Literatur txokoa: Lizardi, Mirande eta Sarrionandia

2001-07-01
 
 

Jose Maria Agirrre “Xabier Lizardi”

OTAEGI, Lurdes. Euskal Filologian lizentziatua

Testuingurua eta biografia

Euskal Herrian XIX: mende bukaeratik XX. mendeko lehen herenera arteko giro politiko kulturala Pizkundea deiturako mugimenduak markaturiko garaia da, oro har. Beraz, Jose Maria Agirre “Xabier Lizardi”ren biografia pertsonala azalduz batera, Pizkundearen testuinguru horretan izan zuen proiekzioa, eta une jakin hark bere idazlanean izandako eragina agerian jartzea izango da sarrerako atal honen helburua.

Obra eta ezaugarriak

Lizardik hainbat literatur genero landu zituen. Osperik handiena ekarri ziotenak olerkigintza eta kazetaritza izan ziren, baina ipuingintza eta antzerkigintza ere saiatu zituen lehenik. Bere garaian kazetaritza jardunak jende askorengana eraman zuen Lizardi idazlearen pentsamendua eta prosa atsegina, eta oso ezaguna eta eraginkorra izan zen bere artikulu polemiko eta argien ondorioz. Bestalde, bere olerkigintza arloko emaitzak euskal lirikaren gailurtzat aipatzen dituzte kritikoek.

Obra osoaren aurkezpena:

- Ipuinak : Ipuinak Lizardi gaztearen lehen lanak dira, izaera alegorikoa dute gehienbat. Taxu erromantikoa dute eta euskararen eta maitasunaren galeraren ingurukoak dira interesgarrienak, geroagoko zenbait poemekin duten harremanarengatik.
- Antzerkiak : Antzerkigintzaren arloan hiru obra argitaratu soilik ezagutzen dira. Lehenengoa haur ipuin baten egokitzapena da, Laño ta Izar izenez errepresentatu zena 1930an. Beste bi antzerki lan luze argitaratu ziren Lizardiren eskutik: Bi aizpak et Ezkondu ezin ziteken mutilla . Biak ohituren komedia deitzen den teatro motaren sailekoak dira eta umorearen bidez helarazten dute gizarte kritika,. Ikusleei familia ohituren inguruko hausnarketa eginarazten diote.
- Kazetari lanak : Artikulugintza izan zen Lizardik gehienik landu zuen generoa olerkigintzarekin batera. Izan ere, egunkarietako artikuluen bidez ezagutzera ematen eta bultzatzen baitzituenEuskaltzaleaken bidez sustatu nahi zituen kanpainak eta ekintzak. Garaiko egunkari, astekari eta aldizkarietan argitaratu ziren Lizardiren artikuluak, eta bere garaian oso irakurriak eta oihartzun handikoak izan ziren. Bera hil ondoren bildu eta Itz-lauz izenez argitaratu ziren euskarazko gehienak.
- Olerkiak : Lizardiren olerkigintzaren emaitza 54 poemek soilik osatzen dute, baina euskal lirika modernoaren gailurtzat izendatua izateko adinako poesia sorta izan zen, halere. Poema liburu bakarra argitaratu zuen Biotz-Begietan izenburuaz 1932an. Bertan argitaratzeko hautatu zituen aro ezberdinetan landutako bere olerkietako batzuk, eta beste berri batzuk ondu zituen liburuari halako egitura adierazgarria eta esanguratsua eman arte.
Lizardiren obraren berri zabala eman ondoren, zenbait prosazko testuren eta olerki adierazgarrienen iruzkina egingo da.

Jon Mirande

MATAUKO, Edorta. Euskara eta Euskal Literatura irakaslea IRALEko Donostiako euskaltegian

Zenbait testu poetiko zein narratiboren bidez, Jon Miranderen obra literarioaren zenbait atal ezagutzera ematea dut xede. Halaber, ikastaroko partaideak irakas -munduko profesionalak izango garenez gero, helburu erantsia litzateke, euskal literatura garaikidearen programa baten barruan, bai idazle paristarraren garrantzia azpimarratzea, bai ikasgai honi eman beharreko lekua, denbora zein irakasbideen nolakoak azaltzea.

Esan bezala, nagusiki, egilearen bi alderdi izango dira aztergai: batean, bere poesiaren eragina eta nondik-norakoak; bestean, bere prosarenak. Hartara, goizaren bi zatietan, eguarte eta eguerdian, banatuko genituzke bi aztergaiok.

Obra poetikoa

Sei poema aukeratu ditut: Koldo Izagirre eta Xabier Mendigurenek gertatu Euskal Literaturaren Antologian agertzen diren bostak (aukeraketaren egokia eta testuei buruzko argibideen ugaria lagungarri) eta seigarrena, Orziren Ttunttuna , giza existentziaren metaforarik beteenetakoa euskal literaturan.
Poema bakoitzaren irakurketa ozena egin ondoren, alde formalak izango ditugu hizpide, maila foniko, morfosintaktiko eta semantikoan, baita egileak baliabide lirikoen bidez erakutsitako inkonformismoa, ezinegona, sorterri-mina, ironia, misoginia, heterodoxia, sentsualitatea eta unibertso ikuskera ere, hitz batez, bere arimaren mamia.

Hitz lauzko lanak

Hiru irakurgaik osatuko dute atal hau: Eresi Kantari, Gauaz Parke Batean eta Haur Besoetakoa eleberriaren hasierako bost orrialdeek. Lehenengo zatian bezala, bigarren honetan ere ozen irakurriko dugu, osorik izan ezean, bai behinik behin zenbait parrafo. Jarraian, hala ipuin jostalarietan nola eleberriaren atmosfera dramatikoagoan barrena, baliabide estilistikoak komentatuko ditugu, euskal ipuingintza moderno eta kreatiboan mugarri diren lanon goi mailako prosa agerian utziz.
Amaitzeko, eta osagarri bibliografiko gisa, Miranderen obra osoaz gain, haren inguruko liburu eta erreferentziak aurkeztuko dira.

Joseba Sarrionandia

ARANBARRI, Iñigo. Euskara eta Euskal Literatuako irakaslea Iurretako Institutuan eta idazlea

Joseba Sarrionandia Uribelarrearen obrak ikasgelan izan dezakeen erabileraz mintzatuko naiz. Horretarako, Sarrionandiaren obrak eskaintzen duen aberastasunaz baliatuko gara, alegia, batzuek gehiago, besteak gutxiago, iurretarrak urte hauetan guztietan landu dituen generoak oro ukituko dira bost orduko saioan.

Ez da erraza Sarrionandiaren lana bere osotasunean ikustea, izan ere, ikaragarri zabala baita honen obra (itzulpenak barne, hogeitik gora dira bere sinadura daramaten liburuak). Beraz, aukeratzen hasita, ipuinen eta poemen aldeko hautua egin da batez ere, bertan jasotzen direlako, neurri handi batean, egilearen mundua ulertzeko zain nagusiak.

Hala dago pentsatua lan saioa: gutxi gorabehera erdia poesiari eskaintzea eta beste erdia ipuingintzari. Halaber, eta material lagungarri gisa, oso kontuan izango dira idazlearen saio laburrak eta aforismoak. Egilea hobeto ulertzeko eskaintzen duten balioarengatik, sarri erabiliko ditugu.
Bestalde, eta ikasle gazteen artean izan dezakeen iman efektuagatik, Sarrionandiaren poemaz edota kantu letraz osaturiko zenbait abesti ere ikusiko dira. Musikan, material erabilgarria, badago (Ruper Ordorika, Mikel Laboa, Fermin Muguruza, Oskorri...). Material honen berri ematea eta kantuok eskaintzen dituzten aukerak erakustea da saioaren xedeetako bat.
Ez da Sarrionandiaren obra egun bakar batean azaltzekoa. Are gehiago, bost orduk ez digute honen lan guztia ondo aztertzeko paradarik ematen. Hala ere, solasaldiaren helburua idazlearen alderdi tematiko eta baliabide nagusietara hurbiltzea denez, uste dugu saioaren amaieran denon artean Sarrionandiaren irakurketa baterako proposamenak ateratzeko moduan izango garela.
Esan bezala, aberatsa da oso Sarrionandiaren mundua. Inoiz, denbora eta espazio ezagunetik haratago zabaltzen da. Majikoa da. Inoiz, egilea eta pertsona oso bateratuta agertzen diren amarauna da. Gordina da.
Majikotasuna eta errealitatea; idazlea eta pertsona, ikasleei transmititzeko mundu oso bat eskaintzen digu Joseba Sarrionandiaren literatur obrak.
Beraz, badago asmoa ikasgelan erabilgarri gerta dakigukeen antologia proposamen bat ere egiteko. Horretarako, interesgarri ikusten da parte-hartzaileek irakurle moduan izan duten esperientziaz hitz egitea, horrela, amaieran, eta esan bezala, unitate didaktiko bat zirriborratzera hel gaitezen.
Ikastaroan parte hartzeko izena eman duten guztiei idazlearen zein idazleaz dagoen bibliografia nagusia eta sarean dagoen informazioa eskainiko zaie material lagungarri gisa, saioa aberatsago gerta dakigun.