TAKOLO, PIRRITX eta PORROTX: “Haurrak haurrak dira, helduak bihurtu ditugu denbora baino lehen”

1996-08-01

Kutxi, kutxi, Mari Lutxi...! Honela has zitekeen Euskal Herriko edozein txokotan hiru lagun hauen emanaldia. Okertzeko beldurrik gabe esan dezakegu gaur egun haurren artean arrakastarik gehien duten pailazoak direla. Haurren erantzuna ikustea besterik ez dago. Takoloren esanetara adi, Pirritx eta Porrotxen tranpa eta ateraldien zai irribarretsu, Joxepa behia, txerri Kuttin edo Beltzi txakurra noiz agertuko irrikaz... Ur hotzarekin dutxa on bat hartu edo bizikletaz aldapa gora aldapa behera abiatzeko prest. Nork eutsi, haur edo heldu, oin eta gorputzari abesti hauen doinu erakargarri eta alaiak entzutean? Magia hau guztia Takolo, Pirritx eta Porrotxen eskutik. Helduen gorputzean haur bihotza edukitzen jarraitzen duten pailazoak, ilusioaren erritmopean taupaka...

 
 

> Noiz eta nola hasten da Takolo, Pirritx eta Porrotxen abentura?

Olentzero egun batetan sortu ginen, 1.987. urtean. Lasartearrak ginen eta hirurok irakasleak. Euskararen inguruko mugimenduetan genbiltzan hirurok buru-belarri eta Olentzeroa antolatzen hasi ginen Lasarte-Orian euskara bultzatzeko. Takolo bertan azaltzen zen baserritarra zen, ni Olentzero... Horrela, urte batetan, martxa pixka bat jartzea bururatu zitzaigun. Hala, pailazoz jantzi eta kitarra batekin atera ginen, abesti batzuk abestu eta amaieran amatxo, aitatxo, amona guztiek... “ui! ze polita” esanez agurtu gintuzten. Hilabete batzuk beranduago euskararen maratoia egin zen Lasarte-Orian, 40 ordu euskaraz, eta bertan egindakoa izan zen gure bigarren emanaldia. Usurbildik deitu gintuzten ondoren, eta gero beste leku batzuetatik. Horrela, ezagutzera eman genuen geure burua pixkanaka. Pentsatu gabeko gauza izan zen.

Pentsatu gabeko gauza batetik pentsatu gabeko arrakastara. Aldaketarik ere izan du hasierako hirukote hark...

Ez iruditu arren, pailazo talde batek denbora eramaten du. Pirrutx Zubietako Lanbide Eskolan hasi zen lanean eta taldea utzi beharrean aurkitu zen. Bere lekuan Pirritx sartu zen. Hezkuntza mundutik abiatu ginen eta orain Pirritx antzerki mundutik dator, alor honetan aritu baita azken lau urtetan.

Nortzuk dira Takolo, Pirritx eta Porrotx?

Ordena berdinean, Agustin, Ainhoa eta Joxemari.

Zer helbururekin hasi zineten?

Gure helburu eta asmoa euskara bultzatzearena zen eta da. Euskaldunak gara eta Euskal Herrian bizi gara, gure hizkuntza da. Ondoren, eskaintzen duzunak kalitatea izan dezan ahalegintzen zara eta horretarako antzerki ikastaro batzuk egin ditugu, baina hori ondorengo zerbait izan da.

Nondik ibiltzen zarete?

Orohar Euskal Herri osoan zehar ibiltzen gara. Arabara asko joaten gara, Gasteizen indar handia dugu. Haur talde batek telefonoz deitzen digu sarritan. Bizkaian Bilboraino ondo iritsi gara eta orain ezkerraldean ere bai. Nafarroan ere ekitaldi asko egiten ditugu, Nafar Gobernuak ikastetxeetan euskara sustatzeko duen programa bati esker. Nafarroa osoan aritzeko aukera emateaz gain, Erriberara joateko parada eman digu.

Eta hain euskaldunak ez diren inguruetan nolakoa da haurren erantzuna?

P. : Gure saioa eta esketxak oso sinpleak dira eta ulerterrazak egiten ditugu. Baliogarri dira bi urteko haurrentzat eta amonentzat ere. Abestiak ere sinpleak eta ikasterrazak dira hizkuntza aldetik. Gure ikuskizunak sortzerakoan kontutan izaten ditugu gaur egun Euskal Herrian A, B edo D ereduetan diharduten haurrak daudela.

Irakasle izateko jaso zenuen prestakuntza lagungarri izan al zaizu lanbide honetan?

Sumatu dudan hutsunerik larriena haurrengana nola iritsi izan da, hori ez baita erakusten. Irakasle izateak beti laguntzen du zerbait, baina zeresanik handiena bakoitzaren jarrera eta bizitza propioak du. Garrantzi handia du gauzak egiteko moduak, goxo egiten dituzun edo eguneroko dinamikan murgiltzen zaren, transmisio hutseko ohitura batean. Irakaskuntzan gauza berriak bilatzea oso garrantzitsua da eta nire ustez ohikera handia dago toki askotan.

Zure ustez, zuen lanak zer aportatzen du?

Baliabide pedagogiko bat izan daiteke, baloreak, edukiak transmititzeko, haurrak motibatzeko, jolaserako, abesteko...

Zer kontatzen diezue haurrei zuen istorio eta abestietan?

Balore pedagogikoak sortzen ditugu: elkartasuna, maitasuna, bihotza... Arrazakeriaz edo Down sindromeaz hitz egiten dugu denok desberdinak garenaren ikuspuntutik. Kontutan hartzen dugu gaur egun euskal haur gehienak hiri ingurunean bizi direla ere, eta animaliak ikusteko aukera gutxi izaten dutela. Horregatik animalia asko daude gure ikuskizunetan.

Baina ez al dira oso gai korapilotsuak haurrentzat?

Batzuetan ez dira gauza oso konplikatuak esan behar, beraiek esaten dituzten gauzak eta euren moduan esan behar dira. Askotan helduen eskemetatik hitz egiten diegu eta galdu egiten dira. Haurrak, haurrak dira, eta batzutan helduak balira bezala egiten dizkiegu gauzak, helduen eskemetatik. Helduak bihurtu ditugu denbora baino lehen. Gauza hauek guztietaz helduen ikuspegitik aritu ordez, era erraz batean aritzen bazara, haurren mailara jeitsiz, iristen zaie. Hau lehen urratsa da, eta ondoren modu erakargarriak bilatu behar dituzu euren interesa sortzeko.

Beno, eta zein da zuen arrakastaren sekretua...

Haurra, haurra dela kontutan hartzea, lehenik. Haurren eskemetan sartu eta bere munduan murgiltzea. Beraiek esaten dituzten gauzak esatea, batzuetan ez da behar oso gauza konplikatuak esatea. Istorio eta abestiekin berdin gertatzen da. Gauza errazak maitasunez egiteak dauka arrakasta. Gero erritmo pixka bat sartu, mugimenduak...

Nolakoak dira zuen abesti eta gaiak?

Sinpleak, erakargarriak eta politak.

Bi ildotan lan egiten duzue, ikastetxeetan eta emanaldi zabalagoetan. Zer nahiago duzue?

Ikastetxeetara oso gustura joaten gara, ekitaldi hoberenak bertakoak izaten baitira. Badakizu ikasleria zein adin eta eredutakoa den, lagunartean bezala egiten duzu saioa, inprobisazioak toki gehiago du. Antzoki batetan desberdina da, anonimoagoa.

Eta zer eskaintzen duzue ikastetxeetan?

Kontutan hartzen dugu haurren adina, erritmo azkarrago edo motelagoa eramateko, eta baita zein eredutakoak diren ere, ez baita berdin A edo D eredukoentzat aritzea. Gure saioetan haurren parte hartzea bultzatzen dugu truko edo tranpen bidez. Beraiek sentitzen dira protagonista. Abestiak egiten ditugu dantza eta mugimenduak egin ditzaten. Alaitasuna eta goxotasuna eskaintzen dugu.

Oraindik ere haurrengan duten erakargarritasuna sumatzeko aukerarik izan ez baduzu, euren begiradaren dizdiran alaitasunaren magia isladatzen sentitzeko abagunea suertatu ez bazaizu, ez zalantzarik izan. Hirukote honen ekitaldi baten berri izaten baduzu, hurbil zaitez eta saia zaitez guztiok hor gure barruan ia lausoturik ditugun gure haur begiekin ikusten. “Handitu” ginenean jantzi genituen jakinduria eta ezagutza astun, eta askotan huts horien gainetik, une batez haurtzaroko ikusmira samurra gailentzen utz ezazu. Eta begiratu ingurunera... ilusioa, irrika, parte hartzea, poza. Gure irakaskuntzak aspaldi galdu eta nola berreskuratu ez dakizkien altxorrak!

Oholtza gainean hiru lagun kolorez eta sentimenez jantzi dituzten doinuen pean etengabe mugituz. Egunerokotasunaren freskuraz tindaturik dauden mezu zuzenak bidaliz, haurrek mundua ulertzeko duten logikaz beteriko eskema xumean sortutako mezuak, zuzenean bihotzera heltzen zaizkienak. Begiratu oholtza gainera berriro eta jaso orduan guri igortzen diguten konplizitate keinua, haurrengana heltzeko bidea jarraitzeko gonbitea.
Lau diska kalean eta bosgarrena, TANTAKA YOTANKA, kaleratzear. TANTAKA YOTANKA norbaitek, bere heldu logikatik, hitzen esanahi soil eta hutsa harturik “toro sentado” itzuli zuen, barneratzen zuen benetako esanahiaz ohartu gabe.
Aurrekoen modura, haur euskaldunak eserita utziko ez dituen lan honen izenburua ezin da aproposagoa izan hiru lagun hauen lana eta ametsa definitzeko.
Lan berri hau zuzenean ikastetxeetan ezagutzeko parada izango dugu, Takolo, Pirritx eta Porrotxek ikastetxeetan emanaldiak eskaintzeko duten plangintza berriei esker. Gure esku entxufea, gure gela eta eguneroko jardunean ilusioari bidea zabaltzeko nahia... eta besterik gabe, has dadila saioa.

Informazio gehiago lortzeko:

Ostatu Buru, 21-P
Zaldibia (Gipuzkoa)
Tel. (943) 16 11 53 - 37 27 79