Historiako zertzeladak: Behartsuen unibertsitatea: arte eta lanbide eskolak Euskal Herrian

2002-02-01
 
 
Euskal Herrian 1879an sortu ziren lehen arte eta lanbide eskolak. Lanbide heziketa lekuko beharrei eta behar ekonomikoei egokitzen hasi zenean jarri ziren abian aipatu eskolak, hau da, modernizazio ekonomikoaren eta sozialaren garaian.

Aski jakina da XIX. mendearen erdialdetik aurrera Bizkaian eta Gipuzkoan industrializazio prozesua bizi izan zela. Erritmo desberdineko prozesua izan zen, eta eremu ekonomiko ugariri eragin zien. Bi lurralde historikoetako fisionomia ekonomiko eta soziala aldatu zuen, ezbairik gabe. Industrializazio prozesu hori alderdi garrantzitsua izango da modernizazio zabalago baten barruan, eta beste eskualde europarrekin alderatzeko modukoa. Aldaketa demografikoek, alfabetizazioaren zabalkundeak eta eskolatzeak, hiri handien urbanizazioak, hala nola dinamika sozial berriak, itxura berri bateko gizartea sortuko dute. Modernizazio horretan murgiltzen diren herri eta hiriak erabat aldatuko dira poliki-poliki, batez ere Donostia eta Bilbo. Araba eta Nafarroa modernizazio prozesu horretatik kanpo geldituko dira, eta beren hiriburuetan arte eta lanbide eskola tradizionalak mantenduko dira. Donostiako eskolako idazkariak adierazi zuenez, eskola horiek behartsuen unibertsitateak zirela esaten zen. Ezen, lehen formazioa egin ondoren, langile baldintza hobetzeko zuten aukera bakarra eskola horietara joatea zen.

Testuinguru horretan hezkuntzak zentzu ekonomikoa hartuko du. Ordu arte ez legediak ez irakaskuntzaren administrazioak ez zuten aurreikusi alderdi hori. Garaiko berritzaile sozialek behar industrialei egokitutako eskulanaren beharra ikusten zuten. Berritzaile horiek burgesia hasiberriaren bozeramaileak ziren, eta beren lana beharrezkoa zen esaneko langile gaituek proiektu ekonomikoak, hirigintzakoak eta industrialak aurrera eraman zitzaten. Zentzu horretan, arte eta lanbide eskolak garai hartako hezkuntza legeditik kanpora ari ziren sortzen. 1970. urte arte Espainiako hezkuntza sistema osoa antolatu zuen 1857ko Moyano Lege ospetsuak eta Frantziako hezkuntza sistema antolatu zuen 1833ko Guizot Legeak ez zuten aurreikusi oinarrizko ikasketak zituzten neska-mutilek lanbide bat eskuratzeko balioko zuen lanbide ikasketarik. 1924 arte Espainian ez zen ezagutu lanbide heziketari buruzko legerik. Beraz, langileen formazioa legeditik at sortu zen, herrietako eta probintzietako erakundeek bultzaturik.

Ikuspegi orokorretik begiratuta, Europan ezagutzen ziren arte eta lanbide eskolak, batez ere Frantziako les grandes écoles deiturikoak eta Europako beste herrialdeetan zeuden antzekoak, ingeniariak prestatzeko eskolak ziren, edota irakaskuntza tekniko eta komertzialak eskaintzen zituztenak, eta elite profesionala sortzera bideratuta zeuden. Normalean estatuaren laguntza jasotzen zuten. Ikasleak ez ziren herri klasekoak, horientzat oinarrizko formazio orokorra baitzegoen. Formazio horrek prestakuntza pixka batekin lan merkatuan sartzeko aukera ematen zien. Aitzitik, Euskal Herrian sortu ziren eskolak emakumeak eta langileak prestatzera bideratu ziren. Arte eta lanbide eskolak aztertzen baditugu, modernizazio prozesua eta eskulanaren formazioa bat datozela ohartuko gara.



Herri instituzioen eta diputazioen jokaera

Eskola horiek aztertzerakoan ezinbestekoa da diputazioek diru laguntzak emateko garaian izan zuten jokaera aztertzea. Izan ere, jokaera hori elementu klabea zen diputazioek udaletxeekin zuten harremanean, udaletxeak izaten baitziren horrelako eskolak sortzeko eskaera egiten zutenak. Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek eskola horien mantenurako aurrera eraman zituzten politikak konparatzen baditugu, zera ikusiko dugu: Bizkaian irizpide orokor batzuk jarraitzen zirela eta diru laguntza gehiago ematen zirela. Era berean, Bizkaiko Diputazioko Heziketa Publikoko Batzordeak jarraipen bat egiten zuen eskola horien garapena kontrolatuz, ikuskaritzak eginez, eta baita ikasketa eta arauen zenbait plangintzarekin irizpide komunak zituzten plangintza orokorrak eginez ere. Ostera, Gipuzkoari dagokionez, ez zen horrelako politikarik aurrera eraman, nahiz eta diru laguntzak emateko zenbait neurri orokor ezarri zen. Izan ere, diru laguntzak Diputazioaren aurrekontu orokorren baitan zeuden. Horregatik, arazo ekonomikoak zeudenean diru laguntzak ukatu egiten ziren, eta ematen zena ez zen inoiz eskolen aurrekontuen % 50 baino gehiago izaten. Bizkaiko laguntza, aldiz, udalek eskolen mantenurako egiten zuten aurrekontuaren % 50 izaten zen beti.

Gipuzkoako arte eta lanbide eskolen sorrera, Bizkaian bezalaxe, udalen ekimenaren ondotik etorri zen. XX. mendearen lehen herenean gertatutako fenomenoa izan zen. Espero zitekeen moduan, eskola horien banaketak probintziaren industrializazioaren eraginez sortzen ari ziren industria guneekin bat egin zuen. Gune horiek hauexek ziren: Debagoiena (Bergara, Eibar, Arrasate, Zumarraga eta Elgoibar), Tolosaldea eta Goierri (Tolosa, Ordizia eta Beasain), Donostialdea, Irun, Hondarribia, Orereta eta Pasaia. Garrantzi gutxiago izango dute Urola bailarako Azpeitia eta Zestoako eskolek. Bizkaian eskola horiek Ezkerraldean pilatu ziren bitartean, Gipuzkoan gehiago zabaldu ziren, herrien neurriagatik, industria ere hedatuago zegoelako eta era askotakoa zelako. Eskola horiek XX. mendearen hasieran sortu ziren, Tolosakoa eta Donostiakoa izan ezik. Lehena 1889an sortu zen, eta bigarrena Gipuzkoako industria garapenaren garairik indartsuenean.

Bizkaiari dagokionez, Gipuzkoan gertatzen zen bezala, XX. mendearen lehen herenean indartu zen fenomeno hau. Horrela, eskola ugari sortu ziren, eta gehienak itsasadarraren ezkerraldean. Azpimarratzekoa da, Gipuzkoan ez bezala, ikasketa planak industriako langileen formazioan gehiago murgiltzen zirela. Gainera, emakumeentzako lanbideetarako formaziorako ikasketak ere ugariagoak ziren. Kasurik gehienetan etxeko lanekin edo ehungintzarekin lotutako ikasketak ziren, eta ez hainbeste ikasketa komertzialak.

Laburbilduz, eskola horien bilakaerako momentu kritikoan Bizkaiko Diputazioak bildutako informazioen arabera, eskola guztiak ez dira tamaina berdinekoak. Ikasleen portaera, berriz, modu horretako beste eskoletako ikasleen antzekoa da. Ikasketei dagokienez, ezin esan daiteke bereziki langileen hobekuntzara bideratutako eskolak zirenik, ez Gipuzkoakoak eta ezta Bizkaikoak ere. Lehen ikasketen ondorengo eskolak zirela esatea egokiagoa da, eta beren programetan aipatzen zirenak baino funtzio apalagoak betetzen zituzten. Hala ere, bazeuden salbuespenak, batik bat eskola garrantzitsuenetan eta ikasle gehiago zituztenetan. Bestalde, ikasleen asistentzia falta oso orokortuta zegoen. Eta hala ere, Bizkaian oso kezkatuta zeuden eskolen bateratzearekin eta ikasketa planen erreformarekin. Haatik, eskola guztien eskaera industria eta biztanle aldaketen baitan zegoen. Bizkaia eta Gipuzkoako eskola horiei txikiak deitu diegu, Bilbokoarekin eta Donostiakoarekin bereiztearren.



Bilboko Arte eta Lanbide Eskola

Bilboko Arte eta Lanbide Eskola langileak profesionalki prestatzera bideratuta zegoen hasiera-hasieratik. Pablo de Alzola hiriko alkatea eta zentroko zuzendaritza taldeko lehen presidentea izan zen hori hala bultzatu zuena. Eskolaren lehen 50 urteetan izandako bilakaerak argi uzten ditu langileen irakaskuntzan sartu ziren aldaketak eta eskaera sozialari erantzuteko egindako egokitzapenak. Izan ere, lehen esan bezala, aldaketa ekonomiko eta sozial sakonak jasaten ari zen hiria. Lehen 50 urteetako ikasle guztien kopurua batu eta zenbaki hauek ateratzen dira: 56.314 ikasle mutil eta 41.786 ikasle neska, guztira 98.100. Hala ere, ikasketak bukatu zituztenen kopurua jaitsi egiten da: 34.983 ikasle mutil eta 31.887 ikasle neska. Batez beste urtean 1.962 ikasle matrikulatzen ziren, eta horietatik 1.337k bukatzen zuten, hots, % 68k.

Ikasleen datu erlatibo hori ikasketa planen aldaketekin alderatu behar dugu, eta batez ere, eskolak berak bere helburu gero eta sendoagoa lortze bidean egindako egokitzapenekin; hau da, sortzeko gai zen langilea heztea langile espezializatu bihurtuz. Zentzu horretan, instituzio honen bizitza osoko xedea ingeniariaren edo arkitektoaren arteko langileak eta eraikuntza edo industria proiektuaren kudeatzaileak sortzea zen. Goi mailako langileak prestatzeko interes horren isla da 1902an sortu eta 1912 arte iraun zuen Langileburuen Eskola. Horrekin, poliki-poliki langileen artean bereiztu egingo zen talde sozial berri bat sortu zen. Eskola honek goi mailako langile horiek prestatzeko proiektuei erantzuten zien, nahiz eta emaitza orokorrak hain nabariak ez izan lehen urteetan. Baina, horrez gain, langileen oinarrizko formazioaz ere arduratzen zen, eta aztergai dugun urte tarte horretan indarrean egon zen formazio hori. Hainbat ikasketatako lehen mailetan nabaritu zen eskaintza honen arrakasta, eta baita pixkanaka-pixkanaka garatuz joan zen emakumeentzako prestakuntzan ere.

Donostiako Eskolak ez bezala, Bilbokoak ez zeukan merkataritza ikasketetako programarik eta ikasketa planik. Izan ere, hirian tradizio handia zuen Institutu Bizkaitarrean eskaintzen ziren ikasketa horiek, eta Merkataritza Eskola bat ere bazegoen. Bestalde, azpimarragarria da bere bultzatzaileek arte eta lanbideen bigarren eskola deituriko eskola ere. San Vicente de Paul Konferentzien ardurapean zegoen eskola honek ikasle asko zituen eta merkataritza ikasketak ere egiten ziren bertan. Soilik azken etapan zegoen formazio horrekin erlazionatutako ikasgairen bat. Ikasketa plan nagusiak burdinarekin, harriarekin eta egurrarekin lotutako lanbideetako langileen prestakuntzara bideratuta zeuden. Azken etapan mekanika eta elektrizitate ikasketak ere gehitu ziren. Helburu zehatzak zituen eskolak, eta horrek adierazten digu behar sozialen araberako prestakuntza eskaintzen ziela langileei.



Donostiako Arte eta Lanbide Eskola

Donostiako Arte eta Lanbide Eskola hiriko langileen prestakuntzarako erreferentzia gune bilakatu zen urteen poderioz. Bigarren mailako institutuaren (gaur egun Koldo Mitxelena kulturunea) aldameneko luxuzko eraikuntza batean zegoen kokatuta, oran dela gutxi arte Correos-en bulegoak egon diren lekuan. 1872an sortu zen, baina aurretik ere saiakerak egin ziren. Hiritarrek horrelako instituzioekiko zuten interesa erakusten digu horrek. 1880. urteko ikasturtea izan zen lehenengoa, Bilboko eskola homonimoa martxan jarri eta hilabete gutxira.

1885eko erreformaren ondotik, Donostiako Eskolan Bilboko Eskolan ez zegoen atal berri bat ezarri zen: merkataritzarena. Mota horretako eskolen helburua langileak eta artisauak prestatzea zen, eta merkataritza atala ez zegoen horrekin erabat loturik. Dena dela, ezaugarri horrek ikasle kopuruaren handitzea ekarri zuen, hiritarren baldintza sozialak zirela-eta. Bestalde, bitartekaritza lanak egiteko langileen formazioak ez zuen arrakastarik izan eskola honetan, nahiz eta ikasketa planetan ikasgai kopurua igo, formazioa bera ere gehiago sakondu eta zenbait espezialitate eskaini. Aztertzen ari garen etaparen amaieran, artean eskola honek bete behar zituen helburuak ez zeuden argi. Lehen irakaskuntzatik zetozen ikasleei edo langileei erantzun behar ote zitzaien zen betiko zalantza. Helburu bikoitz hori etengabeko zalantza izan zen, eta 1924ko legediaren ondoren baino ez da konponduko.



Ikasleen ezaugarriak

Arte eta lanbide eskola gehienetako araudian jasotzen zenaren arabera, 12 urterekin has zitezkeen eskola horietan. Baina adinaz gain, ikasleek beste baldintza bat bete behar zuten: irakurtzen eta idazten jakin behar zuten. Dena dela, kasu askotan oinarrizko ikasketak prestatzeko ikastaroak zeuden, eta horrek adierazten du leku guztietan ez zela errespetatzen irakurtzen eta idazten jakin behar hura.

Ikasleen adina datu azpimarragarria da, eskola mota horien bi alderdiri buruzko informazioa ematen baitigu: bata, lehen mailaren ondorengo eskolak zirela; eta bestea, ikasleen banaketa eta sailkapena ikusirik, adin desberdinetako ikasleak biltzen zirela ikasketa berean. Normalean izaera bikoitza izaten zuten eskolok -langileen formazioa eta hobekuntza eskolak-, eta bikoiztasun hori adin kategoriaren arabera zeuden ikasleen ehuneko desberdinek ere adierazten dute. Orokorrean, ikasle gehienak 12 eta 15 urte bitartekoak ziren, matrikulatutako ikasleen % 50 baino gehiago. Datu horrek zera erakusten du: eskola horietan lehen mailako ikasketen jarraipena egiten zela. Era berean, horrek adierazten du "eskola-ume" edo "ikasle" kategoria profesionala zuten ikasleen ehunekoa altua zela. Horrez gain, langileek lan munduan murgiltzeko behar zuten prestakuntza beharrak ere bultzatzen zituen ikasleak eskola horietara.

Bigarren taldea 15 eta 20 urte bitarteko ikasleek osatzen zuten. Orokorrean, gutxi gorabehera ikasle guztien % 35 ziren. Eta azkenik, hirugarren taldean 20 urtetik gorako ikaslek zeuden. Horiek % 15 baino gutxiago ziren, eta ez ziren "eskola-umeak", langile ikasleak baizik. Ondorioz, ezin esan dezakegu ikasle guztiak berdinak zirenik, ez adinari dagokionez, eta ezta lanbideei dagokienez ere. Argi ikusten da ikasle lanbidea duten 12-15 urtekoen eta lanbide anitzeko gainerako ikasle zaharragoen arteko bereizketa.

Eskola horien bereizgarri bat zera zen: ikasleek eskola utzi egiten zutela nahikoa ikasi zutela edo prestatu zirela ikusten zutenean. Ikasketa plan bateko ikasgai guztiak ikasteko helburua gutxi batzuek baino ez zuten lortzen. Normalean lehen bi mailak egin ondoren uzten zituzten ikasketak, eta batez beste lau ikasgai egiten zituzten gehienez.

Zentzu horretan, bistakoa da arte eta lanbide eskolen helburuak hainbat herritako industrializazio prozesuaren ondorioz sortzen ziren behar ekonomikoetatik eratzen zirela. Eta noski, zenbait udalek bultzatzen zituzten, langileen eta emakumeen hezkuntza herrikoia eta profesionala sustatzeko. Ikasketa mota hori ikasleen ahalegin pertsonalaren gain gelditzen zen, beraiek baitziren lan baldintza hobeak nahi zituztenak eta beraien egoera soziala hobetu nahi zutenak.

Dena dela, Bilboko eta Donostiako kasuak salbu -non irakaskuntza industrialak, artistikoak eta komertzialak curriculum profesional osatua zuten-, eskola gehienak lehen mailako goi eskolen sare eskasiaren osagarri izan ziren. Arte eta lanbide eskoletako curriculuma alfabetizazio grafikora mugatzen zen batez ere. Ikasle gehienek Geometria, Marrazketa eta Aritmetika ikasten zituzten. Modu horretan, lanbide heziketak hezkuntza sistemaren ageriko gabezia ordezkatzen zuen. Izan ere, garai hartan, lehen mailatik aurrera hezkuntza ez zegoen batere egituratuta, bigarren hezkuntza salbu, horrek beste ikasle mota bat hartzen baitzuen, profesional izatea helburu ez zuena.

Arte eta lanbide eskolek, beraz, industrializazio prozesuan eta geroz eta handiagoa zen modernizazioan buru-belarri sartuta zeuden Bizkaiari eta Gipuzkoari erantzuna ematen jakin zuten, testuinguru horretan behar zen eskulan profesionalari formazioa emanez. •



Bibliografia

- DAVILA, P. (1997): Las escuelas de artes y oficios y el proceso modernizador en el País Vasco (1879-1929). Leioa. Universidad del País Vasco, Euskal Herriko Unibertsitatea.