Hik Hasiren "Zatoz jolastera!" bideoak Miguel Altzo ikasmaterialenn kalitate saria jaso du

2001-11-01
 
 
Euskarazko ikasmaterialen kalitatea saritzeko Isaac Lopez-Mendizabal eta Migel Altzo lehiaketen sari banaketa egin zen urriaren 17an Tolosan. Migel Altzo sari-lehiaketako bideo alorrean aipamen berezia jaso du hik hasiren "Zatoz jolastera!" bideoak. Sari honek bideoari profesionaltasun onaren maila-aitorpena ematen dio.


"Zatoz jolastera!"k jasotako Migel Altzo sari-lehiaketan aurtengo ikus-entzunezko ikasmaterial eta hezkuntza software hoberenak saritu dira. Izan ere, sari-lehiaketa honetan unibertsitatez kanpoko ikasmaterialetarako euskarazko ikus-entzunezko ikasmaterial eta hezkuntza software hoberenak saritzen dira.


2001eko deialdian bideoaren alorrean bideorik hoberenaren saria Ihardun Multimedia Koop. E.ren "Ariete hidraulikoa" izeneko bideoak jaso du. Audio alorrean audiorik hoberenaren saria Ibaizabal argitaletxearen "Euskara eta literatura DBH 2. A eredua. Entzungaiak" kaseteak eraman du. Hezkuntza softwarearen alorrean software arruntik hoberenaren saria hutsik gelditu da eta epaimahaiak aipamen berezia egitea erabaki du; Gipuzkoako Ikastolen Elkartearen "TTantto" multimedia softwarearik egin diote aipamen berezi hori. Bestalde, multimedia softwareri hoberenaren saria Elhuyar Kultur Elkartearen "Piratekin matematikaren munduan" materialak eraman du.


Migel Altzo sari-lehiaketaz gain, Isaac Lopez-Mendizabal lehiaketako sariak ere banatu dira. Kasu honetan, irakasmaila ez-unibertsitarioko euskarazko ikasliburu hoberenak saritzen dira. Aurten euskaraz irakasteko testu libururik hoberenaren saria Zubia argitaletxearen Inguruaren ezaguera, LMH 1. Ikaslearen liburua" materialak jaso du. Euskara irakasteko testu libururik hoberena Ibaizabal-Edelvives argitaletxearen "Euskara eta literatura A erdua, DBH 2. Ikaslearen liburua"k jaso du. Hirugarren saria irakaslearen gidalibururik hoberenari eman diote, eta hori Anaya argitaletxearen "Matematika gizarte zientziei aplikatua I, Batxilergoa 1. Proposamen didaktikoa" izan da. Oinarrizko irakurgaietan Elkarlanean argitaletxearen "Axa mixa zilarra" liburuak jaso du. Eta azkenik, kontsulta liburuen eta material osagarrien artean hoberena Erein argitaletxearen "Literatura unibertsala, Batxilergoa 1." izan da.