Gure ikasliburuak, geuretik abiatuta

2001-10-01
Nafarroan ikasturte berria iragarritako nobedadeekin hasi da. Otsailean esan zuen Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko lehendakariak gaztelaniazko testu liburuak euskaratzeko diru laguntzak emango zituela. Ordura arte erabiltzen ziren ikasliburuak ez ei zuten Nafarroako errealitatearekin bat egiten. Horrela, irailaren 4ean aurkeztu zituen Jesus Laguna Hezkuntza kontseilariak Lehen Hezkuntzarako Ingurunearen Ezaguerarako ikasliburuak.

Oraingoan gauzak azkar egin dira. Administrazio eta burokrazia kontuek eta aldaketek denbora dezente eskatu ohi dute, baina interesek dena alda dezakete.
 
 
2000. urteko ekainean gerora zeresana eman duen txosten bat argitaratu zuen Historiako Erret Akademiak: "Irakaskuntza Ertaineko ikastetxeetako Historiako ikasliburuen eta kurtsoen inguruko txostena". Bertan adierazten zen EAEko eta Nafarroako Komunitateko zentroetan erabil-tzen ziren testu liburuetan Historia faltsifikatu egiten zela eta egungo errealitatea ez zutela errespetatzen.

Miguel Sanzek gogoan hartu zituen aipamen haiek, eta gauzak "konpontzen" hasi zen. Nafarroako ikastoletan eta D ereduko ikastetxeetan erabiltzen ziren ikasliburuak ez zirela "egokiak" adierazi zuen:"Zenbait testu liburutan Nafarroako errealitatearekin bat ez datozen edukiak ikusi ditugu, bereziki mapak, eta hori zuzendu beharra dago". Gobernuak berak derrigorrezko liburuak argitaratuko zituela adierazi zuen hasieran. Adierazpen "ausartegiak" izan ziren nonbait, eta berehala zuzendu zituen euskaratu egingo zituela esanez. Ondoren, Hezkuntza Departamentuak gauzak argitu eta zehaztu egin zituen asmo hori legearen barruan kokatuz.

Horrela, apirilean Geografia, Historia eta Giza Zientzietako ikasliburuak euskaratzeko diru laguntzen deialdia luzatu zien ehundik gora argitaletxeei, baina estatu mailako lau argitaletxe indartsuk bakarrik izan dira gai jarritako baldintzei erantzuteko. Euskal Herriko argitaletxeak kanpoan gelditu dira, batzuk hasieratik deialdian parte hartzeko inolako asmorik ez zutela garbi azaldu zutelarik.

Azkenean, lau argitaletxe aurkeztu ziren deialdira eta horien liburuak dira irailaren 4ean Hezkuntza Departamentuak aurkeztu zituenak. Vicent Vives, Edebé, Santillana eta Anaya dira editorial horiek. Lehenengoak 11.700.000 pezeta (468.000 libera) jaso ditu eta Lehen Hezkuntzako maila guztietarako (sei mailak) liburuak merkaturatu ditu. Edebe eta Santillanak, berriz, 7.000.000 pezeta (280.000 libera) eskuratu dituzte eta Anayak 6.000.000 (240.000 libera). Hiru editorial horiek Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren ziklorako materiala soilik argitaratu dute.

Lehen Hezkuntzako Ingurunearen Ezaguerarako ikasliburuak dira guztiak, eta aurrera begira DBH eta Ba-txilergokoak merkaturatuko dituzte.

Hemendik aurrera, beraz, merkatuko eskaintza areagotu egingo da. Lehendik zeuden euskal argitaletxeek egindako liburuekin batera itzulitako berri hauek egonen dira. Hezkuntza kontseilariaren iritziz"orain arte Nafarroan gabezia bat zegoen, ez zegoen Nafarroari buruzko libururik euskaraz, eta ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegokoak erabiltzen zituzten euskal ereduetan". Honek galdera bat dakarkigu burura: euskaratu diren liburuak ez dira Nafarroan egindakoak, estatuko editorialetan baizik, eta aldaketak egin gabe zuzenean itzuli direla jakinik, zenbatekoa da Nafarroari buruz duten edukia? Ez al da eranskin edo gehigarri batzuetara mugatzen?

Bestalde, legearen arabera ikasliburu guztiek Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren onespena behar dute. Nafarroako gutxieneko curriculum diseinuak ezarritako eduki, jarrera eta prozedurak bete behar dituzte. Liburu berriek onespena jaso dute eta euskal argitaletxeen testu liburuek ere orain arte baimen hori bazuten. Aurrerantzean ukatu egingo ote zaie?



Aurtengo ikasturterako berandu da

Nafarroako Gobernuaren nahia, dudarik gabe, orain arte zeuden testu liburuak baztertu eta berak bultzatutako berriak erabiltzea da. Baina gainontzekoak ere legalak eta baimendutakoak izanik, ikastetxeek hautatzeko eta erabakitzeko ahalmena dute.

Alabaina, hori guztia ikasturtea hasi aurretik egiten da. Beraz, horrek esan nahi du, Nafarroako Gobernuak irailaren 4ean aurkeztutako liburu berriak ez dituztela erabiliko aurten, irakasleek dagoeneko aukeratuta baitituzte beste batzuk, eta gurasoek erosita..





Bat-bateko zurrunbiloaren ondoren, hausnarketarako garaia iritsi da. Ez dugu gertakarien itzalpean gelditu nahi, haratago jo nahi dugu. Ikasmaterialen garrantziaz jabeturik, euskal hezkuntza sistemaren eta euskal curriculumaren aldeko jardunean, zer egin dezakegu? Zein bide jarraitu behar dugu? Galdera horien erantzunak bilatzerakoan bidelagun izan dugu Lore Erriondo, EHUko Pedagogia Fakultateko irakaslea eta gaian aditua.



Nafarroako Gobernuak esan du orain arte zeuden euskarazko ikasmaterialetan ez zela Nafarroako oinarrizko curriculum diseinua bermatzen. Ados al zaude horrekin?

Ez, hori ez da egia. Hasteko, ikasmaterialen kontu hau guztia ez da berria. Orain atera da ostera ere Nafarroako Gobernuak erabaki duelako euskal argitaletxeek argitaratutako euskarazko liburuak bazterrean uztea. Eta hori, D ereduko ikastetxeetan erabiltzen diren liburu gehienak izanik.

Urteak eta urteak dira ikasmaterial horien edukia zalantzan jartzen dela, une jakin batzuetan, gainera. Baina ikuspegi politikotik egiten da, ez inondik ere pedagogikotik. Politikoki zuzenak ez ote diren aipatzen da, euskal kulturaren beste bertsio bat bultzako ote duten, terrorismoa edo nazionalismoa, edo ez dakit zer.

Legeak finkatzen du ikasmaterialek bermatu behar duten oinarrizko curriculum diseinua estatu mailan. Beraz, Nafarroaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, Espainiako gutxieneko edukiak dira. Gero, autonomia erkidego bakoitzak bere kultura propioa irakatsi ahal izateko eskumenak ditu eta horiek finkatzen ditu. Eta hori errespetatuz, argitaletxeek ere beren interpretazioa egiteko eskumena dute. Hori da legeak dioena.

Alde horretatik, ez dago zalantzarik Hegoaldean sortzen diren euskarazko ikasmaterialek, Erein eta Elkar-GIErenek nagusiki, oinarrizko curriculum diseinuetan jartzen diren gutxienekoak betetzen dituztenik. Are gehiago, hainbat azterketek erakutsi dute horrez gain kalitate onekoak direla. Gertatzen dena da argitaletxeei dagokien eskumena ez dutela berdin planteatzen Euskal Herriko argitaletxeek eta Espainiako argitaletxeek.



Interpretazio hori da Nafarroako Gobernuari gustatzen ez zaiona. Baina egin duena egiteko eskubiderik ba al du?

Argi dago jokabide politikoa dela, ez dute onartzen argitaletxeek (Euskal Herrikoak barne)euskal kultura transmiti dezaten. Nafarroako Gobernuak "gu Espainia gara" esaten du, ez du esaten "gu Nafarroa gara". "Nafarroa gara, baina Espainia garelako. Ez gara Euskal Herria, eta Euskal Herria den oro arriskutsua da. Guk ziurtatu behar duguna Espainia da". Nafarroari buruz egiten duten irakurketa Espainiaren ikuspegitik begiratuta egiten dute, ez Nafarroatik begiratuta, Euskal Herrtik.

Euskal kulturgintzaren eredutik Nafarroa Euskal Herria da, eta nafarrek Nafarroari buruz bezalaxe, Gipuzkoari, Bizkaiari, Arabari, Lapurdiri eta Zuberoari buruz ere jakin beharko lukete. Hori, ordea, arriskutsua dela dirudi egungo Nafar Gobernuarentzat. Hori da saihestu nahi dutena. Ez dute Nafarroa bermatu nahi, baizik eta euskalduntasun kutsua izan dezakeen oro eragotzi.



Zein izan daiteke jarrera horren arrazoia?

Badakigu ezjakintasuna dela herri bat gorbernatzeko modurik errazena. Badakigu ezjakintasunean oinarrituta gizakiak moldakorragoak direla. Badakigu pentsatzeko aukerarik ematen ez zaionak nekez gara dezakeela pentsamendu propioa bitartekorik ez badu. Orduan, jakintza ukatuta, errealitatea da ukatzen ari garena.

Une honetan Nafarroako Gobernuak ez badu nahi bere kideak euskaldun senti daitezen, egiten ari dena egin behar du, alegia, ukatu euskaldun direnik eta nafarrak direla erakutsi, ez euskaldunak. Eta nafarrak direnez, espainolak dira, ez euskaldunak. Hori da lortu nahi dutena.

Horrela, beren helburu politikoetara iritsiko dira, ez kulturaletara. Helburua da espainiar hiritarrak izatea eta espainiar nazionalismoa zalantzan jarriko duen ezer ez egotea.



Euskal argitaletxeei merkatua murriztea bilatzen dute, beraz.

Bai, hala da. Nafarroako Hezkuntza Departamentuak zera dio: guk diruz lagunduko dugu euskaraz eskolatzen direnek erabiliko duten ikasmaterialaren argitalpena, material horiek zuzenak izan daitezen. Noski, haientzat zuzena da Nafarroako, eta beraz, Espainiako, jakintza multzoa bermatzea.

Orduan, estatuko argitaletxeei egiten die deialdia, eta soilik estatukoei. Beraz, ikasmaterialak gaztelaniaz sortzen dituzten argitaletxeei zuzentzen dizkie diru laguntzak materiala euskara dezaten edota eranskinen bat edo aipamen bat jar dezaten. Sarrerarik ez zaie ematen euskaraz eta Euskal Herrian sortutako argitaletxeei.



Dena dela, azken erabakia ikastetxeen esku geratzen da, eurak erabakitzen dutelako zein ikasmaterial erabili, betiere baimendutakoa den neurrian. Beraz, Euskal Herriko argitaletxeena erabil dezakete.

Bai, baimena duten ikasmaterialen erabilera ezin dute ukatu. Gertatzen dena da gobernu batek dituen bitartekoak edo gizatald batek dituenak hain direla desorekatuak! Gobernuak bitarteko handiak ditu argitaletxe txikien aurkako borroka egiteko. Eta borroka honetan ez da beharrezkoa aipatu ikasmaterialak legez kanpo uztea, baizik eta beste batzuei ematea diru laguntzak, eta ez bertakoei. Ez da ahaztu behar, gainera, bertakoek ahalegin handiagoak egin behar dituztela maila guztietan beren hedadura murritzagatik, bezero kopuruagatik eta egin behar duten sorkuntza lanagatik.

Bada, ahalegin horiek burutu ahal izateko bitarteko guztiak eteten badituzte,eta ikastetxe, irakasle ea gurasoak presionatzen badituzte ez da zertan debekatu behar, zeren heriotza "naturala" izango baita. Hori da modurik eraginkorrena. Ez da zertan jo behar legez kanpora uztera, itotzearekin nahikoa da.



Euskal Herrian egindako euskarazko ikasmaterialek Espainian egindakoekin konparatuta ikuspegi desberdina dute. Nolakoa da hemengoena?

Berez, euskal kulturaren jakintza multzoa bildu eta bermatu beharko lukete, eta saiakera antzematen da, baina zalantzan jartzen dut hori egun lortzen ote duten. Alegia, Euskal Herrian bizi diren hiritar guztiek beren eskolatze prozesuan euskal kulturari buruz jaso beharreko guztia jasotzen ote duten ikasmaterial horien bitartez. Azterketa hori egingo bagenu, segur aski EAEri buruzko informazioa maila jakin bat jasotzen dela ikusiko genuke, baina Euskal Herri osoari buruzkoa, euskal kulturari buruzkoa, euskal kulturaren jakintza multzoa izan litekeena, nire ustez, ez dute bermatzen.



Euskal kulturaren jakintza multzo horrek osatuko al luke euskal curriculuma?

Bai, nolabait euskal kultura hori euskal hezkuntza sistemara moldatu eta egokitu beharko litzateke. Jakintza hori bildu, sailkatu, metodologikoki antolatu eta didaktikoki adin bakoitzera moldatu beharko litzateke. Eta horrek lana eskatzen du. Hasteko, bilketa lana egin behar da. Gero, azterketa lana burutu behar da, hots, jakintza alor bakoitzeko adituek kultura horretatik eskolaren eta ikasmaterialen bidez jakin eta transmititu behar dena zer den erabaki behar dute. Ondoren, pedagogikoki eta didaktikoki jakintza multzo hori egituratu egin behar da modurik eraginkorrenean, esanguratsuenean eta adinari egokituta transmititzeko. Hori guztia testura edo dagokion euskarrira pasa behar da, maketatu, ilustratu... Lana itzelezkoa da.



Batzuk esan dezakete lana egiteko gogoa eduki arren hori ezin dela egin ez delako existitzen, alegia, jakintza multzo hori ez dela existitzen, gurean ahozko transmisioa izan delako nagusi.

Egia da, hala da. Urte askotan ez dugu besterik izan ez genuelako hizkuntza estandarrik,ez historia eta kultura ofizialik, eskolan ez zelako ez "euskal" ez euskaraz transmititzen, familia eta gizarte egitura bestelakoa zelako, pasadizoen, istorioen, pertsonen, abestien... bidezko transmisioa zegoelako, beste edozein gizartetan bezala. Eta beste edozein gizartek bezala, gureak ere aurrera egin du eta aurrera egingo du.

Edozein gizarte aldatu egiten da, eguneratu, bizirik badago eta euskal gizartearen egungo egoera mundu "garatukoen" antzekoa da: familia gero eta murritzagoa da, lanera kide gehienak ateratzen dira, elkarrekin pasatzen diren orduak gero eta gutxiago dira, norberaren jarduerak gero eta ugariagoak dira, erantzukizunak familia bereko kideen artean banatu beharrean familia zabalagokoarekin banatzen dira, hots, eskolarekin, eskolaz kanpoko elkarteekin, aisialdiko taldeekin, hedabideekin...

Lehen familia eta lagunen bitartez jasotzen zena, orain bereziki eskola, eta hedabideen bitartez jasotzen da. Eta eskolaren bitartez jasotzen dena irakaslearen, ikasmaterialen, material osagarrien... bitartez.

Ez dugu ahaztu behar kultura ez dela ohiturak, folklorea, aintzimnako "altxorrak"... soilik, baita balioak, informazioa eta jakintza ere: historia propioa natura,, geografia, musika...



Euskal kulturaren jakintza multzo horren bilketa lana egin aurretik euskal kultura zer den zehaztu beharko da. Zer da zuretzat euskal kultura edo euskal jakintza?

Lehen esan bezala, Euskal Herria bere osotasunean hartzea, hots, Euskal Herriaren historia, Euskal Herriko ohiturak, Euskal Herriaren artea, Euskal Herriaren musika, Euskal Herriaren fauna, Euskal Herriaren flora, Euskal Herriaren sukaldaritza, Euskal Herriaren elikadura, Euskal Herriaren osasuna, hirigintza, industria, teknologia, gizarte egitura, gertakizunak, pertsonaiak, tokiak, espezieak, gaiak... Hortik abiatu behar dugu, bertakotik, eta gero hurbilekora eta urrunekora zabaldu. Baina mundura ezin gara zabaldu bertakoa ezagutu gabe. Lehenengo nor garen jakin behar dugu. Ezagunetik ezezagunera zabaldu behar dugu, bertakotik inguru hurbilera, gure aldamenean ditugun kultura eta hizkuntzetara, gero Europara eta gero mundura.

Gu garen hori gabe, muin hori gabe, abiapunturik gabe bestea lantzeak, eta askotan hori da egiten dena, finean, nora garamatza? Deserrotzera, desidentifikaziora, gu nor garen ez jakitera, nahasketetara... edo besterik gabe akulturazio prozesu horretan ezerk ez gaituela batzen sentitzera.

Berdin egiten gaituenak bildu ohi gaitu, eta akulturazio egoeran zer da berdin egiten gaituena? Hegoaldean Espainiak eta Iparraldean Frantziak. Kultur etendura dagoenean, transmisiorik ez dagoenean, harremanak eteten direnean eta jakintzarik ez dagoenean, gero eta arrotzagoak gara gure artean, baldin eta gure artean beste kultura nagusi bat/zuk badago/badaude. Kasu horretan gehiago identifikatzen gara bakoitzaren kultura nagusiko kideekin gure baitako kideekin baino. Zergatik? Kultura nagusi horiek gureganatzen baldin bagaituzte eta guztiok haien murgilean bagaude, dagoeneko gehiago garelako kultura nagusikoak gure jatorrizko kulturakoak baino. Eta gure artean beraz, arrotz.



Akulturizazio prozesu horri aurre egiteko modua izan al liteke lehen aipatu duzun euskal kulturaren jakintza bilketa egitea?

Bai. Gure kulturak ez dauka inguruko kulturek daukaten tradizio idatzia, sistematizatua, bitartekorik ez dugulako eduki. Bildu, ahoz bildu izan da, baina idatziz ez. Asko dago galduta edo egin gabe horretako aukerarik ez delako izan. Baina horrek ez du esan nahi existitu ez denik eta existitzen ez denik. Eta existituko ote den? Hori gure eskuetan dago.

Gauzak horrela, hainbat gauza egiteke daude, biltzeko eta sistematizatzeko. Haatik, beste hainbat gauza eginda daude, nahiz eta forma eman gabe egon, hau da, ikasmaterialetan ikusten ditugun bezala ez egon. Eginda dauden hainbat eta hainbat azterketa lan, ikerketa lan, plan, bilketa lan, liburu, testu, elkarte, erakunde... hor daude, baina horren bilketa egin behar da zer dagoen ikusteko, zer den aproposa, zer moldatu behar den, zer hutsune dauden... Ez dagoena edo existitzen ez dena, galduta dagoena, sistematizatu gabe dagoena eta beharrezkoa dela ikusten den hori topatzeko eta biltzeko ahalegina egin behar da.



Zeregin hori norena da, gizartearena ala instituzioena?

Momentu honetan euskal kulturgintzako jende ugari dabil lan hori egiten: Elhuyar, UEU, Eusko Ikaskuntza, Ikastolen Elkartea, Sortzen-Ikasbatuaz, Hik Hasi, Eresbil, Aranzadi, Musika Irakasle Euskaldunen Elkartea eta abar. Ikertzaileak ere baditugu, ikerketa proiektuak eta doktoradutza tesiak egiten dituztenak. Lan taldeask eta elkarteak ere bai.

Alabaina, indarrak bildu behar dira lanak alferrik gal ez daitezen. Noski, ez da erraza nonbaitetik bultzatzen ez bada edo ekimen bateraturik ez badago, eta gainera, gure kasuan bezala, oztopo handiak jartzen direnean. Garrantzitsua da elkarren berri izatea eta norabide bera jarraitzea, elkarren arteko komunikazioa, alegia.

Orain arteko urrats gehienak herri mugimenduetan oinarrituta egon dira. Instituzioak batzuetan kontra izan ditugu, batzuetan egiten utzi izan digute, beste batzuetan lagundu egin digute, eta beste batzuetan egindakoa aitortu. Baina gure herrian kulturgintzaren ikuspegitik eman ditugun urratsak gutxitan izan dira instituzioek bideratutakoak, finantzatutakoak, bultzatutakoak eta egindakoak.

Berez zuzenena Hezkuntza Sailek berek egitea izango litzateke. Nolanahi ere, Nafarroako Hezkuntza Departamentuak ez du behar hori ikusten. Badirudi EAEko Hezkuntza Sailak ikusten duela eta bultzatu egin beharko luke, baina ez du oraindik behar adina egiten. Bitartean, zain egongo al gara? Zain egoteak dakarren arriskua galera da. Hizkuntzarekin ere galtzeko arriskua zegoenean, eta oraindik ere badago, instituzioen zain egon izan bagina, galduta egongo zatekeen.

Nik uste dut administrazioari eskatzen jarraitu behar dugula, gureganako erantzukizuna daukatelako, eta ustez, gure zerbitzura daudelako. Bien bitartean mugitu egin behar dugu. Egingarria dela da nik zalantzan jartzen ez dudana, nahiz eta jakin ahalegin handia eskatzen duela.



Euskal kulturaren jakintza berreskuratze prozesu honetan zenbaterainoko garrantzia dute ikasmaterialek?

Itzelezkoa. Gogoan eduki behar dugu egun, gurean, mundu guztia eskolatzen dela derrigorrez 16 urtera arte, eta ohikoa da 18-20-25 urtera arte hezkuntza instituzioetan egotea.. Beraz, ikastetxearen eta irakaslearen bitartez jakintza ugari jasotzen da, ordu asko pasatzen dira eskolan. Eta eskolaz kanpokoa ere ez da ahaztu behar: akademiak, elkarteak, aisialdiko taldeak, kultur taldeak eta hedabideak, hedabideak eta hedabideak.

Egoera horretan guztian ikasmaterialek garrantzi handia dute. Ikasmaterialez ari garenean hor sartzen dira testu liburuak, ariketa liburuak, liburu osagarriak, mapak, bideoak, CDak, jolasak, abestiak, Internet... Hots, apunte batzuetatik hasi eta CD bateraino. Orduan, badakigu ikasmaterial horiek subjektu guztiengana iristen direla. Tresna horiek guztiak erabiltzen dira irakaskuntzan, eta elementurik erangikorrenak dira guztiek eskura eduki ditzaketelako. Beraz, ikasmaterialak guztiengana iristen direnez, horrelako tresnak sortu behar ditugu.

Noski, ikasmaterialekin batera, hezitzaileak ere oso garrantzitsuak dira. Ikasleei euskal kulturaren jakintza transmititzeko hezitzaileek horren jakitun izan behar dute. Hezitzaileak diodanean irakasleak, bererzilariak, laguntzaileak, begiraleak, lagunak, gurasoak, hedabideak... aipatzen ditut. Orduan, horiek ikasi behar dute lehendabizi. Izan ere, nola eska geniezaieke beraiek ez dakiten zerbait irakastea? Bistan da hezitzaileek ere, hezituek bezalaxe, tresnak behar dituztela jakintza hori jasotzeko, hau da, beraiek ere ikasmaterialak behar dituzte. Horregatik dira garrantzitsuak, guztiengana iristen direlako.



Egungo egoera ikusirik eta euskal curriculuma osatzeko lana oraindik luzea dela jabeturik, zer gerta liteke? Euskal curriculuma garaiz osatuko ote dugu?

Nik pentsatzen dut piramidearen ereduak funtzionatzen duela, eta gure artean goitik beherakoa baino gehiago behetik gorakoa izan dela. Eta beste erremediorik ez daukagun bitartean horrela segituko dugu. Alegia, halako erasoen aurrean gizarte mailatik erantzun behar zaio. Eta hor bai, argi eduki behar dugu gure arteko komunikazio bideak zaindu behar ditugula.

Garrantzitsua da gizarte mailako zubiak eraikitzea, komunikazioa existtzea, informazioa transmititzea eta elkarlanean aritzea, eta nola ez, hori guztia baloratzea. Horregatik dira oso garrantzitsuak lurraldez gaindiko, autonomiaz gaindiko edo jakintza esparruz gaindiko elkarteak, erakundeak eta bilguneak sortzea eta koordinatzea. Eta dudarik ez, sektore guztiekin lan egitea: gurasoekin, ikasleekin, irakasleekin, enpresekin... gizarte mailan egin behar dugu lan. Gizarte ekimenen bitartez egin behar ditugu ahaleginak guri zor zaiguna ikusarazteko eta eskatzeko. Oso garrantzitsua da gure arteko, gizarte mailako, komunikazioa, beste behin irtenbidea gizartetik etor litekeelako. Kasu honetan, Nafarroako Gobernutik ez baita etorriko.

Dudarik gabe, erantzukizun politikoak badaude, eta politikariek beren mailan lan politikoa egin behar dute. Baina badaezpada ez gara zain egongo. Bakoitzak bere erantzukizunak ditu, eta gizartekide garen neurrian, norberak bere erantzukizunak ditu. Bakoitzak ikusiko du noraino egiten duen bat bere erantzukizunekin.





IRITZIAK



VALVERDE, Lola. EHUko Giza eta Informazio Zientzien Fakultateko Historia irakaslea eta Jaume Bofill Fundazioaren ikerketaren egileetako bat



Testu liburuen inguruko polemika Nafarroan

Humanitateen dekretuaren ondoren behin eta berriz entzuten ari ginen hainbat autonomia erkidegoetako irakaskuntza ez unibertsitarioan (bereziki DBHn eta Batxilergoan) erabiltzen ziren testu liburuen gaineko salaketak. Halaber, ordura arte izan ez zuten oihartzuna eta ondorioa lortu zuten Historiako Erret Akademiak gerora hain ospetsua izan zen "Irakaskuntza Ertaineko ikastetxeetako ikasliburuei eta kurtsoei buruzko txostena" argitaratu zuenean 2000ko ekainean. Han, oinarritzat hartzen ziren edukiak aipatu ere egin gabe, baiezten zen Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko ikastetxeetan erabiltzen ziren testu liburuetan Historia faltsikifatu egiten zela eta ikasleak nazionalismo xenofoboan eta arrazistan hezten zirela. Berehala sortu ziren erasoak txosten hau autoritatearen argudio bezala hartuta. Eta berez, txostena baino gehiago Manifestua zela esan liteke. Egoera aprobetxatuz erasoak zabaldu egin ziren eta euskarazko irakaskuntzaren gaineko salaketak hedatu ziren. Horrela, PPko Oyarzabal euskal parlamentarioak zera adierazi zuen"guraso askok euren seme-alabak B eta D ereduetan matrikulatuta dauzkate, eta eredu horietan, inolako disimulorik gabe, testuak manipulatu egiten dira euskaraz. Gurasoek ezin dute zehatz-mehatz kontrolatu seme-alabek ikusten dutena". (Diario de Navarra, 2000ko ekainak 29, 2. or.). Euskararik jakin gabe beren seme-alabek ikas dezaten erabaki duten gurasoen artean alarma eta errezeloak zabaltzeko adierazpenak besterik ez dira. Erabilitako moduaren zitalkeria ukaezina da, erabat agerian gelditzen da. Oyarzabalek esaten ez duena zera da: argitaletxe guztietako liburu guztiak berdinak direla bai euskaraz eta bai gaztelaniaz. Are gehiago, liburuak gaztelaniaz idatzitakoak dira eta gero euskaratu egin dira. Hitzez hitz euskaratu, gainera. Testu liburuen aukera zabalaren aurrean, gaztelaniazko liburuak egiten ez dituen argitaletxe bakarra dago eta euskarazkoak soilik argitaratzen ditu. Aipatutako egunkarian bertan eta egun berean, Miguel Sanz Nafarroako Foru Erkidegoko presidenteak esaten zuen Historiako Erret Akademiaren iritzi berekoa zela ikastoletako Historiaren irakaskuntzari zegokionez.

"Txosten-Manifestuak" sortutako inpaktua ikusirik, eta Historiako Erret Akademiak duen autoritatea kontuan hartuz, Jaume Bofill Fundazio katalanak erabaki zuen hainbat Komunitate Erkidegotan erabiltzen ziren Historiako testu liburuei buruzko ikerketa bat egitea. Emaitzen fidagarritasuna bermatuko zuen metodologia zientifikoa erabiliko zuen horretarako. Horregatik, lehen baldintza zera izan zen: gutxienez Komunitate Erkidego bakoitzeko ikasleen %85ak erabiltzen zituen testu liburuak ikertzea, betiere DBH eta Batxilergoko mailetan.

Jaume Bofill Fundazioaren ikerketa burutzen ari zenean, Sanz presidentearen adierazpenek harritu egin gintuzten, Nafarroako Gobernuak bere testu liburu propioak editatuko zituela eta derrigorrezkoak izango zirela esan baitzuen. Noski, Humanitateen alorrekoak baino ez: Giza Zientziak, Geografia eta Historia (Diario de Navarra, 2000ko abenduak 12). Egun bereko Diario de Noticiasek editorialean bere harridura azaltzen du Exekutibo Foralaren erabakiaren aurrean, izan ere, "Gobernu-argitaletxe bihurtzeak konpetentzia desleiala egingo lieke enpresa espezializatuei, eta harrigarria da baliagarria den testu bakarraren hots, berak homologatutako testu bakarraren editorea bera izatea...". Bistan zenez, ezinezkoa zen egungo merkatu legeen aurka zegoen eta erregimen totalitarioei zegokien horrelako zentzugabekeria aurrera eramatea. Berehala zuzendu zuten eta hasierako proposamena birmoldatu egin zuten.

Finean, Nafarroako testu liburuen arazoa zera da: merkatua txikia denez, estatuko editorial handientzat ez dela errentagarria Nafarroako curriculumari egokitutako liburu espezifikoak argitaratzea, batez ere DBHko goi mailetan eta Batxilergoan. Horrexegatik, ez zegoen arlo hori lantzen zuen nafar argitaletxerik. Hori dela-eta, hala euskaraz nola gaztelaniaz, ikastetxeetan Euskal Autonomia Erkidegora moldatutako liburuak erabiltzen ziren. Horietako batzuek, Euskal Herriko historiari zuzendutako orrialdeetan "Nafarroa" goiburuarekin lerro urri batzuk gehitzen zizkieten. Beraz, oinarrian argitaratze merkatuaren arazoa da.

Arazo horren irtenbidea Exekutiboak ikasliburuen edukiak kontrolatzeko hartu dituen neurri zorrotzak izan dira. Horretarako, 2001eko apirilean ehun milioi pezetako diru laguntza bideratu zen argitaletxeek euren liburuak euskaratu zitzaten edo euskarazko berriak egin zitzaten. Modalitate bakoitzeko bost diru laguntza baino gehiago ez ziren eman. Horrela, estatuko lau argitaletxe handienetakoek jaso zituzten diru laguntzak: Anaya, Edebé, Santillana eta Vicens Vives. 2001eko irailaren 4ean aurkeztu zituen Jesus Laguna Hezkuntza kontseilariak euskaraz argitatzeko baimena eta diru laguntza zuten lau argitaletxe bakarrek merkaturatutako Ingurumenaren Ezaguerako testu liburuak. Lehen Hezkuntzarako eskaintza soilik da, baina kontseilariak adierazi zuenez datorren ikasturterako prest egongo dira hezkuntza maila guztietarako ikasliburuak.

Bitarteko eta baliabide horiek guztiak martxan jartzeko arrazoi nagusia ez da izan nafar curriculuma betetzea. Liburu berri horien berrikuntza aipagarrienak hauek baitira: Nafarroak beste euskal probintziekin inolako harremanik ez duten mapak, Euskal Herria hitzaren deuseztapena eta Nafarroako paisaiaren zenbait argazkia. Lagunak liburu berrien aurkezpenean egindako adierazpenak txundituta uzteko modukoak dira: euskarazko testu liburuak argitaratzeko diru laguntzak ematea justifikatzen zuen esanez irtenbide bat zela argitaletxeen errentagarritasun ezak ikasleei kostu gehigarririk ez sortzeko. Errealitateak bestela dirudi: gobernuak Nafarroari buruz egiten duen interpretazioa irakaskuntzan txertatzea izango litzateke. Beste behin ere aniztasunak kolpe latza jaso du.





EPALTZA, Aingeru. Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakaria



Ozpin denborako liburuak

Nafarroan baditugu euskarazko testu liburu berriak. Zalaparta handiz aurkeztu zitzaizkien hedabideei, Hezkuntza eta Kultur kontseilari Jesus Laguna bertan zela. Ez ohi da hala izaten. Nafarroan material pedagogiko berrien aurkezpena menpekoen lana izaten da, are gehiago euskarazkoak badira.

Bitxia, beraz, zirenak izatea, eta are bitxiagoa ez zirenak ez izatea. Erabiltzaile nagusiez ari naiz. Logika guztiaren kontra eta Departamentuak berak halakoetan egiten ohi duenaren kontra, inork ez zituen ikastoletako edo D eredu publikoetako zuzendariak edo koordinatzaile pedagogikoak ekitaldira gonbidatu. Alabaina, ordukoz denek zuten mahai gainean Hezkuntzako zuzendari nagusi Santiago Arellanok ikastetxeetara bidalitako oharra: zer eta agindua, egun horretan haien isilean aurkezten zen material hori bera erabiltzeko. Aurkezpen ekitaldi arranditsuan buru egiten zutenak argi eta garbi uzten ari ziren axola bera dutela pedagogiaren profesionalen iritziaz eta iazko haizeaz.

Neurri horien eraginkortasunak ere ez ditu sobera kezkatzen. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultur Departamentuko arduradunek jakin behar dute, ikuspegi praktikotik begiratuta, zorioneko liburu berriak alferrikakoak direla ikasturte honetarako, gurasoen artean eta klaustroetan nahasmendua sortzeko ez bada. Delako aurkezpena hilaren 4an egin zen, asteartearekin. Nafarroan, lehenbiziko haurrak -guti batzuk- biharamunean ziren eskolan hastekoak. Gehienen txanda 6an zen, bi egun geroago, beraz. Ergelenak ere badaki edozein ikastetxetan, plangintza hitza kalamu ez bada bederen, testuak ikasturte berria hasi baino hagitzez lehenago hautatzen direla. Horrenbertzez, ikasleek besapean ekarri zituzten liburuak ez ziren -ez ziren izaten ahal- Nafarroako Gobernuak egiaren edukitzaile bakartzat jotzen dituenak. Lehengo astean berean ere, aurkiezinak ziren bai liburutegietan bai hiperretan. Nahi izanda ere, inork ez zituen erosiko.

Mendebalde zibilizatuko bertze edozein tokitan, hori guztia hezkuntza politikaren kudeaketa guztiz okerraren adibidea baizik ez zen gertatuko. Aldiz, hemen, Foru Gobernuko Hezkuntza eta Kultur Departamentuak bere lorpen garrantzitsuenetariko bat balitz bezala saldu nahi dio iritzi publikoari. Pasarte barregarri bat litzateke, agerian utziko ez balu alderdi politiko batek bere ideiak Nafarroako gizarte osoan ezartzeko duen nahikeria. Eta makurrena da hainbat girotan normaltzat hartzen dela. Ez da normala, ordea. Inork asmatzen ote du zer lurrikara mediatiko eta politiko gertatuko litzatekeen, Eusko Jaurlaritza edo Kataluniako Generalitatea ausartuko balira bertako ikastetxeetan beren soka ideologikoko liburuak derrigortzera eta gainerako guztiak bidenabarrean debekatzera, zenbaitek egoeraren pertzepzio guztiz zorrotzaz eskatu izan dieten bezala? Horixe baita Nafarroako Gobernua egiten ari dena. Pluralismoa? Katedra-askatasuna? Nafarroan susmagarria gertatzen hasia da orain arte oinarrizkoak ziruditen printzipio horiei heltzea.

Ez dakit zer hutsune betetzera heldu diren argitalpen berri horiek. Inork ez ditu eskatu, ez ikasleek, ez aita-amek, ez irakasleek. Hala ere, milioi mordoa xahutu dute inork nahi ez zituen testu batzuk argitaratuz. Eta hori euskararekin etengabe zikoizkerian dabilen Departamentu batek egin du. Harixe zor diogu, Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusia ezabatu zutenetik, euskara sustatzeko programen deuseztapena, diru laguntzen murrizketa, irakasle erdaldunak euskarazko lerro publikoetan sartzea, euskara Unibertsitatetik kanpora uzteko azpilana, administrazioan gure hizkuntzaren alde lanean ari zirenak hutsaren pare uztea. Harixe, ahozko irainak eta jendaurreko mespretxua ere. Harexek antolatu ditu aurtengo Nafarroako Jaialdiak, "mestizaia" eta "kulturen arteko bizikidetasuna" lelopean, aldi berean Foru Komunitateko bigarren hizkuntza euskarri guztietatik nahitarat baztertzen ari zela.

Ez da oso aditua izan behar historia kontuetan jakiteko Kontraerreforma edo inboluzio prozesu guztiek beren egia bakarren aldarrikapen ozena behar dutela, beren Inkisizioaren epaitegiak, beren autofedeak, beren odol garbitasunak -dela arraza, dela ideologia, dela hizkuntza kontuetan oinarrituak-, beren liburu debekatuak eta, beharrik balitz, beren sua horiek erretzeko. Nafarroan, halatsuko prozesu bat bizi dugu duela bi urtez geroztik hona, bereziki hizkuntzari dagokionez. Gero eta antza handiagoa du hemengo giroak Espainia XVI. eta XVII. mendean kulturalki, moralki eta are ekonomikoki ere hainbertze pobretu zuen harekin: atzerapena, ezberdinarekiko gorrotoa eta zolda agintarien burmuinetan. Frankismoaren historiografiak "Urrezko Mendea" erran zion aro hari, eta orain PPk berreskuratu egin nahi du, bai liburuetan bai gainerakoetan. Orain arteko berek agintean segitzen badute, ez litzateke harritzekoa giza bereko eufemismo harroputz eta handiosoak aurkitzea zenbait urteren buruan gure ozpin denbora honetarako. Dudarik ez da haien testu liburuetan irakurriko ditugula.

Bitartean, isilik dirau Nafarroan bere burua alternatibatzat jotzen duen alderdiak.





EDERRA, Ricardo. Sortzen-Ikasbatuazeko koordinatzailea



Testu liburuen aferaren inguruan

Gure ustez, azterketa zuzena egin ahal izateko, afera hau testuinguratu, inoiz baino hobeki esana, egin behar da.

Orain dela pare bat urte UPNko gobernuak aspaldidanik zeukan asmo bati ekin zion; "Vascuencearen Legea" gero eta gehiago murriztea, berez hiritarrok (nafarrok) euskararekiko ditugun eskubideak onartzeko garaian oso murriztatzailea delarik. Honen inguruan egindako azterketak eta kritikak asko eta sendoak izan dira.

PSNek aldaketa honi babesik ez dio eman, baina legea garatzen duten dekretuen aldaketari baietza eman dio. Horretan oinarrituz, Nafar Gobernuak administrazioaren dekretua aldatu zuen.

Irakaskuntzaren arloan gauza bera egiten saiatu zen eta behar zuen erantzuna ere jaso zuen; orain dela 15 urtetik hona egindako grebarik arrakatatsuena burutu genuen, eta gainera, euskal irakaskuntzak duen baino eremu zabalagoan.

Porrot horren aurrean Arellanok, nork agintzen duen erakusteko asmoz, testu liburuen afera sortu du.

Curriculumaren inguruan (testu liburuak honen euskarri bilakatu dira) esan eta berresan da dagoeneko estatuari %45 zehaztea dagokiola, eta komunitateari gainontzekoa. Horren barnean ikastetxearen autonomia eta irakaslearen katedra eskubidea kokatu behar dira, komunitate autonomoaren ehunekoa errespetatuz.

Nafar gobernuak, hots, UPNk, eta zehazki Arellano jaunak, "iragan" faxista duen demócrata de toda la vida horrek, INPOSATU egin du (nahi du) atzerriko curriculuma, non Nafarroa maila politikoan garrantzi gabeko probintzia txiki bat besterik ez den, eta inolako entitate propiorik gabe kulturari dagokionez. Bi hitzetan esanda, Nafarroak Kultura Unibertsalari egindako aportazioa esparroa izatea lortu nahi da, askotan Txiletik ekarritako esparrago merkea eta ona izanik, gainera.

Euskal kultura, hots, nafar kultura osatzeko osagai nagusia, desagerrarazten duen curriculumaren inposaketa sekularra egin nahi dute. Gure hezkuntza agintariek Nafarroako historiari, geografiari (VI: merinaldea edo Nafarroako Ultrapuertos da adibide lazgarriena) eta kulturari, oro har, egiten dioten muzin sekularra da. Orain Del Burgok planteatzen duen Sociedad de Estudios Navarros, ez engaina, Eusko Ikaskuntza baliabide ekonomikorik gabe usteko estrategia da. Besterik gabe. Baliabide horiek esparragoen hobekuntza genetikoan gastatzeko, agian, edota Jotaren inguruan, Olarrari kasu eginez. Nori bururatzen zaio "que un grupo de danzas de Tafalla baile una coreografía marinera vasca."

Baskongadetan sortutako testu liburuak ez dira inoiz "panacea" izan nafar curriculuma bere garrantziarekin tratatzeko orduan. Presentzia eskasa izan du Nafarroak. Estatu mailan egiten direnak, orain inposatu direnak, askoz ere lazgarriagoak dira. Nafarroa errealitatea ezkutatu egiten dute. Curriculum oculto.

Nafarroa, nafar irakaskuntza galtzailea; eskerrak ikastetxeek, irakasleok eta gurasook "ole" egingo diogun, baietz!!!





DELÁS, Ernesto Delás. SORTZEN-GURASOAK



Nafar Gobernua berriro ari da euskara eta euskal kulturaren aurka. Oraingoan testu liburuekin eta, beste aldietan bezala, inposaketa da nagusi.

Inolako kontsultarik gabe, elkarrizketarik ez. Haren ikuspuntua, haren interpretazioa, interpretagarriak diren gaietan, bakarra da. Eta hori inposatu nahi digu nafar guztioi. Egoera honetan liburu batzuk ofizialak dira eta besteak debekatuak. Francoren garaia gogora ekartzen digu honek guztiak.

Eta gurasoen iritzia ez al da kontuan hartu behar? Eta ikastetxe osoarena? Non dago zentroen autonomia?

Gure ustez, ikastetxe batek segitu behar duen helburua Hezkuntza Proiektua da, baina ez da gure iritzia bakarrik, legearena ere bai. Haurren hezkuntza da irakaskuntzaren objektua, eta gurasoen nahia Hezkuntza Proiektua gauzatzea da. Horregatik, gurasoontzat proiektua errespetatzea ezinbestekoa da.

Euskal Herria, guretzat, euskararen herria da, eta jakina, bere kultura eta nortasuna ditu. Arlo politikoa ez da gure eremua, beraz, bakoitzak nahi duena pentsa dezake gai honi buruz. Gure herriaren irakaskuntzan Euskal Herria, herri bezala bere kultura eta nortasunarekin, oinarrizko kontzeptua izatea proposatzen dugu guk. Hemendik aurrera ikastetxe bakoitzak erabaki beharko du noraino, nola, zein baliabideekin eta abar.





ZABALETA, Miren. Ikasle Abertzaleak



Euskal Curriculumari buruzko hausnarketa

Curriculumari buruzko hausnarketa bat egin nahi dugun honetan, ezinbestekoa zaigu auzi bat argitzea: zer ulertzen dugun euskal irakaskuntza bezala, eta zer euskarazko irakaskuntza bezala. Bi termino horiek hainbatetan nahasiak agertzen dira, gauza bera bailiran. Eta ez diote, inondik inora, gauza berari erreferentzia egiten. Euskarazko irakaskuntza euskaraz garatzen den hezkuntza da, eta euskal irakaskuntza, berriz, euskal edukiak (euskal curriculuma) euskaraz garatzen dituen hezkuntza. Beraz, gaur egun euskarazko irakaskuntzarantz aurrerapausoak eman izana egia baldin bada ere, euskal irakaskuntzarantz (euskal curriculumaren gauzapenerantz) emandakoak oso mugatuak dira. Hots, gaur egun, euskal irakaskuntza aipatutako zentzuan existitzen dela baieztatzea gezur galanta da.

Gaur egun Madrilek eta Parisek erabakitzen dute euskal ikasleok zer eta nola ikasi behar dugun. Baieztapen hori gordina bada ere, ukaezina da, Euskal Herrian inposatuak diharduten bi hezkuntza sistemen ondorioa baino ez baita: frantziar hezkuntza sistema eta espainiar hezkuntza sistema.

Hala ere, curriculuma definitzerako orduan, Euskal Herriko Hegoaldean (espainiar legediaren arabera) eta Iparraldean (frantziar legediaren arabera) jarraitzen den bidea ezberdina da: Iparraldean frantziar estatuaren politika zentralista eta homogeneizatzaile sutsuaren ondorioz, curriculumaren %100 Parisen definitzen da. Hegoaldean, ordea, teorian curriculumaren %45a defini dezakete Gasteizen eta Iruñean, betiere Madrilek ezarritako markoaren baitan. Baina bi administrazio horiek ez dute euskal curriculumerantz abiatzeko inolako borondaterik; are gehiago, Madrilek dioenari men egin eta espainiar curriculuma gestionatzeko lana besterik ez dute egiten.

Egoera honetatik abiatuta, azkeneko ikasturteetan estatu espainiarrean, eta bereziki Nafarroa, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan, eztabaida faltsu bat sortzeari ekin diote: euskal ikasleok Euskal Herriaren inguruko edukiz hezten omen gara: Euskal Herri osoa barne hartzen duten mapak, Euskal Herria oinarri duten testu liburuak, euskal edukien inguruan antolatzen diren irakasgaiak... Gezur galanta!

Euskal Herriko hainbat ikastetxetan aurrerapausoak eman badira ere, ez diezagutela ziria sartu: eztabaida faltsu hau hedabideetan, legebiltzarretan... hedatu baldin badute, helburu jakin baten arabera egin dute: aurreikusten zituzten lege eta erasoei tokia irekitzea, justifikazio mediatiko bat ematea, alegia. Hor kokatzen dira Humanitateen dekretua edota Nafarroa Garaian testu liburuen inguruan sortutako iskanbila...

Eraso berri hauek guztiek ezaugarri komunak dituzte, ezbairik gabe: batetik, lege eta dekretu espainiarrak dira, Euskal Herrian euskal herritarron oniritzirik gabe ezarritakoak. Bestetik, izaera homogeneizatzailea eta zentralista daukate. Eta azkenik, ikuspegi neoliberal eta atzerakoi argia mantentzen dute.

Euskal ikasleok frantziar eta espainiar curriculumaren arabera ikasten genuen eta gaur ere, berdinetan gaude. Eta honen guztiaren ondorio nagusiena argia da: euskal ikasleria bere herriarekiko ezjakina, analfabetoa bihurtzea. Baina, zergatik? Euskal ikasleak, frantziar eta espainiar herritarrak bagina bezala hezteko, euskal belaunaldi berriak Euskal Herriarekiko arrotzak egiteko.

Euskal ikasleak gara, beraz, egoera honetan kaltetu nagusiak, eta honetaz jabetzen gara. Horrexegatik, azkeneko ikasturteetan Euskal Herriaren inguruko ezagutzez hezteko dugun eskubidearen inguruan hamaika ekimen, mobilizazio eta dinamika garatu ditugu. Baina ikasturte honetan, egoerari aurrea hartzen saiatuko gara. Aurten, Ikasleon IV. Biltzar Nazionala burutuko dugu, eta bertan, euskal ikasleok "Euskal curriculumerantz abiatzeko oinarrizko proposamena" garatuko dugu. Argi dago euskal ikasleak ez garela adituak, eta ezinezkoa dela egun batetik bestera euskal curriculuma (bere zentzu zabalenean) garatzea. Baina, euskal curriculumerantz aurrerapausoak ematea posible denaren baieztapenetik abiatuta, gutxieneko neurri batzuk garatuko ditugu.

Beraz, ez zalantzarik izan: euskal ikasleok gure kultur eskubideen alde gure alternatiba zertzen ari gara, baina balizko euskal curriculum baten bidean guztion proposamenak ezinbestekoak dira. Har dezagun apustu hau bere neurrian!





ZUBELDIA, Txantxon. Elkarlanean argitaletxea



Inposizioak ez garamatza inora

Arrunt ezaguna da Nafarroako Gobernuak aurtengo urte erdi pasatxo honetan ikasliburuen inguruan harrotu duen zaborra, ikasliburuak aitzakiatzat hartuta euskarazko hezkuntzari, euskal lurraldetasunari eta euskaldun izateari egindako erasotzat hartu baitugu argitaletxe batek baino gehiagok, nahiz eta denboraren joanean Hezkuntza Saileko arduradunek aitortu duten kontu honen guztiaren helburua Nafarroako Curriculuma betearaztea dela eta tartean ez dagoela beste inolako helburu politikorik. Baina gogoratu besterik ez dago iazko abenduan Sanz lehendakariak agertu zuen asmoa, euskarazko irakaskuntzan erabiltzen diren liburuak Gobernuak berak itzuliak izatea, erdarazko liburuak oinarritzat hartuta alegia, egia bihurtu dela dagoeneko eta erderaz eta Euskal Herritik kanpora sortu eta Gobernuak berak diruz lagundutako liburu itzuliak direla egun ofizialtzat har litezkeen bakarrak euskaraz irakatsi nahi den ikastetxeetan erabili ahal izateko.

Elkarlanean argitaletxeak orain arte argitaratu dituen ikasmaterialak Euskal Herria osoa kontuan hartuta egindakoak izan dira eta ez du aurrerantzean ere jokabide hau aldatzeko asmorik eta, beraz, ez du Nafarroarako edizio berezirik egiteko asmorik. Honek ez du esan nahi, ordea, letozkeen ikasmaterial berrietan Nafarroako Curriculumak presentzia gehiago izan dezan saiatuko ez denik, alderantziz baizik. Honez guztiaz gain, kontuan izan beharreko beste kontu bat ere badago; ea zein argitaletxek egiten dion aurre Nafarroarako bakarrik egindako tirada berezi bati, alegia. Aurtengo ikasturterako ikasmaterialak aurreko urtetan bezalaxe banatu ditu ohiko saltokietan gure banatzaileak, eta ez dugu, aurreko urteekin alderatuta, aldaketarik sumatu.

Dena dela, kezka eta amorru handia sorrarazi du Nafarroako Gobernuaren erabaki honek euskarazko irakaskuntzaren eta kulturgintzaren eremu zabala osatzen dugunon artean eta belarriak tente ipinarazi dizkigu, ez baitakigu nola betearaziko dituen hartutako neurriak. Inposizioak ez du ezer konpontzen eta bateginik egon beharko dugu euskalgintzan dihardugun alde guztiok, eraso hauei aurre egin diezaiegun.





SAN SEBASTIAN, Jon. Erein argitaletxea



Estatuko gobernura iritsi zenez geroztik, PP alderdiak beti izan du "bere" hezkuntza erreforma ezartzeko tentazioa. Hezkuntza Sistemaren Antolaketa Orokorrerako Legea (HSAOL) ez du inoiz gustukoa izan. Dirudienez, ororen gainetik, erkidego autonomoek curriculum akademikoan esku hartzeko duten ahalmena jartzen du auzitan. Hori guztia nabarmenagoa gertatzen da Geografia eta Historiari dagokienean. Gobernu autonomikoek curriculumean parte-hartzearen ondorioz, badirudi lausotu egingo dela Espainiaren "Historia" orokorra erkidego bakoitzaren "Historien" artean. Azken bi urteotan komunikabideetan etengabe agertu diren aitorpenek, Historiako Errege Akademiak Historiako liburuei buruz egin duen txosten batek lagundurik, areagotu baino ez dute egin HSAOLri egiten zaizkion kritikak. Gauza bitxia gertatzen da Nafarroako Gobernua izatea, PPren aliatua, irakaskuntzako esku-hartzean bat-batean agintari gorena bihurtu dena, logikoa den bezala, HSAOLan oinarrituta eta haren hezkuntzako transferentzian.

- Zein izan da hori? Kontuan izanik Nafarroako Erkidegoan ez dela testu liburuak egiten diharduen argitaletxerik, nafar ikasleek, hein handi batean, Euskal Autonomia Erkidegotik zetozen liburuak erabili izan dituzte. Nafarroako Gobernuak, esku hartzeko ahalmen horretan oinarriturik, ezabatu egin du material hori guztia, eta estatuan diharduten lau argitaletxe hautatu ditu. Kontuan izanik aski handia dela Nafarroan irakaskuntza euskaraz jasotzen duten ikasleen kopurua, 70 milioi inguruko "laguntza" eman du bere materiala euskaratzeko.

- Zergatik jokabide hori? Bere garaian aipatu ziren arrazoien artean testu bera erabiltzeko ahalegina zegoen, alegia, euskarazko eta erdarazko testu bera ikasle guztientzat. Argudiatzeko modu benetan bitxia, zeren orain arte EAEtik iristen ziren testuak eta ikastetxeetan erabiltzen direnak ere bi hizkuntzetan baitaude.

Bestalde, HSAOL legeak ahalmena ematen die autonomia erkidegoei curriculumetan parte hartzeko, gai zerrendaren %45ean beren hizkuntza propioa dutenei, eta %35ean halakorik ez dutenei. EAEn egin diren liburuak, batez beste, %22,8ra iristen dira hurbileneko edukiei dagokienez, hau da, Euskal Herriko gaiei dagokienez. Baldin eta Nafarroako Gobernuaren iritziz bere eremuari dagozkion edukiak zabalagoak izan behar badute, gauza naturala dirudi hutsune hori betetzen ahalegintzea. Irtenbidea emanik, zein da Nafarroako Erkidegoari buruzko gutxieneko edukien kuota?... %10?... %12?...

Nolanahi dela ere, pisurik handiena duen arrazoia, orain arte erabili diren testuei egozten zaien balizko karga "nazionalista-separatista" da. Azken bi urteotan egin diren salaketak, arrazismo etnikoari buruzkoak, separatismoari eta tesi terroristei "euskarria" emateari buruzkoak, eman dituzte beren fruituak. Gure eremu hurbilena, Euskal Herria, eskuinek eta ezkerrek onartzen zuten kontzeptu kulturala zen. Gaur egun bekatua da. Lehen Euskadi zen hitz debekatua. Euskadiko Autonomia Erkidegoa errealitate bat baita gaur, orain debekatzen dena Euskal Herriaz mintzatzea da, zeina, politikoki ez bada ere, kultura oinarri gisa existitzen baita.

Bestalde, Jaume Bofill Fundazioak estatuan hedapen handiena duten Geografia eta Historiako 150 libururen ikerketa sakona egin du. Euskal Autonomia Erkidegoan erabiltzen diren testuei dagokien kapituluan, hala dio, ez duela aurkitu inongo jarrera edo baieztapenik arrazistatzat har daitekeenik edo arrazismo osagairen bat izan dezakeenik. Aitzitik, gehien azpimarratzen diren balioak kultura mestizajea, tolerantzia, dibertsitatea eta horien antzekoak dira". Eta honela dio aurrerago:"Erein argitaletxeko liburuak zorrotz egokitzen zaizkie indarrean dauden egitarau eta legezko araudiari, eta modernoenak eta eguneratuenak dira munduaz ematen den ikuspegiari dagokionez, eta orobat eguneroko bizitzari eta bizitzako balioei demokrazian, solidaritatean, tolerantzian, gizon eta emakumeen eskubide berdintasunean...".





GIMENEZ, Jorge. Euskal Editoreen Elkartea



Funtsean ez zaigu batere bidezkoa iruditzen egin dena, eta ez nola egin den ere. Aurtengo otsailean, bilera bat izan genuen Santiago Arellano eta Milagros Ortega Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko arduradunekin. Han garbi ikusi genuen zein zen beraien jarrera. Ordura arte prentsan irakurritako kontuak ez ziren batere argiak; alde batetik Miguel Sanz lehendakariaren hasierako adierazpenak zeuden, gero Gobernuak egin zituen ñabardurak... Beraz, bilera hartan garbi ikusi genuen testu liburuen berrikuspena egiteko erabateko asmoa zeukatela.

Horren aurrean printzipioz ez geneukan ezer esatekorik. Izan ere, beste autonomia erkidegoetan ere gauza bera egiten da; edukien aldetik administrazioaren baimena behar izaten dute ikasliburuek. Arazoa hortik aurrerakoan zegoen, gaztelaniazko ikasliburuak itzultzea ere aurrikusten baitzen, garai hartan behintzat, Nafarroako Gobernuaren hainbat ordezkariren aldetik. Oso garbi ikusten genuen horrek euskarazko produkzioko argitaletxeei kalte egiten ziela, batetik, eta, bestetik, irakaskuntzarako testuetan ikuspegi bakar eta gidatu bat ezartzeko arriskua zegoela.

Nafar Gobernuak testu liburuak errebisatzeko duen eskubidea onartuta ere, konprenigaitza da zergatik ez diren baliagarriak euskal produkziokoak. Edukien aldetik baimena emateko edo ukatzeko garaian garbi ikusi da euskarazko testu liburuek ez dutela baimenik lortu. Zergatik bota dituzte atzera? Zer hartu duten kontuan, Nafarroako berezitasunak agertzen diren edo ez, ala beste zerbait? Zein puntutaraino ez zituzten betetzen baldintzak? Erabakia pedagogikoa ala politikoa izan da? Ezin dugu baloratu, galdera horien erantzunik ez baitaukagu. Beraiek erabilitako kriterioak ez ditugu ezagutzen. Pedagogikoak ez diren beste kriterio batzuk erabili diren susmoa dugu, eta argi dago hor bestelako kultur dirijismo bat dagoela.

Egoera honetan, bertatik eta euskaraz egiten den kalitatezko produkzioa galtzaile ateratzen da, hau da, hemengo argitaletxeak. Honek galdera bat sorrarazten digu: posible ote da EAEn produzitzen diren euskarazko ikasliburuak erabiltzea, beharrezko gerta litezkeen egokitzapenak eginda? Hartu duten erabakia politikoa baldin bada, bistan da produkzio horren aurka doazela eta horren aurrean ezin gara isilik gelditu.

Horregatik, egoera honek guztiak badu eragina liburugintzan, baina dudarik gabe, kezkarik nagusiena ez da ekonomikoa. Horrez gain kultur sorkuntza guztia kaltetzen du. Bestalde, ez editore bezala, baizik eta euskal hiritar bezala zera ikusten dugu: ikastetxeek ikasliburuak aukeratzeko duten autonomia murriztu eta mugatu egiten dela.

Dena dela, gutxi egin dezakegula iruditzen zaigu. Bi bide ikusten ditugu. Bata Nafarroako komunitate pedagogikoaren iritzia kontuan hartzea. Eta bestea, Nafarroako eta EAEko gobernuen arteko lankidetza emankorragoa izatea, hori gabe nekez bideratuko baita ezer.

Gauzak dauden moduan ikusirik, guztiz ezkorrak gara. Zeren, bertakoei kasurik egin ez badiete, nola egingo digute guri kasu? Miguel Sanz PPren kultur politikaren ildo nagusiak bururaino eramaten ari da, eta, funtsean, helburu nagusi bat antzematen zaio política horri, Nafarroari dagokionez: Nafarroako euskaldunak gainerako euskaldunengandik ahalik eta gehien urruntzea.