Euskara nerabezaroan. Gazteen hizkera eta motibazioa

2000-06-01
Nerabeen artean euskararen erabilera sustatzeko aurrera eramaten ari diren hainbat proiektu ezagutu ditugu azken hilabeteotan. Edozein modutan, erabilerari ez ezik, hizkuntzari berari ere erreparatu behar zaio, gazteen hizkerari, alegia. Beste hizkuntzetan bezalaxe, euskaran ere gazteek beren erregistro berezia daukate. Hizkera hori aztertu, landu eta hedatu egin behar da.
 
 
Gazteak eta erregistro kolokiala

ESNAOLA, Imanol

BAT aldizkariko zuzendaria



Ez da erraza gai honi ekitea irakurleen artean aurreiritzirik eragin gabe. Azken urteotan ohikoa bihurtu zaigu entzutea "ez dago gazte hizkerarik", "gazteek euskara ez dute erakargarri sentitzen", "gazte hizkera sortu behar da","gazte hizkerak berez sortu behar du", "Goenkalek eredu ona ematen die gazteei", "Goenkale eredu kaskarra da gazteentzat". Tira, badirudi denok badakigula zer egin.

Bada garaia, ordea, zenbait oinarri behin-behingoz finkatu eta aurrera jotzeko urratsak emateko. Artikulu honetan oinarri horiek zein izan daitezkeen eta aurrera jotzeko zein urrats eman beharko genukeen azaltzen saiatuko gara.



Normaltasuna hizkuntza aniztasuna da. Uniformitatea ezinezkoa da.

Begira diezaiogun gure inguruari; ikasle bati jarritako suspentsoa era berean bizi al dute ikasleak berak eta bere gurasoek? Lehenarentzat begitan harturik duen irakaslearen jukutria mendekatzailea izan daiteke; gurasoentzat, berriz, alaba edo semearen alferkeriaren ordain zuzena. Lehenak, zero kalifikazioa jartzeko duen zaletasunagatik, lagunartean irakasle hori "rosko" izenda dezake; gurasoek, berriz, "irakasle anderea" edo "irakasle jauna" dela esango dute.

Boladako musika taldeen jaialdi erraldoia paradisuaren pareko eremua izaten da gazteentzat, infernu gorria inguruko auzotar zaharragoentzat. Lehenarentzat "jai itzela", bigarrenentzat "zarata eta zikina". Luzaroan jarrai genezake errealitate beraren aurrean gizartean gorpuzten diren hautemate eta diskurtsoak zeinen desberdinak diren adierazten, eta beti ondorio berera iritsiko ginateke: norberak eta norberaren erreferentziazko taldeak errealitateaz duen hautematearen arabera, esperientzia hori adieraziko duen moldea sortzen du. Hizkuntza errealitatea irudikatzeko tresna da. Hizkuntzak esperientzia kolektiboak memorian gorde eta transmititzeko baliabide paregabekoak dira. Joxe Manuel Odriozolak honela adierazi digu1:

"Gauzak ez dira diren bezalakoak, baizik eta nolakoak diren esaten den bezalakoak. Berez, "izan-dena" nolakoa den definitzen duen jarduera soziala, hizkuntzaren bidezko formulazio sinbolikoa denez, errealitatearen baitakoa da".

Beraz, hautemate bakarra ez dagoen neurrian, ez dago errealitatea adierazteko era bakar bat. Eta horrek, besteak beste, hizkuntza mailan ondorio izugarri sakonak ditu. Gazteen begitan hitz egiteko molde bat (irakaslearena), honekin identifikatzen ez diren heinean, saihestu beharreko zerbait da, honekiko diberjentzia eratzea funtsezko eginbeharra baita.

"Les identitats que contruien els Rambleros (jatorri espainiarreko Bartzelonako gazte taldea) a traves de la seva manera de parlar, com utilitzaven el llenguatge groller com una forma de transgressió de les normes de comportament social existents"2.

Kantuak dioen bezala, gazteentzat "Nor gara gu? Zer gara gu?..." galderei erantzutea premia handiko eginbeharra da. Identitate mailako auzia da. Diberjentzia eraskusten dute beren buruarentzat erreferentzia ez diren guztiekin. Ez irakaslearekin soilik, gurasoekin, poliziarekin, telebistako esatari zenbaitekin, moralista amorratuekin... ere bai. Horiengandik bereizteko ahalegina bere eginbeharren lehentasunetan dago:

"Subcultural styles then were seen as symbolic resources in the young person´s resistance against societal inequalities".

"Role playing involves the appropriate adoption of the image, demeanour (expression, gain and posture), and argot (the special vocabulary or jargon)3.

Desberdintzea bezain garrantzitsua da, ordea, "nor garen" adieraztea, identifikazioa, alegia. Gazteak bere burua bere egoera berean dauden beste batzuekin identifikatzen du. Oinarri-oinarrian dagoen adostasun maila handiak gaztea talde edo sektore zehatz baten barruan ikustera eramaten du. Gazte batek inoiz ez du bere burua familiako ardurak itota bizi den helduaren moduan ikusiko, ez eta dibortzioaren eraginak bete-betean harrapatuta duen emakumearenean ere. Normala da, naturala da. Aldiz, gazteak bere burua bizimodu bera egiten duen horrekin oso identifikaturik ikusiko du. Talde mailako elkartasuna edo konplizitatea gero eta handiagoa da gure gizartean. Adinaren arabera sailkatzen gaituzte sortzen garenetik eta adinaren arabera ezarriko zaizkigu gure ikaskideak, jolas lagunak... Gaur egun adin berekoen arteko taldekatzeak gainerako taldeekiko harremanak ahuldu ditu, eta ondorioz, komunikazioa eta elkar eragitea ere bai.

"La familia nuclear se ha reducido. Padre, madre y dos hijos, como mucho. Cada vez hay más hijos únicos y más niños y niñas que viven solamente con el padre o la madre. Los modelos lingüísticos que ofrecía la diversidad de adultos en una familia han desaparecido"4.

Dena den, adina ez da gizartean diberjentziak sortzen dituen dimentsio bakarra. Adinarekin batera desberdintasun sozialak daude, ekonomikoak, kulturazkoak, jarrerazkoak, heziketazkoak...

"El comportament lingüístic, per tant, participa d´aquesta influéncia dels grups i de les xarxes socials. Depenent de la composició i evolució d´aquestes estructures de relació básica, l´individu tendirá a adoptar determinades normes d´és lingüístic que contribuiran a produir un determinat resultat en la competencia i que, segons l´etapa de desenvolupament en qué es donin, poden tendir a perpetuar-se durant molt de temps"5.

Alegia, gazte batek, heldu batek bezalaxe, ez du era berean komunikatzen haserre dagoenean eta pozik dagoenean, edo iritzia ematen duenean eta lanpostua eskuratzeko elkarrizketa batean dagoenean. Ez, gizarteak dimentsio ugari du, gizarte bakoitzak ezartzen du zein diren beretzat dimentsio garrantzitsuak eta horren arabera kasu bakoitzean nola jokatu (nola komunikatu) definitzen du.

Izan ere, gauza bera al da esatea lagunartean, lagunak neskari irribarrez, "Hi haiz hi sorgina"; ala ikastetxean, ikasleak irakasle andereari azterketa gainditu ez duelako, "Hi haiz hi sorgina"?

Bistan da ezetz. Biak esan daitezke; hautematea, ordea, oso izango da desberdina. Gizarteak ezarrita dituen arauei esker badakigu bakoitza nola ulertu behar den. Lehena ziri maitakor moduan ulertuko genuke; bigarrena, berriz, irain eta haserre adierazpen moduan. Alegia, lagunari adiskidetasuna adierazteko leunki zirikatuko dugu; irakasleari, iraintzeko, hika egingo diogu eta zama gordineko adjektiboak erabiliz zuzenduko gatzaizkio.

Honek betiko lekura garamatza; gizarte orok, kultura orok azken batean, komunikatzeko orduan garrantzitsuak zaizkion dimentsioak aintzat hartuz, behar dituen molde eta arauak ezartzen ditu. Errepertorioa, alegia.

Errepertorioaren azalpen laburra eginez bi multzo daudela esango dugu:

- Aldaera linguistikoak: dialektoak (dimentsio geografiko, sozial edo historikoan oinarrituz sortuak)

- Aldaera funtzionalak: erregistroak (kolokiala, formala, literarioa, zientifikoa....)6.

Esandakoak esanda, beraz, argi dago gizartean ez dagoela uniformitaterik, eta beraz, hizkuntzak ezin diola molde bakarrez erantzun errealitateari. Aniztasuna oinarrizko printzipioa bada ere, batzuetan badirudi horren naturala den hori dela ekidin beharrekoa. Euskal Herrian nahiz Euskal Herritik kanpo asko dira hizkuntzaren ikuspegi uniforme eta uniformista dutenak, komunikazioa hizkuntza idatziaren neurrira jarri nahi dutenak.

Hiztunak eskura duen errepertorioaren arabera eraikitzen du bere diskurtsoa. Batzuetan errepertorioak ezarritako arauak betetzeko izango da, bestetan apurtzeko. Kasu guztietan, ordea, ezarritako araua izango du erreferentziatzat.

Hori horrela delarik, gazte hizkera , gazte argota eta beste hamaika eratara izendatzen dugun gazteen lagunarteko hizkera errepertorio osoa aldaera bat besterik ez da . Gazteari oso egoera zehatzetan eta solaskide jakinekin erabiltzeko soilik balio dion aldaera da. Hizkera horrek ez ditu gaztearen beharrizan komunikatiboak asetzen, inola ere. Gazteak lagunekin komunikatzeaz gain, arrotzekin komunikatu behar du, irakasleekin, saltzaileekin, telefonoz deitzen dutenekin, osaba edo izebarekin, horrenbeste gorrotatzen duen bere amaren adiskide berriarekin, zakurra paseatzearen aitzakiarekin ligatzera ateratzen den auzokoarekin... Batzuetan umore onez dago, bestetan umore txarrez, batzuetan mesedeak eskatu behar ditu, bestetan aginduak eman, losintxak egin, maitasuna adierazi...

Gazteen lagunarteko hizkeraren ezaugarriak

Esandakoak esanda, azter dezagun gazteen lagunarteko hizkera:



Ezaugarri diskurtsiboak

Aldaera kolokiala da, eta alde horretatik aldaera kolokialen ezaugarriak betetzen ditu. Hau da: aurrez aurreko harremanean oinarritzen da, interakzioan, alegia. Horrek berarekin dakar adierazi beharreko guztia hizkuntzaren bidez egin beharrik ez izatea. Keinuak gorputz mugimenduak komunikatzeko baliabideak izaten dira. Oso aintzat hartu behar da zein ingurutan ari garen komunikatzen (kale gorrian ala banketxeko iladan zain gaudela), aurrean duguna nor den (lagun mina, ezaguna, arrotza...), zein aldartetan dagoen...



Ezaugarri linguistikoak

Aldaera kolokiala den neurrian, eta baliabide paralinguistikoek nahiz testuinguruak informazioz hornitzen dutenez, aski da oinarrizko hiztegia menderatzea, erreferentzia exoforikoak (erakusle eta izenordainen bidez) maiz erabiltzen dira, sintaxia erraztu egiten dugu (justaposizioa nagusi)...



Ezaugarri kulturalak

Gazteek bizi dituzten esperientzia eta erreferentziak dira oinarri: ikasketak, kirola, sexua, drogak, musika, aisia, lagunak... Talde bakoitza ezaugarritzen duten kultur jardueraren oinarri nagusietan dago hizkera horren harrobia.



Ezaugarri soziologikoak

Soziologikoki adinari oso loturik dago. Gaur egungo gizarte bizitza, gazteena batez ere, adinari oso lotuta dago. Adinez kide direnak taldean elkarturik egon ohi dira (ikastetxea, kirol taldea...) eta gainerako adin-taldeekin harremana askoz apalagoa da. Hori dela eta, hizkera hori adin-taldeari eta gizarte taldeari (auzo, ikastetxe, maila ekonomiko edo beste eragileren baten arabera) loturik dago. Izan ere, horretan ere, besteetan bezala, banaketa sozialak gazte talde desberdinen sorrera eragiten du.



Ezaugarri psikologikoak

Hasieran esandakoari lotuz, gazteak bere burua identifikatzeko behar handia du. Gizarte banaketak gaztaroaren adin biologikoa adin kulturala bihurtu du, ezaugarri zehatzak dituen esperientzia soziala, alegia. Horregatik, gazteari ezinbestekoa zaio bere identitatea oinarrituko duten ezaugarriak aurkitzea. Diberjentzia, desberdintasuna eta ezarritako araua apurtuz eraikitzea da horretarako biderik erabilienetako bat. Janzkera edo pentsakeran bezala, hizkuntzan ere diberjentziarako atea zabalik dago. Gazteak nola hitz egin behar duen? Haur eta helduek hitz egiten ez duten bezala!



Ezaugarri antropologikoak

Identitatea oinarritzeko tresna denez, taldea gotortzeko tresna ere bada hizkuntza. Hizkera berezia erabiltzeak esperientzia bera dutenak horren inguruan biltzea dakar, elkar eragitea eta talde nortasuna zehaztea. Koadrilak, lagun taldeak, bandak eta ghettoak, argotak... azken batean, talde nortasuna era baztertzaile batean eraikitzeko tresnak dira, "Zer garen gu? Besteak ez diren hori!", "Nola mintzo garen? Besteak mintzo ez diren bezala". Gu eta besteak.

Esaten ari garena, ordea, gaur egungo Euskal Herrira ekarri beharra dago. Zein dira euskal gizarteak oinarrian dituen erreferentziak? Zein dira euskal unibertsoa ezaugarritzen dutenak? Euskal unibertso horrek talde bizitza normalizatua egiten al du? Inguruko kulturek dituzten baliabide berdinak al ditu?

Hamaika galdera erretoriko egin genezake, eta beste hainbeste erantzun erretoriko eman. Ez dugu ahantzi behar, ordea, hasieran esandakoa: hizkuntza taldearen esperientzia eta erreferentzien gainean eraikitzen da. Zoritxarrez, oraindik orain, euskal unibertsoaren gabeziak handiak dira, eta are nabarmenago agertzen zaizkigu ondoan ditugun kultura indartsuagoen indarrarekin parekatzean.



Zein egoeratan gaude Euskal Herrian?

Azaldu duguna edonon gertatzen denaren azalpen laburtua besterik ez da. Dena den, egoera bakoitzak tokian tokiko eraginak bizi izaten ditu eta Euskal Herrian ere bai, noski.

Euskararen bilakaerak mendetan izan duen zikiratzea (diglosia) gainditzen hasiak gara azken hamarkada hauetan. Hala eta guztiz ere, oraindik nabaria da euskarak ez duela bereganatu hizkuntza normala izatera iristeko beharrezkoa den normaltasuna erabilera esparru, funtzio sozial eta bitartekoetan.

Horren isla garbia dugu, besteak beste, gazte euskaldunen lagunarteko komunikazioa. Hitz gutxitan laburbildu behar izango bagenu, honela definituko genuke: euskarak ez du funtzio praktikorik betetzen7 eta kultura mailan erdal ekoizpenek baldintzaturik dago (erdarazko hizkuntz erabileratik horniturik...).



Horrek zer esan nahi duen?

Gazte euskaldun gehienentzat komunikazio behar kolokialak asetzeko hizkuntzarik praktikoena erdararen bat dela (gaztelania nahiz frantsesa) eta ez euskara. Euskara arras desegokia edo esanahirik gabekoa gertatzen zaie.

Gazte euskaldunen erreferentziazko esparrua (gazte kulturaren esparrua) erdal ekoizpenek osatzen dute. Gure gazteek erdaraz bizi dute kultura, erdarazkoa da "teenage marketak"8 eskaintzen duena. Gazteen mundua erdaraz mintzo zaie, erdaraz bizi dute9.

Gazteen lagunarteko hizkera, taldearen erreferentziazko munduari dagokiona, erdaratik hornitzen den neurrian erdal erabilerez osatzen da. Gero eta nabarmenagoa da Euskal Herrian hizkuntza ukipenaren ezaugarriek (erdarazko eskaintza emankorra euskarazko basamortuaren erdian) hizkuntzan eragiten dutela (maileguak, kalkoak, alternantziak...). Hemendik bi ondorio eratortzen dira:

1.- Hizkuntza nagusiago batekiko menpekotasunak hizkuntza ordezkapena eragiten du. Ez dago erdibiderik, kasu bakoitzean erritmoak desberdinak badira ere, norabidea hori da10.

2.- Ez dago Euskal Herri osoko gazteak komunikatzeko behar den gazte hizkera erreferentzialik, ezta oinarrizkorik ere. Gaur egungo ukipen egoeran gazte hizkeraren bi eremu sortzen ari direla esan daiteke: bata ekialdekoa (frantsesaren eraginpeko lurraldeetan gorpuzten ari dena), eta bestea mendebaldekoa (espainieraren eraginpeko lurraldeetan gorpuzten ari dena). Bereizketa horren gainetik elkar lotzen gaituzten elementuak ahulegiak dira oraingoz joera hori itzularazteko.



Beraz, zer egin?

Galdera honi erantzunik eman aurretik, ezinbestekoa da ulertzea zein den arazoaren muina. Sarritan hizkuntza mailako gertaera batek ("Tío", "joder", "es que"... eta antzekoak erabiltzeak) gure euskaldun sena aztoratu eta kirioak puntan jartzen dizkigu. Hori, ordea, arazo izan arren, funtsezko arazoaren ondorio zuzena besterik ez da. Euskaldunon unibertsoak, gaur egungo gizarte globalizatuan normaltasunez bizirik irauteko oinarri-oinarrizkoak diren baliabideak ez izatea da (baliabide politiko, juridiko, ekonomiko, teknologiko eta kulturalik eza).

Gazteen kasura etorriz, biziki nabarmena da ez dagoela:

a.- Euskaraz eta gazte euskaldun guztiengana iristen den erreferentzia esparru indartsurik.

b.- Ez dagoela gazte euskaldunen arteko komunikazio sarerik (aurrez aurreko komunikazioa nahiz baldintzatua).

c.- Ez dutela jasotzen hizkuntza errepertorio normalizaturik

d.- Ez dutela euskararen erabilera normalizatua egiteko inguru normalizaturik.

e.- Hezkuntza izanik gazte gehienek euskara era normalizatuan erabiltzeko ezagutzen duten esparru bakarra, horrek ez dituela hizkuntzaren erabilera normalizaturako trebatzen. Ahozkotasuna ez lantzea, alde batetik, euskararen erronka nagusietako bati ez erantzutea da; eta bestetik, gizarte "garatu" orok egun duen erronka nagusiari ez erantzutea.

Esandakoak kontuan izanik, esparru horretan eragin nahi bada, oinarri-oinarrizkoak diren hamar ideia edo bide aipatuko ditut nahas-mahasean:

1- Hizkuntzaren erabilera normalizatua egin, alegia, normaltasunez erabili funtzio oro betetzeko eta euskaraz adierazi denarekiko motibazio naturala bilatu (gehiegitan euskarak edergarri lanak betetzen ditu eta praktikotasunaren izenean -ongi ulertzea, zehaztasuna, erraztasuna...- erdarara jotzen da).

2- Hizkuntza baliabideen agerpen normalizatua egin. Hizkuntzaren errepertorio osoa jarri indarrean hizkuntza ereduak, euskalkiak, aldaerak eta dagokien erabileran ager daitezela. Euskara estandarraren erabilera formala da gaur egun normaltasunez hedatzen den bakarra.

3- Trebetasun komunikatibo guztiak jorratu. Arreta berezia jarri ahozkotasunaren lanketan (ahozko trebetasunak: mintzatu eta esandakoa ulertu). Hori hezkuntzaren ardura da. Ezinbestekoa da curriculumaren diseinuan ezarritako helburu orokorra garatzeko bitartekoak jartzea, helburu zehatzak, materialak, formazioa, unitate didaktikoak...

4- Gazteei zuzenduriko kultur eskaintzan erabilera normalizatzea. Gaur egun euskaraz eskolatutako euskal herritarrek ez dute euren adin eta errealitateari egokitutako kultur eskaintza normalizatua jasotzeko aukera handirik. Gazteen kasuan behar-beharrezkoa da telebista, irrati, egunkari, aldizkari, komiki, multimedia baliabide, hezkuntza eta kultur eskaintza orotan euskarazkoa sortzea. Aniztasuna eta gazteen arteko komunikazioa izan behar dituzte oinarrizko ezaugarri. Ez goaz inora irrati bakarrarekin, ez goaz inora gazteen arteko komunikazioa (elkarbizitza) eragin gabe -ekialdeko eta mendebaldeko gazteen artekoa bereziki-.

5- Indarrean dauden hedabideetan gazteen arretagune diren eskaintzen koordinazioa eta hizkuntza plangintza (ikus ondoren datorren adibidea). Hizkuntza formak, erabilerak, jarrerak... bultzatzeko eta erdarazko medioen eragin-indar izugarriari aurre egiteko ezinbestekoa da plagintza eta koordinazioa.

6- Euskalkien erabilpena eta agerpena normalizatu. Euskarazko errepertorioaren ezinbesteko osagaia dira euskalkiak. Bai herri edo esparru geografiko jakin bateko hiztunen arteko komunikazioarentzat, bai euskalki desberdinetako hiztunen arteko komunikazioarentzat. Ez dezagun berriro entzun euskalki arrotzak ulertezinak gertatzen zaizkigulako erdaraz mintzatu garela!

7- Gertuko gizarte sareetan (ikaskideak, herri eta auzo mailako sareak, zaletasun jakinen inguruko lagunarteak...) euskaraz sortutako esperientzia kolektiboak eraiki: auzolanean aritzea, elkarrekin futbolean jokatzea, irrati bat sortzea edo bertsotan aritzea... Talde mailako esperientzia diren neurrian, paregabeko tresnak dira errealitatea hizkuntza bidez irudikatzeko, euskara doitzeko, euskara biziagotzeko eta, ondorioz, hiztunak euskaldunagotzeko.

8- Gauza bera esan genezake Euskal Herriko sareez, kasu horretan hedabideez gain gizarte komunikatzaile guztiei dagokielarik. Bateko eta besteko euskaldunen arteko harremana, elkarlana, elkar ezagutzea eta komunikatzea ahalbideratuko duten ekimenak (auzolandegiak, oporraldiak, makrojaialdiak, topaketak, kanpainak, jardunaldiak, txangoak, herrietako festak...) beharrezkoak dira.

9- Hiztunen identitatea errespetatu eta horrekiko zintzo jokatu. Norberaren identitatea eta egoerari dagokion hizkera (errepertorioari dagokionez) oinarritzat hartu. Gurasoek erabil bezate gurasoen hizkera gazteagoekin komunikatzean, haur eta gazteena imitatuz ibili beharrean, hedabideetako esatariek, irakasleek, saltzaileek... testuinguruari dagokiona...

10- Azken batean, eman diezaiegun hitza eta eredua gazteei. Euskara normaltasunez bizitzen lagun dezagun eta maila kolektiboko esperientziak izan ditzagun ekimenaren oinarri.



Gazteen hizkera landu eta hedatzeko proposamena

Arantzazun 1968an Euskaltzaindiak euskararen batasun prozesuaren oinarriak jarri ondoren, Txillardegik euskararen batasun prozesua bururaino eramateko Euskal Idazleen Alkartasuna sortzea proposatu zuen bezala, egokia litzateke oraingo honetan inork Euskal Komunikatzaileen Elkartea abian jarriko balu/ balute/bagenu. Irakurleak badaki euskara batuaren ezarpen eta hedatzean zenbaterainokoa izan den idazleek horren alde egindako apustua. Maila berean jarri behar litzateke oraingoan aipagai duguna.

Ondorengo lerroetan ekimen horren oinarriak zein izan behar luketen irudikatzen saiatuko naiz. Bistan da balizko irudikatzea dela, proposamen mailan hartu beharrekoa:



Kokapena

Zorionez euskaraz gizarteari komunikatzen diotenak gero eta gehiago dira. Hedatzen ari den esparru horretan, ordea, gero eta nabarmenagoak dira hutsune zaharrak, eta hedatzearekin batera, berriz, premia berriak sortzen ari zaizkigu. Ezina ekinez egiten bada ere, komunikazioaren arloan gaur egun hizkuntzari buruzko argibide edo gidaritzarik ez egoteak (komunikatzaile bakoitza bere gisara dabil) hamaika arazo sortzen du, besteak beste, gorpuzten den ereduak ez erantzutea euskararen normalkuntza erronkei (errepertorio bat gorpuztu beharra, euskalkien lekua kokatzea, erdaren eragina, gazteen errealitate aldakorrari taxuz erantzuteko gaitasuna izatea...). Ezinbestekoa da erronka horiei ahalegin bateratuz erantzutea. Gaur egun ez dago horretan ari denik. Komunikatzaileak, aldiz, ekinaren bidez ari dira bidea urratzen, gabezia handiekin eta inguru erasokor batean. Hor dago gakoa, protagonistek eurek izan behar dute aitzindari. Izan ere, euskararen eredu normatiboa ezartzeko erakunde bat baden bezalaxe (Euskaltzaindia), ez dago euskarazko komunikazio esparruan euskararen erabilera normalizatua ezarri eta bideratzeko ardura duenik.



Helburu orokorra

Bereziki gazteei zuzenduriko euskarazko komunikazioan (ahozkoa nahiz idatzizkoa) erabili beharreko hizkuntza ereduez eta komunikazio moldeez gogoeta egin, lanerako ereduak finkatu eta gizartera hedatzeko ekimen bateratua abian jartzea11.



Helburu zehatzak

1.- Gazteekin euskaraz komunikatzen direnen artean, gazteen errepertorioa finkatzeko orduan duten eraginaz jabearazi.

2.- Ezartzen ari diren hizkuntza ereduarekiko ardura piztu.

3.- Horretan eragiteko dituzten aukerez baliatu, euskara eguneratzeko konpromiso pertsonala oinarri delarik.

4.- Hedabide desberdinetan (irratia, telebista, bertsolaritza...) lanean dihardutenen artean lan hori burutzeko elkarlana sustatu.

5.- Egindakoaren jarraipen eta balorazioan oinarri hartuta urrats berriak eman etengabe.

Eginbeharrak

1.- Euskararen errepertorioa osatzen joatea, medio bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuz. Lehentasun berezia izango du ahozko erregistro formal eta kolokialaren ezaugarriak eta baliabideak finkatzeak (corpus mailakoak -lexikoa, esamoldeak, sintaxia...-, ahozkoaren izaera diskurtsiboan ongi txertatuak).

2.- Hedabide bakoitzari (irratia, telebista, publizitatea, bertsolaritza...) dagokion komunikazio araudia zehaztea. Ekoizpen mota bakoitzaren ezaugarri komunikatiboak kontuan hartuz

-formal/kolokial-, dagokion aldaera finkatu behar da. Gazteei zuzenduak izan arren, ez dira berdinak irrati formuletan, telebistako magazinetan edo umore garratzeko telesail batean erabili beharreko hizkera eta komunikazio moldeak.

3.- Gogoeta, eztabaida eta proposamenak bideratzeko bide eraginkorra ezartzea. Hona hemen horretarako zenbait proposamen:

- Ahozko Komunikazioaren Estilo liburua (Hedabideetako profesionalei zuzendua eta oinarrizko hizkuntza aldaerei

-kolokiala/formala- erreparatuz prestatua).

- Idatzizko Komunikazioaren Estilo liburua (Publizitate eta komikigintzari zuzendua eta oinarrizko hizkuntza aldaerei

-kolokiala/formala- erreparatuz prestatua).

- Jarraipen eta ebaluaketarako behatokia.

- Erronka berriei erantzuteko proposamenak egiteaz arduratuko den egitura sortzea.

- Egindako lana zabaldu eta prestigiatzea. Esaterako, euskarazko komunikatzaile trebeenak saritzea. Idatzizkoan, iragarkirik onena, komiki gidoirik onena, gazte prentsako artikulurik onena, lelo komertzialik onena... Eta ahozkoan, iragarkirik onena, esataririk onena...



Partaideak

- Telebistako/antzerkiko aurkezle, gidoigile eta aktoreak

- Irratietako esatari eta erredaktoreak

- Egunkari eta aldizkarietako kazetariak eta hizkuntza zuzentzaileak

- Komikietako marrazkilari eta gidoigileak

- Idazleak

- Bertsolariak

- Musikariak

- Ikuskizunetako aktore profesionalak (pailazoak...)

-Gazte mugimendu sozial eta politikoetako komunikazio arduradunak.



Plangintza

"Komunikatzaile euskaldunek" euskararen normalkuntzan duten eragina eta betebeharraz jabetzea alor osoan.

Arlo komunikatibo bakoitzeko eragileak identifikatzea eta alorrez alor dituzten gabezia, zalantza eta premiak zehaztea.

Beharrei erantzungo dieten ekimenak abian jartzea.

Arloetako kideen arteko koordinazio sistema eraginkorrak sortzea.

Zalantzei erantzun, behar berriei irtenbideak bilatu eta gazteen bat-bateko ekoizpena jarraitu eta bideratzeko ardura izango duen taldea sortzea.



Eragin esparruak

Partaidetza zehaztu dugunean zein esparrutan eragin nahi dugun adierazi dugu. Izan ere, ekimen honen eraginak telebistako esatarien jardunetik hasi, kalean iragartzen den masaia ikastarotik igaro eta alderdi politikoetako buruzagien hitzaldietaraino nabaritu behar da.





Oharrak

1.- ODRIOZOLA, J.M. (1998): Hizkuntza, kultura eta gizartea. Euskaltzaindia/BBK Fundazioa, (81. or.), Bilbo.

2.- PUJOLAR, J. (1997): ¿De qué vas, tio?. Bartzelona, Empíries. (149. or.).

3.- WIDDICOMBE, S. & WOOFFITT, R. (1995): The language of youth subcultures. London, Harvester (17-26. orr.). Subkulturaz ari delarik, "bazterreko" gazte taldeez ari da, kasu honetan punkiez. Gauza beretsua esan genezake, ordea, gazte identitateaz.

4.- CASSANY, D; LUNA, M., eta SANZ, G. (1997): Enseñar Lengua. Bartzelona. Grao. (39. or.).

5.- BASTARDAS I BOADA, A. (1996): Ecología de les llengues. Bartzelona, Edicions Proa. (67. or.).

6.- Gai honi buruzko azalpen mamitsuak aurkituko ditu egile hauen lanetan: PAYRAT, Ll. (1996): Catalá col.loquial. Valentzia, Universitat de Valéncia. Eta TUSON, A. (1995): Análisi de la conversa. Bartzelona. Empíries.

7.- JAUSORO, N., MARTINEZ DE LUNA, I. (1995): Gazte donostiarren hizkuntzarekiko harremanak. Donostiako Udalarentzat egindako ikerketa lana.

8.- "Teenage market" deritzo gaztediari egiten zaion kultur eskaintzari. Gazteei zuzenduriko musika, zinema, janzkera, jokabide arazoak... multzo osoak osatzen du "youth market-a".

9.- Hori gertatzen da ukipen egoera gutxiagotuan dagoen kasuetan, bai gurean, bai katalanenean, bai frantsesenean.

10.- Sarritan etorkinen kultur ekarpenaz hitz egitean "meztizaia" aipatzen da. Gure artean sarritan aipatzen da ingelesaren kasua, zeinak tokian tokiko ezaugarriak hartzen dituen. Ikuspegi inozo edo idilikotik haratago, egun badakigu ukipen egoera horietan "nahastea" bitarteko aro bat dela, ingelesa alboan duen hizkuntza irensteko bidean dagoen urratsetako bat. Oso adibide ederra eskaintzen digu Li Wei-k Ingalaterrako komunitate txinatarrean hiru belaunalditan gertatutako atzerakada azaltzen digunean. LI WEI (1994): Three Generations, Two Languages, One Family. Clevedon. Multilingual Matters.

Edo Shana Poplack-ek quebectar frantsesdunen eta New Yorkeko puertoricarren hizkuntza alternantzia ohiturak aztertzen eta alderatzen dituenean. POPLACK, S. (1988). Contrasting Patterns of Codeswitching in Two Communities. A: Heller (ed.) 215-244. Or.

11.- Gogora arestian esan duguna; aniztasuna, aldakortasuna... direla gaurko gizartearen ezaugarri, eta hori hizkeran gorpuzten dela. Beraz, inork ez dezala uler eredu arauemaile eta zurrun bat proposatzen ari garenik.





Maita nazazu gutxiago eta goza nazazu gehiago

Motibazio saioak




ILLARRAMENDI, Arkaitz

Ttakun Kultur Elkarteko kidea



Gazteen hizkeraz aritu gara aurreko orrialdeetan, baina erregistro hori gauza dadin nerabeek hitz egin behar dute. Horretarako, motibatu egin behar dira, eta hori da Maita nazazu gutxiago eta goza nazazu gehiago motibazio saioen xedea. Lasarte-Oriako Ttakun Kultur Elkarteak sortutako saioak dira. Saio horien helburua da gazteek hizkuntzen eta bereziki euskararen inguruan hausnartzea, modu honetan euskararekiko jarrerak lantzeko asmoz eta euskararen erabilera areagotzea bilatuz.




Ttakun orain zortzi urte sortu zen, Lasarte-Orian euskararen normalizazioa lantzeko helburuarekin. Horretarako, hainbat euskara-elkarteren moduan, zenbait egitasmo ditu martxan: herriko aldizkaria, aisiako programak haurrentzat, kultura jarduerak, bertso eskola eta abar.

Atal nagusietako bat gazteen egitasmoa da, urtez urte indartuz eta zabalduz joan dena. Egitasmo hori Gazteak Euskaraz Plana deituan biltzen da, eta plan hori Ttakunek, herriko ikastetxeek, Udaleko Euskara batzordeak eta PATak elkarlanean garatua da. Motibazio Saioak, beraz, plan horren barruan daude.



Gazteak Euskaraz Planak lau oinarri nagusi ditu

- Informazioa ematea: gazteei euskarari buruzko baina batez ere euskaraz den informazioa eman nahi zaie. Horretarako, Irakutrezin aldizkaria sortu zen, gazteek egiten dutena eta denei banatzen zaiena. Horretaz gain, DBHko 3. Mailatik aurrera, gazte guztiek herriko aldizkaria etxean jasotzen dute doan.

- Motibazioa lantzea: gazteek euskararekin duten motibazioa landu nahi da, hizkuntzarekiko jarrera kontziente bat har dezaten. Maita nazazu gutxiago eta goza nazazu gehiago saioak horretarako sortuak dira.

- Eskaintza egitea: ahalik eta eskaintza zabalena eta erakargarriena egiten zaie gazteei, euskaraz diren jardueretara hurbil daitezen. Kuadrilategi proiektua eta ikastetxetik egitasmoa dira atal horretako egitasmo nagusiak.

- Inplikazioa bilatzea: Euskararekiko motibazioa lantzeaz gain eta jarduera erakargarriak eskaintzeaz gain, gazteak euskaraz diren jardueretan inplikatzea bilatzen da, hala nola, Irakutrezin aldizkarian kazetari izanaz, herriko aldizkariaren banaketan parte hartuz, ikastetxeetako euskara-taldeetan parte hartzera gonbidatuz eta abar.

Lau oinarri ditu, beraz, Gazteak Euskaraz Planak. Egitasmo bakoitzak bere lekua eta arrazoia du Plan horren barruan, eta noski, baita Motibazio-Saioek ere. Plan hori, esan bezala, ikastetxeekin, Udaleko Euskara batzordearekin eta PATarekin batera erabakitzen du Ttakunek, eta urtero aztertzen eta berritzen du, egitasmoekin helburuak lortzen diren ikusiz eta behar denean aldatuz edo berriak sortuz. Elkarlan horrekin, azken batean, bilatzen da Lasarte-Orian gazteen artean euskararen erabilera gehitzea helburu duten elkarte eta erakundeen artean indarrak biltzea, helburuak lortzea errazagoa izan dadin eta ahalik eta gazte gehienengana iristeko asmoz.



Baina zer dira Maita nazazu gutxiago eta goza nazazu gehiago saioak?

Gazteek hizkuntzarekiko motibazio kontziente bat garatzen dutela esan genezake (haurren kasuan motibazio naturala dena). Ikastetxeek hizkuntzaren jakitea ziurtatzen duten arren, euskararen erabileraren datuak nahiko kaskarrak izaten dira, oro har. Euskararen erabilera sustatu nahi bada, ezinbestekoa da jakite hori ziurtatzea, eta oso garrantzitsua da, horretaz gain, euskara erabiltzeko guneak eskaintzea ere (bai ikastetxeak eskain ditzakeenak, baita eskola-orduz kanpo egin daitekeen eskaintza guztia ere). Baina, gazteekin lan egiterakoan, hizkuntzarekiko motibazioan ere eragin dezakegu, eta hori da saio hauekin bilatzen duguna.

Ttakunek prestatuak dituen saioekin, motibazio kontziente horretan eragin nahi da. Horretarako, hizkuntzen inguruan, eta bereziki euskararen inguruan, hausnarketa bat bultzatzen da, norberaren usteak eta jarrerak aztertzeko.

Horretarako zortzi orduko saioak prestatu ditugu, lau egunetan bi orduko saioetan egiten direnak. Garrantzi handia ematen diogu metodologiari, eta azalpenak ere egiten diren arren, pisu handia dute eztabaidek, talde dinamikek, jolasek eta ariketek.

Lau egunetan egiten diren arren, egun guztiek dute lotura elkarrekin, eta, egunez egun, hausnarketa bera garatu egiten da, planteamendu orokor batetik norberaren egoeraren eta jarreren azterketaraino hurbilduz.



Saioaren eskema eta edukiak

- Hizkuntza: hizkuntza bat zer den aztertuz hasten gara, eta horrekin batera, orobat aztertzen dugu hizkuntza komunitatea zer den, hizkuntzen transmisioa nola gertatzen den eta hizkuntzaren normalizazioa.

- Mundua: aztertzen da zenbat hizkuntza dauden munduan, hizkuntzek ze funtzio betetzen dituzten, hizkuntza maioritarioak eta minoritarioak zer, zein eta zergatik diren, eta baita hizkuntza bat nola galtzen eta berreskuratzen den ere.

- Nazioa: nazioa hizkuntza baten eremutzat harturik, eta beraz, Euskal Herria euskararen nazio moduan ulerturik, honako gaiak aztertzen dira: euskarak zer funtzio betetzen dituen, euskararen erabileraren eta jakitearen datuak, euskalkien berri izatea, euskalkien eta euskara batuaren arteko harremanak eta abar.

- Herria: Euskal Herria aztertu ondoren, norberaren herria aztertzen hasten gara. Jakitatearen eta erabileraren datuak, hizkuntza tipologiak, herriko gune bakoitzean euskara zenbat erabiltzen den eta abar.

- Gu: norberak zein hizkuntza, non eta zergatik erabiltzen duen aztertzen da. Autobiografia linguistikoak egin, familia bidezko hizkuntzen transmisioa ikusi, erabilgune ezberdinetan nola egiten duten begiratu eta abar.

- Zer egin: orokortasunetik norberaren egoera arteko azterketa egin ondoren, euskararen erabilera gehitzeko zer egin daitekeen aztertzen da: nazio osoan euskararen alde lan egiten duten elkarteen adibideak eman, herrian euskararen alde lan egiten duten elkarteak aurkeztu, ikastetxean zer egin daitekeen ikusi (euskara taldeak...) eta norberak zer jarrera edo konpromiso har ditzakeen ikusi.

Ikusten denez, eduki asko lantzen dira saio horietan. Hala ere, kontuan hartu behar da datuak eta teoriak jakiteari baino eztabaidak eta hausnarketak egiteari ematen zaiola garrantzia, eta horretarako, jolasak, ariketak eta dinamikak prestatu direla. Besteak beste, honelako ekintzak egiten dira saioetan: hasierako harremana lantzeko eta gaiaren inguruan gazteek zer dakiten jakiteko musika-kutxaren jolasa, Euskal Herriko egoera ikusteko kinielaren ariketa, autobiografia linguistikoa, herrian zer eta nola egin daitekeen aztertzeko epaiketaren talde dinamika, norberak zer egin dezakeen ikusteko ideien ekaitza, herriko taldeen aurkezpenak eta abar.

Saio horiek Lasarte-Orian ematen hasi ginen arren, herriz kanpoko eskariak izan ditugunez gero, hasiak gara beste hainbat herritan ematen ere. Orain hiru urte saioak ematen hasi ginetetik, Lasarte-Orian, Errenterian, Irunen, Lezon, Azkoitian, Azpeitian, eta beste zenbait herritan ere eman ditugu.

Ikastetxe bakoitzean talde bakoitzaren ezaugarrien eta ikastetxearen helburuen arabera moldatzen dira saioak, atal batzuei edo besteei garrantzia emanaz. Adibide moduan, aipatu behar da, Lasarte-Orian ez dugula euskalkien gaia sartzen, eta Azpeitian, berriz, garrantzi handia duela horrek, euskalki eta euskara batuaren arteko harremanak aztertzea oso interesgarria izaten baita. Bestalde, saioak Lasarte-Oriatik kanpo ematen ditugunean, herrian euskararen inguruan lan egiten duten elkarteen aurkezpenak egiteko, talde horietara jotzen da (ikastetxearen onespenarekin), eta saioetan txertatzen dira, gazteek euskararen herriko egoera hobeto uler dezaten eta zer, nola eta zergatik egiten den ikus dezaten.

Saio horiek DBHko 3. mailatik aurrera eskaintzen ditugu, B eta D ereduetako taldeetan. Komeni da taldeetako partaideak heldu samarrak izatea eta, batez ere, parte-hartzaileak izatea, eztabaidak sortu ahal izateko eta, ahalik eta azalpen gutxienekin, beraiek iristeko ailegatu nahi dugun ondorioetara.

Datorren ikasturteari begira, zenbait dinamika berri sortu nahi dira, orain arte saioetan ikusi ditugun hutsuneak betetzeko, eta batez ere, saioak adinaren arabera egokitzeko. Lasarte-Oriatik kanpo saioak ematen jarraitzeko asmoa dugu, eta beraz, norbaitek saio horiekin interesik badu edo informazio gehiago nahi izanez gero, Ttakun Kultur Elkartera deitzea besterik ez du (943-371448 telefonoa. Iñaki edo Arkaitz).

Orain arteko esperientziari begiratuz, esan daiteke saio horiek dituzten helburuak talde askorekin lortu direla, baina, noski, ikastetxeak aurrera begira egiten duen lanean ikusiko da benetan jarreretan eragitea lortu den ala ez. Saio horiek, Lasarte-Orian Gazteak Euskaraz Planean txertatu diren bezala, ikastetxeetan Hizkuntza Noamalizatzeko Planetan txerta daitezke (edo beharko lirateke), programa horren barruan kokatuz, baina ez gauza solte moduan eta jarraipena emateko asmorik gabe. Ikastetxe batek saioak eskatzen dituenean, Ttakunekook bilera bat egiten dugu ikastetxekoekin saioen helburuak zehazteko, eta aurretik egin den lana eta batez ere aurrera begira egiteko asmotan dagoena saioetan uztartzeko. Era berean, saioak amaitu ondoren, ebaluatzeko bilera bat ere egiten da, guk atera ditugun ondorioak ikusteko, saioen egokitasuna aztertzeko eta ikastetxekoak ere gustura geratu diren ala ez ikusteko.

Azken batean, Maita nazazu gutxiago eta goza nazazu gehiago saioak gazteen artean euskararekiko jarrerak lantzeko helburuarekin sortuak dira, eta horretarako nahiko egokiak diren arren, egitasmo zabalago baten barruan kokatu behar dira, benetan eragina ikusiko bada. Egitasmo zabalago hori Lasarte-Orian Gazteak Euskaraz Plana den moduan, beste zenbait lekutan beste modu batera osa daiteke: Ikastetxeetako hizkuntz normalizazio planetan kokatuz, adibidez.