Karmele Alzueta saria hezkuntza berriztapen proiektuentzat

2001-06-01
EAEko Hezkuntza Sailak urtero Karmele Alzueta saria ematen du. Unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan garatutako Berriztapen Proiektuetarako saria da berau. Ikastetxeetan garatzen diren berriztapen eta proiektuei bultzada handiagoa eman nahian sortu zen saria. Aldi berean, ikastetxeetako antolaketa eta koordinazio kalitatea areagotzeko egiten den ahalegina ere saritzen du. 1999-2000 ikasturteko saria Urretxuko Joxe Mari Iparragirre BHIak jaso zuen Cotton Lantegia proiektuagatik.
 
 
1999-2000 ikasturteko hezkuntza berriztapen proiektua

Maiatzean jaso zuten Urretxuko Joxe Mari Iparragirre BHIkoek Karmele Alzueta saria, 2.500.000 pezetakoa (100.000 liberakoa). Aurkeztutako Berriztapen Proiektuen artean Cotton Lantegia izenekoa iruditu zitzaion saria jasotzeko egokiena Hautaketa Batzordeari. Batzordea hori bost kidek osatzen dute: Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak, Batxilergoko ikuskari koordinatzaileak, lurralde bakoitzeko PAT bateko zuzendariak, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako ordezkari batek eta Pedagogia Berriztapen Zerbitzuko teknikari batek. Ikasturtean zehar garatu eta praktikan jarri diren proiektuak saritzen dira deialdi honetan, eta Cotton Lantegia iaz landu zuten Joxe Mari Iparragirre institutuan.

Ikasturte osoko proiektua izan zen eta 4. DBHko ikasleak izan ziren protagonista Imanol Iraola irakaslearen gidaritzapean. Irakaskuntzako berrikuntza proiektu honek berdintasunaren kontzeptua lantzen du zeharlerro gisa. Cotton izeneko lantegi batean kokatzen da eta emakumeen egoera, eskubideak eta generoen arteko berdintasuna lantzeko bide ematen du. Hori guztia antzerki baten bidez adierazten da.

Antzezlanean ohiko lantegi bateko bizipenak ikusten dira: nagusiak gaiztoak eta zakarrak dira, langileek makinen menpean egiten dute lan, lana katean egiten da, ordutegi oso zorrotza daukate, ez dago langileen hitzarmenik ez eskubiderik... Gaur egun ez dago horrelako lantegirik, aldaketa teknologikoak gertatu dira, itxuraz behintzat lan baldintzak hobetu egin dira, nagusiek agindu ordez lan taldeak dinamizatzen dituzte... Dena dela, antzezlan honetan lehengo lantegi tradizionala agertzen da, betiko nagusi matxista duen lantegia. Horrekin, antzezpena hausnarketarako bidea irekitzen saiatzen da. Abiapuntua errealitate sozial tradizionala da, baina heziketa epe ertain eta luzerako inbertsioa denez, ikasleek emakumeak lan munduan jasaten duen diskriminazioaz kontzientzia hartu behar dute, eta horretarako balio du proiektu honek.

Lanaren asmo nagusia Cotton Lantegian zer gertatu zen adieraztea da, baina mezua gaurkoturik eta emakumeek lantegietan dituzten arazoak eta lan baldintzak azalduz. Ikasleen arazo horren aurrean duten jarrera aztertu eta modu artitistikoz erantzuna adierazi nahi da. Giza eskubideak eta hezkidetza lantzeko aukera ematen du.



Proiektuaren nondik-norakoa

Proiektua antzerkiaren bidez gauzatu zuten Iparragirre institutuko ikasleek iaz. Halaber, taula gainera igo eta antzeztu ahal izateko, aurretik hainbat arlo jorratu eta ikasi zituzten ikasturtean zehar. Imanol Iraola irakasleak azaldu digun bezala, proiektua diziplinartekoa da, hots, arlo bat baino gehiago ukitzen ditu: hizkuntza, arte hezkuntza, bertsolaritza, heziketa berezia, historia, orientazioa"Ezaugarri horrek proiektua aberastu egiten du, hainbat elementu lantzen direlako: estetikoak, historikoak, psikopedagogikoak, etikoak, teknologikoak...".

Lanaren lehenengo zatia lan mundua aztertzea izan zela dio proiektuaren koordinatzaileak."Industri Iraultzatik hasi eta XX. mendearen erdira arte aztertu genuen. Ikasleek azterketa historiko bat egin zuten lantegia, makina eta nagusien eta langileen arteko dialektika oinarritzat hartzen dituen sistema produktiboaren gainean. Beren inguruneko datu estatistikoak aztertu zituzten EUSTATen datuak eta egunkarietako artikuluak erabiliz. Datuetan, adibidez, ikusi zuten lan munduan emakumeen prekarietatea handiagoa zela. Beraien bailaran, Urola bailaran, Lanbide Heziketa egindako mutilak ez zeuden langabezian, eta adin eta ikasketa bereko nesken kasuan ez zen horrelakorik gertatzen. Datu horiek guztiak institutuko Orientazio departamentuan alderatzen zituzten. Era berean, departamentu horretako irakasleek neskak heziketa ziklo horiek ikasteko animatzen zituzten".

Lan horrekin emakumearen lan egoera zein zen ikusi zuten eta hainbat gai eztabaidatu zituzten: emakumea eta hilekoa, amatasuna, sexu jazarpenak, ustezko berdintasuna, goi karguetako gizonezko eta emakumezkoen kopurua, emakumeak eredu batzuetara duen egokitu beharra...

Hori guztia landu ondoren, ikasleek antzerkiaren gidoia egin zuten bi ideiatan oinarriturik: emakumearen egoera lan munduan eta martxoaren 8ko gertaera historikoa. Gidoia Euskarako eta Gaztelaniako klaseetan egin zuten. Horretarako, lehendabizi, idazlan bat egin zuten eta istorioaren kokapena zehaztu zitzaien; hots, martxoaren 8an EEBBetako lantegi batean nagusiak barruan bildu ziren emakumeak erre zituen eta hori zen abiapuntua. Hortik aurrerakoa ikasle bakoitzak asmatu zuen. Horrela burutu zuten idazlana, eta ondoren gidoi bihurtu zuten.

Hizkuntza idatziaren ondoren, ahozko hizkuntza lantzen hasi ziren entseguak eginez, eta noski, gorputz espresioa ere landu zuten."Alderdi hori ere oso garrantzitsua da. Nerabeak beren gorputza ezagutzen ari diren adin honetan gorputz espresioak beren gatazka fisiko eta psikologikoak kanporatzen laguntzen diete eta oso aberatsa da" dio Iraolak. Era berean, dekoratu guztia ere ikasleek atondu zuten Plastikako irakaslearen laguntzaz.

Heziketa Bereziko ikasleek mural bat eta antzerkiaren kartela egin zituzten."Oso garrantzitsua da beraiek ere zerbait aportatzea, taldean integratzea, baina eraginkortasunez".

Azkenik, dena prestatu ondoren, ikasleek antzezlana taularatu zuten, lehendabizi herrian bertan, Urretxun, eta gero Errenterian."Izan ere, Errenteriako Zamalbide institutuan egon nintzen ni iaz eta harremanak bagenituen. Horrela, han ere antzeztu genuen. Eta ez hori bakarrik, hango ikasleek prestatu zuten aretoa, eta iragartzeko txartela ere bai. Beraz, haiek ere proiektuan parte hartu zutela esan genezake".



Proiektuaren helburuak

Berriztapen Pedagogikoko saria jaso duen proiektu honek helburu hauek ditu:

- Gaur egungo ikuspegitik une historiko honen balorazioa eta azterketa egitea; martxoaren 8an zer gertatu zen, zergatik, ondorio historioak eta gaur egun egon diren aldaketak baloratzea modu kritikoan.

- Giza eskubideen aldarrikapena eskolan zabaltzea, emakumearen egoera historikoa lan munduan aztertzea eta adibide gisa erabiltzea.

- Ekintza praktiko baten bidez hezkidetzaren balioak indartzea, antzerkia izanik balio hori indartzeko tresna.

- Arazo etiko eta sozialak modu artistikoan adieraztea.

- Giza proiektu batean teknologiaren erabilpena jorratzea.

- DBH 4. mailako neskak ziklo teknologikoetan matrikulatzeko animatzea.

- Dokumentazioaren irakurketa kritikoa egitea.

- Dokumentazioaren hainbat lengoaia ezagutzea eta erabiltzea: testu historikoak, datu estatistikoak eta dokumentazio espezializatua (zuzenbidea, administrazioko erakundeena, alderdi politikoena, sindikatuena, GKEena...).

- Teknologia Berrien erabilpena ezagutzea proiektuarekin lotuz: Interneteko dokumentazioa, ordenagailuz egindako diseinu grafikoa, bideoa, agertokiaren argiztapena eta soinua, pintura akrilikoak eta abar.

- Institutua bera ingurune sozialera irekitzea proiektua erakutsiz eta iritzi berriekin proiektua bera aberastuz. Horretarako, kontuan hartuko dira administrazioko erakundeak, Emakunde, udalak, sindikatua, GKEak, gurasoak, proiektuan zuzenean parte hartzen ez dute irakasleak...



Balorazio positiboa

Proiektua bukatu ostean, iazko ikasturte amaieran balorazio positiboa egin zuten Joxe Mari Iparragirre institutuan. Ikasleak oso pozik gelditu ziren eta irakasleak ere bai. Era berean, ikastetxearentzat ere pozgarria izan zen Karmele Alzueta saria jasotzea.

Hiru alderdi nagusi baloratu zituztela azaldu digu Iraolak."Alde batetik, lan munduan eta lantegietan emakumearen egoeraz ikasleek zer zekiten eta proiektuaren ondoren zer dakiten. Bestetik, ikasleek zer ahalmen lortu dituzten sentimenduak adierazteko eta hori plastikaren bidez azaltzeko. Eta azkenik, emakumeen kasu zehatza aztertu ondoren, giza eskubideek duten garrantzia barneratzen duten ala ez".

Atera duten ondorio garrantzitsuena da ikasleek proiektua bere egin zutela, emakumearen lan munduko arazoak ulertu zituztela eta antzerkiaren laguntzaz hori salatu zutela. Gainera, beraien lana ez zen eskolara mugatua gelditu, antzezlanaren bitartez jendeari eskaini baitzioten, hots, gizarteratu egin zuten."Talde honetako ikasleek kontzeptuak eta edukiak barneratzea lortu zuten, eta gai horren inguruan sentsibilizatu egin ziren. Ikasle horietako bat lantegi batera joaten bada eta lankide batek emakume izateagatik soldata baxuagoa duela ikusten badu edo amatasunarekin arazoak dituela, ziur ez zaiola oharkabean pasako eskubide zapalketa hori".

Horrez gain, Iraolaren iritziz, ikasleak konturatu ziren gizarteak eskubideak ez dituela oparitzen, baizik eta kontzientziatuta gaudenean lortzen direla eskubide horiek."Eskubideak defendatu eta eskatu egin behar dira. Badirudi gizarte ongizatean bizi garelako dena zerutik iritsiko zaiela pentsatzen dutela ikasleek, eta ez da hala. Bizitzan lana egin behar da zerbait lortzeko, eta eskubideekin ere gauza bera. Nire ustez, alderdi horretatik oso garrantzitsua da horrelako proiektu bat egitea, horretaz konturatzeko balio duelako".

Era berean, azpimarratzekoa da ikasleek talde lana egin zutela, eta horri eman zitzaiola garrantzia, eta ez ohi bezala azterketei. "Emaitza akademikoak alde batera utzi eta ikasleekin arlo pertsonala lantzea oso aberasgarria eta atsegina izan da".

Baina benetako ebaluaketa proiektua bukatu ondoren hasi zela dio Iraolak, eta orain jarraitu behar dela."Benetako ikerketa lana ondoren egin behar da, hots, hausnartu, beharrezkoak diren aldaketak egin, institutuan jarraitzen duten ikasleek hezkidetzari buruz duten jarrera behatu, proiektu hau edo antzekoak aurrera ateratzeko dauden zailtasunak ikusi, eskola bera horrelako egoeretara nola egokitu behar den aztertu..."



Irakasleek ere ikasi dute

Ikasleek hainbat gauza ikasi dituztela eta helburuak bete zirela komentatzen digu Iraolak, baina irakasleentzat ere baliagarria eta aberatsa izan zen"Irakasle talde bat egon ginen proiektuan inplikatuta, bakarrik ezin baita horrelakorik aurrera atera. Kasu honetan, gainera, irakasleon prestakuntza ikastaroetan hezkidetzako ikastaro bat antolatu genuen hainbat gai landu genituelarik: sexua, generoa, identitatea, ezkutuko curriculuma, orientazioa eta abar".





Proiektua baino gehiago da,

ikerketa da
Cotton Lantegia proiektuaa da, baina ikerketa baten barruan kokaturik dagoela esan genezake. Izan ere, haren koordinatzaile Imanol Iraola tesirako ikerketa egiten ari da eta horren barruan kokatu zuen proiektua.

Tesian espazioa eta didaktika uztartu ditu, betidanik bere gustuko izan diren bi gaiak. Historia eta Geografia ikasketak egin ondoren, Arkitekturako Fakultatean egin zituen doktoradutza kurtsoak eta espazioa izan zen hautatutako gaia. Berak aitortzen duenez ia-ia obsesioa izan da espazioa ikertzea, eta espazio horren barruan Euskal Herrian hainbesteko eragina eduki duen lantegia ikertu du. Espazioaren ikerketa hori bere lanbidearekin lotu nahi izan du, hots, didaktikarekin. Horrela, bere eguneroko ekintza profesionala eta ikertzeko ilusio bilduz"Gipuzkoako industria ondarea eta hezkuntzarako tailer proposamenak" tesia prestatzen dihardu.

Jarduera horretan Cotton Lantegia proiektuaz baliatu da ikerketa egiteko. Lantegi mundua ikertu eta hori ikasleei erakutsi die."Proiektuak ikasleekin lehen aipatutako guztia lantzeko balio izan du, eta horrez gain, tesiaren ikuspuntutik espazio horretan zer sentimendu eta sentsazio sortzen diren jakiteko balio dit. Orduan, bi alderdi daude: bata ikasleari zerbait esplikatzea, eta bestea hor zer prozesu psikologiko dauden ikustea. Eta hori da nik tesirako aztertu nahi dudana" esan digu Imanol Iraolak.

Bere jardunean irakasle eta ikertzaile lana uztartzen dituela esan daiteke, beraz. Haatik, uztarketa zaila dela dio, ikertzaile jarduera aurrera eramateko laguntza handirik ez baita jasotzen"Ikertzaile bezala umezurtz sentitzen naiz. Ikertzaile lana behar den bezala egiteko diru iturririk eta azpiegiturarik gabe nago, eta nire egoera berean irakasle ugari dago. Gainera, bitarteko irakasleen egoera are eta okerragoa da; urtetik urtera ikastetxez aldatzen baikara eta horrek azpiegitura arazoak sortzen baitizkigu, besteak beste. Adibidez, Cotton Lantegia proiektuarekin Joxe Mari Iparragirre institutuak 2,5 milioi pezeta irabazi zituen. Ni, aldiz, aurten Beasaingo Txindoki-Alkartasuna BHIn nago eta nire etxean jarraitzen dut ikerketarekin".

Irakaskuntzan ikertzen ari direnek zailtasun handiak dituztela garbi dago. Unibertsitateko irakasleak horretan jardutea normala eta logikoa ikusten dugu, baina beste irakasleak ez. Badirudi ez dutela ikertzen, eta ez da horrela. Irakasle ugari dago bai Bigarren Hezkuntzan eta bai Lehen Hezkuntzan ikerketak eta berrikuntzak egiteko gogoz, eta ez dute behar adinako laguntzarik jasotzen.

Horrez gain, bada beste arazo bat ere: ikerketa horien ostean sortzen diren proiektuak ezkutuan gelditzen direla, ez direla zabaltzen eta gizarteratzen. Eta hori irakasleen artean dagoen ohitura faltagatik da."Hemen ohitura gutxi daukagu proiektuak zabaltzeko. Egiten dira eta azkenean birziklatzeko ontzietan bukatzen dute. Hori da katalanekin daukagun ezberdintasuna. Haiek proiektuak egin eta ebaluatu ondoren ezagutzera ematen dituzte, eta hori da guri falta zaiguna" gaineratzen du Iraolak.

Saiakera hori egitearen aldekoa da Iraola, hots, proiektuak ondo baloratu eta gizarteari aurkeztearen aldekoa."Eskola gizartearen barruan ulertu behar dugu eta gizarteak jakin egin behar du zer gauza egiten diren eskolan, zertarako... Ikasleak gero gizarteratu egiten dira eta gizarteratze prozesu hori nola egiten dugun azaldu behar diogu gizarteari".