LIZARRAKO KANPINA: Mahats bilketa

1998-11-01
Mahatsa biltzeko garaia urrian izaten da Nafarroan. Euskal Herriko ikastetxe askotako ikasleek dakite hori, gertutik ezagutu baitute mahatsaren bilketa eta ardoa egiteko prozesua Lizarrako kanpinaren eskutik. Duela 6-7 urte hasi ziren eskoletako ikasleentzat bisitaldiak prestatzen. Oraingo honetan gu ere hurbildu gara Goizuetako eskolako haurrekin batera.
 
 
Egun hotza eta haizetsua egokitu zitzaigun Lizarrako bidaia egiteko. Baina behin hara joanda, mahastira hurbiltzeko irrikitan geunden Goizuetako ikasleak bezalaxe. Lau irakasle eta 30 ikasle inguru gerturatu ziren, eta guztiok gidatzeko han zeuden Lizarra kanpineko begiraleak.

Ez zuten denbora asko galdu goizuetarrak lanean jartzen. Hamarnakako taldetan banatu eta elkarren jarraian hurbildu ziren mahastira. Ondoren, binaka jarri, saski bat eta guraize bana hartu eta mahatsondoen ondora hurbildu ziren. Iarra begiraleak argi azaldu zien nola moztu behar zituzten mahats sortak, eta horretan jarri ziren berehala. Saski osoa bete ondoren, ontzi handietan hustutzen zituzten. Eta noski, lanaren ordaina mahatsa dastatu eta jateko aukera. Batzuk hamaiketako ederra egin zuten!

Ondoren, mahastia atzean utzi eta kanpinera itzuli ginen bildutako mahatsarekin. Eta... mahatsa bildu ondoren... zapaltzera! Garai batean jai giroan egiten zen zapalketa, uzta jasotzearen poza azalduz edo. Bada, Goizuetako haurrak ere giro horretara hurbildu nahi izan zituzten, eta gerriko gorria jarri, oinetakoak erantzi eta binaka sartzen ziren tolban. Elkarri heldu eta hankak gora eta behera mahatsa zapaltzen gustura aritu ziren. Mahatsa zapaldu ahala zukua atera zen, muztioa, alegia. Ondoren, muztio hori iragazi eta denak edatera! Gozo-gozoa eta erraz edateko modukoa zegoen, bai!

Bazkandu ondoren, berriz, Lerin herriko bodega bat ikustera joan ginen. Ardoa nola egiten den ikusteko aukera izan genuen, eta batez ere nolako tresneria erabiltzen den ikustekoa.

Lizarrako egunpasaren ondoren, goizuetarrak mahatsa eta ardoaren prozesua ikusi eta ikasita itzuli ziren etxera. Zer hobeto gertutik eta zuzenean biziz ikastea liburu artean egotea baino!



Ikusi eta ikasi

Lizarrako kanpinak Mahats bilketa kanpainaren bidez ematen du ezagutzera prozesu hau. Iarra eta Pello Cia dira haurrei azalpenak ematen aritzen direnak eta egun osoan zehar gauzak ikusi ahala argibide gehiago eman dizkigute.

Eskaintzen duten proiektua 10-12 urteko ikasleentzat zuzendua dago bereziki, baina oro har Lehen Hezkuntzako 3. ziklorako eta DBHko 1. ziklorako egokia da. Sei helburu didaktiko dituela esan daiteke:

1- Ardoaren jatorria, konposaketa eta bereizketa ezagutzea analitikoki eta historikoki.

2- Ardoaren prozesu osoa jarraitzea, lehengaia den unetik salmenta punturaino.

3- Ardoaren erabilpen indibidualen eta sozialen alderdiak aztertzea eta baloratzea kritikoki.

4- Mahats bilketak eskatzen duen lana eta esfortzua gertutik ezagutzea.

5- Bodega eta alkoholeraren funtzionamendua gertutik ezagutzea.

6- Gai honen inguruko memoria bat egitea eta klasean aurkeztea eztabaidatu ahal izateko.

Helburu hauek lortzeko hiru lan edo ekintza mota egin daitezke: egonaldiaren aurrekoak, egonaldikoak eta egonaldiaren ondorengoak. Iarra eta Pello Ciak egonaldiko ekintzen berri eman digute.



Ardoaren prozesua urratsez urrats

Bilketa

Mahatsa urrian biltzen da batez ere, nahiz eta iraila bukaerara edo azaroa hasierara luzatu batzuetan. Eskuz edo makinaz bildu daiteke eta ontzi handi batzuetan pilatzen da.



Zapalketa

Handik bodegara eramaten da eta mahatsa tolba batera botatzen da. Lehenengo gauza kirtena kentzea izaten da, kirtenak zapore mingotsa ematen baitio. Ondoren, gainontzekoa zapaldu egiten da. Lehen hankekin zapaltzen zen, baina gaur egun makinekin egiten da.



Hartzidura

Mahatsa zapaldu ondoren muztioa ateratzen da, hots,hartzitu gabeko zukua. Eta honen ondoren, hartzidura hasten da, muztioa ardo bihurtzen deneko prozesua, alegia.

Mahatsa hartzitzen hasten denean bakteria eta legamia batzuk hasten dira lanean. Legamia hau mahatsaren azalean egoten da. Pixkanaka berotzen hasten da eta azukrea alkohola bihurtzen da. Hori da hartzidura, hain zuzen ere. Prozesu honetan garrantzitsua da tenperatura gainbegiratzea, zeren gehiegi berotzen bada, usain ona galduko baitu. Normalean tenperatura urez betetako altzairuzko hodi batzuen bitartez kontrolatzen da. Denbora ere kontrolatu behar izaten da. Gehiegi hartzitzen bada, alkohola ebaporatu egiten da eta orduan ardoaren ordez ozpina lortzen da. 20-25 egun pasatzen ditu normalean hartzitzen.



Garraioa

Hartzitu ondoren, beraz, mahatsa ardo bihurturik daukagu. Ondoren, botiletan sartzen da, batzuk urteko ardo bezala berehala saltzeko eta beste batzuk bodegan ontzeko eta erretserbako ardo bezala saltzeko beranduago.

Kalitateaz gain, kolorea ere desberdina izaten du ardoak: ardo txuria, gorria eta beltza dauzkagu. Hiruren arteko ezberdintasuna zein den argi azaldu digu Pello Ciak: "Ardo txuria mahats txuriarekin egiten da eta beste biak beltzarekin. Hauen arteko ezberdintasuna prozesuan dago. Kirtena kendu ondoren kupelera botatzen da gainontzeko guztia, azala eta barruko hazia, dena nahasturik. Ardo gorria ateratzeko zortzi orduz edukitzen da horrela eta gero azala eta muztioa bereiztu egiten dira hartzitu aurretik. Ardo beltza egiteko, berriz, ez dira bereizten, eta hartzidura prozesu osoan batera egoten dira muztioa eta azala. Horixe da ardo gorria eta beltzaren arteko ezberdintasuna".

Txakolina ere mahatsarekin egiten da, baina txuriarekin. Behar bezala ondu gabeko mahatsak izaten dira eta batez ere Kantauri itsasertzean daudenak. Hemen eguzkiak ez du hegoaldean bezainbat berotzen eta horregatik ez da hainbeste heltzen. Ondorioz, azukre gutxiago dauka eta txakolinak ere ardoa baino alkohol gutxiago (Ikus ondoko eskema)



Nafarroako mahastiak

Nafarroan mahatsak izugarrizko garrantzia du. Zeltek ekarri zuten Babilonia aldetik, leku epeletik eta gaur egun 20.000 hektarea mahasti daudela informatu digu Pello Ciak. 10.000 langilek egiten dute lan mahastietan eta urtero 100 milioi kilo mahats jasotzen da. Hortik 75 milio litro ateratzen dira. Mahatsondo bakoitzak bospasei kilo mahats ematen ditu. Landatu eta hiru urtera hasten da mahatsa ematen eta gutxi gora-behera 50-60 urteko bizitza izaten du.



Gela barruko lana

Lehen aipatu dugu mahats bilketak hiru ekintza edo lan mota egiteko aukera ematen duela: bilketaren aurretik, bilketa garaian bertan eta ondoren. Aitor ikastolako irakasle eta ikasleek badaramatzate urte batzuk Lizarrara joaten eta bidaia hori ongi aprobetxatzen ikasi dute. Matti Navas Natur Zientzietako irakaslea zen lehen Donostiako Aitor ikastolan eta orain Lauaizeta ikastolan. Bere ikasgaiko hainbat gai eta arlo lantzeko aprobetxatzen du urtero Lizarrara egiten duten bidaia, eta unitate didaktiko bat osatua dauka.

Unitate honetan, natura ezezik, historia eta geografia ere biltzen ditu. Mahatsa eta ardoaren gaia aitzakitzat harturik, beste hainbat gauza ikasteko eta ikusteko aukera ematen dio. 12 saiotan lantzeko materiala da, lehen OHOko 7. eta 8. mailan eta orain DBHn.

Matti Navasek berak osatutako materiala luzatu digu eta zati batzuk helerazi nahi dizkizuegu lagungarri suerta daitekeelakoan.



"Mahatsa ardo bihurtzeko prozesua"

Nafarroa - Eguraldiak - Mahastiak

Euskal Herriko mapa honetan Nafarroa margotu bere hiriburua eta garrantzitsuak iruditzen zaizkizun beste bost herri (Lizarra barne) kokatzen dituzuelarik.



Zer dakizue Nafarroako historiaz?

Hona hemen Euskal Herrian bereiz ditzakegun klimak:

- Mediterraneoa

- Ozeanikoa

- Iragapen zona

- Subalpetarra



Koka itzazue mapan

Imajina dezaket une honetan zer pentsatzen ari zareten: "gure irakaslea erotu eta mahastiez roiloa sartu ordez Euskal Herriko datuez ari zaigu". Hala ere, zuen buruei astindu xuabe bat ematen badiezue, gaia horrela hastearen arrazoia berehala aurkituko duzue.

Zergatik Nafarroa mapan kokatu? Zergatik klimen errepasoa egin? Honek zerikusirik izango ote du gure gaiarekin?

Beno, hona hemen beste mapa huts bat. Oraingoan zuen ustez zeintzuk diren mahastiak landatzen diren tokiak seinalatu behar duzue.

Bukatzeko, klima, geografia eta mahastien landaketaren arteko konparaketak egin itzazue.



Mahastien historia

Kristo aurreko 600. urtean fenizioak Europan sartu eta mahatsondoak ekarri zituzten, Mediterraneo aldean berehala zabaldu zirelarik.

Beranduago erromatarren konkista zela eta, hauek menderatutako herrialde guztietara eraman zuten mahatsondoa; batzuetan arrakasta lortzen ez bazuten ere (Bretainian, adibidez), beste batzuetan betirako finkatuak utzi zituzten (Frantzian, Espainian, Euskal Herrian, Portugalen...).

XVII. mendean Europako landare hau Ameriketara eraman eta han landatzen saiatu ziren. Landatu bezain laster "filoxera" deituriko gaixotasun bat agertzen zitzaien landareei eta sustrai berezidun landare bat lortu arte ezin izan zuten landaketa honekin aurrera jo.

Gaixotasun hau Europara ere iritsi eta mahasti asko galtzen hasi ziren. Ameriketan arazoa argitua zutenez, handik txertoak ekarri eta hemengo landareei ezarri zieten gaixotasunari muga jarriz. Gaur egun horrela jarraitzen da.

Aipatu behar dugu mahastien ezaguera Santiagoko Bideari esker ere zabaldu egin zela; honen ondorioz bide honi "ardoaren bidea" izena eman zitzaion.



Ba al dakizue zer den Santiagoko Bidea?



Nafarroatik pasatzen al da? Nondik?



Bide honek zertan lagunduko lioke gure prozesuari?



Mahastiak hilabetez hilabete

Urtarrila : inausketa.

Otsaila : lurraren prestaketa: mugitu eta ongarriztatu.

Martxoa : mahatsondoari izerdia ateratzen hasten zaio.

Apirila : hostoak agertzen dira.

Maiatza : lore garaia da.

Ekaina : beroa iritsi eta harremanetarako aroa: ugalketa.

Uztaila : lehenengo ale txikiak agertzen dira.

Abuztua : mahatsa belztu egiten da.

Iraila-urria : fruitua prest dago eta mahats biltzaileek bilketari ekiten diote.

Azaroa : udazkena eta... hostoak horitu eta lurrera!

Abendua : mahatsondoa biluzik dago, deskantsuan.



Zer iruditzen zaizue hurrengo urterako egutegi bat prestatzen badugu mahatsondoak pasatzen dituen aldaketetan oinarriturik?



Hartzidura - Jogurtaren prozesua

Mahatsa ardoa bihurtu genuen bezala, orain esnea jogurt bihurtuko dugu:

Materiala:

- Kristalezko edalontzia (bakoitzak berea)

- Esnea (litro bat taldean)

- Jogurt (ontzi bat taldean)

- Sua

- Bero iturri bat



Prozedura:

- Esne litroa berotzen jarri epeldu arte.

- Edalontzi bakoitzean jogurt goilaratxo bat bota, gainean epeldu dugun esnea isuri eta nahastu.

- Berogailuaren gainean 8-10 ordu utzi zapi batez estalirik.



Hipotesiak osatuz:

Zer uste duzue gertatuko dela? Zergatik?

Zergatik erantsi diogu esneari jogurt goilaratxo bat?



Mahaingurua

"Porrontxo jaiak eta alkohola"

Ariketa hauek Matti Navasen unitate didaktikotik ateratakoak dira, baina zati batzuk soilik dira, ez osoa. Unitate osoa 12 saiotan egiten du berak, saio bakoitzeko helburuak eta materiala finkaturik dituelarik. Adibidez:

1. Saioa (Nafarroa - Eguraldiak - Mahastiak)

- 1., 2., 3. eta 4. orrialdeak.

- Taldeka

- Helburuak:

* Taldeko lana egitea

* Gauzen globalizazioetaz ohartzea: mahastia-eguraldia-geografia.

* Euskal Herriko klimen errepasoa egitea.

* Nafarroaz pixka bat aritzea.



2. Saioa (Mahastien historia)

- Taldeka.

- Helburuak: ekintza bat ez isolatzea, gauza guztiak beraien artean duten loturaz jabetzea: historia-natura.



5. Saioa (Mahastiak hilabetez hilabete)

- Talde handia.

- Azalpena.

- Helburua: edukiak bereganatzea.



9. Saioa (Hartzidura - Jogurtaren prozesua).

- Talde txikia, handia, bakarka...

- Helburuak:

* Teoria bizitza errealera pasatzea: jogurta nola egiten den ikastea.

* Prozedura baten ordena eramaten jakitea.

* Talde lanak esperientzia batean duen garrantziaz ohartzea.

* Mikroskopioa erabiltzea.



11. Saioa (Mahaingurua)

- Talde handia

- Helburuak:

* Alkoholak gure jaietan duen eraginaz ohartzea.

* Alkoholaren kantitateetaz aritzea.

* Bakoitzak bere iritzia botatzen ikastea.

* Eztabaida bat aurrera eramatea.