Informatika musikala

2002-07-01

Gaur egun edozer gauza egin daiteke informatikarekin, dena da posible. Baina horretarako, nola egin jakin behar da, bidea eta modua aurkitu behar dira. Eta horretarako izango da ikastaro hau.

 
 

Informatika hasieran ikasgai bat zen. Orain, berriz, tresna bat da; hainbat gauza egiteko erabilgarria den bitartekoa. Musikan ere lagungarria da, eta horregatik, informatika musikalak eskaintzen dituen aukerak ezagutuko ditugu ikastaro honetan.

Lehenengo eta behin, ezertan hasi aurretik, beldurra kendu behar dugu. Informatikari eta ordenagailuei beldurra baldin badiegu, hori da gainditu behar dugu. Izan ere, ordenagailua ez da aparailu arraro bat, baliagarria den tresna bat baizik.
Musika arloan ordenagailuaren bidez abestiak sortu, partiturak egin eta txukundu, moldaketak egin eta beste milaka gauza egin daitezke. Horretarako, noski, programak daude eta ezagutu egin behar dira.
Dance Machine programarekin musika egingo dugu. Sampler edo musika laginak hartu eta konbinatu egingo ditugu. Horrela, guk geuk sortutako musika berria egingo dugu. Gaur egungo musika moderno mota batzuk modu horretan egiten dira, elementu solteak hartu eta konbinatuz. Egindako abestiak CD batean graba daitezke eta ikasleen kasuan oso erabilgarria da, CDa etxera eraman baitezakete.
Band in a box programak konponketak egiteko balio du. Adibidez, abesti bati orkestrako instrumentu guztiak sar dakizkiokegu eta oso egokia izan daiteke eskolako jaialdi baterako. Edo ikasleek txirula jotzen duten bitartean atzetik orkestraren laguntza izan dezakete. Hik Hasiren Txirulaz CDak aukera hori ematen du.
Encore programak partiturak txukun-txukun jartzeko balio du. Badaude gisa honetako programa gehiago, baina Encore oso intuitiboa da.
Cakewalk pro audio programa sekuentziadore bat da, hots, midi artxiboak jorratzeko eta manipulatzeko balio du. Midi artxiboak partitura bezalakoak dira eta horiek duten informazioa bil dezake programa honek. Biltzeaz gain, manipulatzeko aukera ematen du. Esate baterako: tonua jaitsi, ahots gehiago sartu, abestiaren tempoa aldatu...
Klik programak arlo asko lantzeko balio du, eta baita musika ere. Multimedia programa denez, ikasleek ordenagailuan bertan gauzak egin ditzakete.
Azkenik, Internetek eskaintzen dituen aukerak ikusiko ditugu. Mundu osora irekita dagoen leiho honek aukera mugagabeak jartzen dizkigu eskura.
Programa hauetako batzuk guk geronek erabil ditzakegu Lehen Hezkuntzako haurrei musika gelan emateko. DBHko ikasleei, berriz, programa horiek erabiltzen irakats diezaiekegu. Eta programak emanez, etxean lantzeko aukera zabaltzen diegu. Esperientziak erakutsi dit, gainera, izugarrizko sorkuntza lanak egiten dituztela.
Era berean, motibazio gehiagorekin hurbiltzen dira musika mundura. Ez da gauza bera txirula bakarrik jotzea edo atzean orkestra baten laguntza izatea. Play-back-ak, karaokeak eta horrelako berrikuntzek izugarri animatzen dituzte.
Informatika musikala gure eskura dugu, irekita daukagun leihoa dugu. Eta zer nahi dugun eta nola egin dezakegun, gure esku dago. Animo!