Emakumea hezkuntzan. Gehiengoa bai, baina zertan?

2002-01-01
Emakumea eta hezkuntza, hezkuntza eta emakumea. Zer erlazio dago bien artean? Pentsa dezagun pixka bat: maestrak, maistrak, andereñoak, amak, jangelako emakumeak, autobusetarako zaintzaileak... emakumeak dira nagusi. Ostera, zuzendariak, lehendakariak, ikuskariak, sindikatuetako ordezkariak... gizonezkoak dira kasurik gehienetan. Beraz, irakaskuntzan dabiltzan emakumezkoak gizonezkoak baino gehiago izan arren, goi karguetan eta ardurako postuetan gizonezkoak ugariago dira.

Hausnarketarako aitzakia ematen duen gaia da. Zergatik da horrela? Zeren ondorioa da? Beti izan al da horrela? Aldaketarik gertatu al da? Zenbaterainokoa? Nola gaude momentu honetan? Zein joera ikusten dira etorkizunari begira? Batzuk dagoeneko hausnarketa egina dute eta ondorioak ere aterata dituzte. Beste batzuek agian orain hasiko dira horri buruz pentsatzen.

Edozein modutan, Mari Jose Urruzolaren hausnarketa lagungarri izango zaigu. Bera Etika eta Filosofia irakaslea eta Hezkidetzako aholkularia da. Lanbroa Hezkidetza Kolektiboko kidea ere bada. Gai honen inguruan sei argitalpen egin ditu, eta beste hainbatetan egilekide izan da. Emakumeak historian zehar hezkuntzan izan duen parte-hartzea nolakoa den azaltzeaz gain, eskola hezkidetzailea du hizpide hurrengo hausnarketan.
 
 
Eskola Hezkidetzailerantz

URRUZOLA, Mari Jose. Etika eta Filosofiako irakaslea. Hezkidetzako aholkularia. Lanbroa Hezkidetza Kolektiboko kidea



Baiezta al dezakegu oraindik ere egungo eskola sexista dela, eta beraz, ez dela hezkidetzailea?

Gaur egungo Eskola Mistoak sexuen arteko aukera berdintasunaren itxura ematen du. Baina, eskaintzen digun itxura horren azpitik rol femenino eta maskulinoen funtzioaren arabera esterotipatutako hezkuntza eskaintzen du. Estereotipo horietatik at dagoen heziketa lantzea proposatzen denean, kasurik gehienetan femeninoa maskulinoan integratzen da, eta kito.

Oraindik ere familiaren eta eskolaren testuinguruan hezten delako gertatzen da hori; eta kontestu horiek gizarte sexistaren produktu dira. Horregatik, bere isla dira eta bere interesen arabera funtzionatzen dute.

Gauzak horrela, filosofia hezkidetzailearen ezagutzan sartu aurretik derrigorrezkoa da lehendabizi gizarte sexista zer den ezagutzea. Horrela, azterketa horretan familian eta eskolan eskaintzen den heziketaren klabeak aurki litezke, eta baita eman beharko litzatekeen heziketarenak ere.

Emakumeen gainetik dagoen gizonen kolektiboaren hierarkizazioan oinarritutako antolaketa soziala, hau da, gizarte patriarkala, bi bizitza programa ezartzen joan da, ondo bereiztutako eta mugatutako bi estereotipo edo "genero"; bata emakumezkoentzat eta bestea gizonezkoentzat.

Emakumeen gain ugalketa gelditzen da, eta hori bere mantenuaren eta emazte eta amaren rolaren truke egiten du. Gizonezkoei lan produktiboa eta kudeatzaile ekonomiko, sozial eta politikoaren rola dagokie. Egitura sozial sexista horrek botere politiko eta ekonomikoaren banaketa desberdina sortzen du gizon eta emakumeen artean. Era berean, balio sistema hierarkizatua ere bai. Horrela, gaizki izendaturiko balio maskulinoek kultura maskulinoa definituko dute, eta gaizki izendaturiko balio femeninoek, azpikultura femeninoa.

Gizartea antolatzeko modu horren prozesuan neskek eta mutilek sozializazio prozesu desberdina bizitzen dute. Eta ondorioak ezagunak dira. Sozializazio eragile nagusien bitartez (familia, eskola eta komunikabideak), neska-emakumeek beren gutxiespen kolektiboa onartzea lortzen da. Gizonezkoen kasuan, eremu guztietan boterea bereganatzea lortzen da, berez egokituko balitzaie bezala. Garapen ekonomiko, sozial eta politikoaren erantzule rola hartzen dute eta hiritar bezala lehen sexuaren estatusa.



Eskola Hezkidetzailerantz egindako bidearen historia laburra

Testuinguru sozial honetan diseinatzen da hezkuntza sistema, eta berebat, bere hierarkizazio sexista bertan islatuko da, garai historikoaren arabera moduak aldatuz.

Europan XVI. mendera arte debekatua egon zen emakumezkoek hezkuntzan parte-hartzea. XVI. mendetik XIX. mendera nesken heziketa oso mugatua zen: emazte eta ama izateko hezten ziren, hori baitzen gizarte sexistak ezartzen zien rola.

Frantses Iraultzaren ondoren emakumeak euren artean antolatzen eta Mugimendu Feminista eratzen hasi ziren. Horrela, gizarteko esparru guztietan bizi zituzten egoera komunak elkarrekin aztertzen hasi ziren.

Bizi zuten egoeraren azterketa eginez hauteman zuten nola manipulatzen ziren emakumeen kolektiboaren bizitza, gorputza, lana eta abar gizartean aurrez ezarritako helburuen arabera.

Emakumezkoen egoera orokorraren jabetze honetatik abiatuta, hori nola gertatzen zen aztertzen hasi ziren, eta baita hezkuntzan ere. Hezkuntza sisteman nesken egoera nolakoa zen berrikusten hasi ziren, eta lehenago baino uste gehiagorekin hasi ziren aldarrikatzen emakume guztiek hezkuntzarako zuten eskubidea.

Praktikoki XX. mendean lortu zen sozialki, azkenik, emakumeek hezkuntza sisteman sartzeko zuten eskubidea onartzea. Eta hori, zenbait emakumeren aldarrikapenen presioaren ondorioz lortu zen. Horien artean zeuden Emilia Pardo Bazan, ANME eta ezezagunak diren beste asko.



Euskal Herrian eboluzio bat egon da XX. mendean zehar Eskola Hezkidetzaileranzko bidean.

Zenbait emakumek mende hasieran egindako lanak etorkizunean neskak hezkuntza sisteman pixkanaka-pixkanaka sartzeko bidea prestatu zuen. Besteak beste horretan aritu ziren Karmen Baroja, Maria Maeztu, Maria Goyri, Adelina Méndez de la Torre eta Benita Asas Manterola.

Horretan lagundu zuten zenbait euskal emakume idazlek ere. Beraien lanetan garai hartako emakumearen egoera errealak sortzen zien kezka adierazten zuten. Emakumeak formaziorako zituen gabeziak seinalatzen zituzten, eta baita orduan emakumeak zituen garapen aukerak ere.

Rufina Azkue, Joakina Garaialde, Mª Pilar Lekuona, Robustiana Mujika, Margarita Unzalu, Jesusa Alfau, Mª Mercedes Alonso, Miren Gudiol, Juana Mir, Maria Mutiozabal, Mª Lucia Gutierrez, Rosa Hierro, Mª Hita Orokieta, Pilar Munarriz eta beste hainbat idazlek beren lanen bitartez emakumeak hezkuntza sisteman sartzeak zuen garrantzi izugarriaren kontzientzia hartzea bultzatu zuten.

Hasierako hamarkadetan neskak pixkanaka-pxikanaka joan ziren eskoletan sartzen; Errepublika garaian ikastoletan eta eskola publiko mistoetan. Geroago, ordea, irakaskuntza mistoa debekatu egin zen Euskal Herrian ere, 1939tik 1973ra, hain zuzen ere. Horrela, neska-mutilak emakumeei eta gizonei ezarritako rolei erantzuten zieten estereotipo femenino eta maskulino tradizionalen arabera hezten ziren bereiztutako eskoletan. Alabaina, ikastolek mistoak izaten jarraitu zuten.

60ko hamarkadan eskola publikoak pixkanaka-pixkanaka misto bihurtzen joan ziren, azkenean 1984an derrigorrezko bihurtu zirelarik.

1977az geroztik hezkidetzaren aldeko hainbat kolektibo sortu ziren Mugimendu Feministaren barruan: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Emakumeen Asanbladetako Emakumea eta Hezkuntza batzordea, Lanbroa Hezkidetza Kolektiboa, eta unibertsitateetan, ikastetxeetan, Berrikuntza Pedagogikoko Mugimenduan eta abar sortuz joan ziren beste hainbat. Guztiek lagundu zuten urrats erabakiorra ematen: hezkuntza sistemako egitura sexistaren analisia egiten, eskolak mantenarazten zituen rolak aztertzen eta eskolan erabiltzen ziren sexismoaren transmisio mekanismoak detektatzen. Mekanismo horien artean zeuden testu liburuak, espazioaren erabilera, jostailuen erabilera, hizkuntza, orientabidea, eskola antolaketa, giza harremanen heziketa, balioak...

Horrekin guztiaren Eskola Mistoaren egituratik Eskola Hezkidetzailera pauso berriak emateko oinarriak ezarri ziren. Izan ere, eskola mistoak berdintasuna lortu zuen forma aldetik, baina estereotipo sexistak matentzen jarraitzen zuen.Eskola Hezkidetzailearen helburua neskak eta mutilak beraien identitate bereizgarritik abiatuta heztea da, norberaren gaitasunen garapena bultzatuz, nortasunaren eraketa mugatzen duten estereotipoetatik at, eta femeninoak eta maskulinoak bezala hartutako zenbait balio pertsonaren garapen globalerako maila berean direla beharrezko onartuz.

1988an Emakunde sortu zen. Bere ekintzarik nabarmenena Emakumearentzako Ekintza Positiboko Plana izan da; eta beronen aurkezpena eta ebaluazioa Eusko Legebiltzarrean. Antolatu izan dituten jardunaldiek eta EAEko emakumeen egoera neurtzen zuten azterketa soziologikoen argitalpenek irakasleen formazioari lagundu diote.

1990ean ezarritako LOGSE legeak zera jartzen du agerian hezkuntza zentro guztien helburua pertsonaren garapen integrala da . Helburu horrek Eskola Hezkidetzailaren xede nagusiarekin bat egiten du: pertsonaren garapen partzialari mesede egiten dioten estereotipo sexistak gainditzea, pertsona bakoitzaren garapen globalari lagundu ahal izateko, betiere norberaren sexu, adin, etnia... desberdintasunetik abiatuz, baina kulturalki ezarritako estereotipoetatik aldenduz. Emakumeentzako Ekintza Positiboko Planean eta LOGSEn planteatutako neurrietan oinarrituz, Hezkuntza Sailak Hezkidetzarako Aholkularitza sortu zuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Horren bidez, eskoletan hezkidetza bultzatu nahi zuen. Horrela, irakasleen formaziorako hezkidetzako postgraduko bi kurtso antolatu zituen 1992an eta 1993an.

Bizkaiko Hezkidetza aholkulari bezala jardun dudanean ehun orrialdeko txosten bat idatzi dut. Bertan 1991-2001 bitartean ikastetxeetan egindako lana laburbiltzen da.

Txosten horretatik ateratako zenbait datuk egindako lana zertxobait ezagutzen lagunduko digute. Adibidez, 1991an Hezkidetza Mintegiak sortu genituen. Irakasle sentsibilizatuenak biltzen zituen mintegiak, hots, beraien prestakuntza handitu eta ikastetxean ekintzak planteatu nahi zituztenak. Egonkortasunez funtzionatu dute hamarkada batez.

Materialari dagokionez, EAEko ikastetxe guztietara hezkidetzako 20 material banatu dira: triptikoak, koadernoak eta txartel osagarriak. Hezkuntza ez sexistari buruzko hainbat alderdi agertzen dituzte. Azken xedea eskoletan filosofia hezkidetzailea praktikan jartzeko lagungarri izatea da.

Bizkaiko ia ehun ikastetxek (gehienak Haur eta Lehen Hezkuntzako zentro publikoak) jasotzen dute Hezkidetzarako Aholkularitzaren laguntza. Ikastetxe horiek beren jardunean hezkidetza kriterioak sartzeko laguntza eskatzen diote Aholkularitzari.

Lan hori hezkidetzaren alde diharduten gizarteko beste taldeen lanarekin koordinatzen da: Guraso Elkarteak, Mugimendu Feministako Hezkidetza kolektiboak, Berrikuntza Pedagogikorako Mugimendua, sindikatuak eta zenbait udal.

Nahiz eta ikastetxeen eskaera handituz joan eta ildo horretan lan egiteko prest dauden irakasle asko egon, Hezkuntza Sailak Aholkularitza kentzea erabaki du aurten, 1991-2001 bitartean lan egindako moduan, behintzat.



Prozesu historiko honetako lorpen eta aurrerapauso nagusiak

XX. mendean zehar emakumeek aurrerapauso garrantzitsuak eman dituzten aurreko mendeetako borrokaren fruituekin eta beraien lan propioarekin. Hona hemen lorpen horietako batzuk:

1. Neskak eta mutilak hezkuntza sistemara sartzeko aukera berdintasuna maila guztietan. Horrek zera bultzatu du:

- Emakumea arlo kulturalean, zientifikoan, akademikoan eta abar sartzea.

- Lan merkatuan sartzea, nahiz eta oso mugatua izan.

-Arlo politikoko parte-hartzea handitzea.

2. Emakumeak bere helburu propioak lortzeko jakintzarako duen eskubidearen onarpen soziala.

3. Emakumeen parte-hartzea hezkuntza sistemako kudeaketan eta erantzukizuneko taldeetan.

4. Hezkuntza alorrean emakumeek egindako lan teorikoa, batez ere azken hamarkadetan.

5. Emakumeek eduki duten protagonismoa metodo pedagogiko berritzaileak sortzerakoan eta heziketa esperientziak egiterakoan. Zientzia aurrera dadin lortu dute, nahiz eta emakumearen menpekotasun egoera globalak, balorazio sozial ezak eta politika arloan erabaki guneetan ez egoteak Hezkuntza Erreformak "beste batzuek" egitea bultzatu.

6. Gizonen kontzientzia hartzean egon den eboluzio positiboa emakumeekin eginkizunak konpartitzeko garaian, bai arlo pribatuan eta bai publikoan.

7. Ikastetxeetan egindako esperientzia hezkidetzaileak:

- Ikastetxeetan jadanik hezkidetza filosofiarekin martxan dauden Ikastetxeetako Hezkuntza Proiektuak eta Curriculum Proiektuak. Hainbat arlo espezifikotan egindako lanak daude, esaterako:

+ Eskolan ematen den zientzia androzentrikoa zalantzan jartzeko eta gainditzeko egindako lana.

+ Ikastetxeetan gero eta gehiago erabiltzen da hizkuntza ez sexista, ikasle nesken, irakasle emakumeen eta amen presentzia isiltzen ez duten formulak erabiliz.

+ Zenbait ikastetxe ROF edo Ordenu eta Funtzionamenduko Araudia ikuspegi hezkidetzailetik lantzeko egiten ari diren lana.

8. LOGSEk argi eta garbi ematen du filosofia hezkidetzailea praktikan jartzeko agindua.

9. Eskola Hezkidetzailea eraiki ahal izateko sentsibilizazioan eta kontzientzia hartzean eman diren pausoak ez dira indarkeria kriterioetan oinarritu, baizik eta behaketan, hausnarketan, analisian, elkarrizketan, egiaztapenetan eta estrategia egokien bilaketan.



Etorkizuneko eskola hezkidetzailea

XXI. mendea Eskola Mistoaren formatuarekin eta Eskola Hezkidetzailearen proiektuarekin hasi dugu.

Zer ulertzen dugu Eskola Hezkidetzailea diogunean?

Eskola Hezitzailearen heziketa diseinuak balio behar du neskek historian zehar emakumeek garatu dituzten bizimoduen, portaeren eta balioen alderdi positiboak aurki ditzaten. Alderdi horiek komunak dira kultura femeninoan eta maskulinoarekiko desberdinak. Ezagutu eta baloratu egin behar dira, lehendabizi emakumeek beraiek, eta gero ikasleek. Eta portaera etikoko pauta bezala proposatu behar dira bai emakumeentzat eta bai gizonezkoentzat. Era berean, ikasleek kultura maskulinoaren portaeraren alderdi positiboak ikus ditzaten lagundu behar du, bai neskek eta bai mutilek ezagut ditzaten eta portaera etikorako pauta bihur daitezen horiek ere.

Beraz, gizatiartze prozesuan emakumeek eta gizonek jarri duten aberastasun desberdina gainditzean datza, eta pertsona bakoitzaren araberako bereizketak egitean, sozialki ezartzen zaion generoa alde batera utzita.

Horrek esan nahi du Hezkuntza planifikatzen denean genero kategoria kritikatuz hasten dela. Ezen sistema patriarkalak emakumeak eta gizonak zatikatu eta kokatu egin ditu kriterio hauetan oinarrituz: espeziearen ugalketan zuten lekua, lan banaketan zuten presentzia, eta botere hierarkian zuten banaketa, beti gizonak emakumeen gainean kokatuz eta genero maskulinoa femeninoaren gainean.

Azken finean, pertsona bakoitzarengana hurbiltzea esan nahi du, norberaren indibidualtasunean eta berezitasunean oinarriturik. Horrela, bere askatasunetik abiatuta, norberak aukera dezala nor izan nahi duen eta zein izango den bere kolaborazioa justiziarekin eta askatasun kolektiboekin.



XXI. mendeko hezkuntza sistemaren jomuga Eskola Hezkidetzailearen eraikuntzan kolaboratzea da. Eskola horrek orain arte emakumeek eta gizonek jaso duten heziketa partziala gaindituko du eta pertsona bakoitzaren garapen integrala bultzatuko du.

Azken mendean eman diren pauso positiboak onartzeak etorkizun hurbilean lortu behar ditugun zenbait helburu ikusarazten dizkigu. Besteak beste, honako hauek:

1. Ikasle bakoitzaren nortasun pertsonal indibiduala errekuperatzea, norberaren bizitza proiektua aukeratzeko askatasuna eta ezberdina izateko eskubidea mugatzen duten estereotipoetatik at mantenduz.

2. Kultura femeninoko balio positiboak errekuperatzea eta azalaraztea, giza garapen pertsonal eta kolektiboan aurrerapausoak emateko beharrezko direla aitortuz. Hau da, esperientzia femeninoa emakumeen eta gizonen portaerarako erreferentzia sinboliko bihurtzea.

3. Eskolan, familian eta komunikabideetan, hots, heziketa eragile nagusienetan, hezidetza lana bultzatuko duen balio sistema agerian jartzea.

4. Ikastetxeetan Hezikidetza proiektuak praktikan jartzen jarraitzea.

5. Eskolak pertsona izaten ikasten den leku bihurtzea.

6. Neskak, mutilak eta gazteak hiritar izan daitezen heztea, hau da, politikoak izatea, hiriaren eraikuntzan eta herrien garapen globalean kezkatutako eta inplikatutako gizakiak.

7. Diziplina zientifiko bakoitzaren edukia birformulatzea, horrela, egungo formulazioa osotasunean birbegiratuz. Izan ere, historikoki zapaldutako kulturen ekarpena isildu egin izan dute.

8. Egungo eredu teknologikoan eskolak zein baliotan eta zein kriteriorekin antolatzen ari diren birbegiratzea. Bitarteko teknologikoak bizitza garapenerako eta gizaki guztien ongizatea hobetzeko tresna bihurtu behar dira.

9. Komunikabideekin negoziatzea pertsonen arteko menpekotasun harremanak mantentzen eta bultzatzen dituzten irudiak eta programak kentzeko, eta baita sexu, etnia, adin, estatus ekonomiko, aukera pertsonal eta abarrengatik egiten den edozein diskriminazio bultzatzen dituztenak ere. Osterantzean, gizakien garapen globalari mesede egiten dioten irudien eta programen sorkuntza bultzatu behar da.

10. Neska-mutilek pertsona izaten ikasten dezaten jarrerak aldatu behar dira, eta horretarako, familiako heziketa lanarekin koordinatu behar da.





Filosofia Hezkidetzailerako sarrera liburua



URRUZOLA, Mari Jose. Maite Canal argitaletxea



Liburu honen helburu nagusia filosofia hezkidetzailea ezagutzen hasteko bidea irekitzea da.

Oro har, hezitzaile guztiei zuzendurik dago, eta bereziki irakasleei. Batez ere, beraien lanak pertsonen garapen integralean lagun dezakeela konturatu ez diren horiei guztiei.

Filosofia hezkidetzailea egungo heziketa sexistaren klabeak azaltzen saiatzen da, bai familian eta bai eskolan. Heziketa horrek maila pertsonalean eta kolektiboan dituen ondorioak aztertzen ditu. Pertsona eredu berria proposatzen da, femeninoa eta maskulinoa estereotipo kulturalak gainditu eta norberaren gaitasunak indartzen dituen garapen integrala bultzatzen duena. Pertsonaren garapena posible egingo duen Eskola planifikatzen da, horrela oinarri hierarkikorik gabeko gizartea eratzen, planifikatzen eta aurrera ateratzen lagun dezan, betiere garapen etikoko kriterioak erabiliz.

Liburu honek, hezkidetza ikuspegitik, PEC, PCC eta ROFa egiteko nahiko ezagutza ematen du.

Hezitzaileen sentsibilizazioa bultzatzeko hainbat aktibitate proposatzen ditu.







Emakumezko irakasleak

Ondorengo tauletan gaur egun irakaskuntzako etapetan orotara zenbat irakasle dabiltzan agertzen da, eta horietatik zenbat diren emakumezkoak. Haur eta Lehen Hezkuntzan emakumezkoen presentzia oso nabaria da: Haur Hezkuntzan %93,6 emakumezkoak dira EAEn eta Nafarroan %96,2. Lehen Hezkuntzan EAE %78,1 dira emakumezkoak eta Nafarroan %69,8. DBHn EAEn %62,1era jaisten da kopurua, eta Nafarroan %53,2ra. Batxilergoan %56,3 dira EAEn eta %45,6 Nafarroan, hots, erdia baino gutxiago. Lanbide Heziketan, ostera, gizonezkoak gehiago dira; emakumezkoak %37,8 eta %35 dira, hurrenez hurren. Beraz, etapak igo ahala, gizonezkoen kopurua igo egiten da. Baina, oro har, emakumezko irakasleak gizonezko irakasleak baino gehiago dira.

Bizkitartean, zuzendaritza kargua betetzen duten emakumezkoak gizonezkoak baino gutxiago dira. EUSTATek 1994an argitaratu zuenEAEko biztanleria eta jarduerari buruzko inkestako datuen arabera, urte hartan Lehen Hezkuntzan 9.723 irakasle emakume zeuden eta horietatik 451 zeuden zuzendari funtzioarekin, hots, %4,6. Gizonezkoen kasuan, ostera, 2.564 irakasle zeuden guztira eta zuzendari lanetan 268, hau da, %10,4.



IPARRALDEko

irakasleak:


Iparraldeko irakasleriaren artean ere emakumezkoak gehiengoa dira. Seaskan, esaterako, 161 irakasle dira orotara, eta horietatik 125 dira emakumezkoak; hau da, %77,6. Etapaka aztertuz gero, Ama Eskolan eta Lehen Mailan 98 irakasletatik 92 dira emakumezkoak; kolegioan 51tik 28 eta Lizeoan 12tik 5.

Eskola publiko elebidunean ere gauzak ez dira aldatzen. Akademia Ikuskaritzak emandako datuen arabera, Baionako 2. barrutian 35 irakasletatik 31 emakumezkoak dira. Gainontzeko barrutietan portzentaiak ez dira asko aldatzen.



Irakasle Eskoletako ikasleak

Gaur egun irakasle gehienak emakumezkoak baldin badira, etorkizunean ere horrela izango dela esan daiteke Irakasle Eskoletako ikasleak kontuan hartzen badira. Irakasle izateko ikasten ari diren gehienak emakumezkoak dira. Hurrengo taulan 2001/02 ikasturtean matrikulatuta dagoen ikasle kopurua agertzen da, euskal eta erdal adarretakoak batera daudelarik.







Emakumeak kargudun postuetan

Kargudun postuetan gizonezkoak emakumezkoak baino gehiago dira irakaskuntzan ere. Haatik, horrek ez du esan nahi emakume zuzendaririk edo emakume lehendakaririk ez dagoenik. Bat baino gehiago daude, eta gero eta gehiago. Horietako hirurengana jo dugu beraien postutik egoera nola ikusten duten jakiteko.



AGIRRE, Nekane. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordea



Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria izan zinen aurreko legegintzaldian eta orain Hezkuntza sailburuordea zara. Zer garrantzi eta esanahi du horrelako postuetan emakume bat egoteak? Ezer aldatzen al da?

Emakumeok bizitza politiko eta publikoan eta erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartzen dugunean, eta erabakiak hartzen direnean, emakumeen balio, jarrera eta interesak gehiago hartzen dira aintzat. Adibidez, azkenengo legegintzaldian hezkidetzako eite batzuk landu ditugu, eta garrantzi handia ematen orientabideari. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan lantzeko materiala ere atera genuen: "Irakaskuntza-lanbide orientazioko hezkidetza programa bigarren hezkuntzarako: BIDEAK EGITEN". Are gehiago, hezkuntza sistema hasieratik berrikusten hasi gara hezkidetzaren ikuspuntutik. Horrela, hezkidetza eta Haur Hezkuntzako irakasleen prestakuntzarako materiala argitaratu dugu.



Lehen Inaxio Oliveri zegoen zure gainetik eta orain Anjeles Iztueta. Aldaketarik sumatu al duzu gizonezko bat egotetik emakumezko bat egotera?

Bata zein bestea goi mailako profesionalak eta pertsonak dira. Bakoitzak bere ibilbidea du, profesional zein politikoa. Horrek eragina du, noski, bizitza, politika eta arazoei aurre egiteko jarreran. Emakumea izateak sentsibilizatu eta beste ikuspuntu bat ematen duela argi dago, eta baita beste estrategiak ere. Gizonezkoak, berriz, orain arte erraztasun handiagoarekin ibili dira erabakitzaile diren lanpostu hauetan.



Instituzioetako karguetan gero eta emakume gehiago egoteak zer adierazten edo islatzen du?

Gizonen eta emakumeen arteko desberdintasun egoera gainditzeko emakumea botere eta erabaki guneetan sartu behar dela garbi dago. Emakumeak gizonarekin konpartitu behar du eremu publiko eta pribatua. Instituzioetako karguetan emakume gehiago egoteak adierazten du pauso batzuk eman direla berdintasunerako bidean.

Emakumeak erronka berriak hartzen ditu, eta gaur egun, goi mailako prestaketa eta konpetentzia dituela esan genezake. Besteak beste, funtzioen banaketan.





DUFAU, Aines. Ikas Pedagogia Zerbitzuko zuzendaria



Zein da Ikas-en daukazun kargua ?

Gaur egun, Ikas-eko zuzendaria naiz. Kargua izan zitekeen 1997an zutik ezarri egitura hau behar bezala garatu balitz. Alabaina, hiru sailen ardura badu Ikas-ek: euskal irakaskuntzako dokumentazio zerbitzua, pedagogia saileko animazioen antolatzea eta ikasmaterialaren sortzea, argitaratzea eta hedatzea. Lau langile baizik ez izanik lan horien guzien eramaiteko (bosgarren postu bat hutsik dago une honetan), neurea karga da kargua baino. Hots, etxe ttipiko anderea sehi, gogoz eta amodioz ari izanik ere.

Bestalde, Ikas elkartea da, erakundea baino. Horrek ere postuari ez dio itxura bera ematen, ez eta edukia ere: elkartea izateaz gain, euskal irakaskuntzako lau sareetako ordezkariak bilduz (sare publikokoak, giristinokoak, ikastoletakoak eta AEKkoak), erabakiak eta kudeantza ez dira pertsona baten baitan finkatzen, baizik eta jende multzo batekin hitzartzen. Erabaki hitzartuen eta ekimen pertsonalen arteko orekan oinarritzen da ene postua.



Iparraldeko irakaskuntzako erakunde eta elkarteetan emakumeen presentzia eta parte hartzearen arteko erlazioa nolakoa da? Erran nahi baita gauza bat dela emakume asko egotea (presentzia) eta beste bat kargudunak izatea edo ardurak edukitzea (parte-hartzea).

Irakaskuntza saileko elkarte batzuk erakasleenak dira, eta sare bakoitzak berea dauka: Erakasleak elkartea sare publikoan, Pindarra sare giristinoan, ikastolena eta AEK). Beste erakunde batzuk burasoenak dira: Ikas-Bi sare publikoan, Euskal Haziak sare giristinoan eta Seaska. Erakundea bakar bat dago: frantses administrazioko "Hezkunde nazionala".

Estatistika zehatzik eman gabe, egoera honela laburbil daiteke: erakasle gehienak emazteak dira; buraso ardura emazteen esku da gehienik, baina gorago aipatu elkarteburuak gehienetan gizonak dira.

Erakunde bakarra den Hezkunde nazionalean, ministroa gizona izan ohi da ; gizonak ere Akitania mailako eta Departamendu mailako postu gorenetan ; maila apalagoan emazte gehiago (emazteak gehiengoa izan gabe ere).



Prestakuntza aldetik, hezkidetza lantzeko zerbait egin al da?

Lehenik, emazteek kargu gehiago izan nahi dutenetz aztertu behar da. Kargurik ez badute nahi, zergatik ote ? Ez zaielakoan interesatzen ala nahi lukete baina sobera behaztopatuak dira postu horien hartzeko? Giltza heziketan izan liteke. Hain zuzen, Eguberri honetako opari katalogoen azterketa egin dute Mix-cité izeneko elkarteak eta frantses soziologo batzuek. Hona emaitza: neskendako eta mutikoendako jostailuak bereiz saltzen dira. Neska ttipi-ttipitatik etxearen eta etxekoen arduraren hartzera prestatzen dute jostailuek, eta mutikoak, aldiz, esfera publikoan aritzera (sail teknikoetan, zientifikoetan...), ekimen pertsonala eta irudimena landuz. Alor honetan proposatzen den jokabidea zera da: jostailu mota guziak neska zein mutikoentzat egitea, bereizketarik gabe, eta haurrak edozeinekin, erran nahi baita etxeko zein zientzia alorretakoekin, jostatzera bultzatzea.



Nola ikusten duzu emakumeen egoera irakaskuntzan ?

Begien bistakoa dena baizik ez dut erranen, hemen ere zifrarik eman gabe: Lehen Hezkuntzan emazteak dira nagusi (%80 nonbait han); Bigarren Hezkuntzan gizon gehiago dira, eta unibertsitatean gizonak nagusi dira.

Hots, karikaturatzeko, emazteek hezitzaile lana (lan dorpea!) dute gehienbat. eta jakitatearen transmisioa gizonek, batez ere.

Menturaz, haurrek emazteez eta gizonez duten irudia aldatuko litzateke gizon-emazte proportzioa Haur Hezkuntzatik unibertsitateraino orekatzen balitz. Gainera, kontuan har dezagun haur anitz Bigarren Hezkuntzara heldu arte, kasik emaztez baizik ez direla inguratuak. Anitz idatzia izan da horrek haurren baitan duen eraginaz: mutikoentzat ez da on, ez eta neskentzat ere, emaztea itogarria gertatzen baitzaie eta bakan ikusten den gizona, berriz idealizatua . Maiz gizon-emazte rol banaketaz kezkak plazaratzen dira etxeko ardurei doakienez, baina gutiago hezkuntzari doakionez.





BAREA, Mila. Sortzen-Gurasoak elkarteko idazkaria eta Iruñeko Frantzisko Deuna eskolako guraso elkarteko kidea



Irakasle gehienak emakumezkoak dira. Zer gertatzen da guraso elkarteetan eta guraso eskoletan? Amak ala aitak dira gehien parte hartzen dutenak?

Ni partaide naizen guraso elkartean eta ezagutzen ditudan gehienetan emakumezkoak dira nagusi. Gure guraso elkarteko batzorde guztietan emakumeon presentzia nagusitzen da diferentzia handiz.



Zer erlazio dago presentziaren eta karguaren artean? Hau da, gauza bat da emakume asko egotea (presentzia), eta beste bat kargudunak izatea edo ardurak edukitzea.

Orain arte erlazioa nahiko orekatua zegoen. Izan ere, urteetan batzordean gizonezko bat besterik ez dugu izan. Baina, aurten lau gizon gehiago sartu dira, eta guraso elkartean parte hartzen dutenekin konparatuz, proportzioa handitzen ari dela esan daiteke.

Behin beste guraso elkarteko ama batekin hizketan jardun nintzen, eta zera komentatu zidan: ikastetxe batean arazoak daudenean gizonezkoak gehiago inplikatzen direla, eta arazorik ez dagoenean desagertu egiten direla, funtzionamendu arrunta amen esku gelditzen delarik.

Guk oso garrantzitsua den batzorde bat daukagu, teresianas deitzen dioguna. Gure ikastetxea Teresianas izeneko ikastetxe batera mugitu nahi dute eta ez ditu gutxieneko baldintzak betetzen. Horregatik, batzorde hori aldaketa horren aurka mugitzen ari da, eta bere lana politikoekin hitz egitea da, burokrazia. Kasualitatez emakume bakar bat dago batzordean, eta beste guztiak gizonezkoak dira. Arrazoi izango ote du nire lagunak?



Karguetan dauden gehienak zer dira aitak ala amak?

Gehienak amak dira.