TAFALLAko ikastola, Tafalla: Irakurketa-idazketa konstruktibismoaren ikuspegitik

1997-02-01
Duela urte batzuk irakurketa-idazketaren inguruan kezkak sortzen hasi zitzaizkigun. Ordura arte ez genuen Haur Hezkuntzako lan bezala ikusten, eta oso gutxi egiten genuen horren inguruan. Baina gero eta nabarmenagoa zen haur batzuek irakurketaren grina oso sartuta zutela eta nolabaiteko laguntza eskatzen zigutela prozesu hau garatzeko.
 
 
Egoera honek bultzatuta, zenbait esperientzia ezagutzera jo genuen, eta baita informazio desberdina lortzera ere, eta pixkanaka martxan jarri ginen. Gurasoen laguntza handia izan genuen materiala prestatzeko eta beste gauza batzuen artean honako hauek prestatu genituen:

- gela bakoitzean fanelograma bat, hizki guztiekin osatua

- haurtxoa metodoaren gai bakoitzari zegokion hiztegi bat

- oka joko handi bat txokoen izenekin

- txotxongilo batzuk, helburu hirukoitzarekin;

- haurrak entretenitzea

- euskara lantzea

- irakurketa-idazketa lantzea, txotxongilo hauen izenak hizki guztiak zituztelarik.

Egia da honekin guztiarekin haurrak aurrera zihoazela; 5 urterekin gelako haurren izen guztiak zekizkiten, txokoen izenak eta txotxongiloenak. Baina hala ere, zerbaiten faltan somatzen genuen, batez ere, idazketari zegokionean.

Duela hiru urte Tafallako CAPek antolatutako mintegi batean Miriam Nemirovsky ezagutu genuen eta gure lana osatzeko benetako laguntza izan da. Berari esker bi gauza garrantzitsutaz ohartu gara:

- Irakurketa-idazketaren inguruan haurrek beren teoria propioak eraikitzen dituztela. Beraz, guk hurbildu behar dugula haien ikaste prozesua ezagutzera, gero lagundu ahal izateko.

- Irakurtzen eta idazten irakurriz eta idatziz ikasten dela.

Prozesu hau garatzeko haurrak inguruan dituen material desberdinetaz baliatuko gara, hau da, testu mota desberdinetaz: ipuinak, komikiak, egunkariak, iragarkiak, errezetak...

Testu mota hauek gelan oso emaitza onekin erabiltzen ditugu. Izen nagusiaren inguruan egiten dugun lana ere pixkanaka hobetzen eta osatzen ari gara.

Topaketetan parte hartzera gonbidatuak izan ginenean, egindako guztia azaltzea ezinezkoa zela konturatu ginen, eta aukeraketa bat egin behar genuela. Horrela, izen nagusia eta ipuinaren inguruan egindako ariketak azalduko ditugu.



Izen nagusia

- Haien gauzak edo haiek egindako gauzak bereizteko norberaren izenak duen garrantzia ezagutzen dute.

- Taldeko partaideen izenen arteko konparaketak egiten dituzte eta gauza askotaz konturatzen dira:

- izen berdinak berdin idazten dira.

- izen desberdinak desberdin idazten dira.

- izen luzeak eta motzak daude.

- izen desberdinak hizki berarekin hasi edo buka daitezke.

- hizki berak ordena diferentean izen desberdinetan ager daitezke.

- Izenaren inguruan lan asko egiten dugu, batez ere idazketa sistemaren azterketaren inguruan.

- Haurrari hasieratik, hau da, 3 urtetatik, eskatzen diogu berak egindako lanetan izena jartzeko, bestela ez baitugu jakingo norena den. Idazketari, kasu honetan izenaren idazketari, bat ematen saiatzen gara.

Ondorengo ariketa honetan ikusten da 3 urteko bi haurren prozesu hiru hilabetetan zehar.

Haur Hezkuntzako 1. mailan egunero bakoitzak bere txartela hartzen du. Txartel honetan umearen argazkia eta izena daude. Bakoitzak berea dagokion tokian jarriko du, hau da, beste eredu baten gainean. Honen funtzioa: horrela badakigu nor ez den etorri.

Horrez gain, gelako gauzak izenarekin daude; ipuinak, atea, liburutegia, etxea... Gakoetan ere bakoitzak bere izena dauka. Hemen inongo marrazki edo bestelako laguntza grafikorik gabe.

HHko 2. eta 3. mailetan ariketa desberdinak egiten ditugu:

- Ardura txartela: egunero 5 haur gelako lan desberdinetaz arduratuko dira.

- Izenen bingoa: gelako izenak ikasteko oso lagungarria da.

- Egunero, falta diren haurren izenak arbelan jarriko dituzte.

- Izenen analisia eta konparaketa:

- izen luzeak eta motzak sailkatu.

- lehenengo hizkia berdina dutenen sailkapena.

- azkeneko hizkiarekin berdin.

- lehenengoa eta azkenengoa berdina dutenak.

- izen nagusiaren aldaketak, mozketak...

- Norberaren izena bezala hasten diren hitzen bilaketa.

- Izen idatzi bat asmatzea, pistak emanez.

Lan honen balorazioa oso positiboa da. Haurrek oso gustukoa dute beraien eta lagunen izenekin jolastea eta honekin irakurketa-idazketa prozesuan asko aurreratzen dute.



Ipuinaren inguruko lana

Gure ikastolako haur gehienak gaztelera dute ama hizkuntza. Beraz, 3 urterekin etortzen direnean, gehienentzat euskararekin duten lehen kontaktua da. Hau izan da, ariketa hau egiterakoan haientzat oso ezaguna zen ipuin bat aukeratzeko arrazoi nagusia. Lan hau Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako 1. mailan egin genuen. Aukeratu genuen ipuina Txanogorritxo izan zen eta jarraitutako pausoak kontatuko ditugu:

1. Gelan genuen Txanogorritxo ipuina kontatu genuen.

2. Etxean zituzten bertsio guztiak ekartzeko eskatu genien.

3. Liburutegian egon ginen han zegoen ipuina hartu eta irakurtzen.

4. Bertsio desberdinak irakurtzen egun batzuk pasa ondoren, bi aukeratu genituen haiekin lana egiteko.

5. Aukeratutako bi ipuinak irakurri genituen eta ondoren, irakasleak arbelan idatziz, denon artean haien arteko desberdintasunak eta berdinatasunak atera genituen.

Lehenengo bertsioa

- Amona zorabiatzen da.

- Ehiztariak daude.

- Otsoa hiltzen dute.

- Otsoak "Maitetxu" dio Txanogorritxori.

- Otsoak ez zuen katarrorik.

- Txanogorritxok amonari lorak eramaten dizkio.

Bigarren bertsioa

- Amona armairuan ezkutatzen da.

- Egurgileak daude.

- Ez dute otsoa hiltzen.

- Otsoak katarroa zeukan.

- Txanogorritxok amonari ez dio lorerik eramaten.

Berdintasunak

- Otsoa iritsi zen lehenengo.

- Txanogorritxo bide luzeenetatik doa.

- Otsoa amonarekin ohean sartzen da.

- Otsoa eta Txanogorritxo basoan zehar doaz.

- Amona gaixorik dago.

- Denek hitzegiten dute.

6. Hurrengo eta azkeneko pausoa zera izan zen; bakoitzak bere bertsioa idaztea. Lan honetan emaitza desberdinak izan ziren.

Haur Hezkuntzako 1. mailan haur gehienek marrazkien bidez adierazi zuten kontatu nahi zutena. Ondoren irakasleak idazten zuen haurrak kontatzen ziona.

Haur Hezkuntzako 2. mailan saiatu ziren idazten, ez zuten marrazkirik egin. Hala ere, asko kexatu ziren idazten ez zekitela esanez. Hau ikusirik, irakasleak zera proposatu zien: konforme gelditu ez zirenez, haur helduago batzuengana jotzea laguntza eske. Horrela, 4. mailako haurrak etorri ziren eta txiki bakoitzak handiago bat aukeratu zuen bere tutore gisa. Honek, txikiak kontatzen zion ipuina idatzi zuen. Oso esperientzia polita eta aberasgarria izan zen denontzat.

Lehen Hezkuntzako 1. mailan, Txanogorritxo ipuinarekin lan bera egin ondoren, bakoitzak bere bertsioa idatzi zuen, eta ondoren, bilduma bat osatu zen gelako liburutegirako. Esan behar dugu, haurrek ez zutela egun berean bukatu bakoitzaren lana, baizik eta egun batzuetan zehar. Honek aukera eman zien berrirakurtzeko, zuzentzeko, aldatzeko...

Ariketa hau oso interesgaria izan zen arrazoi ugarirengatik, baina bat azpimarratuko genuke: nolabait haurrak konturatzea literatur mundua oso zabala dela, ipuin berdina, kasu honetan Txanogorritxo, modu askotara idatz daitekela eta haiek ere gai direla haien ipuina idazteko.

Ipuinaren inguruan egindako beste ariketa bat hauxe izan zen:

- Haurrak banaka hartu genituen eta guk esandako hitzak idazteko eskatu genien. Esandako hitz guztiak ipuinen ingurukoak izan ziren. Hitz hauen idazketak oso ondo azaltzen digu irakurketa-idazketa prozesuan zein mailatan dagoen ume bakoitza.