Heziketa, guztion erantzukizuna

2000-10-01
400.000 ikasle baino gehiago dira Euskal Herri osoan ikasturtea hasi dutenak, eta horietako askok guztiz euskaraz egingo ditu ikasketak (D ereduan). Euskaraz eskolaratzeko eta ikasteko hautua egiten duen ikasleen kopuruak igotzen jarraitzen du, azken urteetako joerari jarraiki.

Ikasturte hasieran kezka ugari izaten ditugu irakasleok, gurasook eta ikasleek. Bata, eskola eta ikaslearen arteko topaketa; ikasleak gustura hasten al dira? Ongi egokitzen al dira? Moldaketa aldi bat behar izaten da eskolako bizimodura egokitzeko.
 
 
Gela barruko lana hasi da

Euskal Herri osoan 400.000 ikasle baino gehiago dira jadanik ikastetxeetan daudenak. EAEn iaz baino 12.080 ikasle gutxiago izango dira, denetara 307.034 izango direlarik Lehen Hezkuntzan, DBHn eta DBHOn. Nafarroan, aldiz, matrikula kopuruak gora egin du, iaz baino 2.700 ikasle gehiago direlarik aurten. Igoera hori Haur eta Lehen Hezkuntzan nabaritu da, DBHn jaitsi egin baita.

Ereduei dagokienean, EAEn 3 urteko 9.814 haur hasi dira D ereduan, matrikulatuen %58,6a, iaz %56,8a izan zelarik. B eredua %31,3k hautatu du (iaz %32,2k) eta A eredua %9,3k (iaz %11k). Ikusten denez, eskolaratzeko orduan euskarazko eredua aukeratu duten haurren kopuruak igotzen jarraitzen du, azken urteetako joera mantenduz. Haur eta Lehen Hezkuntzan %51,1 ikasle daude aurten D ereduan eta DBH %38,8.

Nafarroan 3 urteko 1.500 haur hasi dira D ereduan, kopuru osoaren %30,6. G ereduan, aldiz, %40,48 matrikulatu dira. Aurreko ikasturtean %28,8 matrikulatu ziren D ereduan eta %42,3 G ereduan. A eta B ereduko kopuruak mantendu egin dira gutxi gorabehera (%58,5 eta %0,26 hurrenez hurren). Azken urteetako joerari so eginez, argi dago gero eta guraso gehiago direla 3 urteko haurrak euskarazko ereduetan hasten dituztenak, eta hurrengo mailetan ere eredu horretan jarraitzen dute.

Iparraldean Seaskako ikasle kopuruak gora egin du maila guztietan; 593 ikasle hasi dira Ama Ikastolan, 765 Lehen Mailan, 389 Kolegioan eta 104 Lizeoan. Iaz guztira 1.330 ikasle baziren, aurten 1.851 dira. Eskola publiko elebidunean ere Lehen Mailan 2.195tik 2.376rako igoera jazo da. Eskola giristinoetako gela elebidunetan Ama Eskolan eta Lehen Mailan 1.117 haur izanen dira aurten, eta Kolegioan eta Lizeoan 244.

Oztopoak oztopo, euskal irakaskuntzaren aldeko lanak fruituak ematen jarraitzen du. Gero eta haur gehiago dira euskarazko ereduetan ikasten dutenak. Beheko mailetako kopuru horiek goiko mailetan ere manten eta gehi daitezen jarraitu behar dugu lanean.



Moldatze aldia

Haurrek eta familiakoek moldatze aldia nola bizitzen duten jakiteko Egunsenti Haur Eskolara bertara hurbildu gara. Iruñeko Txantrea auzoan kokaturik dago eta Iruñeko Udal Haur Eskoletako bat da. D eredua eskaintzen du, eta auzoko haurrak ez ezik, Iruñea osokoak joaten dira. Aurten guztira 82 haur hasi dira: 14 txikien gelan, urtebetekoak 15, erdikoak 21 eta handiak 32. Horrela, lau taldetan banaturik daude eta bakoitzean bi irakasle edo hezitzaile daude.

Goizeko 7:30ean irekitzen dira Egunsentiko ateak eta 9:30 bitartean etortzen dira haurrak, ordu horretarako denak eskolan egoten direlarik. Irten, berriz, 3:00ak eta 4:30 bitartean irteten dira, batzuk lehenago eta besteak beranduago, familiakoak etortzen direnean. Beraz, bai goizean eta bai arratsaldean, bai sartu eta bai irteteko, ordutegi malgua dute, ordu eta erdiko denbora tartea baitute.



Moldatze aldia

Haur txikiak eskolara joaten direnean familiakoengandik urruntzen dira. Ordura arte gurasoekin, aiton-amonekin edo beste norbaitekin etxean egoten ohituta zeuden, eta espazio berri batera joateak aldaketa dakar berekin, bai leku berria delako, bai familiakoengandik aldentzen direlako eta bai pertsona berriekin topatzen direlako. Egoera berrira moldatu egin behar izaten dute, bai haurrek eta baita familiakoek ere, eta horretarako denbora behar da. Prozesu horri moldatze aldia deitzen diote Egunsenti Haur Eskolan. Haur bakoitzak sentimendu mailan (sentimendu hunkiorrak, sozialak eta intelektualak) bizi duen bidea edo prozesua besterik ez da, bere familiarengandik aldentzeak suposatzen duena eta eskolan sartzeak eskaini diezaiokeena kontuan hartuz.

Moldatze aldia maiatzean hasten dutela azaldu digu Inma Ajona Egunsenti Haur Eskolako arduradunak. "Maiatzean matrikula egitera etortzen direnean hasten da prozesua. Matrikulatu ondoren, ekainean bilera bat egiten dugu familia guztiekin".

Aipatu bilera familia guztiekin batera egiten dute eta moldatze aldia zer den, nola eta zergatik burutzen den, zer suerta daitekeen eta abar azaltzen zaie zehatz-mehatz. "Aurreko urteetan ibilitako haurren familiakoek ezagutzen dute prozesua eta beti esaten diogu norbaiti bere esperientzia azaltzeko; nola sentitu ziren, nola bizitu zuten prozesua... Oso baliagarria izaten da. Izan ere, ezberdina da irakasleok kontatzea edo beste familia batekoek kontatzea, beraiek baitira esperientzia bera bizitzen ari direnak".

Aldi berean, eskola ezagutzen dute, eta horri garrantzi handia ematen diotela azpimarratzen du Ajonak. "Izan ere, moldatze aldian oso garrantzitsua da haurrak moldatzea, baina moldatu aldia familiakoekin hasten da. Hauek konfidantzaz etortzen badira ziurrago sentitzen dira eta haurrak beste jarrera batekin ekartzen dituzte. Eskola nola dagoen antolatuta ikusten dute, zein espazio erabiliko dituzten haurrek (jangela, sukaldea, gelak, areto nagusia, jolas lekuak...), eta horrela badakite haurra non eta norekin utziko duten. Izan ere, irakasleak ere ezagutzen dituzte bileran.

Bilera orokor honen ondoren eta haurrak eskolara joan aurretik, abuztuan elkarrizketa indibiduala egiten dute familiakoekin haurrari buruz hitz egiteko. "Elkarrizketa honetan haurrari buruzko datuak jasotzen ditugu; euren azturak edo ohiturak, zer gauza egiten dituzten gurasoekin eta abar. Baina batik bat familiarekin harremanetan sartzeko da egiten da bilera, konfidantza sortzeko. Izan ere, elkarrizketa indibidualak hurbilagoak izaten dira" dio Ajonak.

Abuzturaren 16an hasten da ikasturtea Egunsentin eta eskola poliki-poliki joaten da haurrez betetzen. Sarrera progresiboa da, haur guztiak ez dira aldi berean sartzen. Lehenengo astean batzuk hasten dira, eta astero-astero kopuru hori gehituz joaten da. "Lehendabiziko egunean haurrak familiakoekin etortzen dira eta ordu erdi edo ordubete egoten dira haurrarekin jolasten, aldamenean begira, irakaslearekin hitz egiten... Eskola irekia dago familiakoentzat. Ditikoen gelan amak ditia ematera etortzen dira, biberoia ematera, lehenengo bazkaria ematera..." azaltzen digu Ajonak. "Bigarren egunean berdin, eta pixkanaka-pixkanaka haurra bakarrik uzten duten denbora luzatzen joaten da. Haur eta familia bakoitzaren sarrera ezberdina izaten da, batzuek denbora gehiago behar izaten dute eta beste batzuek gutxiago. Batzuei, esaterako, asko kostatzen zaie haurrarengandik bereiztea eta gelatik kanpora oso kezkatuta gelditzen dira, haurra nola egongo ote den pentsatzen. Beste batzuei, berriz, ez zaie hainbeste kostatzen". Denetarik omen dago: seme-alaba gehiegi babesten duena, beraiekin zorrotzegia dena, zein ongi pasako duen azaltzen diona, horretaz hitz egiteari uko egiten diona.... "Ulergarria da kezka edukitzea, eta batzuek tristura ere bai. Bestea batzuk, berriz, lasaiago bizitzen dute prozesua. Horregatik diogu moldatze aldia ez dela haurrarena soilik, baita familiarena ere".

Prozesu hau haur berriekin, zaharrekin eta beste eskoletatik etorritakoekin egiten dute, guztiekin. "Kontuan izan behar da zaharrentzat ere uda tartean egon dela eta hilabete eta erdi horretan familiarekin egon direla denbora guztian" dio Ajonak. "Gainera, zaharrak ere gelaz aldatu egiten dira eta irakaslez ere bai batzuetan. Aldaketa hori ere pixkanaka egiten dugu. Hasieran aurreko urteko gelan egoten dira jolasten eta gero joaten dira berrira. Irakasleak ere mugitu egiten dira gelaz gela aurreko urteko haurrak agurtuz eta beraiekin egonez". Familiakoentzat bezalaxe, haurrentzat eta irakasleentzat ere irekia dago eskola eta gela batetik betera pasa daitezke.

Irailaren erdirako haur guztiak eskolan sartuta egoten dira, baina moldatze aldiak jarraitu egiten du. Batzuk lehenago eta beste batzuk beranduago moldatzen dira. Ajonaren esanetan "zailtasunik handiena beren familiengandik aldentzeak sortzen du. Ez da alde fisikoa soilik, baizik eta horrek suposa dezakeena, hau da, ziurtasunik eza somatzea, eta babesik gabe eta bere ahalmenen aurrean bakarrik sentitzea". Aldaketa honen aurrean haurrek erreakzioak izaten dituzte, eta era askotakoak izan ohi dira: poz izugarria, irabioa, jarduera mugagabea berria denaren aurran, negar bizia, erasoak, ihes egiteko edo beren gauzei atxikitzeko jarrera gogorrak,.. Ageriko alaitasunezko denbora igaro ondoren (astebete, hilabete...) egoera berriaren kontzientzia hartzen dutenean negarrez edo eskola ukatuz erreakzionatzen dutenak ere badaude.

Prozesu honetan irakaslearen jarrerak garrantzi handia du. Ajonak dio garrantzitsuena dela egunez egun ematen dituzten onespen-erakutsiak aurkitzea. "Begirada interesgarri bat, irri lotsatia, eskuen estu aldia, bi haurren edo haurra eta nagusiaren arteko kidetasun begirada eta abar bizitzen ari diren borrokan ia irabazita dauden batailak dira". Haurrek dituzten zailtasunak ekiditea ezinezkoa bada ere, gainditzen lagun diezaiekegula adieraztea garrantzitsua dela azpimarratzen du Ajonak. "Bestalde, moldaketarako ez da legerik ez denborarik jarri behar. Gehiengoarentzat baliagarria dena batentzat baliogabea izan daiteke, eta estrategia egokia bilatu beharko da horrentzat". Moldatze aldia familien eta eskolaren arteko elkarrenganako maitasuna eta konfidantzaren sortzea errazten duen komunikazio, elkartrukea eta jakintzarako denbora bizitzea da. Hau da, haurrak eskolan sartzearen arazoa normaltasun eta baikortasun handienaz bizitzea, haurren eta familien, hezitzaileen, lekuen eta gauzen artean sortzen diren aukera personal eta batasun puntuak errespetatuz.

Ajonak dioenez, urri edo azarorako denak moldatuta egoten dira, orduan ematen dute bukatutzat moldatze aldia. Prozesua bukatu ostean, elkarrizketa indibiduala egiten dute familiakoekin moldatu aldia nola bizi izan duten jakiteko, haurrak nola jarraitu duen, beraiek nola sentitu diren eta abar. Moldatze aldia bukatutzat eman arren, familiakoek eskolara etortzen eta gelan sartzen jarraitzen dute bai goizean haurrak uzterakoan, eta bai arratsaldean jasotzerakoan. "Horrela irakaslearekin gauzak komentatzeko aukera izaten dute. Esaterako, zer moduz pasa duen gaua, zer egin duten asteburuan, arazorik baldin badu hori komentatu...". Irakaslearekiko harremana ez ezik, familiakoen artekoa ere sortzen da egoera honetan.



Utzi? Exijitu? Mugak ipini?

OTAÑO ETXANIZ, Juanjo. Mondragon Unibertsitatea. Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea.



Nerabe batek bere gurasoei egindako kritika entzun nion hizlari bati:"Gurasoek ez naute maite. Inoiz ez naute maite izan. Nahi izan dudana egin dut beti. Inoiz ez didate mugarik ipini. Inoiz ez didate ezetzik esan. Orain ez dakit, ezin diot neure buruari mugarik ipini".

Zer esaten digu nerabe horrek? Zer eskatzen digu? Agian, gure ezjakintasuna, edo gure inkoherentzia, edo gure askatasunaren nahia eta eskaintza, borondate oso ona eduki arren, berarentzat kasurik ez egitea izango da, edo interes eza, edo maitasun eza. Zer behar du haur batek bere garapenerako? Zer ematen diogu? Zer da haur batek hartzen duena? Zer esan nahi du seme-alabak maite izateak? Beharrezkoa al da mugak edo eskakizunak jartzea? Esan al diezaiekegu ezetz? Beharrezkoa al da ezetz esatea? Laburtuz, zer da heztea? Nola hezten da? Nork hezten du? Zer da garrantzitsua? Zer ez da garrantzitsua?



Zer da heztea?

Hezteak esan nahi du gure seme-alabei edo gure ikasleei beren gaitasunak guztiz garatzeko laguntza ematea. Beste era batera esanda, errealitatea ezagutzea eta bertan bizitzea eta mugitzea esan nahi du. Horrela, gure ingurua ezagutzen dugu, ezagupenak geureganatzen ditugu eta ezagupen horiek aplikatzen ditugu.

Nortasuna garatzeak eta bizitzen ikasteak norbere buruarekin gustura sentitzea eta hori lantzen jarraitzea esan nahi du; autoestimua garatzea, norbere burua maite izatea eta norberaren gaitasunetan konfidantza izatea. Hau da, autonomoa izaten ikastea, bere buruaren jabe izatea eta erabakiak hartzen jakitea da. Egoerek horrela eskatuz gero, baietz esaten edo ezetz esaten ikastea esan nahi du. Sormena eta irudimena garatzea esan nahi du. Horren ondorioz, modu errealez, objektiboz eta, zergatik ez, optimismoz beterik, aurre egingo diogu etorkizunari.

Elkarrekin bizitzen ikastea da heztea, hartu-emanak izaten ikastea, eta beraz, hainbat balio garatzea eta lantzea: askatasuna, justizia, elkartasuna, berdintasuna, erantzukizuna, zintzotasuna, errespetua, tolerantzia...

Pentsatzen ikastea da heztea, horrek dakarrenarekin: jakin-mina, iraupena, errealitatea behatzea eta behaketa horretatik ondorioak ateratzea, eta beraz, kritikoa eta autokritikoa izatea.

UNESCOren txostenak (1996) oso argi hitz egiten du: "Lau zutabetan oinarritzen da heziketa: ezagutzen ikastea, egiten ikastea, elkarrekin bizitzen ikastea eta izaten ikastea".



Nork hezten du?

Gaur egun haurraren inguruan heziketa eragile asko daude eta mila modutan hezten dute.

Familiak hezten du, eta haurraren lehendabiziko erreferentzia markoa da. Segurtasuna, babesa eta maitasuna aurkitzen du haurrak familian. Bertan lehendabiziko ohiturak eta jokabide pautak ezartzen dira, lehenbiziko balioak ikasten ditu, eta afektua hartzeak eta adierazteak esan nahi duenaz ohartzen da. Familian lehendabiziko estimuluak hartu eta berauekin lehenengo ekintza eskemak sortuko ditu, mundua eta bertan gertatzen diren mota guztietako gertaerak interpretatzeko balioko diotenak. Eskema horietatik abiatuz, inguratzen duen errealitatea identifikatzen eta asimilatzen du, ikasteak eskema horietara egokitzea eta aldatzea suposatzen duelarik.

Eskolak ere hezten du, eta sozializazioaren bigarren eszenatokia da. Eskolak bere mundua zabaltzen du, interes berriak sorrarazten dizkio, eta beti berria, aldakorra eta aberatsa den errealitatea ezagutzen eta moldatzen laguntzen dio helburu eta helmuga berriak proposatuz. Era berean, eskaera eta erronka berriak planteatzen dizkio: itxarotea, konpartitzea, toleratzea, entzutea, eta, aldi berean, azaltzea, parte-hartzea, besteak onartzea, besteak entzutea.

Gizarteak ere hezten du, eta horren baitan, bereziki, komunikabideek. Komunikabideak, batez ere telebista, sozializazio goiztiarraren tresna dira, eta publikoa dena pribatuaren munduan sartzea areagotzen dute. Murgiltze ikastearen bidez, konturatuko ez bagina bezala, sentimenduak eta kezkak uniformatzen dituzte, balioak eta jarrerak modaltzen dituzte, eta jolasei eta ekintzei edukiak ematen dizkiete, askotan guraso eta irakasleen funtzioa ordezkatuz.

Gelakideek eta lagunek ere hezitzen dute, bai Haur Hezkuntzan eta baita Lehen eta Bigarren Hezkuntzan ere, azken bi horietan beharbada indar handiagorekin. Arrakasten eta porroten lekuko eta kolaboratzaile dira gelakideak eta adiskideak, helburu altuagoak lortzeko aliatuak dira, aurrera jarraitzeko estimulua eta akuilua eskaintzen dituzte. Ez dezagun ahaztu arauak eta balioak ere ezartzen dituztela, norberak bere burua begiratzeko, neurtzeko, kontrastatzeko, gustura sentitzeko edo deskalifikatzeko ispilu bihurtuz.



Nola hezten da?

Mila modutan egiten da orain arte aipatutako guztia, modu zuzenean eta zeharka, esplizituki eta inplizituki.

Haurra esaten zaionarekin eta esaten ez zaionarekin hezten dugu. Eskaintzen diogun maitasun eta estimuaren bidez hezten dugu. Eskatzen eta exijitzen diogunarekin hezten dugu, ematen dizkiogun aginduen bidez, egiten uzten eta egitea debekatzen diogunaren bidez, saritzen eta zigortzen dugunaren bidez. Etxean eta eskolan bizi diren jokabide, arau eta balioen bidez hezten dugu, haurrarentzat garrantzitsuak eta esanguratsuak diren pertsonek bizi dituzten balioen bidez, praktikatzen diren jarreren bidez. Bere denbora eta bere ingurua antolatzen ditugunean hezten dugu, lan egiteko, jolasteko edo harremanetarako guneak eta momentuak sortzen ditugunean. Haurrarekin gaudenean hezi egiten dugu, eta haurrarekin ez gaudenean ere hezi egiten dugu.

Haurraren irudi hurbilak izanik, gurasook eta irakasleok, nahitaez, identifikazio elementuak gara, bere identitatea eraikitzeko prozesuan laguntzen diogu heldua izatearen eta pertsona izatearen irudia eskainiz. Horrexegatik, gure jokabideek, gure jarrerek, gertaerei aurre egiteko moduek, gure permitibitateak eta gure eskakizunek haurrari bidea markatzen diote, hazarazten dion bidea, alegia.

Bizitzan zehar ikasten dena bizi dena da, hau da, praktikatzen ikasten da.

Denok hezten dugu uneoro eta modu askotara. Ez dago ordezkorik. Heziketa elkarrizketa da, elkarrekintza da, elkartrukea da, haurrarekin egotea, hitz egitea, konpartitzea, estimulatzea, laguntzea, babestea, ziurtatzea. Ibiltzen eta aurrera joaten laguntzea eta animatzea esan nahi du. Horrek dakar bere gogoei, bere grinei eta bere bizitasunari bideak eta urratsak markatzea, eta baita mugak ezartzea ere. Horregatik, ez dago ordezkorik.

Gure presentzia garrantzitsua da. Pertsona izatearen abenturan bermea eta laguntza ematen dizkio. Baina, ez bagaude, edo gaudenean guztiz permisiboak bagara eta ez baditugu mugak ipintzen, edo inkoherenteak bagara, edo ez badiogu kasurik egiten, bere segurtasun eza eta beldurra indartuko ditugu, ez diogu aukeratzen eta erabakiak hartzen ikasten utziko. Aukerak egiteak eta erabakiak hartzeak zerbaiti uko egitea dakar, beraz aukerak egiten ikastean uko egiten ikasten dugu. Hori guztia egiten dugu gure historia pertsonalean bizi eta landu ditugun balioen arabera eta berauekin koherentzia mantenduz, deskubritzen baitugu dena ez dagoela ondo, dena ez dela posible, eta baita dena ez dagoela gaizki edota dena ez dela ezinezkoa ere.



Permitibitatea, exijentzia, mugak.

Laburtuz, haurrari errealitatea ezagutzen eta bertan mugitzen laguntzea bere buruarekin eta besteekin bizitzen ikasten laguntzea da, balioak garatzen laguntzea, pentsatzen ikasten laguntzea. Beste modu batera esanda, haur bat heztea ezagutzen ikastea, egiten ikastea, elkarrekin bizitzen ikastea eta izaten ikastea da. Prozesu luze samarra da, sehaskan hasten dena eta bukaerarik ez duena.

Hezitzaileari bere planteamenduetan eta jarreretan koherentzia izatea eskatzen zaio eta, aldi berean, haurrarekiko hurbiltasuna eta elkarrizketa, hitz egitea, entzutea, agian denbora galtzea eta, nola ez, baita itunak egitea, adostea eta amore ematea ere.

Eta hori guztia azken helburu batekin: haurrak autonomia pertsonala lortzea, bere buruarengan konfidantza eta segurtasuna izatea, erabakiak hartzeko gai izatea, eskubideak eta eginbeharrak dituela ohartzea eta besteekin bizitzen ikastea.

Heziketa prozesu hori konstantea eta errepikakorra da. Bizitzaren adin guztietan garatzen da, nahiz eta momentu bakoitzak bere berezitasunak eduki. Agian printzipio eta jarrera orokorrak antzerakoak dira, baina beroien aplikazioa ezberdina izango da 2 urteko haur batengan edo 14 urteko nerabe batengan, adibidez.

Sarritan mugak jartzeari beldurra diogu gurasook eta irakasleok, eta aipatzen dugu hobe dela haurrak nahi duena egiten uztea, horrela ez diogula traumarik sortaraziko-eta. Ez da jarrera zuzena, guztiz permisiboak izanik ere erraza baita haurrarengan beste trauma asko sortzea: segurtasun eza, zailtasunen aurrean etengabeko porrota, hobetzeko gaitasun eza, frustrazioa toleratzeko gaitasun eza eta bizitzaren aurrean guztiz babesgabe uzteko arriskua.

Nortasun pertsonala eraikitzeko aldamioa izango den marko bat behar du haurrak, segurtasuna emango dion marko bat. Horrela haurrak bere eskubideak ezagutuko ditu, eta baita bere eginbeharrak, bere posibilitateak eta bere mugak ere. Bere nortasunaren oinarri izango den euskarri sendoa aurkituko du. Horrek hezitzaileari eskatuko dio eskaerak eta askatasuna dosifikatzea eta oreka bilatzea eskubide eta eginbeharren artean, tinkotasuna eta malgutasunaren artean, eta askatasun eta gainbabesaren artean. Era berean, horrek eskatuko die, bai hezitzaileari eta baita haurrari ere, koherentzia izatea jarreretan eta helburu komunak adosterakoan eta bilatzerakoan, eta baita adostutako konpromisoak betetzerakoan ere.

Marko hori eraikitzeko lehenengo pausoa hausnarketa gune bat sortzea izango litzateke, hau da, zer egiten dugun eta nola egiten dugun pentsatzea, kritiko eta pentsakor izatea bai gure jokabide eta jarrerekin, eta baita haurraren jokabide eta jarrerekin ere. Eta beraz, konpromisoak eta erabakiak hartzea nahi ez diren jokabideak ekiditeko eta horiek onargarriak diren beste batzuekin ordezkatzeko.

Abiapuntua izan daiteke erlazioak definituko dituen marko bat sortzea haurra, guraso, anai-arreba eta etxean bizi direnen artean, edo ikasle, gela eta irakaslearen artean. Haurrak marko hori onartu behar du, eta horretarako beharrezkoa da denon artean eta elkarrizketaren bidez egitea, alegia, haurrak parte-hartzea markoa definitzerakoan.

Ez dugu ahaztu behar, bestalde, hezitzaileak, bere aldetik, haurrarekiko errespetu eta estimu jarrerak eduki eta adierazi beharko dituela: haurraren aldetik errespetua eskatzen badugu, helduok ere haurra errespetatzea eskatzen du koherentziak.

Bada ahaztu behar ez dugun zerbait ere: garatze eta eraikuntza pertsonalaren prozesuan dagoela haurra eta, beraz, akatsak eta hanka sartzeak eduki ditzakeela. Baina akatsak helburuak lortzeko bidean ematen diren ahalegin bezala ulertu behar dira.

Bestalde, pixkanakako eskaera progresiboa planteatu behar da, familian, arlo akademikoan edo beste arlotan. Eskaerak logikoa eta ez hautazkoa izan behar du, ezin da helduaren autoritate arbitrarioan oinarritu, eta garatu nahi ditugun balioekin ados egon behar du.

Erlazio marko horrek baditu, beste gauza batzuen artean, muga zehatzak. Izan ere, beharrezkoa da mugak jartzea. Haurrarentzat -txikia zein handia- segurtasun sistema edukitzea esan nahi du horrek, erabaki bat egokia den ala ez eta bere ondorioak positiboak, negatiboak, onargarriak edo onartezinak diren konturatzen laguntzen baitio.

Bestalde, erabakitzeko aukerak eskaini behar dizkiogu haurrari; are gehiago, erratzeko aukera onartu behar dugu, betiere erratze hori gainditzeko eta bideratzeko aukera emanez.

Behar izanez gero, azalpenak eman beharko zaizkio, berak ulertzeko duen gaitasunari egokituak, noski. Haurra gai da erabaki bat edo arau bat ulertzeko baldin eta azaltzen bazaio eta logikoa bada; horrela ez bada, protestatu eta helduaren arbitrarietatea salatuko du.

Agian hori guztia hurbiltasun eta komunikazio jarrera batean laburtzen da. Horrek negoziatzea eskatuko du eta negoziatzen denean, alde biak bat egiten eta puntu komunak bilatzen saiatzen dira. Alde biek amore ematen dute, alde biek adosten dute, eta, ondorioz, biek irabazten dute, bientzat onak eta garrantzizkoak diren eta biei ahalegina eskatzen dien helburuak lortzen saiatzen baitira.

Esan dugun guztia aintzat hartuta, ez dugu entzungo hasierako nerabearen kexua, hots, beti nahi zuena egiten utzi ziotela eta muga falta horretan berak maitasun eza ikusten zuela.