Hezkuntza alderdi politikoen ahotan

1998-11-01
EA, EAJ-PNV, IU, EH, PP, PSE, UA
 
 
> Eusko Alkartasuna

"Ezagupenaren gizartean" bizi gara, horregatik bai heziketa-sistema, bai ikerketa tekniko-zientifikoa funtsezkoak dira gure herriarentzat.

Aldaketa eta berrikuntza bere ezaugarritzat dituen gizarteak etengabeko hezkuntza eskatzen du, "ezagutzen ikastea" da garrantzia duena, hezkuntza-sistema orokortzailea eta sakona, gai gutxiren inguruan. Horrela, oinarri sendoak izanik, aldaketei egokituz bizitza osoan ikastea ahalbidetuko da.

Hezkuntza sistema propio bat eraikitzeak honakoa esan nahi du:

- Gizarte-integrazioan eta jatorrizko desberdintasunak gainditzen laguntzea, gizartearen eta aukeren berdintasuna gauzatzeko tresna izatea.

- Gizarte kohesioa bideratzea guztionak diren balioetan oinarrituz. Balio unibertsalak direnak, hala nola askatasuna, errespetua eta tolerantzia, bai eta geureak ere, Herri gisa identifikatzen gaituztenak, euskara eta euskal kultura ere, gure kultur ondarea aberasteaz gain, gizarte konplexu eta anitzaren batasun eta elkarbizitzarako lotura bihur daitezen.

- Ikasleei oinarrizko prestakuntza sakona ziurtatzea, gaur egun dauden enpleguetan lan egin ahal izan dezaten eta gaur egun amesten ere ez ditugun enpleguak sortzen direnean haietara ere egokitzeko gai izan daitezen.

- Euskal Eskola Publikoa politikoki eta kualitatiboki indartzea, Euskal HezkuntzaSistemaren ardatz gisa, sistema osoari behar dituen baliabideak emanez. Baliabide hauek, BPGari dagokionez, gizarterik garatuenei jarraituz %5,5era igo beharko genuke.



Helburu estrategikoak

-Lehen Hezkuntzan, kalitatezko hezkuntzaren oinarrizko helburua ikasteko gogoa eragitera zuzendu behar da. Horretarako giza zientzietan eta gizarte zientzietan oinarri sendoa lortu behar da, gure herriko bi hizkuntzen ezagutza egokia lortuz eta hirugarren hizkuntza bat menperatuz.

- Bigarren Hezkuntzan, hezkuntza eskaintzen aniztasuna bultzatu behar da, abstrakzioa eta kontzeptualizazioa alde batetik, eta eskolaren eta bizitza profesionalaren arteko oreka bestetik, bien arteko zubiak ezarriz, aukera itxiegien ondorioz ikasleak etorkizun mugatuegia izan ez dezan.

- Lanbide Heziketak "Lanbide Heziketarako Euskal Plana" abiaraziz, datorren laurtekoaren apustua izan behar du gure produkzio sistemaren beharrei eta mundu globalizatu baten eskaerei erantzuteko gai izateko. Plan berri honen bidez lanbide prestakuntza eta gaitasuna lortu behar da, ondasunen produkzioan eta zerbitzugintzan zuzenean parte hartu ahal izateko.



Helburu hauek lortzeko, ondoko ekintzak proiektatzen dira:

a) Lehen eta Bigarren Hezkuntzan

- Irakasleen prestakuntza eta motibazioa eta hezkuntza proiektuekiko identifikazioa sustatzea. Horretarako honakoa eginez:

- Ikasleari, bere orientabideari, prestakuntzari, ikastetxeko proiektuari eta familiei arreta handiagoa emanez eta R ikastaroak gehitzea, prestakuntza eta gaikuntza bideratuz.

- Administratzailearen irudia garatzea.

- Zuzendaritza-taldeen dedikazio funtzional handiagoa ahalbidetzea.

DBHren helburuak ziurtatzeko ondokoak hartu behar dira kontuan:

- Aniztasunari arreta berezia emanez, ikastetxe guztietan orientatzaileak eta aholkulariak ipini beharko dira.

-Bitartekoen hornikuntzan aurrera egitea, ordenagailuak, Internet, telebista hezitzailea...

-Txikitatik hirugarren hizkuntza sartzen hastea, eskolaren izaera eleanitza indartzeko.

- A eredua nabarmen aldatzea, euskara irakasteko metodologia eta irakasleen prestakuntza hobetuz, jakintzagaiak euskara arian-arian sartuz.

- B eta D ereduetan aurrera egitea ikastetxeak euskaldunduz, aurreko laurtekoan abian jarritako Hizkuntz Normalkuntzarako Planen bidez.

-Hezikleta-zikloak euskaraz egiteko aukera gehitzea, euskara laneko hizkuntza den inguru eta produkzio-sektoreetan ezartzeko plangintzak burutuz

b) Lanbide Heziketan

Lanbide Heziketari ematen zaion garrantziaren araberakoak izango dira gure produkzio sistemaren maila teknologikoa eta lehiakortasuna. LHko Euskal Plan Berriak prestakuntza sistema teknologikoki aurreratua sortu nahi du, enpresarekin eta produkzio sektorearekin erlazionatua, malgua eta aldaketa teknologiko, ekonomiko eta sozialez jositako mundu batera egokitzeko gai izanik. Plan hau "sistema osatu" izeneko antolamendu-eredu batekin osatu behar da. Horretarako:

- Koalifikazioen edo noten "sistema bateratua" abiarazi beha da, eskola-adineko gazteak prestatu, profesionalak birziklatu eta langabetuak birkalifikatzeko.

-Halaber, "Lanbide Gaikuntzen Sistema" garatu behar da ahalmenen txartel pertsonala sortuz, enpresetako praktikak eta lantegietako prestakuntza orokortuz eta dinamizatuz, tituluen katalogoa eguneratuz,LHko Ikastetxe Osatuen Sarea sortuz.

- Plan hau esparru instituzional egonkor batez hornitu behar da "Lanbide Heziketako Euskal Legea"aren bidez.



Eusko Alderdi Jeltzalea

Milurteko berriari ate joka ari garen honetan nahitaezkoa da goitik behera berria izango den hezkuntza sistemaren eskuhartze eraginkorra gauzatzea, Eskola Akordio sendoa abiaburu hartuz. Guk ondokoen inguruan osatu dugu gure programa:



Integrazioa

-"Hezkuntzako Akordioa garatuko da bai alderdi politiko, irakasleria, guraso, ikasleria, sindikatuak, eta bai agente ekonomikoekin.

-Eskaintza oparoa izango duen hezkuntza sistema bakarra gauzatuko da. Irakaskuntza publikoak etapa guztien eskaintza integrala sortaraziko du, ikastetxeetako autonomian sakondu, zuzendaritza eta irakaskuntza taldeak bultzatu, egonkortasun handiagoko koadroak osatu eta ikastetxeek euren langileak hautatzeko aukera izango dute.

Gizarte ekimeneko irakaskuntzak ikasleria diskriminatuko ez duen

finantzaketa jasoko du eta irakasleak zein bestelako pertsonalak soldata duinak jasotzea bermatuko da. Langileen elebitasuna zuzpertzearen bidetik jarraituko da.

- Ikastetxeen autonomia zabaldu eta maila guztietara helduko da: hezkuntza proiektua, zuzendaritzaren egitura, jadunbideari buruzko araudia eta ikastetxea kudeatzeko proiektuetara.

- Hezkuntzako eskaintza berriak zuzpertuko dira: Prestakuntza Iraunkorra sendotuko da, gazte eskolatugabekoentzat konpentsaziozko hezkuntza eratu, eskolaz kanpoko jarduerak (musika, kirola, jarduera artistikoak, hizkuntzak...) hedarazi, Helduen Hezkuntza Iraunkorra sartu, eta Gurasoen Eskolak sortu.

-Tolerantzia eta bakearen baloreak landuko ditugu, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, bereizkeriarik-eza, eleaniztasuna, kultura polizentrikoa, zentzu humanista eta Euskal Herrian sustraiturik dauden lana ondo egitearen harrotasuna eta askatasunaren eta erantzukizunaren sena.

-Curriculumaren inguruan Humanitateen eta hezkuntza zientifikoa eta teknologikoaren indartzea proposatzen dugu.Lengoaiei (propioa eta atzerrikoak) eta metalengoaiei (matematika, informatika, musikala) jaramon berezia egingo zaielarik.



Modernizazioa

Titulartasuna gora-behera, ikastetxeen arteko kalitatea eta lehiakortasun irizpideak sartu behar dira. Kalitatezko hezkuntza sistema batek ikaslea sistemaren ardatz bihurtu behar du.Irakasleriaren Etengabeko Formakuntza Unibertsitateko Irakasle Eskola eta Fakultateekin elkarlanean proposatzen dugu.

Informazio integratua eta banatua izango duen sistema garatuko da eta "Hezkuntzako Intranet" baten esparruan ikastetxeen elkarlotura (pedagogikoa, kudeaketakoa, eta ebaluatzailea) bultzatuko da.



Eleaniztasuna

Hauxe da funtsezko helburua: derrigorrezko hezkuntzaren bukaeran hizkuntza unibertsal bat maila nahikoan ezagutzea eta LOGSE bukatzean nazioarteko edozein unibertsitatetan ikasteko gaitasuna izatea.

Hizkuntz anitzekin batera EAJ-k Euskal Herriaren eraikuntza kulturala bultzatuko du. Ikasleek jaso duten ondarearen partehartzaile eta sustrai eta historia berezia duen herri baten partaide senti daitezen, horrela beraien etorkizunerako sendo presta daitezen.

Orohar, B eta D ereduak ( D-k batik bat) euskararen ezagutza nahikoa ziurtatzen dute.Honek ez du kentzen materiale eta metodologien etengabeko hobekuntzaren beharra."A" ereduak, aldiz, euskararen irakaskuntza aktiboagoa eskaini beharko du, Euskararen Legea bete dadin.

Euskarak eskolako gelen espazioa eta denbora gainditu behar du eta gure ikasleen jarduera kultural, kirola, garraio, jantoki, harreman ez-formalaren esparrura era eraginkorrean heldu behar du.



Partaidetza

Hezkuntza gauza garrantzitsuegia da hezitzaileen edota administrazioaren eskuetan uzteko. Gurasoek, ikasleriak,,irakasleriak eta gainerako pertsonalak, administrazioak (Ikuskaritza eta Laguntza Sistemak), profesionalen erakundeak, sindikatuek eta enpresa elkarteek eskumen eta konpromezu berriak hartu beharko lituzkete. Halaber, Euskadiko Eskola Kontseiluak eta Unibertsitateen Gizarte Kontseiluak euren lanaren proiekzio erangikorragoa erdietsi behar dute beren azterketak eta proposamenak aprobetxamendu hobea izan dezaten.



Lanbide Heziketa

Lanbide Heziketak nagusitasuna berreskuratu behar du gure gizartean. Familiek, gurasoek eta ikasleek informazio hobea jaso behar dute eskola-norabideari buruz eta ikasketak aukeratzeko ahal den erabakirik egokienak hartu ahal izateko.

Lanbide Heziketaren eremuan proposamen hauek egiten ditugu:

- Lanbide Heziketaren Euskal Plana bultzatzea. Neurri jakin batzuk indartuko dira, enpresak pizteko formulak bultzatu eta lanbide heziketaren sistema guztien arteko koordinazioa indartu.

- Kualifikazioen sistema euskal enpresen benetako eskarien arabera egokitu behar da.

- Lanbide Heziketa enpresetako praktiken bitartez osatuko da. Hartara, gaur egungo jakituriak lotuago egongo dira enpresek eskatzen dituztenekin.



Ezker Batua

Berdeak


Ezker Batuak/Berdeakek Hezkuntza sistema gizarte aldaketarako tresnatzat hartzen du. Indarrean dauden hezkuntza politikak ez dabiltza pertsonen prestakuntzaren atzetik hauek gizaki gisa errealiza daitezen, kulturara edo lanera sar daitezen edo, diskriminaziorik gabe, gizarteak berak sortzen dituen baliabideez goza dezaten. Horregatik, honoko hezkuntza sistema errebindikatzen dugu:

1.- Gizarte desberdintasunak konpentsatu eta maila guztietan aukera-berdintasuna erraztuko duena.

2.- Sormena, izpiritu kritikoa, bakearen aldeko borroka, lankidetza ( hots, gutxiengoen integrazio soziala) eta ingurugiroarekiko begirunea sustatuko dituena.

3.- Gizartearen elebitasuna lortzen lagunduko duena.

4.- Desberdintasunak errespetatu, interkulturalismoa praktikatu, xenofobiaren eta sexu esterotipoen aurka borroka egin eta gizonezko eta emakumeen artean berdintasuna defendatuko duena.

5.- Hezkuntza sistemako elementu eraginkor guztien egiazko partaidetza sustatuko duena, guraso, irakasle eta ikasleak.



Eskola publikoaren alde

Eskola lehen mailako sozializazio tresna dela uste dugu. Guk diru publikoz finantzatutako eskolaren alde apustu egin dugu. Eskola publikoaren aldeko apustu ausartak ez du eragozten beharrezko izatea, modu subsidiarioan, diru publikoz finantzatutako zentro kontzertatu sare baten osagarria, sistema publikoak babestu ezin dituen premiak estaltzeko.

Zentzu honetan, eskolako ituna eta bertarako diseinatutako mapa berrikustea planteatzen dugu. Uste dugu 0tik 2 urterako haurren hezkuntza babestu behar dela herri eta auzune guztietan eskaintza eginez, eskualde behartsuenentzat aparteko arreta jarriz.



Finantziazio legearen alde

Finantziazio Legea onartzearen premia planteatzen dugu, helburu gisa eta, mailaz maila, Euskadiko BPGren (Baren Produktu Gordina) %6a bere hezkuntza aurrekontuan sartzea lortzeko.

Zentro guztietan administratzailea sortu eta jarri behar da bidezko diren plazak sortu eta efektibo eszedenteak banatzeko.

Premiei egokitutako diru-baliabideak edukitzea da lehen urratsa kalitatezko irakaskuntza finkatu ahal izateko.



Eskola elebidun eta integratua

Euskadi gizarte elebiduna da eta eskolak errealitate honi erantzun beharra dauka. Euskalduntzea, etengabeko tira-bira-motibo bilakatzen ari da. Ikasleen gurasoek eskatutako euskalduntze helburuak hartu behar dira lanerako ardatz gisa. Eskola eskaintzak euskalduntzearen egiazko aurrerapen erritmoei erantzun behar die eta horretarako aurrekontu baliabideak gehitu beharra dago, dauden eskaerei erantzutea posible izan dadin, erantzukizun guztia irakasleen gain utzi gabe.



Enplegurako prestaketa profesionala

Bat gatoz Eusko Jaurlaritzak eta honen Kontseilaritzaren barruan landutako planaren lerro nagusiekin, proiektu honen finantziazio mugatua salatzen badugu ere.

Euskal Legebiltzarrari neurri hauek hartzea proposatuko diogu:

- Prestaketa Profesionala taxuzko finantziazioz hornitzea.

-Zentro publikoen kopurua gehitzea Goi-mailako Prestaketa Profesionaleko Zentro espezifikoen sarean.

-Agente sozialen partaidetza eraginkorra arautzea Planetik eratorritako erakunde desberdinetan, zentro espezifiko propioetan eta arautu beharreko Prestaketa Profesionaleko eskualdeko kontseilutan.

-Gazteen langabezia-tasak % 40a gainditzen du Euskadin eta, uste dugu, neurri handi batean hezkuntza sistemari eta, bereziki, Prestaketa Profesionalari dagokiola egoera honi erantzuna ematea.



Irakaslegoaren funtzioa duinbihurtzea

Hau ezinbestekoa gertatzen da une honetan, ezartzen ari den heziketa-erreformak irakasleek baldintza egokietan lan egiten badute soilik lortuko baitu bere helburuak erdiestea, ezinbestekoa da prekarietatea eta ezegonkortasun laborala drastikoki murriztea.

Premiazkoa da irakaslearen espezifitatea batzea eta ez bereiztea euskal funtzio publikoko plantilako gainerakoekin. Iraklasleaek eskubidea daukate eta behartuak daude prestaketa iraunkorrera, eta horretarako beharrezkoa da:

-Birziklaia eta euskalduntzeko fondoak gehitzea, batez ere, beren arloetako kalifikazio teknikorako direnak.

-Irakasleen prestaketa-planaren urteroko negoziazioa bermatzea.

-Laneko orduetan prestaketa-aktibitateak gehitzea.

-Irakasle guztiek prestaketerako daukaten eskubidea errespetatzea.

-Irakasle gorputzean egonkortasuna defendatzea.

Langabeziari buruz, agente sozialekin negoziatu ondoren, irakasleen lan-orduen murrizketa eta lana banatzeko neurriak bultzatzeko konprometitzera garamatzate, eskola kargaren murrizketa, lanaldi bolondresaren murrizketa-aukera tratamendu bereziarekin 55 urtetik gorakoen kasuan, eta jubilatzeko adina 60 urtera aurreratzeko posbilitatea.

Bestalde, eta emanik emakumearen presentzia apala hezkuntza sistemako erantzukizunezko karguetan Ezker Batuak hainbat urterako plan landuko du emakumeen presentzia eta partaidetza sustatu eta bermatzeko.



Euskal

Herritarrok


Nazio eta herri gisa bizi dadin, Euskal Herriak bere Eskola Nazionala eta bere Unibertsitate Propioa behar ditu.

Hezkuntza Sistema Propioa eta Euskal Eskola Nazionala eraiki behar ditugu.

Egungo alderdien arteko Eskola Itunaren mugak gaindituz, hezkuntzako eragile guztien partaidetzarekin, Eskola hitzarmen zabala bultzatzen dugu.

Euskal Eskola Nazional horren zutabeak bi dira gaur, ikastolak eta ikastetxe publikoak. Gaurko eskola errealitatetik Euskal Eskola Nazionalerantz abiatzeko, honako ezaugarrietan sakondu beharra dago: lurraldetasuna, euskalduntasuna, titularitate eta finantziazio publikoa, kudeaketa demokratikoa, ikastetxeen autonomia, aniztasuna...Ardatz hauen inguruko Eskola Hitzarmen zabala da bultzatu nahi duguna, Hezkuntz erakundeen eskuhartzearekin.Horretarako, proposamen hauen alde jardungo dugu:



1.- Hasierako mailetatik goi mailako ikasketetarainoko ibilbidea euskaraz egin ahal izatea bermatu

Ondorioz, hizkuntza ereduen errotiko aldaketa sakona ezinbestekoa izango da, euskalduntze helburuak bermatzen ez dituzten ereduak baztertuz. A eta G ereduen desagerpen progresiboa proposatzen dugu zentzu horretan, hain zuzen ere.B eredua sustatzen duen "elebitasun dekretua" ezabatzea proposatzen dugu, eredu horretan ari diren irakasleetatik erdiak ez- euskaldunak izan daitezkeela dioena, alegia. Hizkuntza ez normalizatu batek trataera berezia behar du eta ezinbestekoa da eskolak baliabide berezi eta premiazkoez jaztea.



2.- Dagoeneko martxan dauden "hizkuntz normalkuntzarako proiektuak" bultzatzea

Ikastetxe publiko, ikastola zein ikastetxe pribatuak biltzen dituen proiektu honek izan duen arrakasta irakaskuntzan euskararekiko dagoen sentsibilitatea erakusten du eta berebiziko garrantzia izan dezake euskalduntze prozesuan.



3. Ertainetan , DBHOrako egin den plana berregitea litzateke egokiena, euskalduntze prozesuan ematen den etena ekiditzeko. Honetarako zera proposatzen dugu:

Euskara hutsean funtzionatuko duten ikastetxeen zerrenda gehitu egin behar da. Gutxienez, DBH euskaraz egin duten ikasle guztiei, bere zonaldean, euskaraz ikasten jarraitzeko aukera bermatu behar zaie. "B" ereduan ikasten ari direnentzat baliabide bereziak ziurtatzea proposatzen dugu, benetan ikasleek hautaketa egiteko orduan euskara hutsezko ikasketak jarraitzeko gaitasuna izan dezaten.

Heziketa zikloetarako plangintza zehatza beharrezkotzat jotzen dugu eta horretarako irizpide hauek proposatzen ditugu: Eskarien arabera planifikatzea, hots, abiapuntua ikasleek euskaraz ikasteko duten eskubidea izatea, zerbitzu arloko ikasketei lehentasuna ematea eta lurralde osoan eskaintza bakarra duten heziketa zikloak euskarazko eskaintza ziurtatzea.



4. Euskarazko irakaskuntzaren garapena ziurtatzeko erreziklai eta prestakuntzan neurri tinkoak eta zehatzak hartzea proposatzen dugu

Euskararen ezagutza ziurtatzeaz gain euskararen kalitateari ere arreta berezia ezarri behar zaio. Beraz, ezinbestekoa da irakasleak profesionalki gaituak izatea, euskaldun elebidunak izatea. Halere irakasleen euskalduntzeak ezin du irakasleen baitan ematen den desoreka guztiz konpondu eta horregatik irtenbide berri eta imajinatiboak planteatu behar dira, hala nola, irakasle euskaldunen kontratazio berriak, aurrejubilazioak, lanpostu alternatiboak hezkuntza sistematik kanpo, baja sarituak...



5.- Hizkuntzaren ofizialtasuna Euskal Herri osoan bermatzea ezinbesteko aldarrikapena da

Ondorioz, Ipar Euskal Herri eta Nafarroako egoerak irauli behar dira. Euskal herritar orok bere ikasketa guztiak, haurtzaindegitik unibertsitateraino, euskaraz burutu ahal izateko eskubidea du.



6.- Sare pribatuari arreta berezia jarri behar zaio euskalduntze prozesuan muga bat izaten jarrai ez dezan

Gazteleraren gotorlekua bilakatu ez dadin. Ikastetxe kontzertatuei ezinbestean, euskararekiko konpromezua exijitu behar zaie.



Euskal curriculuma diseinatu

Hezkuntzaren edukinek, helburuek, egiturek, euskal gizartearen beharrei erantzun behar diete, berezko hizkuntzaren eta kulturaren transmisioa bermatuz. Ikuspegi propio hau izango da dimentsio unibertsalagoetara iristeko abiapuntu naturala. Hizkuntza batek ez du irauterik izango kultura propio aberatsa eta herrian ondo sustraitutakorik ez badu. Euskal currikulumaren planteamendua ez da apustu eta jarrera partidista bat, kulturaren aldeko jarrera baizik, euskal kulturaren aldekoa, hain zuzen. Alor honetan lantzen ari diren esperientziak baliotsuak diren arren, urrats berriak egiteko ordua da, currikulum ofizialak euskal ikuspegitik berraztertuz eta landuz.



Irakasleria propioa sortu

Haurtzaindegitik unibertsitaterainoko bide osoa jasoko duena. Irakasleei buruzko legedi propioa sortu eta Euskal Herri mailako negoziazio kolektiboa bultzatzea proposatzen dugu.



Partido

Popular
>

Hezkuntza gizarte aurreratuetako oinarrizko zerbitzu publikoa den heinean, bitarteko zientifiko eta teknikotan aberatsa den gizarte lehiakor baten interesen zerbitzura egon behar du eta askatasunean, elkarbizitzan, aniztasunean, tolerantzian eta pakean oinarritutako gizartea lortzeko bitartekoa izan.

Gure hezkuntz proiektua funtsezko lau puntutan oinarritzen dugu:



1.- Hezkuntzaren kalitatea

Euskal Herriko haur guztien eskolatzea aspaldiko lorpena da. Horri jaiotze-tasaren beherakadak, hezkunza eskaintzaren dibertsifikazioak, gazteen lan munduraketak, hamasei urte arteko derrigorrezko eskolatzeak, ezinbestekoa egiten du hezkuntza kalitatearen hobekuntzari ekitea. Guk lehentasun neurri hauek hartuko ditugu:.

- Eskola maparen diseinuan jaramon gutxi egin bazitzaion ere, zentroetako baliabide materialak optimizatuko ditugu.

- LOGSE gauzatzeko beharrezko den zentro publikoen hornidura hobetu eta modernizatuko dugu.

-Heziketa berdintzailea eta curriculumaren aniztasuna bultzatuko dugu, beti ere LOGSEren izpirituaren barruan, behar hainbat irakasle laguntzaileak jarriz.

-Guraso elkarteen partaidetza aktiboa eta eraginkorra indartuko da.

-Helduen heziketa iraunkorrari ardura jarriko zaio.

-Hezkuntz prozesuak ebaluatuko dituen Ikuskaritza Zerbitzu independientea eta profesionala bultzatuko dugu.

-DBHOren ondorengo ziklo horretarako (16-18 urte) urrutiko hezkuntza sustatuko dugu.

-Heziketa berezian ahalegin aparta egingo da gutxitu psikiko eta sentsoarialen alde.



2.-Irakaskuntza askatasuna

Zentroa aukeratzeko askatasuna derrigorrezko baldintzatzat hartzen dugu gurasoen erantzukizuna eta protagonismoa bermatu ahal izateko. Botere publikoak eta gizarteak elkarrekin hezkuntz sistema mistoa (publikoa eta pribatua) antolatu behar dute, eskaerek agintzen duten arabera.Beraz denon diruak denon irakaskuntza finantziatzeko erabili behar da, hots, publikoak eta legedia betetzen duten pribatuena ere.

Horrela, Hezkuntza Sistema berria sortuko litzateke ondorengoetan oinarrituta: potere publikoak ez du hezkuntzaren zerbitzu publikoaren monopolioa, zentroen sorkuntzaren eskubidea subentzioekin lagundu behar da, zentro pribatu horien hizkuntz eredua aukeratzeko askatasun osoa izango dute, inongo baldintzarik gabe.



3. Hezkuntza adostasuna

Adostasun izpiritu iraunkorra mantenduko dugu gai hauetan:

-Irakasleriaren duintasun profesional eta soziala bultzatzerakoan.

-Giza ikasgaien erreforma Humanitateen diseinu curricularraren berrikuspena eginez Euskal Herriko historia eta Espainiako historia amankomunaren irakaskuntza zehatzagoa eta errespetu gehiagokoa bermatzekoan.

-Europar komunitateko bigarren hizkuntza baten aukerako ikasketa ezartzean, progresiboki hiru urtekoenganaino zabalduz. .

-Eskaera errealaren, errealitate sozio-linguistikoaren eta irakaslegoak eskuratu eskubideen errespetuaren araberako eskola maparen berrikuspenean.

-Irakasleriarentzako O perfilaren ezarpena. Euskara ez jakiteak irakaskuntza utzi edo sarbideak ixteko motibo izatea ekiditu behar da.Gai honen inguruko arautegiaren berrikuspena ezinbestekoa da irakaskuntzaren pobretzea baino ez dakarten justifikaezinezko kanporatzeak gerta ez daitezen.



4. Irakasleriaren duintasuna

Ekonomikoki diskriminatua, irakaskuntzak berarekin daraman tentsio psikikoa nozitzen duen, eta euskalduntze erritmoarengatik akitua sentitzen den irakasleriarentzat hau proposatzen dugu:

-E.A.E.ko gainontzeko funtzionariekin parekatu eta funtzionario bihurtu zireneko baldintzak errespetatzea (oposizio, lekualdatze-lehiaketa).

-Eurenganatutako eskubideekiko lege baldintzak errespetatzea eta betearaztea.

-Administrari karguetara heltzeko behar diren baldintza profesionalak errespetatzea.

-Hezkuntzaren zerbitzua gehiago gaituko duten errekurtsoak indartzea

-Ordutegiaren murrizketa 55 urtetik gorakoentzat.

-Lanbide honen berezko gaixotasunak aztertzea eta kasu bakoitzean beharrezko neurriak hartzea.

-Liberazio ugariengatik pertsonalki edo zentroentzako kaltegarri izango ez diren euskalduntze erritmoak antolatzea, perfil O ere barne hartuko delarik.

-Berdintasun, gaitasun eta merituen printzipioak errespetatzea.



Partido Socialista

de Euskadi

Euskadiko Ezkerra


Sozialistok uste dugu Euskal Hezkuntza Sistemak hiritar guztiek bere gaitasunaren araberako formakuntza lortzeko eta honen bidez, enplegua sortzeko bidea izan behar duela. Aldi berean, tolerantzia, aniztasuna, berdintasuna, elkartasuna. justizia, bizitza demokratikoa eta bakegintzarako baloreak garatzeko bitartekorik egokiena izatea nahi dugu.

Gure programak ondorengo konpromezu hauetara eramaten gaitu:



1.-Irakaskuntza publikoa babestera eta sustatzera

-Bere kalitatearen hobekuntzarantz goaz eta ideologikoki honela taxutzen dugu: anitza, elebiduna, euskal gizartearen zerbitzura dagoena, sozial eta kulturalki inguruan oinarritutakoa, partehartzailea, deberdintasunen ezabatzailea, eta aniztasunaren bateratzailea.

-Hezkuntza Sistema Publikoaren ezagutza hedatu behar da eta horretarako Eskola Publikoaren Defentsarako Plataforman hartuko dugu parte.

-Zentroen kudeaketa bultzatuko dugu. Zentzu horretan partehartze demokratikoan sakonduko dugu, eta integrala eta eraginkorra den kudeaketa-eredua definituko dugu. Zuzendaritza trebea eta egonkorra ahalbidetuko dugu, langile administrariak esleitu eta antolakuntzarako kultura zabalduko.

-Etapa desberdinetako ikasketak eskaintzen dituzten zentroez osaturiko hezkuntz-ibilbideak ezarriko ditugu.

-Hezkuntz Ikuskaritzak eginiko aldizkako ebaluazioen bidez irakaskuntzaren kalitatea ebaluatzea ahalbidetuko da eta ikasleen eta beren legezko ordezkarien partehartze dinamikoa bultzatuko dugu.

-Aholkulari eta orientatzaile postuen indartzearen prozesua sendotuko dugu, bai Lehen Hezkuntzan eta bai Ertainetan.



2.-LOGSEren ereduaren defentsa egiten dugu eta egonkortasuna eta nahikotasuna bermatuko duen sistema finantzarioaren beharra ikusten dugu. Horregatik, OinarrizkoFinantzaketa mantentzea eskatzen dugu eta BIGren gorakadak ere isla izatea hezkuntz aurrekontuetan.



3.-Irakaskuntza pribatuaren arloan derrigorrezkoa eta ez derrigorrezkoa den hezkuntza bereizten ditugu.

- Derrigorrezkoari dagokionez, eskola kuota mantenduko dugu eta 3-16 urte bitartekoen eskolatzea pixkanaka doanekoa izan dadin, kontzertazio osoaren bidez, ahaleginduko gara. Sare publikoko irakasleen ordainsarien berdintzeruntz joango gara. Formakuntza, sakontze eta gaitasun linguistikoari buruzko beharrei ere erantzungo diegu.

-Derrigorrezkoa ez den irakaskuntzan, administrazioarekin kontzertazioak sinatu ordez , ikasleentzako beken politika gauzatu beharko litzateke.

-Ikastolentzat proposatzen zen "hirugarren sistema" haren arinkeriak baztertu eta gero, esan beharra dago Euskal Hezkuntza Sistemak sare publikoa eta pribatua besterik ez dituela onartzen.

-Guk behar bezainbateko finantzaketa izango duen sektore pribatu bakarraren alde gaude, kalitatezko hezkuntza doaneko baldintzetan bermatuko duena eta soldata duinez ordaindutako irakaslearekin.



4.- Ezinbestekoa da produkzio sistematik datozen beharrei aurre egingo dien Hezkuntza Sistema finkatzea . Honetarako DBH, Batxilergo eta LH zentroen arteko harremanak bideratuko ditugu. Eskolako antolaketa eta giza nahiz materialeen errekurtsoen atxikipenerako autonomia izango dute. LH zentro guztietan Etengabeko eta Formakuntza Okupazionala eskaintzea ahalbidetuko dugu bai enpresa eta bai eskolen mesederako.Hau guztia aparteko orduen kontrako eta lanaren banaketaren printzipioaren arabera jokatuz. Europar Batasunean ohikoa den "partenaritza" bat ere sortuko dugu.

-Helduen Hezkuntza zabaldu, aniztu eta bulkada emango diogu eta Helduen Irakaskuntzaren Legea gauzatu.



5.- Euskara irakaskuntzan

Hezkuntzaren kalitatea hezkuntzaren profesionaleen kalitatean eta beren asebetetzean datza. Ezin da irakaskuntzaren kalitatea eta haren profesionalak sakrifikatu berreskurapen linguistikoak eskatzen duen erritmo natural eta zentzuzkoa behartzeagatik. Derrigorrezko Irakaskuntzaren mailetako eskaera bete eta gero, eskaera soziala, errekurtsoak eta irakaskuntzaren kalitatea konbinatu behar ditugu atzera geratzen diren irakasle on askori bere irakaslana ahalbidetu ahal izateko.

- Soziolinguistikan eta hezkuntz konparatuetan jarduten duten adituez osatutako Institutua sortzea bultzatzen dugu, ikasleen bi hizkuntzetako emaitzak ebaluatu ahal izateko.

- Hezkuntz sistema elebidun, orekatu eta progresiboa osatuko dugu.

-Diren bitarteko guziak erabiliko ditugu A ereduaren emaitzak hobetzeko.



6.- Langileria

-Sozialistok irakasleriaren formakuntza bultzatuko dugu urteko planen bitartez.

-Aldi berean, irteera profesionalak bultzatuko dituen politika gauzatuko dugu, irakasle, guraso eta beste sektoreetako interesatuekin ados jarriz.

-Irakasleak ez dira kaltetuak izango bere egoera profesionalean (promozioa, egonkortasuna...) hizkuntz perfila lortu ez dutelako.

-Interinoen etorkizuna argitu eta sustapen-sistemak berrikusiko ditugu, esparruko lanpostu berriak sortuz eta enpleguaren banaketarako formulak babestuz.



Unidad

Alavesa


Hezkuntza Sistema, nazionalisten esku egonik, PSOEk jarritako oinarriekin eta bere baimenarekin Euskal Herriko errealitate historiko eta kulturalak aldatzeko tresna bihurtu da, kasu batzuetan benetako doktrinamendu ideologikorako sistema sortuz.



Hezkuntza

Hezitzea ez da euskalduntzea, XXI. mendeko Europan elkarbizitzeko eta lehiatzeko prestatzea baizik.



Alternatiba foralista

1.- Hiritar guztiei bi urtetik aurrera hezkuntza sisteman sartzea bermatu behar zaie, egungo krisia dela eta pobrezian eta marjinatuta dauden talde sozialetakoek barne hartuko dituelarik. Hezkuntza sistema zergen ordainean jasotzen dute hiritarrek eta Ongizate Estatuak aukera-berdintasuna bermatzeko erabiltzen duen formula bat da.

2.- Hezkuntza osoaren ereduak hornidura sistema publiko batean oinarritu behar du. Horrela, ikastetxe pribatuek kontzertuen bidez lortu ahal izango dute beharrezko hornidura. Horrela bakarrik izango da posible Ikastetxearen aukeraketa librea eta nekazal guneetako biztanleei ere aukera-berdintasuna bermatuko zaie.

3.- Hezkuntza sistemak erantzukizun handia dauka hiritarrak prestatzeko eginkizunean. Benetako gaitasun konpetitiboaz jantzi behar ditu haiek lanbide bat lortzeko gai izan daitezen. Baina horrez gain, hezkuntza hirugarren sektoreko zati handi baten enpleguaren oinarria da, eta horregatik giza baliabideen kudeaketa politikak hezkuntzaren inguruko lanpostuak bermatu beharko ditu.

4.- Euskal hezkuntza sistemarako lan egiten dutenek bertarako sarrera bermatua eduki beharko dute prozedura gardenen bitartez, noski. Berauetan meritu profesionala gainontzeko elementu politiko edo antzekoren gainetik baloratuko da. Prestakuntza profesionala eta egokitze curricular etengabea garantizatuko dira irakasleriak baliagarri izaten jarrai dezan bere heziketa funtzioan, garai berriei egokituz eta lan baldintzetan hobetzen joateko.

5.- Euskal Hezkuntza Sistemak nazio espainolaren Legeetara moldatuko da.Lege hauek Estatuko hezkuntza komunitate osoarentzat izendatzaile komuna bermatzen dute zenbait ikasgaietako faltsifikazioa ekiditeko (geografia, historia, literatura, hizkuntza eta giza zientziak). Gai honetan Komunitate Autonomoko berezitasunen irakaskuntzak Espainiako eta Europako erralitatearen irakaskuntzarekin bateragarri izan behar du.

6.- Hezkuntza sistema ebaluatzeko prozedurak ezarriko dira eta arauen betetzea ikuskatuko da. Era berean, familien eskubideak garantizatzeko eta ikasleek dituzten alternatibak ezagutzeko informazioa emango da. Alternatiba hauek beraien perfilaren araberakoak izango dira eta denborak aurrera egin ahala konpetitiboagoak izango dira oraingo eta etorkizuneko lan merkatuaren ezaugarrien araberakoak.

7.-Euskal Unibertsitate Publikoaren inguruan eztabaida sakona burutu behar da. Gure kasuan haren deszentralizazioaren alde agertzn gara Gasteizko Campusean Arabarentzat Unibertsitate Publiko bat aldarrikatzen dugularik. Honek eskainiko dituen titulazio eta giza zerbitzuen bidez ikasle arabarrek nozitzen duten diskriminazioari amaiera jarriko genukeelarik.

Bestalde, Unibertsitate eta enpresa arabarren arteko harremanak gizartearen eta ekonomiaren elkarlotura ahalbidetuko dute. Hurbileko eskaintzek garraio-gastuak ekidingo lizkieke ikasleen familiei.

8.- Euskal Hezkuntza Sistemak bere lehentasunen artean prestakuntza etikoa edukiko du. Modu aktibo batean azpimarratuko dugu tolerantzia, bakea eta giza eskubideen errespetuaren kultura.

9.- Euskal hezkuntza sistemak oinarrizko hezkuntza sistematik at dauden titulazio eta ekintzak bereganatuko ditu. Adibidez, arte aplikatuak, lanbide artistikoak, musika irakaskuntza, hezkuntza berdintzailea, arte dramatikoa, dantza eta helduentzako hezkuntza. Hau guztia, oinarrizko hezkuntza sistema bezalaxe, dohainik eskainiko da.

10.- Euskal hezkuntza sistemak hiritar askeak, kulturalki anitzak eta bizi diren komunitateari erantzuteko gai bikurtuko dituen hizkuntz ereduak eskaini behar ditu. Beraz, hezkuntza nahi den hizkuntz ereduan jasotzeko aukera libreak eta Batasun Europarreko hizkuntz ofizialen ezagutzak ez ditu familiaren gastuak igo behar. Halaber, Gobernuak behar diren dirulaguntzak emango ditu unoren maila ekonomiko baxua oztopo bihur ez dadin.