Historiako zertzeladak: Bilboko Euskal Eskolak (1908-1918)

2002-01-01
 
 
Euskal eskolagintzari erreparatuz gero, badaude behin eta berriz aipatzen diren eskola esperientzia batzuk gure historia berreraikitzen eta idazten lagundu behar digutenak. Horietako bat ekarri nahi nuke lerrootara: Bilboko Euskal Eskolak.

Ezer gutxi dakigu hamarkada luzez iraun zuen eskola esperientzia horren inguruan; batetik, oraindik ez duelako inongo ikertzaileren arreta bereganatu, eta bestetik, hari buruzko dokumentazioa ez delako ezagutzen. Lerrootan hurbilpen txiki bat egiten saiatu gara, orduko prentsan agertatutakoa iturri gisa erabiliz. Har bitez, beraz, hemen esango ditugunak iturriak ezartzen dizkigun baldintza guztiei erreparaturik.

Euskal eskolagintzarekiko kezka ohiko gaia dugu foruen deseuztapena gertatu zenetik aurrera. Sabino Aranak, Arturo Campionek edota R. M. Azkuek, ospetsuenak aipatzeagatik, makina bat artikulu eta hitzaldi eman zituzten euskararen galeran maisuak (eskolak) jokatzen zuen paperaz, eta baita euskal eskolak sortzeak zukeen garrantziaz ere. Idaztetik haratago joatea ez zen bide erraza izan. R. M. Azkue da ahalegin horretan agertzen zaigun lehena, hain zuzen ere 1894. urtean Bilbon Euskal Ikastetxea zabaldu zuenean. Bere hitzetan"todos nuestros esfuerzos en las iglesias, todos nuestros concursos, todas nuestras peroraciones en pro de la lengua serán inútiles si no comenzamos la obra de redención de la escuela y no asentamos en ella el más firme sostén de nuestra obra futura" 1. Azkuek bultzatutako eskolak, baina, ez zuen iraupen luzerik izan, zeren 1899. urtean beste erlijioso batzuen eskura utzi behar izan baitzuen eta haien artean ez omen zegoen euskaldunik.

1908koa dugu Plaza Berriko euskal eskolaz aurkitu dugun lehenengo agerpena. JEL aldizkarian agerturiko Bilboko Centro Vascoren deialdi batean euskal haur eskolarako zuzendaria eta laguntzailea kontratatzeko baldintzak eta prozedura azaltzen zaizkigu:"tiene por objeto enseñar a los niños de ambos sexos a hablar, leer, escribir, contar y rezar en Euzkera y castellano". Gainerako ikasgaiak gaztelaniaz burutuko zirela gaineratzen zuen, eta baita geografia, historia eta musikaren irakaskuntzan Euskal Herrikoek lehentasuna izango zutela ere.

Izan ere, euskal eskolak ezartzeko garaian, orduan Bilbo bezalako hiri batean gaztelaniak zuen garrantzia eta ospe soziala nabarmentzen zaizkigu. Egunkarietan agertutako artikuluetan euskal eskoletara joateak gaztelania ere ikastea zekarrela azpimarratzen zen, eta beste tokietan bezain ondo, gainera. Haien ametsa euskara irakas-hizkuntza bakarra izan zedin bazen ere, euskal eskoletan sartzen den ikasleriaren %95 erdalduna izateak irizpide praktikoetara jotzera bultzatzen omen zuela zioen Euskal Eskoletako Patronatuko batzarkide batek Euzkadin eginiko elkarrizketa batean. Elebitasun planteamentu horien atzean, gurasoek euren seme-alaben heziketa kalitatearen inguruan eduki zitzaketen zalantza izpiak desagerrarazi nahi izateaz gain, Bigarren Hezkuntzan gaztelaniazko ikaskuntza ondo finkatzeko asmoa ezkutatzen zen, maila horretan segida emateko inongo euskal ikastetxerik ez baitzegoen orduko garaietan.

Euskal eskoletan eskolatzea benetan onuragarria zela ziurtatzeko, hainbat bide hartu zituzten ekimen honen bultzatzaileek. Irakasleriari dagokionez, euskaraz jakiteaz gain, haur eskola horietako maestrak kontratatzea deliberatu zuten, eta oinarrizko edo goi mailako irakasle titulua eskatu zuten. Horretaz aparte, elizgizon baten portaera erlijioso eta moral oneko ziurtagiria eratu zuten. Zuzendaria 22-35 urte bitartekoa eta laguntzailea 17-30 urte bitartekoa izatea erabaki zuten. Eta haur eskolarako irakaskuntza, programa eta baliabideen inguruan gaztelaniaz idatziriko memoria eskatzen zituzten. Beraz, kristautasunaren ezaugarriez gain, pedagogia trebakuntzaz ere arduratu zirela ondoriozta dezakegu.

Horrez gain, haurren aurrerapenen erakusketa publikoen aipamenak ere agertzen zaizkigu. Azterketa publiko horiek tradizio luzea dute euskal hezkuntzaren historian. Zeren bai ilustratuek sorturiko Bergarako Erret Mintegian, bai euskal Lore Jokoetan, literatura sariketan horrelakoen berri erraz aurkitzen baita. Bilboko euskal eskoletako haurrek ikaskuntzak erakusteko erabiltzen zituzten euskal abestiak, otoitzak, historia edota matematika ezagupenak ere azaltzen ziren, bertan elkartutakoen poza eta txaloak bilduz"euzkeraz zenbatzia gaitz-gatxa da, baña izanik be eurek ederto egin eben edo-zein gauzeatzaz irakaslarijak itaundu eutsiena be euzkeraz erantzuten eben .2

Euskal eskolaren esperientzia hori, esan bezala, 1908an abiatu zen Bilboko Plaza Berriko 4. zenbakian, 33 ikasle zituelarik (haur eskolako mailakoak). Bere sostengu eta jarraipenerako Euskal Eskoletako Patronatuko Batzarra osatu zen euskal kulturako eta hezkuntzako pertsonai esanguratsuen laguntzaz. 1913an nesken oinarrizko eskola ere zabaldu zen, 1915ean 150 ikasle eta hiru maistra zituelarik.

1915ean, Bilboko zabalgunean dagoen Colon de Larreategiko 22. zenbakian horrelako beste euskal eskola bat eratu zen. Plaza Berrikoan andereño lanetan ibilitako Rosario Arribi joan zitzaien zuzendari. Garai hartan izen berria hartu zuten: Colegio Ntra. Sra. de Iziar y Ntra. Sra. de Arantzazu.

Ez zen erraza eskolok eginiko bidea. Prentsan antzematen denagatik, alde batetik arazo ekonomikoak zituzten, eta bestetik jendeak, baita jeltzaleek beraiek ere, hizkuntzarekiko zuen atxikimendu eskasa behin eta berriz azaltzen dira artikuluetan, haurrak eskola horietara bidaltzeko deiekin batera. 1917an sumatzen zen ahultzearen aurrean erreakzionatuz, Euzko Gaztediren bultzada jasoko du proiektuak, Batzarrean kide berriak sartuz eta eskola beraren programa eta filosofia birformulatuz. Ez dakigu ahalegin horren emaitza nolakoa izan zen, 1917/1918 ikasturteko zabaltze ekitaldien berri baino ez baitugu aurkitu.

Euskal eskola horiek, baina, isil-isilik desagertu omen ziren Primo de Riveraren diktadurarekin batera. Egoera berri horretan euskal eskolei sostengua ematen zieten Euzko Gaztedi edota Emakume Abertzale Batza bezalako erakundeak legez kanpo gelditu izana, eta beren historian arrastaka zeramaten zama ekonomiko eta diglosikoa aipa ditzakegu desagerpen horren arrazoi modur:"Algunos patriotas comprendieron la importancia y necesidad de esta institución y le prestaron su apoyo. Este no fue, sin embargo, como debiera haber sido. La mayor parte de los vascos, a pesar de decirse patriota, no comprendieron, sin duda, toda la transcendencia de la Escuelas Vascas. Aún no estaban, acaso, suficientemente preparadas las gentes".3

Horrela zenetz ezin dezakegu esan. Baina, esperientzia isolatu hori, beste batzuekin batera, hamarkada batzuk geroago euskal eskolagintza erdiesteko ereindako hazi izan zela ezin uka dezakegu. Eta hori aintzat hartzea ez datorkigu txarto, ezta? •





1- AZKUE, R. M. Bilboko Campos Eliseos Antzokian emandako hitzaldia. 1916-V-2.

2- LEIZKAIN Euzko-ikastolea . Bizkaitarra. 1910-XII-31.

3- EUZKADI Escuelas vascas . 1917-IX-11.