IPAR HEGOA Fundazioa: Euskal eskolaren azken hogei urteak. MARTÍ, FelixI elkarrizketa

1998-05-01
Ipar Hegoa lan ikasketarako fundazioak antolatuta, "Euskal Eskolaren azken 20 urteak" topaketak izan ziren apirilaren 25ean Donostian. Elkartutako ehunen bat lagunek euskal hezkuntzan parte hartzen duten zenbait erakunde eta adituen hamabi txosten eztabaidatu zituzten. Irakaskuntzan euskarak eta eskolak izan duten bilakaera aztertu zuten.
 
 
Puntu asko izan ziren eztabaidagai eta besteen artean hauek jaso ditugu: zatiketa instituzionalak (EAE, Iparraldea, Nafarroa) sortzen dituen egoera ezberdinak, publikotasunaren ulermen desberdinak, ikasleek bizi dituzten hizkuntz egoera ezberdinetan eroso sentitzeko eskubidea, Euskal Herria bere osotasunean aztertu beharra hezkuntza eredu propioa lortu nahi bada, EHak kultura propioa edukiz bere Hezkuntza Sistema garatzeko duen eskubidea, ikastetxeen autonomiaren garrantzia, Iparraldean ematen ari den bilakaera, hizkuntz ereduen bilakaera, sindikalismoaren jokaera, jestio zibilaren bidez gure antolamendu propioa nola bideratu, bi komunitateen arteko liskarra nola ekiditu, aniztasuna nola ulertu, zentralismoa eta Herriaren arteko dikotomia nola gainditu, parte hartzearen garrantzia eta abar.

Ondoren, etorkizunerako helburu komunak landu ziren. Beste hainbat punturen artean lan komun horren ildo nagusiak hauexek izan ziren: hizkuntzaren ofizialtasuna Euskal Herri osoan (Nafarroan eta Iparraldean lortzeko daudenak), hizkuntz ereduen politika berri baten beharra, Eskola Publiko Berriaren ideian sakontzea, Hezkuntza Sistemak behar duen subiranotasuna, euskal curriculuma, testugintza eta formakuntza, bake bidean parte aktiboa hartzeko proposamenak, euskal lan harremanetarako esparrua eta ikuspegi beretsukoak bateratuta jokatzeko deia egitea.

Goiz osoan aritu ziren guraso, irakasle, ikasle, hezitzaile, politiko eta sindikalistak eztabaidan. Arratsaldean, berriz, Unescoko ordezkaria den Felix Martirekin aritu ziren solasean.



MARTÍ, Felix

UNESCOko Kataluniako zuzendaria, eta aldi berean, LINGUA PAX nazioarteko komiteko lehendakaria den Felix Marti, Ipar Hegoa fundazioak antolatu zuen topaketetan izan zen Donostian. Hik Hasik, Felixekin hitz egindakoa hemen agertzen dizue.



Zein da munduko hizkuntzen egoera?


Munduan 6.000 hizkuntza inguru daude eta horietatik erdia inguru galtzeko bidean dira. Hala ere, hizkuntzak babestu beharraren kontzientzia zabaltzen ari da.

Lehen, hizkuntz aniztasuna arazoa zela pentsatzen bazen ere, gaur egun gero eta zabalduago dago aberatsa dela. Mendeetan zehar hizkuntz nagusiak beste hizkuntzak desagertarazi behar zituela uste zen eta horrek ematen zien ospea.

Munduan zehar hizkuntz ibilbideak egiten ditudanean, hizkuntz gutxituak normalizatzeko ahalegina egiten ari direnen bakardade sentsazioa somatzen dut. Kolonialismo kulturalaren eraginez, kultura garrantzitsuak eta garrantzirik gabekoak zeudenaren ustea genuen. Bigarren hauek hiltzen baziren ere, ez zela kezkagarria, naturala eta zuzena baizik. Azken finean, kultura menperatzailean murgiltzeak balio zuen. Baina duela urte batzutatik hona haizeak aldatzen ari direla nabarmena da.



Zuek hizkuntzen defentsa egiten duzue. Zertan oinarritzen zarete?

Gure ikuspuntutik, hizkuntz guztiek dute duintasun maila berbera. Batzuk, teorian, ideia honekin ados agertzen badira ere, praktikan, hizkuntz batzuk besteak baino garrantzitsuagoak direla pentsatzen dute: ingelesa, alemana... Unescotik hizkuntz guztiak berdinak direla aldarrikatzen dugu eta ezin dela duintasuna hiztunen kopuruaren arabera sailkatu.

Hizkuntz aniztasuna gizateriaren historian ekoiztu den onena, ederrena, landuena dela pentsatzen dugu. Hortik, aniztasunari egiten zaion edozein eraso gizateriaren ondare garrantzitsuenari egiten zaion erasoa izatea, denoi defendatzea eta babestea dagokiguna.

Honekin guztiarekin, ezinbestekoa da hizkuntz guztiek behar duten antolaketa politiko, juridiko eta ekonomikoa bermatzea bizirik jarrai dezaten.



Hizkuntzekiko jarrera aldaketa somatzen dela esan al daiteke?

Gaur egun, aniztasun kulturalak du prestigioa eta ez zapalkuntza kulturak. Erabateko pentsaera aldaketa ematen ari da. Espainian aldaketa hau somatzen hasi da. Frantzian gehiago kostatzen ari dela uste dut. Dena den, gaurkoz, kolonialismo kulturala oso nabarmena da bi estatuetan. Eta kontuan hartu behar dugu estatuek ez dutela, berez, orain arte izan duten jarrera aldatuko. Guk geure lanarekin aldarazten joan beharko dugu; Lan politiko eta ideologikoan aktiboak izanda, mobilizazioa erabiliz, eta beti umore ona mantenduz, ahal baldin bada.



Eleaniztasuna gustukoa duzue. Zer dela eta?

Garapen psikologiko batetik hizkuntz ezberdinen ikasketa egokia da. Eleaniztasuna baldintza egokiak ematen badira oso beharrezkoa da etorkizunera begira adin txikiko haurrentzat.

Haurrak konturatu behar du era bat baino gehiago dagoela bizitzeko eta interpretatzeko, eta hizkuntz aniztasunaz jabetu behar du munduko konplexutasuna ulertzeko.

Lehen, hizkuntz batekin bizitzea posible bazen, gaur egun hau ezinezkoa da. Ordu gutxitan, hizkuntz eta kultura ezberdina duen jendearekin topo egiten dugu eta beraien hizkuntza, kultura, pentsakera eta erlijio ezberdinak ulertzeko edo gerturatze bat egoteko beharrezkoa da eleanitzak izatea.



Nola ikusten duzu Euskal Herriko hezkuntza?

Hezkuntzan egiten ari zareten lana oso garrantzitsua da. Euskal Herriko eskoletan, publikoan zein pribatuan, lanean ari zaretenen arteko gaurko elkarlana ikusteak poz handia eman dit. Elkartze hau urtean behin behintzat egin beharko zenukete.

Euskal hizkuntza eta kultura bultzatzen ari zaretenok itxaropena eta etorkizunaren ilusioa ordezkatzen duzue. Hil zorian egon zen hizkuntza, eta gaur egun beharbada zauri handiak izango dituen hizkuntza bada ere, zuen prestakuntza, lana eta adimenarekin dauzkazuen arazoak bideratzen jakingo dituzuela uste dut.



Hizkuntza eta kultura zapaltzea munduko arazoen iturri nagusia omen da.

Hizkuntz bakea ezinbestekoa da bake politikoa lortzeko. Komunitate bat hizkuntza aldetik lasai eta menperatu gabe sentitzen denean ez dago biolentziarik. Komunitate bat hizkuntza mailan erasotuta sentitzen denean, aldiz, biolentzia sortzen da. Eta munduan, gaur egun ematen diren herri-biolentzia gehienak hortik datoz, herri hori bere lurrean seguru sentitzen ez delako.

Gosea, hezkuntza, etxebizitza... alorrak asetu gabe badaude segurtasuna zalantzan egongo da. Hizkuntza eta kulturan ere segurtasuna sentitu behar da. Herri bezala kontsideratuta gaudela eta ez dutela gurekin bukatu nahi sentitzen badugu, lasai aurkituko gara. Baina, horrela gertatzen ez bada, biolentzia ager daiteke.

Unescoren ustez, komunitate kulturalak lasai egon daitezen, estatuek errespetuzko neurri zuzenak hartu eta baldintza politiko, juridiko, ekonomiko eta sozial egokiak eraiki beharko lituzkete.



Nola aurreikusten duzu etorkizuna?

Mundu Bankua, Nazioarteko Moneta Fondoa eta Merkataritza Mundu Erakundeak agintzen dute munduan, eta gure ustez beste antolaketa arrazionalagoa behar dugu. Herri naturaletako munduko ordezkariek agintari ekonomikoen gainetik egon beharko lukete. Gaur egun, munduan aberastasun gehiago dagoela egia bada ere, gutxi batzuk kontrolatzen dute aberastasuna eta munduko gehiengoa geroz eta txiroagoa da. Europa eta Ipar Ameriketan ere bai.

Mundua politika mailan beste era batean antolatzen ari da. Estatuak pixkanaka desagertzen joango dira eta hizkuntz eta kultura komunitate naturalak izango dira antolaketa berriaren zutabe. Antolaketa berrian hiru maila aurreikusten ditugu: gizabanakoa, kultur komunitate naturala eta botere unibertsala.

Bestalde, Herri zapalduek kultura oso sustraitua badute, bizirauteko autoeraketa izugarria dute. Euskal Herriko kasua horietako bat da. Eta aurrera begira, 50 urte barru edo, euskara Europa eta mundu zabaleko zenbait ikasleek ikasi nahiko duten hizkuntza izango da. Hain hizkuntz aberatsa, zaharra... humanitateak galdu ezin duen altxorra da.