DOBH, EAEko ertainetako erreforma

1997-02-01
Hemendik aurrera DOBH asko ikusi eta entzungo dugun kontzeptua izango da. Derrigorrezkoaren Ondoko Bigarren Hezkuntza, alegia. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikastetxe, sindikatu eta Guraso Elkarteei ikasketa ertainetako erreformaren planifikazioa luzatu die. Orain, aztertzeko, eztabaidatzeko eta proposamenak egiteko unea da. Talde bakoitzak esatekorik baduela ikusi dugu, eta iritzi horiek bildu ditugu.
 
 
Hezkuntza Sailak egin duen proposamena ez da mapa eskolarra izan, planifikazio bat baizik. Horixe da, hasiera-hasieratik Alfonso Unzetak, Hezkuntza sailburuordeak, argitu diguna. DBHren erreformarako mapa egin zen, egituralki zentroak aldatu egiten zirelako (elkartu, fusionatu, desagertu...). Mapa horretan oinarrituta egituratu ziren Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza. Eta Derrigorrezkoaren Ondorengoa ere Hezkuntza Sistema horri loturik dago. "Ikasketa ertainak eskaintzen dituzten zentroak hor daude, eta ez dira desagertuko. Zehaztu behar dena ikastetxe bakoitzak zer eskainiko duen da" dio Alfonso Unzetak. "Horregatik, egin duguna ez da mapa bat, planifikazio bat baizik".


Planifikazio hau egiteko lehen pausoak iazko ekainean eman ziren. Ikastetxe guztietako zuzendariak Lakuan bildu ziren eta txosten bat eman zitzaiela esan digu Alfonsok. "Bertan planifikazio hau egiteko erabili genituen irizpideak azaltzen ziren. Ondoren, ikastetxe bakoitzak aztertu zuen planifikazioa, batzuek klaustroak eginez, beste batzuek ez. Barruko funtzionamendua bakoitzaren araberakoa izan da". Azaroan berriro bildu ziren, eta Hezkuntza Sailak bere asmoa azaldu zien. Hirugarren bilera abenduan egin zen, eta urtarrilean proposamen trinkoa aurkeztu, ikastetxe, sindikatu eta gurasoei igorri zaiena.





Zer noizko


Planifikazio honen proposamenean Batxilergoa eta Lanbide Heziketako ikasketen aldaketa zehazten da. Gaur egungo BBB, UBI eta LHren ordez, Batxilergoa eta Heziketa Zikloak izango ditugu. Batxilergoaren lehen ikasturtea datorren kurtsoan ezarriko da, 97/98an. Eta 98/99rako bi kurtsoak ezarrita izango dira. Hala ere, 2.BBBko ikaskeek sistema zaharrean jarraitzeko aukera izango dute.


Lanbide Heziketari dagokionez, 97/98 ikasturterako zentroen %30a erreformara egokitua egongo da. Dena dela, dagoeneko ikasketa horiek egiten ari direnek, sistema zaharrean jarraitzeko aukera izanen dute.


Hau guztia ikastetxe publikoen kasuan emango da. Baina, Alfonsoren hitzetan, ikastetxe pribatuetan ere %90 inguruak bere ikasketak eraldatuko ditu.


Batxilergoan bi urteko iraupena izango duten lau ikasketa eredu egongo dira aukeran sistema berriarekin: Natur eta Osasun Zientziak, Humanitate eta Gizarte Zientziak, Teknologikoa eta Artistikoa. Heziketa Zikloei dagokienez, berriz, erdi eta goi mailakoak bereizten dira, biak ere bi urtekoak. Arloka antolatuko dira, eta arlo bakoitzean titulazio espezifikoak egongo dira. Adibidez, Fabrikazio Mekanikoa arlo bat izan daiteke, eta horren barnean titulazio desberdinak egongo dira: Soldadura eta Galdaragintza, Galdaketa eta Pulbimetalurgia bidezko produkzioa... Oraingoz 20 familia aurrikusi dira, eta ondorengo taulan lurralde bakoitzean nola banatuko diren ikus daiteke.


Sistema berriarekin, ikastetxe bakoitzak bi modalitate edukiko ditu batxilergoaren kasuan. Horrez gain, institutu zaharretan, gutxienez Erdi eta Goi Mailako Heziketa ziklo bana egongo da. Oraingo Lanbide Heziketako zentroetan, berriz, zikloetako aukera zabalagoa izango da. "Zentro hauez gain, legeak Lanbide Heziketako Goi Mailako institutuak sortzeko aukera ematen du. Hauetan Goi Mailako Heziketa Zikloak eta Goi Mailako Lanbide Heziketa egongo dira". Enpresa, diputazioa eta beste zenbait erakunderekin hitzartutako ikastaro ez aratuak ere badaude gaur egun zenbait zentrotan. Aurrerantzean, Goi Mailako 40 zentrok izango dute ikastaro horiek eskaintzeko lehentasuna.


Heziketa Zikloen kasuan, aukera zabala izango da, eta zentro bakoitzean titulazio jakin batzuk eskainiko dira. Alde horretatik, eskaintza hori definitzeko garaian, ikastetxe pribatuak ere kontuan hartzen ari direla dio Alfonsok. "Bi planifikazioak erlazionatzen saiatzen ari gara. Bestela, praktikak egiterako orduan sortuko dira arazo handienak. Ziklo bakoitzean praktikak egin behar direnez, ingurune horretan zein enpresa dauden kontuan hartu behar da. Ezin da ziklo bat eskaini gero lan munduan txertatzeko aukerarik ez baldin badu". Publiko eta pribatuen eskaintza orekatzean dago gakoa, baina hala ere arazo guztiak ez dira desagertzen. Zenbait kasutan osagarritasuna bilatzen da, baina beste zenbaitetan akordiotara iristeko modurik ez dago.





Eredu bipolarra: A eta D


Gaur egun, 3-16 urte bitartean A, B eta D ereduak daude, baina 16-18 urteko ertaineko ikasketetarako eredu bipolarra planteatzen du Hezkuntza Sailak. Proposatzen duen eskaintza hurrengo tauletan zehazten da.


Alfonsok dioenez, "hemendik urte batzutara 3-16 urteko sistema bipolarra izango da, A eta D eredukoa, B gutxitzen baitoa, eskola publikoan, bederen. Gure planteamendua, ordea, bipolarizazio hau eten eta sistema mistoa sortzea da. Horrela, ikasle bakoitzak bere asignaturak aukeratuko lituzke nahi duen hizkuntzan". Dena dela, biporalizazioa etetea zaila dela dio, baina horregatik planteatu dutela B eredua kentzea Ertainetan.


Hizkuntzaren planteamenduarekin oso lotuta dago irakasleriaren prestakuntza. Irakasle euskaldunen defizitak eredu hori ez ote duen baldintzatu galdetu diogunean, defizit horri erantzun zehatza eman zaiola erantzun digu Alfonsok: "DBHn ditugun irakasle euskaldun asko ordezkoak dira. Gure plantilan perfil hori duten irakasleak ez daude, baina guk erantzuna eman dugu ordezko Hizkuntz Eskakizunaren 2. maila duten irakasleak jarriz. Egia da, euskalduntze prozesua askoz ere aurreratuagoa dagoela Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan Derrigorrezkoaren Ondoko Bigarren Hezkuntzan baino. Horregatik, guk neurri batzuk hartu ditugu. IRALE sistema osoa DOBHra irauliko da hemendik aurrera". Epe laburrera ondorioak ikusiko direla baiezten du Alfonsok.


Horrez gain, gaur egungo Batxilergoan eta Lanbide Heziketan A ereduan irakasten duten HE2dun irakasle asko daudela gaineratu du. Hauek legez ez daude klaseak euskaraz ematera behartuak. Baina abenduan adskripzio prozesuarekin hastean horiek hor agertuko direla dio.


Heziketa Zikloetan ikasgaiak espezializatuagoak dira eta euskara bermatzea zailagoa izango da. Baina, printzipioz, hori lortzea da asmoa.


Erronka bi urte barru datorrela dio Alfonsok, DBHko lehen promozioa heltzen denean. Bitartean, bi urte daudela prestatzeko, eta horretan dihardutela.





Prestakuntza profesionala


Hizkuntzaren prestakuntzarekin batera, irakasleriak irakasgai berriak emateko prestatu behar du. Horretarako prestakuntza plan bat burutuko da hiru pausotan:


- 20 orduko ikastaroak eskainiko dira zentro bakoitzean erreformak dakarrena azaltzeko.


- 100 orduko ikastaroak antolatuko dira espezialitate bakoitzeko pertsona konkretuentzat.


- 300 orduko ikastaro bat eskainiko zaie 60 pertsonei. Ikastaro hau zentro guztietan amankomuna izango den FOL deituriko ikasgaia prestatzeko izango da.


Batxilergoari dagokionez, berriz, Hezkuntza Saileko arduradunak astebete pasako dute zentro bakoitzean. Arratsaldez, mintegiz-mintegi eta espezialitatez-espezialitate erreformaren aldaketak azalduko dituzte astebete horretan.


Prestakuntza ikastaro hauek otsailaren erdian hasi eta maiatzera arte iraungo dute.


Horrela, datorren ikasturtean Batxilergoan lehen ikasturte berria ezarrita egongo da, eta Heziketa Ziklo batzuk ere bai, DOBHko planifikazio honen arabera. Dena dela, gauzak ez daude hain argi guztientzat. Zehaztu, aldatu, baloratu eta kontuan hartu beharreko puntuak daude Sindikatu eta Guraso Elkarteen ustez. Beraien iritziak, planteamenduak eta kritikak azaldu dituzte.








IRITZIAK





Guraso Elkarteak


EIZAGIRRE, Ana


DOBHko mapak iaz DBHrako egindakoaren jarraipena izan behar du. Batxilergoen, Heziketa Zikloen eta Berma Sozialaren zehazpenarekin, etapa ezberdinen eta mugatu gabe jarraitzen duen Haur Hezkuntzaren zehazpen prozesua itxiko litzateke.


Horregatik, hezkuntza eskaintza zabal baten beharra planteatzen jarraitzen dugu, guraso zein ikasleek beraien aukera askatasun osoz egin dezaten.


Gainerako etapetan bezala, DOBHko mapak ere euskalduntzea eta kalitatea bermatu behar ditu. Eite bi hauek bermatu nahi baditugu, ordea, aurrean ditugun arazoak konpondu behar dira.


D ereduko eskari-eskaintzaren arteko koerlazioa, esaterako, ez dator bat hizkuntz ereduaren soiltasuna mantentzeko jarraipenik ez dagoen tokietan. Adibidez, Deustun, Bilbo erdialdean edo Barakaldon. Era berean, Heziketa Zikloetan jarraipena bermatu behar zaio euskarazko bidea aukeratzen duen ikasleriari.


DBH, hezkuntza etapa bezala, Bigarren Hezkuntza osoaren barnean murgilduta dagoela onartzeak ez dio bere izaera berezia kentzen. Hori dela eta, ikasleriari egokitutako tratamendu berezia exijitzen du. Horregatik, Goi-mailako Lanbide Heziketa zentroei lotuta dauden DBHko lerro batzuk, araupen bat eskatu behar dute etapa honentzat, Batxilergoko ikasleria honen eskubideak gutxitu ez daitezen.


Planteamendua itxi baino lehen eztabaidatu behar ditugun gaiak, besteak beste, hauek dira: Batxilergoaren eskaintza egokia, Heziketa Zikloen egokitzea, DBHrako garantiak, kalitatea bermatzen duten hezkuntza ibilbideen jarraipena, aukeratzeko askatasuna, DOBHren eskaria egokitzea...





CCOO


DOBHrako Hezkuntza Sailak egina duen proposamena ezagutu berria dugun honetan, CCOOeko Irakaskuntza Batzordeak lehen balorazioa egin du.


Ildo horretan, lehenik zera esan beharra dago: DBHOrako Hezkuntza Sailak egin duen "mapa" iaz burututakoak zeharo baldintzaturik dagoela. Honen adierazgarri suertatzen da Hezkuntza Saileko arduradunek darabilten "DOBHko ikasketen planifikazioa" kontzeptua, eta ez "mapa".


Arlo honetan, ezin dugu ahaztu inola ere, benetako eztabaida baten ondorioz eraiki behar zen eskola mapa, azkenik, administrazioak bere interesei erantzun ahal izateko plangintza batean bilakatu dela.


Plangintza hori burutzeko erabili den prozedurari dagokionez, berriz, CCOOen iritziz, ikastetxe desberdinetako zuzendaritzekin edukitako harremanak eskasak izan dira. Zenbait kasutan administrazio bideratze huts batean bilakatu dira. Horren ondorioz, zenbait egoeratan proposamen horiek ezusteko garbiak sortu dituzte. Esaterako, Bidasoa bailaran proposatu dena horren lekuko da. Zenbait ikastetxeren bateratzea finkatu da, ondorengo urteetan berriro ere sakabanatzeko asmoz.


Irakaskuntza publikoaren geroan ikasketen planifikazioak duen eraginaz jabeturik, CCOOek beste zenbait indar sindikalekin batera gai hauekiko akordio berri bat sinatzea lortu zuen joan zen ekainean. Akordio horretan, Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen antolaketari dagokion atalean, administrazioak bere gain hartua du eztabaida sozial baten ondorioz adostasunik handiena izan duten alternatibak aintzakotzat hartzeko konpromezua.


Orain arteko ekimenak gainditzeko garaia dela esan beharra dago. Kalitate elementuei atxekimendu zehatzago bat finkatzeko ordua da. Derrigorrezkoa da CCOOen iritziz, lanpostu berrien zerrendak garatzerakoan, irakasleriaren gaur egungo egoera abiapuntutzat harturik, giza errekurtso ororen errendimendu, ahalmen eta esperientziak kontuan hartzea.


Honen guztiaren ondorioz, nahiz eta iazko eskola antolamenduaren baldintzapetik banatzea ia ezinezkotzat jo, DOBHko proposamen hauen aurrean, CCOOek partehartze zabal batez finkatu daitekeen eztabaida sozial baten beharra aldarrikatzen du.





STEE-EILAS


Hezkuntza Sailak azkenean jakinarazi digu sindikatuoi Eskola Maparen Plangintza, alegia, nola banatuko diren Batxilergo eta Heziketa Zikloak ikastetxeetan eta baita zein eredutan emango diren batxilergoak.


Hori burutzeko administrazioak proposaturiko eztabaida prozedura ez zitzaigun egokiena iruditu: ikastetxeekin zuzen-zuzenean eztabaidatu nahi zuten eskola mapa, baina beti ere ikastetxe bakoitzeko ordezkaritza zuzendaritza-taldearen eskuetan zetzala kontuan hartuz. Modu horretan, ikastetxe bakoitzeko irakasleria, ikasleria eta gurasoak eztabaidatik kanpo gelditu ziren, eta ikuspegi orokorragoak (barrutien edota eskualdeen beharrizanen azterketa, kasu) alboraturik gelditu ziren.


Eskola Mapa negoziatzeko antolatu zuten sistema hori ez da, azken finean, benetako negoziaketa izan. Zuzendaritza taldeekin egin ziren bileraK informatiboak izan ziren nagusiki.


Hizkuntz ereduei eman zaien trataera ere kezkagarria da oso. DOBHren euskalduntze-maila kolokan jartzen da. Bi eredu soilik (A eta D) aurrikusten dira Batxilergorako, eta Heziketa Zikloez ez da deus ere aipatzen. Honi dagokionez, daukagun susmoa ez da batere ona, eta A ereduan izango direla pentsatzen dugu.


Batxilergoari dagokion ereduen banaketaz gauza ugari salatu nahi ditugu. Gobernuak Batxilergoa eta Heziketa Zikloen Ezarpen Dekretuan zera dio: ikasleek DOBHko ikasketak A eta D ereduan egin ahal izango dituztela. Plangintza honetan ikusi ahal izan dugunagatik, D eredua ez da beti bermatuko. Gasteizen, esate baterako, lau ikastetxetan B ereduan dauden DBHko ikasleek D ereduan ikasi nahi izanez gero, beste ikastetxe batera joan beharko dute. Halaber, DBHn B ereduan ari direnen ibilbidearen jarraipena ere ez da bermatuko. Ikasle hauek euskaraz ikasteko aukeratu duten ibilbidea ez baldin bada orain ziurtatzen, erreforma eskuetan dugunean, noiz egingo da?


Orokorrean, eta gaur egun DBHn B eta D ereduetan ikasten duen ikasleria kontuan hartuz, garbi esan nahi dugu DOBHrako egindako plangintzak eten egiten duela hauen euskalduntze prozesua, ez baitzaio jarraipenik ematen maila honetan. Adibidez, Gipuzkoan, zer dela eta eduki behar du %90eko presentzia A ereduak DOBHn, DBHn %12ko presentzia duenean? Zergatik pasa behar du D ereduak DBHn %29 izatetik DOBHn %8 izatera?


STEE-EILAS sindikatuak gogor salatu nahi du EAk zuzentzen duen Hezkuntza Sailaren planteamendu hau, kolokan jartzen baitu DBHraino egindako ahalegina, eta baita Hezkuntza Sisteman hain garrantzitsua izan den prozesua ere.





ELA


Hezkuntza Administrazioak, Hezkuntza Sistemaren Erreforma sakon hau aurrera eramatea erabaki zuenean, beronen ezarpenak ekar zitzakeen arazoak eta etekinak behar bezala baloratu zituela pentsa daiteke. Ondorioz, saldoa guztiz aldekoa dela suposatu behar da.


Bere garaian, Erreformaren teorikoei sistema berriak ekarriko dituen onura eta hobekuntzak entzun genizkien: derrigorrezko irakaskuntzaren luzapena 16 urte arte, ikasle ratioen jaitsiera, euren geroari buruz erabakia hartzeko adin helduagoa, ikasle bakoitzari egokitutako curriculuma, eskola porrotaren irtenbideak, prozeduren menperatze handiagoa edukinen aurrean...


Okerrena zera da: irakasleentzat hobekuntzak hipotetikoak eta gerora lortu beharrekoak diren bitartean, arazoak benetakoak eta berehalakoak direla.


Lehen Hezkuntzako irakasleentzat ikastetxeetan bi ikasturte galtzeak (honi beherapen demografikoa gehitzen zaiolarik), zeuden lanpostuen murrizpen nabaria sortu du, nahiz eta Lehen Hezkuntzako ratioa jaitsi den eta DBHko lehen ziklora pasatzeko aukera eman zaion.


Une honetan, EAEko Irakaskuntza Publikoan Lehen Hezkuntzako 600 lanpostu baino gehiago ezabatuak suertatu diren bitartean, Irakaskuntza Pribatuan DBH emateko baimenik lortu ez duten ikastetxeetan, irakasleen kaleratze jarioa etengabekoa da. Ertainetan ere antzeko arazoak sortuko dira Bartxilergoa eta Heziketa Zikloak ezartzea ukatuko zaien ikastetxeetan.


Horrekin batera, Bigarren Hezkuntzako birmoldaketak (fusioak, ixteak, ikastetxe berrien sorrerak, hizkuntza ereduen garapen azkarrak) irakasleriaren derrigorrezko mugikortasuna areagotuko du, nahiz eta arazo honen tamainua eta garrantzia aldez aurretik zehaztea zaila den. Hori dela eta, kezka eta urduritasuna nagusi dira Bigarren Hezkuntzako irakasle askorengan.


Irakasleen eginkizunari dagokionez, ez ditugu administrazioak eta ikastetxe pribatuek bultzaturiko hobekuntza-prozedurak baloratuko, denetik egon baita eta kasuan kasuko irakasleriak era desberdinean hartu baitu parte. Baina, irakasleen eginkizun berriaren zailtasuna zuzenduriko laguntza baino handiagoa izan dela diogu: prestakuntza eskasa, testuen gabezia (euskaraz batez ere), bukatu gabeko instalazioak (teknologia gelak), DBHko hautazko gaietako inprobisazioa, laguntza-zerbitzuak gainezka erantzun ezinik...


Hala eta guztiz ere, irakasleengandik asko espero da: curriculumaren egokitzapenak, heziketa bereziko beharren jarraipena, materialen ekoizpena, Bigarrren Hezkuntzako ikasleen derrigorrezko sustapena e.a.


Antzekoa esan dezakegu Batxilergoa eta Heziketa Zikloei buruz: Batxilergoko irakasgaien ikuspegi berriak eman ditzatela eta haien modalitate berriei molda daitezela eskatzen zaie irakasleei. Baita Heziketa Ziklo ugari prestatzea ere. Hori guztia eskatzen zaie, baina lan egoera ziurgabe batean.


Laburbilduz, une honetan irakasleria publiko zein pribatuak laguntza eta segurtasuna behar ditu. Bere eginkizuna eta lana onartuak eta aintzat hartuak ikusi behar ditu erreformari itxaropenez heltzea nahi baldin bada, bederen.





LAB


Iazko prozesuarekin konparatuz gero, aurtengoan agente sozialek parte hartzerik ez dute izan. Zuzendaritza taldekideekin kontaktuak (ez negoziazioak) izan dira bakarrik. Sindikatu eta Guraso Elkarteek hilabeteko epea daukagu gure desadostasunak agertzeko eta benetako negoziazioa bultzatzeko.


Hizkuntza plangintza atzerakoia da. Hasteko, A ereduaren eskaintza izugarri zabala da, bai datorren ikasturterako, bai 99/00 kurtsorako. Ikasturte horretako ikasleak, aurten DBHko 2. mailan ari direnak izango dira, eta noski, ez dago alderatzerik DBHrako eskaini diren ereduen banaketa eta orain eskaintzen dena. Aurtengo B ereduko ikasle askok, D ereduan jarraitu nahi badute beste ikastetxe batera jo beharko dute.


Bestalde,euskara hutsez izango diren ikastetxeen kopurua ez dugu nahikotzat jotzen: 97/98an, Araban 2, Bizkaian 3 eta Gipuzkoan 4 aurrikusten dira. Eta 99/00an, berriz, Araban 4, eta Bizkaia eta Gipuzkoan 9.


Heziketa zikloei dagokienez, hasieran esan dugun bezala, ez da inorekin negoziatu eta dagoen deskontentoa handia da. Goi Mailako izendapena lortu dutenak, pozik dira, baina gainontzekoak beste zikloak edo goi mailako izendapena eskuratzeko mugitzen ari dira.. LABen ere honi beste buelta bat eman behar zaiola pentsatzen dugu, lurraldeka, bailaraka. Hainbat ikastetxeetan ez dago goi mailako ziklorik, bestetan berriz, erdi mailakorik ere ez.


Azkenik, aldaketa honen guztiaren aurrean zeharo urduri dagoen irakasleria dugu, oraindik aldaketa berriaren panoramika osoa ikusten ez duelako. Atxikipenak, fusioak, fusioak eta segidan banaketak, erreforma bera, espezialitate berriak, lan baldintzak,...