MONDRAGON unibertsitatea: Hizkuntzen psikopedagogian aditua naiz. Lizentziatura berria ezarri da aurten Mondragon Unibertsitatean

2001-03-01
Hizkuntzen Psikopedagogia izeneko karrera berria eskaini dute ikasturte honetan Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Etorkizuneko gizarte eleaniztunaren eskari berriei erantzun nahi diete ikasketa horiek, eta bi urte barru hizkuntzen kudeaketan adituak diren profesionalak prest izango dira.
 
 
Hizkuntzen Psikopedagogia 2. zikloko Lizentziatura da, hau da, ikasketa hauek egingo dituzten ikasleak beste ikasketa batzuetatik etorriko dira, bereziki Pedagogia eta Psikologiako 1. zikloa egin dutenak edota Irakasletza edo Gizarte Hezkuntzan diplomatuta daudenak izango dira. Ikasle horiek hizkuntzen aniztasunak Euskal Herriko eskolan eta gizartean oro har eragiten dituen egoerei erantzun egokia emateko prestatu nahi dira.



Egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuteko profesionalak

Gaur egun, Euskal Herrian haur gehienak eleaniztun dira, eta ez elebidun, hirugarren hizkuntza oso goiz sartzen baita haurraren curriculumean. Era ezberdinetara heltzen da bakoitza eleanitz izatera. Familia egoerak, ikasketa ereduak eta giro sozialak dira faktorerik eraginkorrenak. Egoera horiek, nahiz eta oso arruntak izan Euskal Herrian, oso konplexuak dira eta profesional prestatuen partaidetza eskatu eta eskertuko lukete.

Euskararen egoera diglosikoak, bestalde, euskararen erabileran eta normalizazioan eragiten du ezinbestean; egoera horri aurre egiteko hor ditugu hainbat eta hainbat hizkuntza politikaren neurri, ekimen eta proiektu. Ekimen horietarako guztietarako soluziobideak kanpotik ekarritako ereduetan aurkitzen saiatzen gara, baina batzuetan, kanpoko eredu horiek ez digutela balio ikusten dugu. Ondorioz, teoriak, metodologiak eta irudimenak lagunduta, geure proiektu, metodologia eta baliabide orijinalak garatzen ari dira Euskal Herriko zenbait bazterretan.

Horrez gain, eta etorkizunera begira jarriz, gaur egun hizkuntzen fenomenoarekin erlazionatuta hiru gertakari garrantzitsu ari dira azalarazten: migrazioak, globalizazioa eta Teknologia bBo eleaniztasunaren kontzeptuan guretzat oso ezezagun diren zenbait hizkuntza eta kultura sartuko zaizkigu (txinera, Afrikako herrietatik etorriko zaizkigunak, japoniera, errumaniera eta abar). Globalizazioa dela- eta, hizkuntza arrotz asko eta epe laburrean ikasi beharko ditugu estrategikoki. Eta Teknologia Berrien garapena dela-eta, hizkuntzak ikasteko gaurko zenbait ohitura baztertu eta ohitura eta prozedura berriak garatu beharko ditugu seguruenik. Ondorioz, hizkuntzen inguruko zenbait kontzeptu edo hizkuntzak ikasteko eta irakasteko kontzeptuak aldaraziko dituzte fenomenook, modu batera edo bestera.

Hori dela-eta, eskari berri horiei erantzun egokia emango dieten profesionalak beharko dira, eta hori da Hizkuntzen Psikopedagogiaren jomuga, hizkuntzen kudeaketaz arduratuko diren profesionalak formatzea. Profesional gaituak sortzea da karrera honen eginkizuna; hizkuntzekin harremanetan sortu ohi diren egoerei (gaur egun daudenei eta etorkizunean sortuko direnei) irtenbide duinak, desiragarriak eta errealak ematen jakingo duten profesionalak prestatzea.

Beraz, egoera eta erronka horiei profesionaltasunez erantzuteko pertsonak prestatu nahi ditu Hizkuntzen Psikopedagogiak.

Aurreikusten diren eskariak hainbat eremutan sortuko dira eta horietan lan egingo dute hizkuntzen psikopedagogogek: eskolan, helduen irakaskuntzan, aisialdian, lan eremuan, gizartean, Teknologia Berrietan... Eremu horietan eta hizkuntzaren kudeaketaz ari garela, hainbat lan ezberdin egin ditzake: irakasle, aholkulari, planifikatzaile, ikertzaile...

Hizkuntzen psikopedagogoa profesional balioanitza izango da, hots, ikuspegi orokorra izan beharko du hizkuntzen kudeaketaz eta baita arlo konkretu batzuen ezagutza espezifikoaz (haurrak, helduak, lan mundua, gizartea...) eta jardueraz (ikerketa, irakaskuntza, orientabidea...) ere.



Karreraren edukia eta antolaketa

Hizkuntzen Psikopedagogiak 150 kreditu ditu; horietatik %39 psikopedagogia arloari dagozkionak dira, %36 hizkuntzaren psikopedagogia arlokoak, %15 gaitasunen arlokoak eta gainontzeko %10 aukera askeko gaiak. Ohiko erritmoari jarraiki, bi kurtsotan burutu daitezke ikasketok, haatik, hiru kurtsotan egiteko aukera ere badago B erritmoa hautatuz. Ikasketak burutu bitartean praktikak egingo dira eskoletan, hezkuntza erakundeetan, udaletan, euskaltegietan, administrazioan, eskolaz kanpoko jardueraz arduratzen diren erakunde publiko zein pribatuetan... Oro har, hizkuntzen kudeaketarekin zerikusia duten erakunde edo proiektuetan.

Ikasketen amaieran proiektu bat egin beharko dute ikasleek. Praktikak egin bitartean diseinatuko da proiektua eta ikertuko den gaia eta aplikazio eremua ikasleen interes eta gaitasunetarako egokituko da. Modu anitzekoa izan daiteke berau: erakundeari balioa gehitzen diona, erakundearen eskaerari erantzuten diona, praktiketara doan ikasleak aurreikusten duena edota berak proposatzen duena.



Zer diote ikasleek?

Lizentziatura berri hau hasi duten ikasleen iritzia jaso nahi izan dugu, azken finean eurek baitira hartzaileak eta arlo honetan profesionalak izango direnak.

Aurretik ikasketa ezberdinak eginak dituzte, batzuk lanean ari dira eta beste batzuk ez. Praktikak ere leku ezberdinetan ari dira egiten. Baina guztiek dute hizkuntzen psikopedagogia arloan interesa.

Hauek dira egin dizkiegun galderak:

1- Zer dela-eta hasi dituzu ikasketa hauek? Zer bilatu nahi duzu?

2- Zerekin aurkitu zara? Topatu al duzu nahi zenuena?

3- Zer iritzi duzu karreraren antolaketaz? Ikasgaiez? Irakasleez? Zer iruditzen zaizu bi erritmo eskaintzea? Zein hautatu duzu zuk? Zergatik?

4- Zer aldatuko zenuke? Zer dago hobetzeko?

5- Praktikak egiten ari al zara? Non? Zer moduz?

6- Zertarako balioko dizute ikasketok?

7- Zer esango zenioke hasi nahi duen ikasle bati?



Hona hemen lau ikasleren erantzunak, bakoitzaren esperientzian oinarritutako balorazioa.



1. ikaslea

1.- Irakasle ikasketak egina naiz, Gizarte Zientzien adarretik, hain zuzen ere. Nire garaian ez zegoen beste espezialitaterik. Hizkuntzaren mundua betidanik izan dut gogoko. Geroago euskaltegian hasi nintzen lanean euskararen irakaskuntzaz ezer jakin barik. Zentzu horretan, autodidakta izan naiz. Karrera honen eskaintza iritsi zenean, pentsatu nuen momentu egokia zela eskarmentuz ikasitako hainbat eta hainbat gai ere formalean lantzeko.

2.-Beste unibertsitate eta irakaskuntza mota batekin egin dut topo. Era honek ez dauka zerikusirik nire garaikoarekin, ezta beste unibertsitate batzuetakoarekin ere. Bestalde, baliabide aldetik nahiko pribilegiatuak sentitzen gara, informatika kontuan, batez ere.

3.- Nik erritmo arina hautatu dut, denbora luzea eskatzen duten ikasketetan azkenean desmotibatu egiten naizelako. Dena dela, aukera edukitzea behar eta egoera desberdinei egokitzeko modua da. Momentuz, daukagun eskaintza anitza eta aberatsa da.

4.- Lanen arazoa dago. Lehen lauhilabetean gurdia lanez bete digute, eta askotan idia tiratzeaz nekatu eta gelditu egiten da. Horixe da arrisku nabariena. Badakigu lizentziatura mailako ikasketek lana eskatzen dutela gure aldetik, baina karrera honetako ikasleon perfila aintzat hartu beharko litzateke: ia denok lanean gabiltza eta adinez helduak gara, horrek dakarrenarekin.

5.- Nire lanpostuan egiten ari naiz praktikak, euskaltegian. Nire lanean aplikatzeko gauzak ikasten ari naiz eeta gustura nago. Zer gehiago eska dezaket?

6.- Nire lanean aplikatzeko balioko didate ikasketok, hizkuntza irakaslea bainaiz.

7.- Hizkuntzaren mundua asko gustatu behar zaio. Dena den, uste dut nahi badu, lehen urratsa emana dagoela.



2. ikaslea

1.- Lizentziatura bat behar dudalako, eskolak arratsaldez direlako, eta 2. zikloko karrera izanik, bi-hiru urtetan egin daitekeelako, batez ere. Dena dela, itzultzaile-interprete naiz lanbidez eta hizkuntza kontuen gaineko kezka bat badut euskaldun (elebidun) guztiok bezala, nik uste, eta horrek ere eragin dit.

Era berean, lehen ere ibilia naiz Eskoriatzan ikasten eta horrek ere konfiantza eta lasaitasun handia eman dit. Ez baita ezagutzen ez duzun toki batean hastea bezala. Aurreko ezagutze-lana egina neukan hemen, nahiz eta joan deneko 12 urte hauetan asko aldatu den gure garaiko Irakasle Eskola hura, baita fisikoki ere, orain hartu duten eraikin dotore horrekin-eta.

Zer bilatu nahi dudan? Bada, lankideen eta lagunen artean askotan hitz egiten dugu hizkuntzen gainean, batez ere euskararen gainean: zer egin behar litzatekeen aurrera ateratzeko eta abar. Baina, Reala zulotik ateratzeko zer egin behar litzatekeen bezalatsu aritzen gara askotan: aliritzira, sentimenduz eta datu zehatz askorik gabe. Karrera honek informazio zabal eta batik bat zehatza emango dit, ikertzeko eta sakontzeko bidea, askotan egiten ditugun galdera horiei hobetoxeago erantzuteko edo ideia osatuagoa izateko.

2.- Karrera berria da, izena ere ilun samarra du eta ez nekien zer aurkituko nuen; baina, oso gustura nago aurkitu dudanarekin. Sentimenduak eta irudipenak datuez janzteko bidea aurkitu dut, oinarri bat. Bestetik, ikusten da munduan toki askotan dagoela gurearen moduko kezka eta eztabaida. Gauza horien gaineko ikerketa, ordea, kontu berria da toki gehienetan, eta hemen berriagoa oraindik. Baina, emaitza harrigarriak ikusten dira askotan.

3- Antolaketa oso ona da niretzat, erabakiorra. Nik, eta eskolako gehientsuenok, lan egiten dugu, eta eskolak goizez balira, nik behintzat ezin izango nukeen karrera egin, eta ezta bi erritmo izan ez balira ere. Nik hiru urtetan egiteko erritmoa hartu dut, bi urtetan ezin izango nuelako eskoletra joan, eta niretzat funtsezkoa da eskoletara joatea, irakaslearen azalpenetatik eta eskolako eztabaidetatik askoz samurrago eta gehiago ikasten da-eta paperetik baino.

Irakasleak, bestetik, oso gertu sumatzen ditut hemen. EHUn ere ibilia naiz eta han hemen baino askoz urrutiago zeudela iruditzen zitzaidan. Beste alde batetik, Kataluniatik ere etorri zaizkigu irakasleak eta hori ere oso ona iruditzen zait, luxua, beren gaian oso onak diren irakasleen tesiak beren ahotik jakiteko bidea ematen digulako. Hori eta erritmo kontuarena izango dira, beharbada, eskola honen malgutasun handia garbien erakusten dutenak. Eta esan beharrik ez dago balio handiko gauza dela, edozein arlotan ere, malgutasuna izatea.

Iruditzen zait ikaslearen neurrira egindako karrera dela gurea.

4.- Lau hilabete besterik ez daramatzagu eta goiz izango da oraindik gauzak aldatzen hasteko. Gauza guztiei utzi behar zaie denbora beren bidea egin eta fruituak emateko. Eta, izatekotan ere, orduan aldatu behar da aldatu behar dena. Hala ere, badakigu askotan zer gertatzen den karrera bat ikasten ari garenean: epeak izaten dira, azterketak... eta horietara errenditu behar dugu. Hala, batzuetan gertatu zait lan bat-edo egun jakin baterako bukatu beharra izan eta nik nahi adina sakondu edo goxatu ezina lana. Baina, beste gauza batzuekin ere gertatzen da hori, eta garrantzitsuena ideia nagusi batzuekin gelditzea eta informazioa non bil daitekeen lokalizatzea izaten da, sakontzeko eta goxatzeko denbora gero ere bai baitago, gogo handia izanez gero.

5.- Nik hiru urtean egiteko erritmoa aukeratu dut eta, beraz, ez naiz ari praktikak egiten. Datorren urtean egingo ditut.

6.- Pil-pilean dauden gai askoren berri zehatzagoa eta objektiboagoa izateko, dudarik gabe.

7.- Hizkuntza kontuak-eta gustatzen baldin bazaizkio, toki ona daukala hemen pil-pilean dauden gaiei buruzko gauza asko ikasteko, informazio franko eskuratzeko, eta baita kontu horiek ikertzeko eta sakontzeko bidea ere.



3. ikaslea

1.- Lehen Hezkuntzako ikasketak burutu ondoren, hizkuntzei dagokienez hutsune nabarmean zegoela-eta, interesgarria iruditu zitzaidan honako ikasketa hauek burutzea. Gaur egunean Euskal Herrian egoera diglosikoa pairatzen dugu, eta hori dela-eta, hizkuntzek bere tratamendua izan behar dute. Bestalde, gure hizkuntza den euskara kinka larrian daukagu eta indartzeko eta hainbat esparrutan present izateko lan asko dago egiteke. Azken finean, horri guztiari dagokionez, formakuntza izatea bilatzen dut gaurdanik eta etorkizunean ere aurrerapausoak eman ahal izateko.

2.- Hainbat ikasle bildu gara eta bakoitzak esperientzia eta jakintza maila anitza dauka. Horrek asko aberasten du gelako partaidetza. Horri dagokionez, oso pozik nabil, bakoitzak dituen esperientzietatik abiatuz, eta irakasleen laguntzaz, gauza interesgarri asko irteten baitira.

3.- Karrera guztiontzat berria izanik, antolaketa mailan ere hobetzeko gauzak badirela esango nuke, baina orokorrean ongi antolatuta dagoela iruditzen zait. Leku guztietan bezala, gure arazotxoak izan ditugu lehenengo lauhilabetekoan (lan mordoa dela-eta...). Hala ere, ikasgaiak interesgarriak direla iruditzen zait, betiere lauhilabetekoak labur gelditzen direla-eta, bakoitzak bere kasa etxean, lantokian... jorratzeko aukera izanik.

Bestetik, bi erritmo eskaintzea primeran dagoela deritzot, hain zuzen guztiok ez batitugu aukera berdinak izaten ikasketak burutzeko orduan. Bereziki karrera hau 2. ziklokoa izanik, jende ugari lanean ari da, eta horiek ere aukera izatea interesgarria da. Nik neuk A erritmoa hautatu dut horrela egiteko eragozpenik izan ez dudalako. Gainera, sarritan luze samar egiten da leku berberean hainbeste urtez ikasten aritzea, talde berdinarekin, irakasle berdinekin...

4.- Nik neuk argi daukat praktiken egonaldia aldatuko nukeela. Lehenengo urte honetan bi astetako praktika aldia besterik ez dugu izan, eta ez du astirik ematen aurrean duzuna ezagutzeko eta horren arabera karrera bukaeran egin beharreko proiektuaren irudikapena argitzeko.

5.- EMUNen egin ditut nire praktikak beste bi gelakiderekin batera. Oso jende jatorra aurkitu dut eta gustura baino gusturago ibili naiz. Bestalde, EMUNi dagokionez, asko ikasi dudalakoan nago, hau da, informazio anitz jasot dut, baina hala ere, lehenago aipatu bezala, denbora gehiagoz egotea gustatuko litzaidake, lantoki, ikastetxe... bakoitza mundu bat da eta denbora eskatzen du ezagutzeak. Hala ere, argi utzi nahi nuke EMUNekoak prest agertu direla edozein momentutan laguntza emateko.

6.- Etorkizunean Hizkuntzen Psikopedagogian prestakuntza izanik, ikasketa horiek mundu horretan lan egiteko balioko didatelakoan nago. Eta ez hori bakarrik, nik neuretzako ikasteko ere bai.

7.- Ikasketa horiek egitera animatuko nuke. Hizkuntzalaritzan, elebitasunean, psikologian... formakuntza zabala jasotzeko parada eskaintzen du karrera honek, eta arestian aipatu bezala, Euskal Herrian bizi dugun hizkuntz egoera dela-eta, Hizkuntzen Psikopedagogia jorratu beharreko arlo interesgarria dela uste dut.



4. ikaslea

1.- Pedagogiako ikasketak bukatu eta 4 urte atzerrian bizi izandakoanaiz. Behin Euskal Herrira etortzeko garaia zela sentitzean, hemen lana bilatzeko aukera anitzak nituela ohartu nintzen. Horregatik, ikasketa hauen berri izan nuenean interesgarria iruditu zitzaidan, ama hizkuntzaz gain beste hizkuntza batzuk ere ikasi behar izan ditudalako, eta hizkuntza horien jabekuntza eta abar nola gertatzen diren ezagutzen lagunduko zidala uste nuelako. Aldi berean, ikasketak bukatu ondoren lana aurkitzeko aukera gehiago izango nituela uste nuen.

Nik egindako ikasketak eta bizitza pertsonala kontuan izanik, nire formakuntzan lagunduko nauen bidea edo tresna izatea bilatzen dut ikasketa hauekin.

2.- Gustura nago topatu dudanarekin, baina onartu beharra daukat hasiera batean kosta egin zitzaidala unibertsitatearen ezaugarri batzuetara moldatzea, ni unibertsitate publikotik bainator.

3.- Nire ustez karrera ongi antolatuta dago, nahiz eta zenbaitetan begi bistan geratu ikasketak berriak direla; hala nola irakasleek ikasgaiak emateko orduan, arazo teknikoak ordenagailuekin... Ikasgaiak oso interesgarriak dira eta irakasleak profesionalak. Aproposa deritzot bi erritmo eskaintzea, jendeak aukera gehiago izan dezan. Nik neuk A erritmoa aukeratu nuen, lanean ez nengoelako matrikulatzerako orduan eta 2:30etik 8:00etarako ordutegia ongi zetorkidalako.

4.- Alde batetik ikasketak oso garestiak iruditzen zaizkit, 39.000 pezeta hilero. Ez dut uste pertsona guztien aukeran dagoenik ikasketa hauek burutzea, nahiz eta bekadun bezala lan egiteko aukera badagoen. Bestalde, zenbait irakasleren ebaluatzeko modua ez zait batere aproposa iruditu.

5.- Bai, praktikak egin ditut bi astetan zehar Eskoriatzako Luis Ezeiza ikastetxe publikoan eta esan beharra daukat primeran konpondu naizea, bai irakasleekin zein ikasleekin. Pena da praktikak bukatu izana.

6.- Suposatzen dut etorkizunean lana bilatzeko, hizkuntzen inguruko ikaskuntza-irakaskuntza prozesua hobeto ulertzeko, euskararen inguruko errealitatea zein den ezagutzeko eta honi bultzadatxo bat emateko.

7.- Edozein animatuko nuke ikasketa hauek burutzera, baina matrikulatu aurretik ikasketen inguruko informazioa jasotzea premiazkoa ikusten dut, jende askok ez baitu argi izaten ikasketak beraiek zer eskain diezaioketen.