ETXEBESTE, Amaia; LOPEZ DE LUZURIAGA, Jose Inazio; RAZKIN, Josean:

1998-11-01
Urtarrilaren 22an Musika Irakasle Euskaldunen Lehenengo Topaketa burutuko da Donostian. Bere xede nagusia musika irakasleak elkartzea eta dituzten arazo eta hutsunei irtenbideak bilatzen hastea da. Era berean, euskal curriculum musikala egiten hasteko asmoa ere badute. Euskal Kantuzaleen Elkartearen babesean bildu den musika irakasle talde bat da proiektu berri honen bultzatzailea. Horien artean Donostiako Goi Mailako Kontserbatorioko Jose Inazio Lopez de Luzuriaga, Donostiako Herri Ametsa ikastolako Josean Razkin eta Oiartzungo Elizalde eskola publikoko Amaia Etxebeste daude, gurekin solasean aritu direnak, hain zuzen ere.
 
 
Nolatan sortu da Musika Irakasle Euskaldunen Lehenengo Topaketa hau egiteko ideia?

Jose Inazio Lopez de Luzuriaga .- Egia esan, aspaldiko proiektua da. Duela 8 edo 9 urte hasi ginen biltzen. Musika irakaskuntzaren inguruan ematen zen euskararen bazterketa ikusita, zerbait egin behar zela ikusi genuen. Eta zerbait horretan garrantzitsua zela ez soilik euskara bultzatzea, baita euskaraz edo erdaraz irakasten genuenaren mamia lantzea ere. Beraz, hori izan zen motibo nagusia eta abiapuntua.



Zein biltzen zineten?

Jose Inazio .- Batez ere kontserbatoriotik pasatako jendea zen eta ez Magisteritza eskolatik. Gehienbat musikariak ziren eta ez musika irakasleak. Batzuk bazebiltzan irakaskuntzan, baina musika eta dantza eskoletan, kontserbatorioetan eta abar.

Orduan saiatu ginen kontserbatorioan, ofizialki, zerbait egiten, baina ez genuen ezer lortu.

Gauzak horrela, ni pertsonalki Euskal Kantuzaleen Elkartearekin jarri nintzen harremanetan orain dela urtebete. Ordura arte kantu txapelketak antolatzen zituen Elkarteak, eta nik beste batzorde edo talde paralelo bat eratzea proposatu nien: pedagogia musikalaz eta horren inguruan sortuko ziren bestelako ekimenez arduratuko zen batzordea. Ondorioz, gure asmoa musika irakaskuntza nola dagoen aztertzea da eta euskal hiritar musikalak nolakoa izan behar duen definitzea.



Orain, ordea, batzorde honek hezkuntza orokorreko irakasleen topagune izan nahi du. Nola eman duzue kontserbatoriotik ikastetxeetarako salto hori?

Jose Inazio .- Zerbait egiten hasi ginenean, Kontserbatorioaz hitz egiten hasi aurretik maila baxuagoan zeuden irakaskuntzako beste erakundeekin harremanetan jarri behar zela konturatu ginen. Orduan, musika eta dantza eskoletara jotzea pentsatu genuen. Baina eskola hauek diseinatzeko ere orokorragoak diren beste ikaskuntzak aztertu behar genituela konturatu ginen. Horrela, goi mailako kontserbatoriotik hasi eta eskolara edo irakaskuntza orokorrera iritsi gara.



Behin irakaskuntza orokorrean zentratuta, zer ikusi duzue? Zerekin egin duzue topo?

Josean Razkin .- Eskoletako musika irakasleon errealitatearekin. Hau da, irakasleon formakuntza ezberdinarekin, eta noraezarekin. Bakoitza bere kasa ibiltzen gara, ahal dugun moduan eta bururatzen zaiguna egiten. Kontuan izan behar da musika irakasleok oso isolatuta gaudela gure eskoletan. Gaur egun espezialistak ateratzen ari dira, baina orain arte kasu gehienetan gelako irakasleak ginen, tutoreak edo beste espezialitate jakin batekoak. Egun batean musika irakasteko esan zitzaigun, agian, nire kasuan adibidez, txistua jotzen nekielako.

Orduan, bakarrik ikusten duzu zeure burua eta inork ez dizu esaten musika zertarako den, zein helbururekin irakatsi behar den... Nik bederatzi urte daramatzat Herri Ametsa ikastolan musika irakasten, eta askotan ez daukat garbi zer den azken finean lortu behar dudan hori. Agian, kontserbatoriotik datorren norbaitek formakuntza ona edukiko du, baina formakuntza eskaseko jendea ere badago. Eta denok, neurri batean edo bestean, bakarrik gaude.

Jose Inazio .- Formakuntza eskasia hori pedagogia alorrean ikusten dut nik, batez ere. Alegia, musikarion artean eta kontserbatoriotik ateratzen direnen artean, eskasia pedagogia eta psikologia aldetik nabari da.

Josean .- Gure kasuan, berriz, gehienok magisteritza eskolatik atera gara eta prestakuntza falta handiena musika alorrean edo pedagogia musikalean daukagula esango nuke.



Orduan, ez dago batere argi musika klasean zer landu behar den?

Amaia Etxebeste .- Ez, ez dago. Gainera, musikan lantzeko gauza pila bat biltzen zaizkigu eta bakoitzak joera bat har dezake. Musikaren hizkuntzan edo mintzairan zentratzen denak notak, interbaloak, neurketa... irakurketa edo solfeo akademikoa landuko du. Beste batek musikaren bidez herri kultura landu behar dela uste badu, kanta herrikoiei ekingo die. Beste batek musikak psikomotrizitatea eta mugimendua lantzeko aukera polita ematen duela pentsatuko du eta bide horretatik bideratuko du bere lana. Beste batek entzunaldiak landuko ditu haurraren ikuspegi musiko kulturala aberasteko egokia dela pentsatuz.

Bakoitzak ahal duena eta egokiena iruditzen zaiona egiten du. Azken finean, gelan, gu eta haurrak gaude. Oso gutxitan hitz egiten dugu aldameneko irakaslearekin eta ez dakigu hark bere haurrekin zer egiten duen ere.

Josean .- Horri ikastetxe bakoitzeko errealitate desberdina gehitu behar zaio. Zentro batzutan astean bi saio ematen dira eta beste batzutan bakarra. Bakoitzak interesatzen zaiona irakasten du denbora apur horretan.

Amaia .-Noski, gela bakoitzean ere, errealitate anitzarekin egiten dugu topo. Haur batzuk musika eskoletara edo kontserbatoriora joaten dira eta musika hizkuntza soilik lantzen baduzu, aspertu egiten dira.



Egoera eta errealitate desberdinekin batera, zein eragin du irakasleon prestakuntzak?

Jose Inazio .- Eragina izugarria da. Musikarion artean oso ohikoa da adibidez txistua jotzen baldin baduzu, zure gelan txistua ezinbesteko tresna bilakatzea. Dantzari baldin bazara, dantza bilakatzen da musika irakaskuntzaren alderdi nagusia. Edo pianojolea, gitarrajolea eta abar baldin bazara, beste hainbeste.

Denok gizakiak gara eta gure ibilbideak eragina du gure osaketa profesionalean, baina hori neutralizatu egin behar da ahal den neurrian.



Material aldetik hutsunerik nabaritzen al duzue?

Josean .- Beno, egia esan materiala eta programaketak badaude, baina egokitu eta eguneratu egin behar dira.

Amaia.- Nik uste dut materiala badagoela, baina askotan alde batetik eta bestetik hartuz ibili behar izaten dugu. Dena dela, nik bost urte daramatzat musika irakasle bezala eta seguru nago ezagutzen ez dudan material ugari egongo dela.

Josean .- Agian beste errealitate bat musika irakasleen artean dagoen material guztia aztertzeko denborarik eza da.



Materiala badago, beraz. Orduan, arazoa zer da, sakabanatuta dagoela?

Jose Inazio .- Hain juxtu, arazo nagusiena sakabanaketa eta ezezagutza dira. Elkarren berri ez izatea, alegia. Zeren norberak egindako material asko baitago, baina zabaldu gabe. Zergatik? Askotan mesfidantzagatik, jarrera psikologiko itxiagatik. "Hau nire materialtxoa da eta niretzat". Ziurtasun pertsonal gutxiagatik ere izan liteke edo auskalo zein beste arrazoigatik. Kontua da irakasle bakoitzak bere material propioa egiten duela. Hori ondo dago, baina beste irakasleek ezagutuko balute, hobe.



Irakasleon artean ez al zarete elkartzen materiala trukatzeko eta elkarren berri izateko?

Amaia.- Bai, biltzen gara, baina ingurukoekin bakarrik. Ni, adibidez, Oiartzun inguruko irakasleekin biltzen naiz eta denok gauza bera komentatzen dugu, bakarrik gaudela. Ez dakigu ondo gabiltzan, egiten duguna egokiena den... Beharra sentitzen dugulako biltzen gara.

Josean .- Bai, beharra oso argia da eta mugimendua badago. Ni, esaterako, Zurriolako, Martuteneko eta Andoaingo ikastolako musika irakasleekin biltzen naiz. Hainbat urte daramagu programaketa bat egiten eta material ugari aztertu dugu alderdi ezberdinetatik: dantza, musika mintzaira, entzunaldiak, txirula, musika tresna autoktonoak eta klasikoak...

Nik uste dut jendea elkartzen hasi dela, baina elkarren berri jakitea falta zaigu. Bestela, askotan lana errepikatzen ariko gara eta hori ez da kontua. Zerbait egina baldin badago, zergatik errepikatu? Goazen hura zabaltzera.



Sakabanaketa eta elkar ez ezagutze honi irtenbidea emateko asmoz antolatu duzue "Musika Irakasle Euskaldunon Lehenengo Topaketa". Zein helburu lortu nahi duzue?

Jose Inazio .- Topaketari jarritako azpitituluak dioen bezala "Euskal pedagogia eta curriculum musikalaren inguruan" antolatu dugu. Horren barruan lau helburu zehaztu ditugu:

Hasteko, hezkuntza alorrean dihardugun musika irakasle euskaldunon arteko ezagutza pertsonala eta profesionala bultzatu nahi dugu.

Bigarrenik, egoera profesionalaren azterketa amankomuna egin nahi dugu, egoera diagnostikatu eta atalez atal elkarlan profesionala eta elkarlaguntza areagotu.

Hirugarren helburua elkarte edo erakunde bezala antolatzea izango litzateke. Hau da, pedagogia musikalean ari garen irakasle euskaldunok, garen sektore profesional gisa, ditugun komunikazio eta arazo tekniko profesionalei aurre egiteko geure burua erakundetzen urratsak ematea.

Eta azkenik, Euskal Herri osoan eragina izango duen, bertan egokitutako eta musika irakaskuntzan gure egingo dugun gutxienekoen curriculuma erdietsiko duten lan taldeak martxan jartzea. Nolakoa izan behar du euskal hiritar musikalak? Galdera horri erantzuten hasi nahi dugu.



Curriculum horrek nolakoa izan behar duen aurreikusten al duzue?

Jose Inazio .- Curriculum horrek gutxieneko ezaugarri batzuk bildu beharko ditu, gutxieneko horiek Iparraldean, Nafarroan eta EAEn erabili ahal izateko moduak izan beharko dutelarik. Gero, Zuberoan Zuberoako berezitasunak eta erreferentziak indartuko dituzte, Nafarroan Goian eta Beherean ere gauza bera egingo dute eta besteok ere bai.



Eta gutxieneko horiek zein ildotatik abiatuko dira?

Jose Inazio .- Alde batetik, daukagun kultur aniztasuna, bestetik, lurraldetasunarekiko errespetua eta azkenik, musikaren irakaskuntza bera jaso beharko dute. Hori ere diseinatu beharra dugu, hots, alderdi tekniko-musikalean unibertsalak izango diren ezaugarri horiek. Ezin baikara sartu musika eta dantza eskolen zereginetan, ez kontserbatorioenetan ere. Baina aldi berean, gutxiengo horiek kontuan hartu beharko lituzkete guk eskoletan egiten duguna errepika ez dezaten.

Josean .- Euskaldun guztion curriculuma izan behar du. Gutxiengo batzuk izango ditu eta horren gainean norberak egingo ditu maila pertsonalean eta lekuko berezitasunen araberako moldaketak. Baina gutxiengo batzuk finkatu behar ditugu sagardotegian nafarrak, arabarrak eta zuberotarrak biltzen bagara sikiera abesti batzuk amankomunean edukitzeko eta kantatu ahal izateko.



Curriculum musikal hau euskal curriculum orokorrean txertatzen duzue, ezta?

Jose Inazio .- Bai, bai. Guk ez dugu ikusten musika osotasun bezala, irakaskuntzako atal bat bezala baizik. Norberaren bizi esperientzian eragina duena, baina atal bat. Beraz, ez dugu inolaz ere egiten kontserbatorioan egiten duten bezala musika abiapuntu eta bukaeratzat hartu.

"Euskal pedagogia eta curriculum musikalaren inguruan" topaketa lanean hasteko lehen urratsa izango da. Zer antolatu duzue topaketarako?

Josean .- Hitzaldiak eta elkarlana izango dira ardatz. Hitzaldietan gehienbat esperientzien berri emango da, oso esperientzia desberdinak eta leku desberdinetakoak berauek. Iparraldetik lau etorriko dira eta Nafarroako Aznarezen taldeko kide batek beraien lan egiteko modu bereziaren berri luzatuko digu.

Topaketa hauetara hurbiltzen den jendeari zera jakinarazi behar diogu: ez dutela konferentzia handi eta serioa entzungo, gutako batzuen esperientziak baizik. Agian oraingoan eserita dagoen norbait hurrengoan hitz egiten egongo da.

Jose Inazio .- Hitzaldiak goizean izango dira eta arratsaldean curriculuma eta musika irakaskuntzaren egoera izango dira hizpide. Bildutako pertsona guztiak taldetxotan banatuko ditugu eta talde bakoitzak galdera sorta bat erantzun beharko du ondoren amankomunean jartzeko. Kezkatzen gaituzten gaiak izango dira eztabaidagai: curriculumaren ezagutza eta erabilera, irakasleriaren heziketa, elkarrekiko komunikazioa eta berripapera, material didaktikoa...



Topaketarekin batera informazio bulegotxo bat ere irekitzekotan zarete. Zer aurrera diezagukezue horri buruz?

Amaia.- Pedagogia musikalaren inguruko informazio zerbitzua zabaldu nahi dugu. Oiartzungo Udal Liburutegian kokatuko da eta pedagogia musikaleko material guztia biltzea da gure asmoa, edonork jakin dezan zein material dagoen Haur Hezkuntzarako, Lehen Hezkuntzarako, DBHrako eta abar.

Alde batetik, argitaratuta dagoen materiala bilduko dugu eta bestetik, bakoitzak sortutako materiala ere bai. Aholkularitza zentroa ere izango da, eta irakasleon formakuntzarako interesgarria den material pedagogiko eta psikologikoa ere bilduko dugu.