Historiako zertzeladak: Mikelete postuetako eskolak

2001-11-01
Mikeleteen eskolez mintzatzen hasi baino lehen, geure burua kokatzea komeni zaigu. Eskola hauek 1924-36 urte bitartean egon ziren martxan Gipuzkoako mikeleteen ardurapean.
 
 
Mikeleteak Lehen Karlistadaren ondoren Gipuzkoako Diputazioak eta Batzar Nagusiek sortu zuten arma erakundeko kideak ziren. Foru polizien antzekoak ziren. Bizkaiko foru poliziei ere izen bera jarri zitzaien hasieran, baina 1877tik aurrera miñoi izena hartu zuten. II. Gerra Karlistadaren garaian, 1872an, liberalen aldeko mikeleteen armada taldea sortu zen. 1937ko ekainean desagerrarazi zituzten agintari frankistek Gipuzkoako mikeleteak eta Bizkaiko miñoiak, Errepublikaren alde borrokatu zirelako.

Mikeleteen eskolak martxan egon ziren garaian (1924-36) aldaketa politiko ugari bizi izan ziren. 1923-30 urteak Primo de Riveraren diktadura erregimenaren urteak izan ziren. 1930ean udal hauteskundeak egin ziren eta errepublikarrek gehiengo handiz irabazi zuten. Ondorioz, 1931n II. Errepublika aldarrikatu zen eta konstituzio progresista ezarri zen. 1932an Kataluniak autnomia estatutua lortu zuen. 1933an eskuineko alderdiek irabazi zituzten hauteskundeak. Hurrengo urteetan tirabira eta altxamendu ugari izan ziren, hala nola Asturiaseko meatzarien matxinada eta Kataluniako Gobernuak egindako Kataluniako Errepublikaren aldarrikapena. Gobernuak, armadaren laguntzaz, bi altxamenduak zapaldu zituen. 1936ko hauteskundeak ezkerreko alderdiek irabazi zituzten Herri-Frontea izeneko koalizioan bildurik. Haatik, armadako kontserbadore eta monarkikoek altxamendu militarra bultzatu zuten Franco jenerala buru zutela. Ondoren, mikeleteak desagerraztearekin batera, mikeleteen eskolen ibilbidea ere bertan behera gelditu zen.



Mikeleteen eginkizunak

Mikeleteak beti lotu izan ditugu zaintza eta ordenu publikoarekin, baina hori ez zen izan haien eginkizun bakarra. 1796an osatu zen mikelete-taldea, probintziak ordainduta, gaizkileei aurre egiteko. Probintziako ordenu publikoa zaintzeko sortua izan arren, XIX. mendean aldaketa anitz izan zituen talde honek. Mende honen bukaeratik 1936ra bitartean, ordenu publikoaren zaintza eta jagole lanak ez ezik, aldundiak ezarritako eginkizun administratibo ugari bete zituen: zerga-biltzaile, aldundiari zegozkion zeharkako zergak bilduz; postari, korrespondentzia ofiziala banatuz; eta Aurrezki Kutxa Probintzialaren kutxa-laguntzaile gisa, 1924an 37 bulego mikeleteen ardurapean egon ziren.

Hezkuntza arloan ere aritu ziren, beren postuetan eskolak antolatuz eta oinarrizko heziketa emanez. Kontuan hartzekoa da mikeleteek kuartel nagusian administrazio lanetarako prestatzeko eskola berezia zutela, eta bertan jasotzen zutela heziketa eta formazioa.

Ez dugu ahaztu behar XX. mende hasieran hiri eta herri guneetan eskolen eskaintza zabala izan arren (eskola publiko-nazionalak, udal eskolak, eskola partikularrak, pribatu eta erlijiosoak...), herrietatik urrun zeuden auzoetan ez zela horrelakorik gertatzen. Horietan eskaintza urria zen eta horri aurre egiteko auzoetako biztanleek, gehienetan auzoko haurren gurasoek, beren eskuetan zituzten irtenbideak proposatu eta bideratzen zituzten. Aukera horietako bat mikeleteek zuzenduriko eskolak izan ziren.



Mikeleteen eskolen sorrera eta garapena

1924an Gipuzkoako mikeleteen kargu gorenak, Felix Churruca teniente koronelak, adierazi zuen hainbat herritako gurasoek mikeleteen postuetara hurbildu eta zera eskatu zutela: mikeleteek zuten denbora librean auzoan heziketarik gabe gelditzen ziren haurrei oinarrizko irakaskuntza irakastea mikeleteen etxeetan. Eskakizuna arrazoitzen zen esanez, baserriak herritik eta eskoletatik urrun egonik, mikeleteen postua zela lekurik hurbilena eta aukera bakarra haur horiek alfabetatu eta eskolatzeko.

Mikelete eskolak martxan jartzen aitzindari izan ziren Kanpazarreko postua (Arrasaten, Gipuzkoa eta Arabako mugan) eta Urkarregikoa (Elgoibarren, Gipuzkoa eta Bizkaiko mugan).

Aurrekari horiek kontuan izanik, Gipuzkoako mikeleteek Aldundiari zera proposatu zioten: mikeleteek zuzenduriko 14 eskolen proiektua bultzatzea. Eskola horiek, noski, mikeleteen postuetan kokatuta egotea proposatzen zuten. Proiektu horretan adierazten zen haurrei emaniko eskolaz aparte, gau eskolak eta igandetako eskolak ere emango zirela, eta batez beste 448 haur eta heldu hezteko modua egingo zela. Alabaina, asmo horiek aurrera eramateko beharrezkoa zen eskola doan izatea, garai hartan pobrezia handia baitzen eta dirua urri. Mikeleteen lana ere ordaindu beharra zegoenez, komenigarria ikusten zen hauek aldundiaren diru laguntza izatea. Era horretan, mikeleteek beste diru iturri bat ziurtatzen zuten. Ordainketa horrez gain, eskolarako materiala eta gelaren mantenua ere aldundiaren ardurapean egotea eskatzen zen.

Eskola martxan jartzeko beharrezkoa zen Aldundiko arkitektuaren onespena jasotzea, eraikuntzaren eta lekuaren baldintzak aztertu ondoren hark ematen baitzuen baimena.

1924ko irailaren 18an Aldundiko ordezkariek proiektuak goraipatu eta mikeleteen arduraduna zen Churruca jauna zoriondu zuten, baina proposamenak ez zuen aurreikusitako hedapenik izan.

1927an mikeleteek zuzenduriko bost landa eskola zeuden martxan: Kanpazarrekoa, 26 haurrekin (14 mutil eta 12 neska); Urkarregikoa, 26 haurrekin (12 mutil eta 14 neska); Endarlatzakoa, Irunen, 25 haurrekin (17 mutil eta 8 neska); Otzaurtekoa, Zegaman, 32 haurrekin (24 mutil eta 8 neska) eta Saturrarangoa, Deban, 36 haurrekin (28 mutil eta 8 neska). Guztira 145 ikasle joan ziren urte hartan eskola horietara. Ikasleen adina 5 eta 13 urte bitartekoa izaten zen. Aldundiak mikelete arduradunari, hots, bertako kabo komandanteari, urteko 500 pezetako ordaina ematen zion.

1928an aipaturiko bost eskola horiez aparte beste eskola bat ere ireki zen Urton, Berastegi herrian, Nafarroako mugan. Eskola honen sorrerari buruz dakiguna Tolosako komandanteak adierazi zuena da: Urto inguruko baserritarrek Urtoko mikelete postuan eskola ematea eskatzen zutela eta mikeleteek zuzenduriko eskola hau martxan jarri ondoren, inguruko 20-25 haurren heziketaz postuko kabo komandantea arduratuko zela, bere emaztearen laguntzaz.

Lehen esan bezala, hasierako plangintzak handiagoak izan arren, 14 eskola martxan jartzea lortu zen. Guztira 6 landa eskola izan ziren miketeleen ardurapean egon zirenak.



Eskola hauetan honako testu liburu eta materiala izan zen erabiliena:

- Koadernoak: ingeles hizkikoak Valliciergo ) eta marradunak.

- Gaztelania ikasteko liburuak: Delicias infantiles, Guia del Artesano, Gramática castellana, Silabarios Fernandez eta Silabarios Aroca, Caton de Seijas eta Catecismo Astete.

- Aritmetika lantzeko Villar liburua erabiltzen zen.

- Gela guztietan zeuden Espainiako mapa Colin - eta Gipuzkoako mapa.

Euskaraz, dotrina irakasten zen.

Gela apaintzeko gurutze santua, Erregearen koadroa, munduko esferak... jartzen zituzten.

Material hau aldundiak oparitzen zuen, eta baita ikasle bakoitzak erabitzen zituen arbela, klariona, koadernoa eta abar ere. Liburuak eskolan egoten ziren eta ikasle guztiek erabiltzen zituzten. Joaquin Munoz Baroja, Donostian 1812an sorturiko liburu-denda, zen material hauek eskoletara banatzen zituena.

Gehienetan eskola emateko lekuak egokitua beharra zegoen eta horretarako ezinbestekoa izaten zen aldaketak egitea: aireztapen eta argitasun baldintzak hobetu, berogailu sistema jarri eta beharrezko materialez hornitu: mahai bipertsonalak (garai hartan mahai bakoitzak 40-45 pezeta balio izaten zuen), arbela... Lehen esan bezala, hau dena aldundiaren ardurapean zegoen.



Mikeleteen eskoletako heziketa

Eskola hauetako heziketaren informazioa jasotzeko bi bide urratu ditugu; bertan ikasle izandakoek emandako datuak eta Aldundiko ikuskaritzak jasotako txostenetan dagoena. Eskola hauen hasierako urteei buruzko datu gutxi dugu. Ez dugu ahaztu behar aipatzen ari garen proiektua eta garaia Liga Monarquica eta Primo de Riveraren garaian kokatzen direla, eta horiek euskararen aldeko jarrerak geldiarazi egin zituztela, euskararen erabilera espreski debekatuz.

II. Errepublika garaian diru laguntzak ugaritu egin ziren eta horrekin batera jarraipen zuzena egin zitzaien. Horrela, Hezkuntza Komisioaren izenean, Cortazar jaunak eskola hauek bisitatu zituen, eta hauei buruz dauden datuak bildu zituen. Ez dugu ahaztu behar eskola hauek Aldundiaren diru laguntzari esker mantentzen zirela (materialetarako diru laguntza, eraikuntzaren mantenua eta urtero maisu mikeleteari diru ordaina).

Personalki bisitatu ondoren, honela deskribatu zituen Cortazar jaunak eskola bakoitza eta bertako heziketa:

- Kanpazar: 1932an 12 ikasle zitueneta asistentzia ona zela esaten zuen. Ikasleek oinarrizko heziketa jasotzen zuten. 1934an eraikuntza berritu egin zuten eta eskola ere bai. 1935ean eskolako heziketa hobetu nahirik, gurasoek tituludun maistra bat ezartzea proposatu zuten. Aldaketa arrazoitzen zuten esanez hezkuntzaren ardura zuten kabo mikeleteak aldatu egiten zirela, eta batzuetan ez zeudela behar bezala prestatuak.

- Endarlatza: 1932an 36 ikasle zituen matrikulatuta eta heziketa ona zen. Eraikuntza baldintza onetan zegoen.

- Otzaurte: 1932an 12 ikasle zituen matrikulatuta eta gehienak joaten ziren eskolara. Gela zabala eta ondo aireztatua zuen. Heziketa ona zen eta eskolako ordutegia 9:00etatik 11:00etara eta 14:00etatik 16:00etara zen.

- Saturraran: 1932an bisitatu zuenean 3 edo 4 ikasle zituen. Mikelete kaboa eta haren emaztea arduratzen ziren heziketaz, eta hori ez zela oso egokia zioen ikuskariak. 1932an izandako elgorri eta kukutxeztul izurriteen eraginez, eskola itxita egon zen.

- Urkarregi: 1932an 12 ikasle zituen matrikulatuta, baina 10 bat joaten ziren. Irakaskuntza euskaraz eta gaztelaniaz ematen zen. Neguan gau eskola egoten zen mutil nagusientzat. Heziketa ona zela zioen ikuskariak.

- Urto: 1931. urtean jaso zuen bertako maisuak aurreneko aldiz Aldundiaren 500 pezetako diru ordaina. 1932an 26 ikasle zituen matrikulatuta. Bertan ematen zen oinarrizko heziketa ona zela zioen ikuskariak.

Urtoko mikelete eskolako ikasle izandako Berastegiko Joxe Antonio Aranburuk, egun desagertuta dagoen eskolaz eta bertako heziketaz honela dio:

"Urtoko mikeleteen postua Nafarroako mugan bertan zegoen eta mikeleteak bertan bizi ziren bere familiarekin. Eskola mikelete etxearen ganbaran zegoen kokatua, eta eskola mistoa izanik, neskak eskolaren alde batean eta mutilak bestean kokatzen giren. Sarrera goizeko 9:00etan izaten zen eta 11:00ean irteera. Arratsaldeko saioa 14:00etatik 16:00etara izaten zen.

Eskola ematen zuen mikeleteak, maisuak, kabo kargua zuen eta Lezon jaioa zen. Bere arduragatik ezin zuenean eskolarik eman, bere emaztea edo alaba izaten ziren maistra lana betetzen zutenak. Hirurak eskola handikoak omen ziren".

Egunero, eskolan sartu ondoren, maisuak adierazten omen zion bakoitzari zer ikasi behar zuen, eta esandakoa ikasten ez bazuten, etxerako orduan ikasten gelditu behar izaten zuten, ikasi arte.

"Egunero euskarazko dotrina eta gaztelaniazko Urbanidad, Caton eta Ortografia liburuak errepasatzen ziren. Horiek ikasi ondoren problemak eta aritmetika egiten ziren (batuketak, kenketak eta biderketak, eta zekizkienak zatiketak ere bai). Etxerako ordua iristen zenean errezoak egiten ziren kantari, bai goizean eta baita arratsaldean ere". Ez dugu ahaztu behar erlijioak indar handia zuela eta dotrina buruz ikasi beharra izaten zela. "Dotrina zaharra" zen garai hartan erabiltzen zutena (96 orriko liburuxka txikia) eta ia denek euskaraz ikasten zuten.

Euskara-gaztelania hiztegia ere erabiltzen zuten, gaztelaniazko hitzen esanahia ikasteko. Dena dela, azpimarratu behar da eskolako gaiak, oro har, gaztelaniaz ematen zirela, eta azalpenak euskaraz. Ikasgaiak gaztelaniaz eman arren, maisua eta ikasleak euskaraz mintzatzen ziren eta ez zuten debekatzen eskolan euskaraz aritzea.

Egindako lanaren jarraipena eta kontrola ikuskariak egiten zuen, baina oso azaletik, "koadernoak ikusi eta ospa egiten omen zuen".

Ikasleen asistentzia ona izaten omen zen. Etxean haur gutxi gelditzen omen zen eta eskola etortzen ez zenak bere falta arrazoitu egin beharra izaten zuen. Bestela, gurasoei adierazten zitzaien. Normalean etxe bakoitzetik bi edo hiru anai-arreba joaten zirenez, kontrola ematea errazagoa izaten zen.

Ikasleen baserriak urruti egon arren, beren etxeetara joaten ziren bazkaltzera. Oraindik ez ziren kantinak martxan jarri landa eskoletan, auzo eskoletan jarriko ziren eran.

12-13 urterekin gehienak eskola utzi eta lanean hasten ziren. Kasu berezi batzuetan helduak ere joaten omen ziren eskola hauetara oinarrizko ikasketak ikastera (oinarrizko lau arauak eta idazten eta irakurtzen ikastea beharrezkoa baitzen zenbait lanbidetan, adibidez, mikelete sartu nahi izanez gero).

Mikelete eskoletako heziketak antzekotasun handia zuen landa eskoletako heziketarekin. Programa maisuak berak eta eskuartean zituen liburuek mugatzen zuten. Oinarrizko heziketa eta dotrina ziren eguneroko lanaren zutabe. Dena dela, eskola hauek bere funtzioa bete zuten, eskolarik ez zegoen bailaretara iritsi baitziren.

1936an gerra hasi zenean bertan behera gelditu ziren. 1937ko ekainean Kontzertu Ekonomikoen deusestapenak mikeleteen desargerpena ekarri zuen.





Bibliografia



- EZCURDIA, Luis: Los cuerpos armados forales. Los miqueletes. Zarautz. Icharopena. 1968.

- "El cuerpo de miqueletes". Realidad 4, 1927ko apirilak 30, 15-18.