IBARRA, Irune: Idazkera harmonikoak ahalbidetzen (eta III)

1999-05-01
Idazkera harmonikoak ahalbidetzeko pautak aipatzen ari naiz azken aleetan eta ildo horri jarraituz beste hainbat elementu aztertuko ditut jarraian. Makurduraz, lerroen norabideaz, presioaz, abiaduraz eta sinaduraz hitz egingo dizuet oraingoan.
 
 
E. Makurdura

Bertikal eta pixka bat eskuinerantz idaztea da egokiena, 90 eta 120 gradu bitartean.



Zer ahalbidetzen du letrak bertikal egiteak?

- Autokontrola.

- Arrazionaltasuna.

- Epai objektiboak edukitzea.

- Jarrera independienteak.



Zer ahalbidetzen du letrak apur bat eskuinera egiteak? (egokiagoa dela iruditzen zait).

- Jakin-mina, interesa, parte-hartzea.

- Beste pertsona batzuekin harremanetan jartzeko jarrera zabala, lagunkoia.

- Taldeetan integrazioa.

- Arrazoi eta sentimenduen arteko oreka mantentzen da. Sentimentuen goxotasuna arrazoiarekin elkartzen da.

- Idazkerak arintasuna lortzen du eta erosoagoa da honela idaztea.



Jean Piaget eta B. Inhelder-ek eginiko ikerketetan ("La représentation de l'espace chez l'enfant. PUF, Paris, 1948. urtean) zera zioten: "5etik 7 urtera bitarteko haurrek, egitura aukerak oraindik ahulak dituztenez, idazten ikasten dutenean lehenik bertikalki idatzi behar dute eta idazkera koordinatu horizontal eta bertikalen artean kokatu. Adin honetako haurrek nekez ebaluatzen eta egiten dute lerro zeiharren paralelismoa".

Beraz, 8 urtera arte bertikal idazten irakatsi ahal zaie eta hemendik aurrera pixka bat eskuinera makurtu. Gainera, garai honetan hasten dira orria apur bat makurtzen (eskuinek ezkerrera eta ezkerrek eskuinera). Grafoterapiarekin eduki dudan esperientziaren arabera, gainera, haurrei (eta helduei ere) ezin zaie elementu bi aldi berean egiten irakatsi. Adibidez, zaila da letraren forma ikasten dabiltzan bitartean makurdura ere zaintzea. Buruak aldi bakoitzean agindu bat onartzen du.

Eskuineranzko makurdura idazkeraren dinamismoaren funtsezko elementuetako bat da. Haurrak idazkera makurtzeko nahian ez gara lehiatiak izango. Adin hauetan (eta aurretik ere bai, noski) norberaren gustuak edo zaletasunak ere hartu behar dira kontuan.

Ahal den neurrian ekidin:

Makurdura irregularreko idazkerak (anbibalenteak, 20 gradu baino gehiagoko makurdura-desberdintasunak letren artean). Anbibalentzia egoera erakusten du. Pertsonak ez du bere nia aurkitzen, hainbat joerak erakarria sentitzen da, barne-borroka antzeko batean.

Ezkerreranzko makurdurako idazkerak. Sentimendu minduak, konplexuak, taldeetan integratzeko zailtasunak, mesfidantzak... erakusten ditu. Nerabetasun garaian errebeldia erakuts dezake.



F. Lerroen norabidea

Gomendatzen dena lerroen horizontaltasuna edo lerroak pixka bat gorantz joatea da (inoiz ez 10 gradu baino gehiagoko igoera). Lerroa horizontala delarik edo pixka bat gorantza doalarik, hitza hitzaren alboan jartzea komeni da, bihurgunerik gabe baina zurruntasunik gabe. Adibideak:



Zer ahalbidetzen du lerroen norabide horizontalak?

- Norberaren bizitzaren kontrola, autokontrola. Umorea egonkor mantentzen da.

- Erantzukizuna.

- Jarrera errealista.

- Hasten dena bukatzea.



Zer ahalbidetzen du lerroen norabide gorakorrak? (10 gradu baino gutxiagokoak).

- Optimismoa eta poza.

- Norberaren baliabideetan sinestea.

- Umorea.

- Helburuak eta ilusioak edukitzea.



Zelan lor daiteke lerro horizontala, zein ariketa eginez? Idazketaurrean erabiltzen diren grafismoen bitartez orrian markatutako puntu batetik bestera joatera animatzen da haurra. Orriaren erdialdean ere beste puntu bat jar daiteke.



Ondoren erdiko puntua ken daiteke, gero eskuinekoa... Grafismoz gainera, hitzak, esaldi laburrak... idatzi ahal dira. Bi lerroko orriekin lerro bat ezaba daiteke. Adibidea:



Lerro zuzena arin lor dezakete haurrek. Hélène de Gobineau-ren ustez Idazkeraren Berreziketan lortu beharreko lehenengoetariko ariketa zen.



Ekidin:

Beheranzko lerroak, desanimoa, porrot sentimendua, borondate eza, erantzukizun eza... erakusten baitu.

Gorabehera handiak dituzten lerroak, animoaren gorabehera handiak erakusten dituzte eta.

Lerro horizontal zurrunak. Zorrotasunaren seinale dira.



G. Presioa

Parametro hau oso pertsonala da. Autore gehienen ustez (Roda Wieser, Gisell Gaillat...), izaerari egotzi behar zaio eta arrazoi honengatik orokorrean ez da aholku berezirik ematen. Minna Becker-ek behin eta berriro azpimarratzen zuen gorpuzkera fisikoak idazkeraren ikasketan daukan eragina. Idazkeraren zeinuak neurri handi batean osasunaren menpe daude. Honela bada, ezin diogu eskatu marra arinak egiten dituen haur bati marra energikoagoak egitea. Garrantzitsua da ikasle batek dituen indar fisikoez jabetzea, berarentzako egokia ez den bide batetik zuzendu aurretik.

Presioa, bizitasun maila, gaixotasunak, sentimenduen indarra, ikusmenezko oroimena, protagonismoa, hitzei kolorea ematea... ikus daiteke.

Ondo dago idazkortza era erlaxatu batean eustea.

Disgrafikoen idazkerek gehiegizko presioa erakusten dute. Askotan presio irregularra erakusten dute.



H. Abiadura

Haurren idazkeretan abiaduraz baino erritmoaz hitz egiten da. Pentsamenduaren eta lanak egiteko eraren arintasun-gelditasuna erakusten du, pertsonaren bizitza-erritmoa, hain zuzen ere.

Erritmoaren hezkuntza oso garrantzitsua da, batez ere haur batzuen progresioa zalantzazkoa, astinduz betetakoa, blokeoduna... denean, hots, idazkera "totelka" doala dirudienean. Haur batek bere adinerako edo gelarekiko oso geldiro idazten badu, gelditasun honen zergatiak aurkitu beharko ditugu: ortografia arazoak, motrizitatean ahultasuna, nortasuneko inhibizio handiak, bizi-erritmo oso patxadatsua...

Zelan lor daiteke haurrek euren idazkeran abiadura lortzea? Lotura burutsuak egiteaz gainera, txirikordak letrekin tartekatuz eta arintasun-kontsignak emanik.



I. Sinadura eta izenpean

Sinadura eta izenpea ez dira zehazki generoak (neurria, jarraitasuna... diren bezala), zeinuak baizik, baina asko ikertu dira eta kontuan hartu eta zaindu beharreko elementuak izan ohi dira.

1. Testuko eta sinadurako ezaugarriak antzerakoak izatea da hoberena. Testuan, pertsonak bere "gizarte-nia" azaltzen du, hau da, kanpoaldera begira zelakoa den. Eta sinaduran "barne nia" erakusten du, hau da, sendi giroan eta bere buruarekin zelan sentitzen den, zelakoa den barru-barrutik. Pertsonaren osasun psikologikorako berdintasun bat egotea da sanoena. "Esan eta izan" esaldia betetzen da honelakoetan.

2. Orokorrean haurrek sinadura orriaren ezkerreko aldean jartzen dute. Euren buruak hemen kokatzeak, oraindik etxeko giroaren babesean daudela adierazten du. Ondo egongo litzateke sinadura orriaren erdian edo apur bat eskuinerantz jartzera animatuko bagenitu: ekimen handiagoa izaten, gizartean egokitzapen errazagoa edukitzen eta euren burua independienteago sentitzen lagunduko genieke.

3. Testuaren eta sinaduraren artean hurbiltasuna egotea ondo dago, eremu bi hauen arteko komunikazio ona islatzen duelako. Ekidin sinadurak testua gainezkatzea.

4. Sinadura horizontalki edo % 10a arteko igoerarekin idaztea onuragarria da, ez aldiz beherakorra edo 10 gradu baino gehiagoko igoerarekin egitea (errealak ez diren helburuak eta ezinegona erakusten du). Izen eta abizena(k) jartzeko ohitura hartzea ere gomendagarria da. Ekidin inizial hutsak, bi abizenak izenik gabe jartzea, abizena izenaren azpian ipintzea... Izenpea ulergarria izateak naturaltasuna eta zintzotasuna erakusten du.

5. Zenbat eta izenpe sinpleagoa eta txikiagoa egin hobe, orduan eta berezkoagoa eta jatorragoa baita pertsona. Azaldu haurrei izenpeak ez duela ezertarako balio, lehengo ohitura zahar bat besterik ez dela. Kontatu gertakari historiko hau:

Erdi Aroan, izen-abizenen ostean tinta gorriarekin Scripsit Firmavit Recognovit jartzen zen, eskuizkribua benetakoa zela argi uzteko.

Denboraren joanean hiru hitz hauek desitxuratuz joan ziren eta izenpearen forma hartu zuten. Ez dago inolako araurik berau egiteko eta ohitura bat baino ez da. Gutxiagotasun sentimenduak estaltzeko defentsa mekanismo ugari agertzen dira bertan.

Ekidin:

Izenpeak sinadura ezabatzea, norberaren buruaren aurka joatea eta atsekabea adierazten duelako.



Borobiltzea, besteengandik urruntzeko era bat baita.



Gehiegi azpimarratzea, besteekiko dependentzia erakusten baitu. Besteek norberaren merituak txalotu behar hau ziurtasun ezaren seinalea izaten da.



Oso izenpe konplexu eta ulergaitzak egitea. Horrenbeste bira egiteak eta ez ulertzeak ingurukoak nahasten ditu. Pertsonak ez du aurpegia ematen, ezkutatu egiten da.