek azaldutakoa jasoz1, alfabetatze prozesuek historikoki erritmo bereiziak dituztela ikus dezakegu, ez dagoela irakurketaren eta idazketaren ikaskuntzarako eredu bakarra -aitzitik, hainbat gizarte praktiken araberakoak ditugu-, ez eta herriaren alfabetatzearen hedadura bultzatuko duen arrazoi bakar eta komuna, ez bide bakarra ere. Aldiz, gure aurrean ditugunak ezaugarri bereizgarriak dituzten eredu historiko desberdinak dira, hala nola, suediarra, prusiar-alemaniarra, ingelesa, frantsesa edota espainiarra2.



Euskal alfabetatzearen eredu historikoa

Euskal alfabetatzearen eredu historikoa bereiziko luketen ezaugarriak oraindik zehaztu gabe, ezagutzear ditugu. Oraindaino ez da euskaldunon alfabetatze prozesua historikoki aztertu Euskal Herriak dituen gizarte, kultura eta hizkuntza ezaugarri propioetatik. Beti aztertu izan da alfabetatzea frantziar zein espainiar estatuen ikuspegi politiko eta kulturaletik, eta beti aztertu izan da alfabetatze prozesua estatu bakoitzaren hizkuntzaren ikuspegitik, dela frantsesezko alfabetatzearen azterketa, dela gaztelaniazko alfabetatzearena. Eta prozesu horietan euskaldunok izan ditugun lorpen mailak, neurriak eta tasak izan dira aztertu direnak, eta horren arabera izan da gure herria, gure kultura eta izan gara euskaldunok analfabetotzat edota alfabetatutzat hartuak; Euskal Herriko alfabetatze prozesua beti ikusi izan da estatuko alfabetatze prozesuekiko erreferentzian. Ondorioz, ez da harritzekoa¿Pero había alfabetización en euskera en el siglo XIX? gisako galderak gure artean entzutea. Uste izan baitugu, oro har, ez dela euskarazko irakurketa eta idazketaren, ez eta euskal kultura idatziaren garapenik izan XX. mendearen 60ko hamarkadara arte, garai horretan hainbat hezkuntza erakundetatik (ikastolak eta Helduen Alfabetatze Euskalduntze erakundeak kasu) euskal alfabetatzearen hedapenari bultzada nabarmena eman zaion arte. Aldiz, aipatutako ildo berrietatik gure artean egin diren azken azterketek3 euskal alfabetatzearen eredu historikoa eraikitzeko beharra eta aukera azaldu dute, eredu hori eraikitzeko kontuan hartu behar ditugun elementu edo osagaiak, oinarrizko baldintzak eta epekatze posiblea eskainiz.

Hala, "Alfabetatze Moduak", "Euskararen Erabilerak" eta "Kode Ideologikoa" kontzeptuak oinarrian harturik bi garai handi zehaztuko dituen ondorengo epekatze hau proposatu du Dávilak: Alfabetatze "Subordinada" (XIX. mendea) litzatekeena, Alfabetatze Murriztua (1900-1970), Alfabetatze Hedakorra (1970-1980) eta Alfabetatze Instituzionala (1980-1994)4. Epe bakoitzaren ezaugarriak, halaber, alfabetatze modu jakin bat, euskararen erabilera publiko zein pribatu bereziak eta kode ideologiko zehatzak dira. Euskarazko alfabetatzea zentzu zabal eta jendetsuan (herritarren alfabetatze-oso izaera lortzera zuzendutako kultur eta gizarte ahaleginak, alegia) XX. mendearen 60ko hamarkadatik aurrera garatu bada ere, horrek ez du esan nahi aurretik euskaraz irakurtzen eta idazten ikasten ez zenik, ez eta gaitasun horiek praktikan jartzen ez zirenik ere. Testuinguru historiko desberdinetan euskarazko alfabetatzeak modu, izaera eta arrazoi bereiziak izan ditu euskal populazioak bizi izan dituen eta oraindik ere bizi dituen beste bi alfabetatze prozesuekiko (frantsesezko alfabetatzea eta gaztelaniazko alfabetatzea) elkarrekintzan. Euskarazko alfabetatze prozesua historikoki ezagutu eta ulertu ahal izateko ezinbestean hartu behar izan ditugu aintzat gaztelaniazko zein frantsesezko alfabetatzeen nondik norakoak eta, alderantziz ere, derrigorrezkoa zaigu Euskal Herrian eman diren gaztelaniazko zein frantsesezko alfabetatze prozesuak ulertu ahal izateko euskarazko alfabetatzearen ibilbide historikoa marraztea. Ildo horretatik, ezinbestekoa iruditzen zaigu euskara batuaren ezarpenarekin batera ibilbidea egin duen alfabetatze prozesua zehaztea, baina baita ere euskalki bakoitzaren ibilbide historiko-kulturala eta, maila horretan, herrialde bakoitzean atzeman ditzakegun desberdintasun eta berezitasunak jasotzea. Euskarazko alfabetatzea kontzeptua uneoro berdefinitzera behartuta gaude, zentzu dinamiko eta aldakorrean ikustera behartuta historian zehar gizarte, ekonomia, kultura, politika eta hizkuntza egoerak aldatuz doazen heinean. Horrela baino ez gara egongo, herrialdeen berezitasun historikoetatik abiatuz, Euskal Herri osoari dagokion euskal alfabetatzearen eredu historikoaren ezaugarri orokorrak ezartzeko moduan.



XIX. mendeko euskarazko alfabetatzeaz zer?

Mende horretan bai estatu frantziarrean bai espainiarrean ere fenomeno nabarmena izan zen estatu-hizkuntzetan bultzatutako alfabetatzeek (gaztelaniazko alfabetatzea eta frantsesezkoarena) eragindakoa. Eskola erakundeaz, eta herritarren eskolaratzearen bitartez, Frantzian eta Espainian herritarren alfabetatze prozesua areagotzera jo zen zentzu uniformizatzaile eta zentralistan, nazio gutxituen etengabeko akulturatzean murgilduz. Euskaldunek, beraz, eskolaren bitartez gaztelaniazko zein frantsesezko alfabetatzearen presio gordina jaso zuten. Frantziako kasuan bertako hizkuntza zuten zonaldeetan alfabetatzearen atzerapena gertatu bazen ere, Espainiakoan, aldiz, badirudi nahiko emaitza eraginkorrak ekarri zituela, Estatuko beste zonekiko konparazioan, gaztelaniazko alfabetatze tasan lehenengo mailetan izan baitziren hegoaldeko lau herrialdeak. Eskolan erakundeturiko hezkuntza esparruaz, beraz, nabarmendu dezakeguna zera da: alfabetatzearen bitartez herria erdaldunduarazteko burutu eginahalak. Nolanahi ere, bi guda karlisten artean batez ere, eskolaren esparruan bertan nolabaiteko jarrera eta ekintza elebiduntzaileak ikus daitezke, gaztelania edo frantsesaren ikaskuntza helburu izanik euskararen irakurketa eta idazketaren lanketatik abiatu zirenak. Ahalegin horiek euskararen galera nolabait geldiarazi edo oztopatzen zertxobait lagundu zuten eta euskarazko alfabetatzeari, zeharka bederen, mesede egin zioten. Era berean, zuzenean euskararen defentsan edota euskarazko irakaskuntza nolabait indartzera jo zuten ekinbideak ere izan ziren (irakaskuntzan euskararen erabilera bermatzera zuzendurik karlistek harturiko hainbat erabaki edota Errestaurazio garaian nazionalismoaren indar hartzearekin bat aurrera eramandako hainbat eskola esperientzia berri). Eskolaren bitartez zuzenduriko gaztelaniazko zein frantsesezko alfabetatzearen presio gordinaren aurrean, euskararen onurarako burutu hainbat esperientzia ezagutzen dugu: batzuk, halabeharrak eraginda, planteamendu elebiduntzailea dutenak; eta besteak espresuki euskarazko irakaskuntza bultzatzera zuzenduak.

Eskola esparruan gauzaturiko saiakerak eta ekintzak gutxietsi gabe, XIX. mendeko euskarazko alfabetatzearen ezaugarri esanguratsuenak ez-formal eta informal bezala ulertzen ditugun hezkuntza esparruetan bilatu behar ditugula uste dugu, kultur esparru zabalagoetan eta hainbat gizarte erakunderen inguruan bideraturiko ekintza alfabetatzaileetan, alegia. Hor kokatuko genituzke euskararen aldeko jokaerak, euskarazko ahozko erabileraren aldekoak, noski, baina baita ere, ordura arte ez bezala, euskarazko komunikazio idatziaren aldekoak, euskarazko irakurketaren edota idazketaren bultzatzera zuzenduriko kultur ekintza guztiak: euskarazko katedren sortzea, euskarazko aldizkarien bultzatzea, Lore Jokoak, kaleetako txarteletan, bando zein zirkularretan euskararen erabilera bultzatzera zuzenduriko ekintza instituzionalak eta abar. Ekintza horien ezagutzeak erakutsiko digu zein bidetatik aritu izan den kultura idatzia pixkanaka-pixkanaka ahozko euskal kulturan txertatzen, zein gizarte, ideologia eta hizkuntza testuinguruan.

Euskarazko kultura idatziaren esparru zabalago honetan interesgarria iruditu zaigu idatziaren eskuragarritasunari eta erabilerari tartetxoa egitea eta, horretarako, inprenta-etxeek buruturiko lanaz aipamen berezia egitea, garai honetako inprenta-etxeen lana, etxe zehatz batzuen lana batez ere, oso esanguratsua izan baitzen euskarazko testuen argitalpenean (testuen idazketan eta inpresioan), eta baita euskarazko irakurketak biziko zuen bultzadan ere. Esanguratsua, zehazki, beharbada kontrajarriak diren bi mailatan: baldintzapenean eta eragintzan.



Inprenta-etxeak: euskal ortografiaren finkapenerako baldintza

Baldintzapenaz ari garenean, baldintzapen teknikoaz ari gara batez ere. Euskara estandarrik edo egun euskara batuaz ezagutzen dugunaren antzekorik ez zegoen garai hartan, gaztelaniazko ortografia utzi eta euskarazko ortografia bateratu beharra aldarrikatzen zuten euskal idazle eta euskaltzaleek zituzten zailtasunei (akademia falta, hiztegi egokia falta, gaztelanian oinarrituriko tradizioari eutsi nahia, idazleen talde mugatua, lan argitaratu gutxi, ohiko gauzez euskaraz idazteko ohitura gutxi eta abar) beste bat gehitu behar zitzaien: inprentetan euskal ortografia bateratua garatzeko proposatzen zen hainbat hizki-tipo inprimatzeko zegoen ezina edo zailtasun teknikoa. Lekuko Manterola jaunak zioena, Bonaparte printzeak proposaturiko alfabetoan oinarritutako idazketa ezartzeko zituen zailtasunak adieraztean"La principal dificultad que existe para llegar al fin apetecido, es la carencia en las imprentas de algunos de los tipos necesarios para publicar obras de alguna extensión con arreglo á dicho sistema; pero este obstáculo, si bien es de importancia por el momento, ha de ir desapareciendo paulatinamente, segun vaya aumentando el movimiento literario que impulsará á los tipógrafos bascongados á proveer á esta necesidad"5. Nolabaiteko egoera kaotikoan murgilduta ziren idazleak, gomendioak gomendio, nahiak eta posibilitateak uztartuz, euskara nola idatzi eta nola inprimatu erabaki beharrean zeuden. Hona euskaltzale honek berak "K" hizkiaren erabileraz egin gomendiotan atzeman dezakegun kaos teknikoa eta konponbideren baterako behar larria"Pero la K, se dirá, es letra exótica, extraña á la vista, escasa en nuestras fundiciones tipográficas, y por tanto, ofrece una série de resistencias; pues bien, si no quiere adoptarse una innovación tan radical, puede usarse la (c), sin confusión ninguna, en las combinaciones finales (...)"; edota "J" hizkiaz dioena"El Príncipe Louis Luciano Bonaparte ha empleado en sus obras tres tipos de jjj distintas, para indicar dichos tres sonidos; pero como quiera que en nuestros establecimientos tipográficos no existe abundancia de signos, hay que resolverse, como lo he hecho á usar de la j (con punto superior) para expresar la pronunciación de la j castellana y de la j (sin punto superior) para indicar la de la j francesa ó bizcaina, análoga al sonido de nuestra y griega (...) este es uno de los puntos que exije una solución, si hay que evitar toda confusión y ha de practicarse la principal regla a que debe sujetarse toda ortografía racional: la de que todas las palabras se escriban como deben pronunciarse"6.

Antzeko oharra egitera behartuak sentitu ziren Euskal Hitz Jostaldietako Batzarrekoak lanen lehenengo argitalpenean"Pesta-giari batzarreak desio zuben liburucho onetan argitaratzen diran lan guztiak moldizkiratuak izan zitezela oraingo aztizkindean, baña, bear adiña izkira arkitzen ez direlako artarako moldizkiran, ipintzen dira batzuek artizkinde zarrean, besteak berrian"7.

Adierazpen horiek inprenta ohitura zaharrek kultur eta gizarte egoera berri batekin topo egiten duteneko momentuan gaudela pentsatzera garamatzate, euskarazko kultura idatziaren eskakizun, behar eta eskaintza berrien garaia, kaos teknikoak zipriztinduriko inflexio puntu garrantzitsuan, alegia.



Inprenta-etxeak: euskarazko irakurketa eta idazketarako eragintza

Gure lurraldean finkaturiko inprimategiak gutxietsi gabe, bereziki aipatu nahi genituzke garai honetan euskarazko idatzien inpresioan aparteko esanahia izan zuten bi inprenta-etxe, Donostian zein Tolosan kokatuak izan arren Euskal Herri osoan hedatu eta eragin nabarmena izan zutenak: Donostiako Baroja etxea8, eta Tolosako Eusebio Lopez jaunaren inprimategia ("Casa Editorial de Eusebio López, sucesor de la Viuda de Mendizabal")9 . Aipatzekoak dira bi etxe horiek euskarazko idatzien inprimatzean egindako lan eskergagatik batetik, eta, bestetik, erakunde politiko eta sozialetan parte hartuz edota kultur ekintzak bultzatu eta bideratuz euskalgintzan egin zuten lanagatik.

Zentzu horretan, nabarmenduak izan dira, XIX. mendeko azken hamarkadetan batik bat, bertsopaperen inprimagintzan eginiko lanean. Izan ere Guruchaga, Muguerza eta Makazaga etxeekin batera"Fecundas impresoras y difusoras de folletos y libritos de devoción en Euskera"10 izan baitziren aipaturiko bi etxeak. Bai Baroja etxea eta bai Lopez-ena ere tradizio familiar handiko etxeak izanik (mendearen hasieratik daude Gipuzkoan ofizialki finkatu eta onartuak), liburuxkez gain euskal kultura idatziaren gizarte garapenerako esanahi handia izan zuten lanen argitaratzeaz ere arduratu ziren. Baroja etxearen esku zeuden, besteen artean,"egintza on, eta atsegingarri asko, euskera samurrean egiñak" edot"antzokirako egintzarik geyenak, eta lenbizi izkribatu diranak"11 . Horrekin batera, "Euskal Erria" aldizkariaren argitalpenaren ardura izan zuen 33 urte luzez.

Bestalde, euskal kultura idatziaren hedapenerako inprimagintzan emandako pausoak ezinbestekoak izan diren bezala, azpimarratu nahi dugu Donostiako "Euskal-itz-Jostaldien Batzarrea"12 delakoaren sorrera ere, eta honen inguruan antolatu izan ziren "bertsolarien jostagudak", euskal jaiak, literatur lehiaketak eta abar, euskarazko irakurketa eta idazketarako gizarte eta kultur praktika berriak sortuz, euskarazko alfabetatze prozesuan gizarte espazio berriak eraiki zituztenak. Testuinguru horretan bereziki da aipagarria fenomeno hau bertan, beste hainbat euskaltzaleren lankidetzarekin batera parte-hartze aktiboa izan baitzuten Canuto Ignacio Muñoz jaunak (Baroja inprenta-etxeko buruak) eta Baroja etxeak berak, kultur ekintzen antolaketaz gain, lehiaketetan sarituak izaten ziren lan idatziak "Euskal Erria" aldizkarian argitaratzeko ardura hartu baitzuen beregan.

Halaber, Eusebio López jaunari ere egotzi zaio euskal eta euskarazko hainbat eta hainbat lan argitaratu eta zabaldu izanaren erantzukizun laudagarria1"...este decidido y laborioso editor, que publicó obras de gran importancia, relativas a nuestro país, inéditas unas y agotadas otras. Diccionarios, gramáticas, libros de historia..., editó en sus talleres con perfección presentándolos lujosamente encuadernados, y recorriendo en persona aun los pueblos de la menor importancia, ofrecía sus obras casa por casa a los suscritores y a los estudiosos que no estaban suscritos. (...) Gracias a él enriquecíamos los aficionados a estas lecturas nuestras bibliotecas con nuevos y poderosos elementos de los que hasta entonces carecíamos y nos familiarizamos con las obras del P. Moret, del P. Henao, de Campión, Novia de Salcedo, Gorosabel, Aizquibel y alguno más, obras todas, hasta entonces, de difícil adquisición"14 . Garrantzi "gutxiko" herrietara jo ez ezik, behin baino gehiagotan jo zuen Gipuzkoako Diputaziora berak argitaraturiko lanen baten ale batzuk eskura zitzan eta, bide batez, herrialdeko hainbat herritan barrena zabal zitzan euskararen eta euskal kulturaren garapenarentzat hain garrantzitsutzat jotzen ziren lanak. Hona hemen, adibidez, inprimatzaileak berak argitaratu zuen Novia Salcedo-ren "Diccionario manual de la Lengua Vascongada"-ren ale batzuk eskura zitzan eskatuz Diputazioari 1901. urtean igorririko hitzak:"Eusebio López, vecino de Tolosa (...) que en la casa editorial que en la mencionada Villa posee y dirige el recurriente, se ha dedicado con preferencia, como á todo el mundo es notorio, á la publicación de obras vascongadas, ya de caracter científico, ya de caracter literario- abonadas por la bien cimentada fama de sus autores; de suerte que le cabe la honra de haber contribuido valiosamente y en proporción que nadie supera hasta el dia á la cultura de la hermosísima y venerable lengua (...) Hace tiempo que los cultivadores del bascuence vienen reclamando como de indudable utilidad práctica, la publicación de un diccionario manual, puesto que los justamente celebrados de Larramendi, Aizquibel y Novia de Salcedo, este último único que dá la correspondencia castellana de los vocablos euskaros, por la forma de sus ediciones constituyen obras de biblioteca, libros de consulta incapaces de dar satisfacción á la necesidad de manejar de continuo el tesoro de la lengua cuya vulgarizaciójn interesa mas y mas á medida que se multiplican las causas que tienden á su corrupción y bastardeamiento" 15.

Lopez jaunak, bere euskaltzaletasun tinkoari eutsiz eta zuen merkatari sen zorrotzak gidaturik, batik bat mendearen bigarren erdialdean testuen argitalpenean, salmentan, banaketa eta hedapenean buruturiko lan eskergaz euskarazko idatziaren eskuragarritasuna -eta, ondorioz, euskarazko irakurketa eta idazketaren praktika- areagotu zuen merkatua sortzen lagundu zuela esan genezake; euskal eta euskarazko idatzien merkatuaren aldeko apustua egin zuen, eta neurri handi batean, merkatua bera sortu ere bai. •





Bibliografia edo oharrak



1 GRAFF, H.J.: The legacies of literacy. Continuities and contradictions in western culture and society, Bloomington, Indiana University Press, 1987.

2 VIÑAO FRAGO, A.: "Del analfabetismo a la alfabetización. Análisis de una mutación antropológica e historiográfica", in Historia de la Educación, 3, (1984).

3 DAVILA. P.; EIZAGIRRE, A.: "Alfabetización y euskaldunización en Euskal herria" in ESCOLANO, A.(arg): Leer y escribir en España. 200 años de alfabetización, Fundación Germán Sánchez Ruipérez, Madril, 1992. EIZAGIRRE, A.; DAVILA, P.: "Alfabetatzea Euskal Herrian: ikuspegi historikoa" in Ele, 8 (1991), 27-55. DAVILA, P.; EIZAGIRRE, A.; FERNANDEZ, I.: "Los procesos de alfabetización y escolarización en Euskal Herria, 1860-1990", in Cuadernos de Sección, 7 (1994), 63-99, Eusko Ikaskuntza, Donostia.

4 DAVILA, P.: "El modelo histórico de alfabetización en Euskal Herria" in DAVILA, P. (koord): Lengua, escuela y cultura. El proceso de alfabetización en Euskal Herria, siglos XIX y XX, UPV-EHU, Bilbo, 1995. Ikus baita ere aldez aurretik elkarlanean burutu lan hauek: DAVILA, P.: "Euskal alfabetatzearen ereduaren eraiketarako osagaiak" in Uztaro, 9 (1993), 153-160. DAVILA P.; EIZAGIRRE, A.; FERNANDEZ, I.: "Elementos para la elaboración de un modelo de alfabetización vasco" in Cuadernos de Sección. Educación, 7 (1994), 101-111, Eusko Ikaskuntza, Donostia.

5 MANTEROLA, J.: Cancionero Vasco. Serie III, Tomo I, XIV. orr.,1880.

6 MANTEROLA, J. : op. cit. XVII-XIX. orr.

7 "Euskal-Izkribatzalleen indar-neurtzea, 1879ko Agorrillaren 7garren egunean Donostian eguiña, orretarako artu diran prestamen eta sariztatuak izan diran izkribu antolamenduen oroitza. (Uri onetako Bilgumaren erabakiz argitaratua)". Donostian: Antonio Baroja-ren Moldizkiran.- 1879 garren urtean". Gipuzkoa Artxibategi Probintziala, J.U. 4123.

8 Ikus Baroja etxearen inguruko berri gehiagorako: "LOYARTE, A. de: "El centenario de la casa Baroja" in Euskal Erria, 30 de Diciembre de 1912, 1071, LXVII tomoa, 535-537. URANGA, J. I.: "BAROJA-ren echia edo moldiztegi zarra", zenbaki berean, 538-542. BENGOECHEA, J.: "Casa Baroja", zenbaki berean, 543-553 . SORALUCE, P. M.: "La Casa Baroja y la prensa donostiarra", zenbaki berean, 554-558.

9 Ikus baita ere, MUGICA, S.: "La imprenta en Guipúzcoa, examinada a través de los Libros de Registros de Juntas de la Provincia" in Revista Internacional de los Estudios Vascos, 3 (1934), Uztaila-Iraila, 28 urtea, XXV tomoa, 453-476.

10 ZAVALA, A.(196a): Bosquejo de historia del bertsolarismo. Auñamendi, Donostia.

11 URANGA, J.I.: op. cit. 541-542.

12 Lore Jokoei zein Batzarrearen lanari buruzko berri zahatzagorako ikus: DAVILA, P.; EIZAGIRRE, A.: "Las fiestas populares y un nuevo contexto de alfabetización en euskera. El caso de Guipúzcoa (1879-1918)", in Revista Internacional de Estudios Vascos, 41, 1, (1996), 125-140. DAVILA, P.; EIZAGIRRE, A.: "Las fiestas euskaras en el País Vasco (1879-1936): nuevos espacios de alfabetización" in DAVILA, P. (Koord.) (1995): Lengua, escuela y cultura. El proceso de alfabetización en Euskal Herria, siglos XIX y XX. UPV-EHU, Bilbo, 1995, 257-311.

13 Ondorengo mendean ere, lehenik bere esku eta gero bere semea zen Ixaka López-Mendizabal jaunaren esku.

14 MUGICA, S.: op. cit. 468.

15 Gipuzkoako Artxibategi Probintziala (Tolosa), JD ITF 2032. Diputazioak, Fomento batzordeko diktamena aintzat hartuz, 100 ale eskuratzea erabaki zuen eta, zirkularraren bitartez, udaletxeei gomendatu ere bai aipatu hiztegia eskuratzea.