Euskaraz aritzeko kantak eta jolasak

2000-07-01

- Zer, jolastuko al gara

zerbaitetan?
- Hasi, Bixen, zotzetan!
- Dona dona katona...
Modu horretan ekiten diogu jolasari. Hortik aurrera bakoitzaren fantasia eta irudimena jolasteko nahiarekin elkartu, eta lapiko handi batean nahastuko dugu errezeta honen osagai gisa.

 
 

Ikastaroa bera izango dugu errezeta, eta lapikotik aterako dugun jakia euskal jolasez beteriko plater goxo-goxoa izango da.

Ikasturte honetan zehar horrelako menua eskaini dugu hainbat eskoletan; hartzaileak ederki asetu direlakoan, Udako Topaketa hauetan dakarkigu nahi duenak dasta dezan.
Jateak plazerra ematen duen modu berean, jolasak ere gozamena eskaintzen digu beste hainbat bizipen eta balioen artean. Esaterako, sozializazioa, lankidetza, autonomia, trebetasuna...
Halere, euskaraz jolastearen garrantzia azpimarratu nahi genuke ikastaro honetan. Gauza jakina da, gaur egungo haur gehienek gaztelaniaz jolasteko ohitura jasotzen dutela euskara albo batera utziz. Guk pentsatzen dugu euskal jolasen artean askotan errepikatzen diren gutxi horiek besterik ez ditugula ezagutzen. Baina hizkuntz ohituren aldaketak fruituak izan ditzan, euskal jolas berriekin motibatu behar ditugu haurrak.
Jolasen sailkapen bat egitearren, hainbat motatakoak ezagutuko ditugu: zotz egiteko kantuetatik hasita, soka saltokoak, esku-jolasak, gomatakoak, korroan-lerroan aritzekoak, dantza-jolasak eta animazio-jolasak, besteak beste.
Beraz, mahaia zerbitzaturik dagoen honetan, jolastea besterik ez da falta, ikasteko modurik egokiena jolasean jardutea dela defendatzen baitugu. Gauzak ekinaren ekinez egiten dira, eta benetan, jolasaren xarmaz gozatuz, oso ongi pasatuko dugu!