ERRIONDO, Lore; ISASI, Xabier: “Euskal curriculuma, haurrak euskal gizartean bizitzeko behar duenak osatu behar du

1996-08-01
 
 

> Azken aldi honetan asko hitz egin da Euskal curriculumaz. Baina zer da zehazki Euskal curriculuma?

LORE ERRIONDO- Lehenengo, euskal curriculumaz hitz egiteko, Euskal Eskolaz hitz egin behar da. Eskolan edukiez gainera, kultur arauak, ohiturak, baloreak, egitura, historia… finean izatea da transmititzen dena. Euskal Eskolaren funtzioa ere hori litzateke, euskaldunen ikuspegitik, noski. Honen arabera definitu beharko genuke euskal curriculuma, guzti hori, jakintza arloetan sistematizatzen baita. Estatu bakoitzak arautzen du adin bakoitzean zer eta nola irakatsi behar den oinarrizko kulturari dagokion izatea trasmititzeko. Beraz, euskal curriculuma euskal gizarteko haurrek gizarte horretan bizitzeko behar duenak osatu beharko luke. Euskal Herrian kokaturik inguru eta kanpokoekiko kontrastean bera zer/nor den argi duela; hau baita modu bakarra bertara ekartzeko eta kanpora eskaintzeko, elkartrukaketarako hain zuzen ere eta aldi berean, gizartekide aktiboa izateko.

Nola zehaztu daiteke zientzia, historia, fauna, matematika... arlo horietan euskalduna den hori?

L. E.- Euskal Herrikoa den zientzia, historia, fauna, matematika.... irakatsiaz. Baina honek ez du esan nahi euskal eskolan hau besterik ez dela irakatsi behar, inolaz ere. Hemendik abiatuko litzateke, sarrera gisa, bertakoa dena ezagutu eta identifikatzeko baina hurbilen ditugunetik hasita mundu zabaleko ekarpenek osatuko lukete jakintza arlo bakoitzean oinarrizko euskal curriculum hau.

Nolakoa izan beharko luke curriculum horrek? Nola adjetibatuko zenukete?

XABIER ISASI- Osoa eta integratua. Euskal curriculumaren ideiaren itzalean osotasuna dago. Ez da legedi jakin batetik egin behar genukeen egokitzapena. Ikuspegi zabal batean ulertu eta garatu behar da, sistema osoari baitagokio, eta ez alderdi bati soilik. Bestalde, integratua izan behar duela esatean, Euskal Herriko ikastetxe guztiena izan behar duela esan nahi du. Euskara batuarekin paralelismo bat egin daiteke: lurralde guztien ekarpena eta urtetako lana behar izan zen produktu amankomun bat lortzeko.

Osotasuna kontutan hartuz, euskal eskolarik ez daukagu, zati bat baino ez baita euskalduna. Orduan, hurrengo urratsera pasa al gintezke?

L. E.- Bai, noski, bestela ez genuke sekulan urratsik emango. Honekin ez dugu esan nahi gure ustetan eskolak bakarrik gizartea alda dezakeela baina zalantzarik ez dugu duen garrantziaz gizatalde baten biziraupenean. Boterea bere eskuetan egon gabe ere giltzarria da. Honegatik, edozein estaturen kezka nagusietako bat hezkuntza sistema bere eredura moldatzea dela beha genezake. Euskal curriculumak, aniztasuna eta osotasunaren ikuspegitik eratua, euskal gizarte guztiarentzat izan behar du baliagarria eta hau normalizazio plangintza bidetik baino ez zaigu etorriko. Artean, ez-ohikoa edo bitxia (altxorra, batzuen hitzetan) baino ez da izango; desagertzear dagoena, alegia. Horretarako oinarria gu garena izan ahal izateko oinarriak eraikitzea da. Ez dugu estatu bat izan arte zai egon beharrik.
X. I.- Euskal curriculuma eta euskaldunen curriculuma ez dira nahastu behar. Euskal curriculumak Euskal Herriko eskolan bere osotasunean diseinatu beharreko curriculum integratua izan behar du. Barruko aniztasuna eta hizkuntzaren arazoa kontutan hartu behar ditu, eta hor dago gakoa.

Orduan, euskal gizarte osoaren ekarpena behar da euskal curriculuma aurrera ateratzeko, hau da, euskaldun eta erdaldunena.

X. I.- Hor funtsezkoa da euskaldunen ekarpena, ikuspegi berritzailea euskaldunen alorrean baitago. Baina horrek ez du esan nahi euskaldunei bakarrik dagokienik. Euskaldunok ez dugu euskal curriculumik lortuko inguruko erdaldunak kontutan hartzen ez baditugu. Euskal curriculumak euskal hiritar orok jaso beharko luke nahiz eta kopuru handi bat oraindik euskalduntzeke dagoen. Euskal hiritar den unetik eskolan euskal curriculuma jasotzeko eskubidea du, oinarrizko eskubidea berau.
Hizkuntzaren berreskurapena arazo larria da, berreuskalduntzea gizarte osoari badagokio ere, eskolak hel diezaioke aldi berean ikaslegoaren erabateko euskalduntzeari.
L. E.- Helburua euskal hiritar oro euskaldun izatea da eta erabateko euskalduntzea aipatzen dugunean, hizkuntza eta kultura uztartzen ditugu; honela, euskalduna denak, euskal curriculumaren bitartez kultura da jasoko duena (bere hizkuntzan), eta erdaldunak biak aldi berean. Honela, eskolak, euskal hiritarrak -jatorrizko euskaldun zein erdaldun- euskaldun oso izan daitezen berma dezake eta bide batez, etorkizuneko euskal gizartearen oinarri sendoak eraiki.

Eta hori euskal curriculuma al da?

X. I.- Bai. Euskal Herrian errealitate bat bada, agertzear dagoena, eta bereizteko adjetibo bat erabili behar dugu, baina bere osotasunean. Kataluñan bezala egin behar dugu: egokitua eta integratua. Erdaldunengan ere gauzatuko den euskal curriculuma.

Prozesu honetan, nola ulertu behar dugu eskolaren bitartezko euskalduntze prozesua?

X. I.- Kultur esparru jakin batean burutu behar da euskalduntzea. Azken helburuak ez du izan behar guk erdaratik jaso eta euskararen moldetara jartzea. Alderantziz egin behar dugu, euskaraz ekarritakotik atera eta erdaldunei hori eman. Horrela osatuko da euskal curriculum integratua.

Orain arte eskoletan euskal curriculuma osatzeko urratsak eman dira. Zer falta da?

L. E.- Egia esan, alde handia dago ikastetxe batetik bestera. Askotan esperientzia gisa azaltzen dira gainera, honek dakarren isolamenduarekin. Hala ere ezin uka urratsak eman direnik; horra hor, adibidez, Ikastolen mugimendua eta dagoeneko duen historia. Bestetik, sare publiko zein pribatuan ere eman izan dira batez ere sare publikoan euskararen sarrera legeztatu zenetik eta pedagogia berrikuntzari lotuta. Baina orokorrean ez dira sistematikoak eta norabide berean zuzendutakoak izan. Gehienetan borondateari lotutakoak izan dira eta kasu hauetan zaila izaten da prozesua bera ebaluatu, zuzendu eta besteetara hedatzea. Tokian tokiko esperientzi aberasgarri gisa geldizen dira baina eraginkortasun txikikoak gizarte oso mailan.
Egitekoa? Asko dago oraindik, baina gogoeta beharrezkoa da. Garrantzitsua da nora joan nahi dugun jakitea, norabide horretan dagoeneko dauden tresnak geureganatu eta erabiltzea, beharrezkoak direnak sortzea... eta indarrak bateratuz oinarrizko proiektu amankomun bati guztiok batera ekitea, bakoitzak bereak dituen berezitasunak gaineratuz.
Honekin batera, urrats kualitatibo bat eman beharra dago. Euskal Herriko zatiketa administratiboa gainditu beharra dago euskal curriculum integratu bat diseinatuz.

Burujabetasun baten beharra ikusten duzue, beraz.

L. E.- Euskal curriculuma kultur diseinua da, baina itsukeriatan murgilduko ginateke neurri politikoek duten garrantziarekin jabetuko ez bagina, hauek baldintzatzen baitute bere zabalpena edo zokoratzea. Hezkuntz politikak ezinbesteko garrantzia du, bere bitartez gauzatuko delako besteak beste normalizazioa edo bazterkeria.
Euskararen berreskurapenarekin batera errealitate alternatibo bat sortu behar da. Bestela, izanik gabeko izen bilaka gintezke eta honela gertatuko balitz, naturaren legea gailenduko litzateke eta dagoeneko ez denak esistitzeari utziko lioke.

Praktikotasunari begira jarririk, euskal curriculuma garat-zeko orduan, zer da irakasle batek egin behar duena?

L. E.- Lehenago aipatutako ildoaz jabetu ondoren, bakoitzak bere ikastetxea zertan den aztertu behar du lehendabizi, bere hezkuntza proiektua, helburuak... Hau aztertu ondoren beharrezko egokitzapenak egin eta hori burutzeko beharko dituen bitartekoak eskuratzea izango du hurrengo erronka. Hau dela eta, bitarteko horien azterketa egin beharko du proiektu horrekin bat datozen ala ez ikusteko, eta bat etor daitezkeenen arabera, aproposenak hautatu. Beharrean egonez gero, behar horiek zeintzuk diren azaldu beharko du sortu beharrekoak sortu ahal izateko. Baina argi dago guzti horrek proiektu eta plangintza bat eskatzen duela eta horren aurretikoa den eztabaida. Hauek gabe, nekez bidera daiteke ekimen eraginkorrik. Dudarik ez dago, beraz, berebiziko garrantzia duela zenbaitzuentzat modaz pasata egon daitekeen talde-lanak.

Irakasle bakoitzak aukeratutako materialez osatuko da euskal curriculuma, beraz.

X. I.- Ez, prestakuntzak kolektiboa izan behar du. Irakasle baten ezagutza bere esperientziek mugatua da, eta hori gainditzeko plan integratu bat behar da Iparraldean, Nafarroan eta EAEn.
Eginkizuna kolektiboa da. Eztabaidak. eraldaketak, liburugintza... beti ikuspuntu kolektibo batetan planteatu behar dira. Irakaslegoak Euskal Herrian zehar mugitu behar du, eta ikuspegi amankomun batekin azaldu errealitatea.

Euskal curriculumaren osaketa honetan, zein da euskarak hizkuntza bezala jokatzen duen papera?

X. I.- Euskararen garapena ez da hitzezko komunikaziora mugatu behar. Hizkuntzak denetarako balio duela irakatsi behar da: kalerako, gauza teknikoetarako, lan esparrurako, jakintzaz bereganatzeko, sortzeko... Euskarak status hori lortu behar luke.
L.E.- Euskara normalizatzeko beharrezkoa da euskara tresna izatea. Porrota litzateke euskara muga bilakatzea. Tresna den neurrian erabilgarria izan behar du eta beti urrutirago heltzeko aukera eskaini norbanakoari, jakina baita bere beharrak asetzen ez baditu maila jakin batetik aurrera, tresnaz aldatuko duela, eta erronka horri ere heldu behar diogu. Hizkuntzaren normalizazioa oraindik burutu gabeko prozesua da eta horretan asko dugu guztiok egiteko. Era berean, guztion ardura da eta kasu honetan bereziki irakaskuntzan dihardugunona. Bakoitzak gure esparruan behar dugun prestakuntzaz jabetzeaz gain, ikasle dugunari eskaini egin behar diogu, eman ez duena, aldez aurretik zer izan edo lor dezakeen ikustaraziz.