XABIER PORTUGAL gogoan

XABIER PORTUGAL gogoan

Ikasturte berriarekin batera zendu da Xabier Portugal, hainbat ekintzetan parte hartu duen irakasle euskaltzalea.

Euskal hezkuntzaren alde beti agertu izan duen jarrera eskertu nahi dio HIK HASIk. Zinema, telebista… eta oro har, irudiaren mundua izan da haren pasioetako bat. Asko lagundu digu arlo horretan. Askotan jo dugu Xabierren laguntza eta aholkuaren bila. Eta beti jakin izan du gure eskariei prestutasunez erantzuten.

Guztiagatik, gure eskerrik handiena azaldu nahi dugu.

 

Gaur hasi dira eskolan Iparraldeko ikasleak

Amaitu dira oporrak Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikasleentzat, eta gaur hartu dute eskolarako bidea udako atsedenaren ondoren. Seaskako ikastoletako kolegioko bigarren urteko haurrek, berriz, bi egun gehiago izango dituzte oporraldiaz gozatzeko etzi hasiko baitira lanean.

 

Ikasturte berri on!

Ikasturte berri on!

Iraila iritsi da eta horrekin batera bueltatu gara lanera. Udan motxilak indarrez bete ditugu eta gogotsu eta ilusioz heldu diogu 2008-2009 ikasturteari, datozen hilabeteek ekarriko dizkiguten erronkei aurre egiteko prest. Ikasturte berri on denoi!

 

 

Amaitu dira Topaketak

Gaur amaitu dira IX. Hik Hasi Udako Topaketa Pedagogikoak. Hiru egunetan zehar 500 pertsonak baino gehiagok hartu du parte Donostian heziketa gaiekin lotutako ikastaroetan. Topaketak, Imanol Urbieta musikari eta pedagogoari egindako omenaldiarekin amaitu dira.

 

Gogotsu hasi dira Hik Hasiren Topaketa Pedagogikoak

Gogotsu hasi dira Hik Hasiren Topaketa Pedagogikoak

Pedagogia Fakultatean egin den sarrera ekitaldiarekin hasi dira aurtengo Hik Hasiren IX. Topaketa Pedagogikoak. Hasiera emateko, Hik Hasiko Joxe Mari Auzmendi topaketen koordinatzaileak eta Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Iñaki Zabaleta dekanoak hitz egin dute. Horrekin batera, Zarauzko Ikastolako hainbat haurren abestiek alaitu dute giroa, Imanol Urbietaren hainbat kantu abestuz. Ondoren, bakoitza bere ikastarora abiatu da, gustuko gaietan murgiltzeko gogoz.

Hik Hasi

Kaixo lagunok

Atzo bildu ginen Zarautzen ikasturteari amaiera eman eta topaketen inguruko baloraziotxo bat egiteko. Gai anitzez mintzatu ginen, eta gogoeta ugari egiteko parada izan genuen iluntzean zehar, nahiz eta hemen, sintesi laburra egingo dugun.

Hasteko, Hik Hasik eskuartean dituen erronka berrietaz aritu ginen: hala nola Kubako bidaia pedagogikoa, Reggio Emiliako monografikoaren gaztelerako itzulpen eskariaren kudeaketa edota Ilargiaren Sekretua filma koprodukzio baten bitartez katalanera bikoizteko ekimena.

Ostean, eta aurtengo topaketen balorazioa eginik, datorren urteko 10. Topaketa pedagogikoen inguruko proposamenak aztertu genituen. Ikastaroez gain hainbat foro antolatzeko ideia dago mahaigainean, eta horri bueltak ematen aritu ginen. Zenbat foro eta zenbat ikastaro? Foroak nola antolatu eta ze gairen inguruan? Foroak urtean zehar antolatzea ere aipatu zen, 10.urteurrenaren barruan betiere. Modu horretara, Gipuzkoatik atera eta gainontzeko herrialdeetan Hik Hasiren jarduerak zabaltzeko aukera izan liteke. Formula egokia bilatzen saiatzen gabiltza, eta iritzi desberdinak garrantzitsuak dira.

Eztabaidagune horietan gai klabeak lantzeko aukera ikusten da, hala nola, Euskal Curriculuma, gaitasunak, hezkuntza sistema nazionala edota gaur egun pedagogiak dituen erronkak. Irakasleen profila dinamikak izan zuen garrantziak eta horren jarraipen edo ondorio posibleez ere aritu ginen, duen beharraz jabetuta.

Argi gelditu zena, topaketek eta foroek funtsean hausnarketa bultzatu behar dutela izan zen, Hezkuntzaren zentzu oinarrizkoenean eta euskal eta euskarazko hezkuntzaren inguruan hausnarketa kolektiboa.

Atzo iluntzean galdera eta gogoeta ugari sortu ziren gure artean, eta solasaldia amaitzeko afari goxo-goxoa prestatua ziguten sukaldariek.

Ongi-ongi pasa udara eta izango dugu elkarren berri ikasturte hasieran. Bitartean pozik bizi.