TEBEROSKY, Ana:

2001-05-01
"Irakurketa eta idazketa" aztergai izan ziren Ikastolen Elkarteak otsailean antolatutako VIII. Jardunaldietan. Hiru egunetan zehar Euskal Herri osoko 700 pertsona hurbildu ziren hitzaldietara. Hitzaldi teorikoak zein esperientzia praktikoak entzun eta ezagutzeko aukera eman zuten jardunaldiek. Parte hartu zuten hiru hizlarirekin hizketalditxo bat egin genuen irakurketa eta idazketaren inguruan bakoitzak dituen ideiak ezagutzeko asmotan. Horietako baten ekarpena aurreko zenbakian argitaratu genuen bezala, oraingoan beste biena bildu dugu.

Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea da eta momentu hauetan Hezkuntza eta Garapenaren Psikologiako Departamentuko zuzendaria da. 20 urtetik gora daramatza Katalunian lanean, eta batik bat garapen eta hezkuntzaren inguruko gaiekin aritu da, zehazki irakurketa eta idazketan. Horrez guztiaz gain, irakasleriaren prestakuntza da interesatzen zaion zereginetako bat.
 
 
Irakurketa eta idazketa konstruktibistaz hitz egin dugu. Zein dira, zure iritziz, konstruktibismoaren ezaugarri garrantzitsuenak?

Ikuspegi konstruktibistak ikaskuntza prozesua etengabe eraikitzen dagoen prozesu bezala ulertzen du; hau da, ez dela kanpo ideien bidez ezarria, ezta bat-bateko garapen eta garapen autonomoaren bidez ere, elkarrekintza testuinguru batean baizik. Testuinguru horretan helduak aktiboak dira, eta era berean, ikaslea ere intelektualki edo kognitiboki aktiboa da.

Kognitiboki aktiboa dela aipatzen dudanean zera esan nahi dut: haurrak jasotzen duen informazioa eta ezagutza guztia aurretiko hipotesien, ideien eta barneratze prozesu baten bidez jasotzen duela, eta aurretiko hipotesi horiek ezagutza berrien arabera aldatuz joaten direla. Horregatik diogu interaktiboa dela.



Bestalde, "txoko kulturala" deritzonari buruz ere mintzatu zara. Azalduko al zeniguke zer ulertzen duzun zuk "txoko kulturalaz" eta zenbaterainoko garrantzia duen zure ustean?

"Txoko kulturala" kontzeptua "txoko ekologikoa" deritzonetik bereizteko erabiltzen dut. "Txoko ekologiko" hitza ingurune kulturala zaintzeko erabiltzen den bezala, "txoko kulturala" kontzeptuak ingurune kulturala ere zaindu beharrekoa dela adierazi nahi du, ingurune kulturalak naturalak bezainbateko eragina baitu. "Txoko kultural" hori giza produkzioen bidez sortzen da (bai historikoak, bai kulturalak): ahozko hizkuntzatik idatzizko hizkuntzara jausia, teknologia guztiak, kulturaren inguruan egindako produkzio guztiak...

"Txoko kulturalak" bereizgarri bezala duen ezaugarria, alde batetik, tresnen bitartez egina dagoela da, eta bestetik, giza ekintzez eta giza intentzionalitatez ere sortzen dela. Ekintza eta intentzioz egina dagoela diodanean zera esan nahi dut; ingurune kultural batean elkarbizitzeko besteekin elkarrekintza mantendu behar dela, hots, praktika batzuk partekatu behar direla aurreko tresna horiek zentzua izan dezaten.



Hitzaldian gurasoek izan behar duten elkarrekintzaz ere jardun zara. Baina irakasleriari dagokionez, nolakoa izan behar du elkarrekintza horrek?

Berdina. Eskolara begiratuz gero, hizkuntza intentzionalitatea aurkituko dugu, hau da, helburu batzuetara zuzendua egongo da. Bestela, ez litzateke hezkuntzarik egongo, eta gainera, helburu horiek eskolak edo komunitateak berak planteatutako helburu batzuk izango dituzte. Horietako bat haurrak xede zehatz batzuetara zuzentzea izango da. Beraz, hori guztia ingurune kulturalari dagokio, eskola berez ez da ingurune kulturala. Kulturarik ez balego, ez litzateke eskolarik ere egongo, idazketa existituko ez balitz ez litzateke eskolarik egongo... Eskola giza produkzio kulturalari eta horrek dituen helburu kulturalei esker sortutako erakundea da.



Idazketa eta irakurketaz ari gara behin eta berriz, eta eskolan ere hori lantzen da batik bat, ahozko hizkuntza pixka bat alboratuz. Nola ikusten duzu hori?

Lehenik eta behin, eskola guztietan egoera hori ez dela gertatzen aipatu behar da. Eskola batzuek ez dute nahikoa lantzen irakurketa eta idazketa, baina beste eskola batzuetan irakasleek proposamenen aukeraketak egiten dituztenez, lantzen dira.

Konstruktibismoaren ikuspegitik, ahozko eta idatzizko hizkuntzak elkartuta doaz, zeren idatzizko hizkuntza, hitzak dioen bezala, hizkuntza da. Horregatik, nire ustez, biak batera landu behar dira. Egia da eskolak idatzizko hizkuntza lantzen duela batik bat, baina hori eskolaren berezkotasun bat delako gertatzen da. Gehiago ebaluatzen da, eta era berean, hizkuntzaren arautegia ere ahozkoa baino gehiago idatzikoa da. Horren guztiaren aurrean, irakasleak idatzizko hizkuntza lantzeko erraztasun handiagoa dauka. Baina horrek ez du esan nahi ahozko hizkuntza ere landu behar ez denik. Alderantziz, ahozko hizkuntza idatzizkoa bezainbat landu behar da.

Oratoriaz ere aritu naiz. Oratoriak diskurtso zabala, koherentea eta laguntzarik gabe sortzeko gaitasuna adierazten du, eta hori da eskolak duen helburu garrantzitsuenetariko bat, oraindik helburu bezala bereganatu ez badu ere. Gainera, xede horretara heltzeko denbora eta espazioa eskaini beharko zaizkio.



Hala ere, egun ikusten da zenbait kasutan ahozko hizkuntza idatzizkoa baino gutxiago hartu dela kontuan. Esaterako, egun ahozko hizkuntza lantzeko zenbait proiektu lantzen hasi dira.

Beno, baieztapen horrek akats bat badu. Zeren gauza ez da ahozkoa ez dela aintzat hartu, baizik eta berari buruzko hausnarketa nahikorik ez dela egin. Idatzizko hizkuntza lantzen denean ahozkoa ere lantzen da, eta alderantziz ere bai. Landutako irakurketa bat jorratzen duzuenean, idatzita dagoen testu bat ahoz komentatzen ari zara. Edota azalpen batzuk ematean, azalpen horiek ere idatzita dagoen prozesu batean ahozko azalpenak dira. Orokorrean, testu idatzi baten ahozko erreprodukzioa egiten ari gara.

Ahozko eta idatzizko hizkuntzez hitz egiten dudanean ez ditut azaltzeko moduagatik soilik bereizten (bata hitzez adierazten delako eta bestea idatziz gauzatzen delako), baita eraketa moduagatik ere eta biak jokoan jartzeko erabiltzen diren mekanismo linguistiko eta kognitboengatik ere. Produkzio moduari dagokionean, ahozkoa pertsona biren edo gehiagoren arteko elkarrizketaren bidez gauzatzen da; idatzizkoa, berriz, pertsona bakar batek egiten duen diskurtso zientifikoaren bidez. Orduan, biak konparatuz gero, produkzio modua eta hizkuntza mota bietan ezberdinak direla ikusten dugu, baina bakoitzak bere aldaketak egin ditzake. Esaterako, idatzitako testu bat ahoz komentatzen edota irakurtzen arituko bagina bezala hitz egin daiteke. Azken batean, ahozkoa-idatzizkoa eta idatzizkoa-ahozkoaren arteko erlazioan interakzio garrantzitsuak daude. Beraz, gakoa ez dago produkzio moduan, baizik eta eraketa moduan. Hizkuntza horiek aurrera eramateak prozesu guztiz ezberdinak eskatzen ditu. Normalki, idatzizkoa ongi landu ohi duenak ahozkoa ere egoki landu ohi du, eta alderantziz.

Bestalde, kontuan hartu behar da idatzizko hizkuntzak iraun egiten duela, zuzenketak egitea ahalbidetzen duela eta idatzitako horretara itzul gaitezkeela. Beraz, landuta plazaratzen den zerbait da. Ahozkoarekin, berriz, ez da hori gertatzen; esaten dena momentu horretan geratzen da. Horregatik, produkzio moduak guztiz ezberdinak dira batean zein bestean.

Aipatu dugun guztia nahiko gai konplexua da eta jendea lelo batzuetara ohitua dagoenez ez du behar den bezala ikusten egoera.



Amaitzeko, hitzaldian egin duzun aipu bat ekarri nahi dugu gogora: "Eskolan haur bakoitzeko 200 liburu eduki beharko lirateke". Azalduko al zeniguke proposamen hori?

Bai, haurrek normalki eskolan bertako liburutegi bat izaten dute. Interesgarria da haurrak liburuak irakurriz heztea.


200 liburu aipatzen dudanean, ordea, ez dut jendea zifra horrekin gera dadin nahi, baizik eta horren inguruan hausnartzea. Hau da, haurrak irakurri egin behar du, eta hori sustatu egin behar da. Horretarako, liburutegi publikoak, Interneta, eskola liburutegia eta abar jarri behar dira haien eskuetan.