OIARBIDE, Josi; ZABALA, Xabier: Haur-jolasen abestiak:

1997-11-01
HIK HASIn "Haur-jolasen abestiak" izeneko kaseta eta konpak diska kaleratzear gaude. Bai, euskaraz jolasteko abestien hutsunea zegoela ikusirik, gabezia hori betetzea izan da gure nahia. 22 abestiz osatutako lan hau aurrera ateratzeko Josi Oiarbide eta Xabier Zabala Donostiako Ekintza ikastolako irakasleen laguntza ezinbestekoa izan zaigu. Hasiera-hasieratik buru-belarri ibili dira musikan eta abesti munduan iaioak diren hauek, eta lan berri honen emaitzak ezezik, hasierako asmoak, helburuak eta prozesu osoa ezagutu nahi izan ditugu beraien ahotatik.
 
 
Nola sortu zen kaseta kaleratzeko ideia? Zer behar ikusi zenuten?

Josi Oiarbide.- Jolastokietako jolasetan haurrek erdaraz abesten dutela ikusten genuen eta euskarazko abestirik ez zekitela. Euskarazko abestien hutsune handia zegoela ikusi genuen eta orduan planteatu genuen ideia hau. HIK HASI proiektuaren barruan, aldizkariaz gain euskal irakaskuntzaren alorreko hutsuneak eta beharrak asetzen saiatzen gara, eta erronka honi heltzea erabaki genuen.



Ideia argi zeneukaten; euskaraz jolasteko abestiak biltzea. Baina nola hasi lan horrekin? Abiapunturik ba al zenuten?

Josi.- Magisteritza ikasi nuenean Martin Irizar eta biok lan bat egin genuen Imanol Urbieta irakasle genuelarik eta lan hori izan da gure abiapuntua hasiera batean. Azkuek bildutako lanetan oinarrituz egin behar genuen zerbait. Guk jolas tradizionalak bildu eta horiek plazaratzeko abestiak asmatu genituen. Soka saltorako, arrobarako eta beste hainbat jolas herrikoietarako moduko abestiak sortzen saiatu ginen.

Orain, zinta ateratzeko hitzak moldatu egin ditugu eta zenbait ikastetxetan ere egon gara beste abesti batzuk jasotzen. Zonalde bakoitzean modu desberdinez abesten da eta jendeak guri bidali eta ezagutzea gustatuko litzaiguke.

Dagoeneko, badugu beste zinta batzuk ateratzeko adina material eta eduki. Hala ere, ahal den guztia jasotzea nahiko genuke.



Hori hitzei dagokienez, baina musika?

Josi.- Horretan Xabier aritu da. Berak sortu edo moldatu ditu abesti guztiak.

Xabier Zabala.- Nire lana hitzak hartu, musikatu eta moldaketak egitea izan da. Moldaketak Martin Irizarrek sortutako zazpi abestiei egin dizkiet bereziki, gainontzekoak nik sortutakoak baitira. Doinu alaiak egiten saiatu naiz eta hori zintak hartu duen erritmoan eta bizitasunean nabari da.

Abesti gehienak soka saltoan ibiltzekoak dira. Zer dela eta?

Josi.- Gehienak ez. Guztira sei dira jolas honi dedikatutakoak. Kantu hauek, bestalde, gomatan eta txalo-jolasetan ere erabiltzeko modukoak dira.

Soka saltoa asko erabiltzen da eta hutsune handia ikusten genuen. Nik, adibidez, "Saltoka saltoka" eta "Aita, ama, zenbat urtekin ezkonduko naiz" soilik ezagutzen nituen.

Xabier.- Gainera, kaseteko soka saltorako abesti guztiak ez dira berdinak: bat txalupa edo olatua bezala jolasteko, beste bat taldeka aritzeko, bestea banaka sartzekoa, zapia hartzearena eta abar.



Guztira 22 abesti bildu eta prestatu dituzue. Eta kaseta ateratzeko, abestu ere bai, noski. Nortzuk dira abesten duten haurrak?

Xabier.- Euskal Herriko bost ikastetxetako haurrek hartu dute parte grabaketan.

HIK HASI proiektuaren sorreratik parte hartu duten zenbait irakaslerekin egon gara harremanetan eta ideia ona iruditzen zitzaienez beraiek hartu dute parte zuzenean. Zarauzko Salbatore Mitxelenako Josu Txapartegi, Iurretako Herri Eskolako Kristina Mardaraz, Donibane Lohizuneko Ikastolako Itziar Barriola eta Donostiako Ekintzako Josi Oiarbideren izan dira irakasle horiek. Nafarroan hutsunea genuen eta arlo honetan esperientzia duen Andoni Sagastibeltzarengana jo genuen, proiektuan buru belarri murgildu delarik.

Oraingo honetan hauek arduratu dira haurrak prestatzeaz. Aurrera begira eta gure asmoa betetzen bada, beste zinta batzuk jarraituko diote honi. Horietarako ikastetxe berrien partehartzea nahiko genuke.



Konta ezazue zertxobait gehiago grabazioari buruz. Nola joan den, nortzuk aritu zareten eta abar.

Xabier.- Musika eta abestiak grabatu ondoren, jolasak esplikatzeko moduko gidoia prestatu genuen. Horretarako egoki ikusi genuen "Takolo, Pirritx eta Porrotx" pailazoekin kontatzea. Hasiera-hasieratik oso ideia ona iruditu zitzaion Joxemari Agirretxeri (Porrotx) eta honek asko lagundu digu jolasen arteko lotura eta adierazpenak emateko. Hauekin batera 2 eta 10 urte bitarteko haur taldea aritu da grabazio lanetan.

Bukatzeko, eta jolasak ahalik eta garbien adierazteko Lasarte-Oriako Ikastola Publikoko haur talde bati atera dizkiegu argazkiak. Abestien hitzek, azalpen laburrek eta argazkiek zintan eta CDan joango den koadernotxoa osatzen dute.



Aipatu duzuen bezala abesti hauek hutsune bat betetzeko sortu dituzue, baina horretarako ikasi egin behar dira. Irakasleon bultzada beharrezkoa ikusten al duzue haurrek abesti horiek ikas ditzaten?

Josi.- Bai, noski. Irakasleon lana da abesti horiek haurrei irakastea. Jolastokian daudenean ere euskaraz jolas dezaten lagundu behar diegu.

Xabier.- Eta ez irakasleok bakarrik. Gurasoentzat ere erabilgarria da kaseta. Adibidez, arraultzaren jokoa betidanik ikasi dute haurrek, baina musikarik gabe. Orain, berriz, gurasoentzat abestea errazagoa izango da esatea baino. Eta zabu edo kulunpioetan ere berdin. Denon zeregina da abesti horiek ikasi eta erabiltzea.



Lehen Imanol Urbietarekin ibiliak zaudetela aipatu duzue. Denok ezagutzen dugu haurren eta musikaren munduan egin duen lana. Nola baloratzen duzue zuek egindakoa?

Josi.- Ni bere ikasle izan nintzen Magisteritza egin nuenean eta berak sartu ninduen mundu honetan. Argi dago gaur egun historikoki bera izan dela musika arloan haurren munduan sartu dena eta jarraitzen duena. Ibilbide osoan eta azken bi hamarkadan egin dituzten abesti eta material didaktikoak ere horren lekuko dira.

Horregatik, lan hau bere omenez burutu dugu, egin duen guztiagatik eta egiten ari denagatik. Bai Imanol bera eta baita Xirula Mirulan berarekin dauden guztiak.

Xabier.- Nik Zarautzen ezagutu nuen Imanol eta bera bertakoa izanik lehen pausoak herrian eman zituen. Guraso guztiek haurrak berarengana bidaltzen zituzten. Herri mailan bera izan zen musika arloko motor nagusia.

Josi.- Aipatu bezala Imanolen omenez egin dugu lan hau, eta Martin Irizar zena ere gogoan hartu nahi izan dugu, bion artean egin baikenuen Magisteritzako abesti bilduma hura.



Musika gora eta musika behera ari gara, bai zuek eta bai Xirula Mirulak kanpora begira egin dituzuen lanetaz. Baina gela barruan, nolakoa da musikako ikasgaia?

Xabier.- Egia esan, bateratu gabe dago eta ez da beste irakasgaiak bezala ikusten. Gurasoek haurrek zer moduz pasatzen duten galdetzen dute eta ez zenbat ikasi duten. Lehenengo gauza ongi pasatzea da, eta horrez gain zerbait ikasten badute, hobe. Gertatzen dena da musikari eta irakasle bezala irakastea nahi duzula.

Hala ere, denok dakigu musika irakasteko modurik onena klase indibidualak ematea dela, batez ere instrumentuak jotzen ikasteko. Baina 25-30 ikaslerekin baldin bazaude, irudimena da tresna.



Adinaren arabera musika klaseak nola mailakatzen dituzue?

Xabier.- Egia da oso desberdina dela Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzako 1. mailan edo DBHko 2. mailan irakastea. Txikiekin erritmoa lantzen da batez ere. Abestiak irakasten dira, baina arlo desberdinak lantzeko aukera ematen dutenak. Abididez erritmoa, entonazioa, entzumena eta abar. Horregatik da garrantzitsua irudimena.

Lehen Hezkuntzako 3. mailan txirula irakasten hasten gara. Horretarako solfeoa jakin behar da, baina guk praktikoki azaltzen dugu, ez teorikoki. Beharren arabera esplikatzen dugu jakin behar duten solfeo hori.



Txirulaz gain, beste instrumenturik jotzen irakasten al duzue?

Xabier.- Bai. Txikiekin perkusio instrumentu guztiak erabiltzen ditugu, bai soinu zehatzekoak eta baita ez-zehatzekoak ere: danborra, xilofonoa, panderoa, klabeak, txinatar kaxa... eta gorputza ere bai: txaloak, kolpeak...

3. mailan txirularekin hasten gara eta 4. eta 5. mailan ere horrekin jarraitzen dugu. 6. mailan, berriz, kitarrarekin hasten gara.

Azken finean, hiru instrumentu familia ukitzen ditugu: perkusioa, haizezkoak eta sokazkoak.



Musika tresnak jotzen irakasteko zein material erabiltzen duzue?

Xabier.- Alde batetik betidaniko euskal abestiak irakasten dizkiegu, motibazio aldetik erantzun ona izan dutenak. Eta bestetik gaur egun entzuten direnak. Adibidez Sorotan Beleren "Arratsalde honetan" oso gustura ikasten dute.

Abesti hauek guztiak liburuska batean bildurik dauzkat nik eta errazenetik zailenetara sailkatuta. Hau da, lehenengo "si", "la" eta "sol" notekin jo daitezkeenak, ondoren "re" eta "do" gehitzen zaizkienak eta abar.



Abestiak eta musika instrumentuekin batera dantzak lantzen al dira?

Josi.- Egia esan asko ez. Herri askotan daude dantza taldeak eta eskolaz kanpoko orduetan joan ohi dira bertara. Eskolan ez da lantzen, ez. Mundu horretan sartzeko lagungarri gerta daitezke Xirula-Mirula taldeak ateratako bideoak.

Euskal Herriko errealitatea izanik eta folklorean izan duen eragina ikusirik, ikasleek ez al dute dantza batzuk jakinda irten behar eskolatik?

Josi.- Eskolaren inguruneak eragin handia du horretan. Hirigunetan esaterako, ez da erromeriarik izaten eta ikasleek ez dute dantza giro hori ezagutzen. Herrietan egoera desberdina da, eta beharbada...



Dantza bezalaxe, asko solfeoa eta musika instrumentuak ikastera joaten dira musika eskolara edo kontserbatoriora. Ondorioz gela barruan musikaz dakitenak eta ezer ere ez dakitenak elkartuko dira. Zer eragin du horrek musika klasea ematerakoan?

Xabier.- Egia da izugarrizko desberdintasunak daudela. Baina lehen esan dudan bezala, eskolan irakatsi baino gehiago motibatu egin behar da. Azken finean, zu abesti batekin joaten zara gelara eta ikasleak etxera joan, kitarra hartu eta abestea lortu behar duzu.



Motibazioa da giltza, beraz. Baina zenbait adinetan hori lortzea zailagoa izango da.

Xabier.- Bai, askotan 12-13 urtekin ez dute nahi izaten. 16 urtekin, berriz, Kilometroak, Nafarroa Oinez eta antzeko jaialdietara joaten dira elkarrekin eta norbaitek kitarra joz ondo pasatzen dutenez, partiturak eskatuz etortzen dira.



Musika ikasgai bezala garatu dela uste al duzue?

Josi.- Beno, ikastetxetan erregistratua dago. Lehen ikastetxe batzuetan irakasten zen eta beste batzuetan ez. Erregistratu eta legislazioan sartu aurretik eskola bakoitzaren arabera zegoen musikako klaseak ematea. Guk, adibidez, betidanik izan ditugu musikako bi irakasle.

Xabier.- Musikari ematen zaion garrantziaren arabera zegoen. Musikariok beti ematen diogu garrantzia gure gaia delako, baina denek ez dute gauza bera pentsatzen. Baina zorionez, eta gutxienez, ikasgai bezala irakasten da gaur egun.