‘EmariApp’, erreferentzia diren emakumeen izenak asmatzeko joko berria

2023-05-11

'EmariApp' erreferentziazkoak izan daitezkeen emakumeei buruzko euskarazko joko bat da. Doakoa da, eta telefono mugikorretara eta tabletetara deskargatu daiteke. Kalaka Kooperatiba elkarte txikiak kaleratu du, eta emakumeek egindako ekarpena ezagutaraztea du helburu.

 
 
‘EmariApp’, erreferentzia diren emakumeen izenak asmatzeko joko berria

G

aur egungo eta iraganeko emakumeak bildu ditugu EmariApp jokoan, hainbat herrialdetakoak eta hainbat arlotakoak, eta jokoaren bidez, horiek nor diren asmatzeko aukera izango da. Jokoaren helburu nagusia emakume gehiagoren berri izatea da, ezagunak egiten zaizkigun apur horietatik harago ere, emakumeen hainbat lorpen eta ekarpen ezagutaraztea, euskaraz eta egunerokoan. Gizonek egiten dutena ikasi dugun moduan, emakumeek egindakoa isildua eta zapaldua izan da urte luzez, eta desagertuta egon dena ikastea da helburua. Era horretan, errealitatearen ikuspegi erreala izango dugu, ez gizonezkoena (androzentrikoa) soilik.

Aplikazioa IOS eta Android sakelako telefonoetan eta tabletetan deskargatu daiteke, eta norberak jokatutako partidak ikusteaz gain, sailkapen orokorra ikus daiteke. Taldeak sortzeko aukera ere badago. Jolas egokia da lagunekin, gelakideekin, lankideekin eta familiartekoekin taldeak sortzeko eta elkar zirikatzeko.

Hizkuntzari dagokionez, euskaraz sortutakoa da, eta asmatu beharreko arrastoak ulergarriak eta laburrak dira. Euskaldun guztientzat gozagarri izatea nahi dugu, eta, beraz, euskara ikasten ari direnak ere jolastera animatzen ditugu!

Jokoaren nondik norakoak

Astero, bost emakumerekin lotutako partidak jokatzeko aukera izango da. Emakume bakoitza nor den asmatzeko bost arrasto daude, eta minutu eta erdiko denbora. Astelehenetik ostiralera bitartean, egun bakoitzean emakume bati buruzko partida bat jokatzeko aukera dago, baina, egunero egin ezean, aste osoan zehar dago partida horiek jokatzeko aukera. Hau da, astelehenetik ostiralera egunero partida bat jokatu beharrean ostiralean bostak jokatu nahi baldin badira, edo asteburuan jokatu nahi baldin badira, horretarako ere badago aukera.

Bestalde, sailkapena hilabetekoa denez, astean zehar jokatu ez diren partidak hurrengo asteetan jokatzeko aukera dago; baina, hori bai, aurreko asteetako partidek puntuazio txikiagoa dute.

Helburua ez da egunerokoan estresa sentitzeko aitzakia bat gehiago izatea, jolastuz ikastea eta ongi pasatzea baizik. Hau da, norberak nahiago duen moduan antolatuta, emakume horien guztien berri izatea lortu nahi dugu.

Ibilbidea

Duela urte batzuk Kalaka Kooperatiba Elkarte Txikian abiatu genuen ibilbidearen azken emaitza da jokoa. 2017an, Emariak liburua geuk ekoitzi eta argitaratu genuen. Liburu horretan, erreferentziazkoak izan daitezkeen emakumeak bildu genituen, bai norbanakoak eta baita taldean aritu direnak ere. Guztia, euskaraz. Gerora, Emariak karta jokoa ere geuk ekoitzi genuen, helburu horrekin berarekin: emakumeen berri zabaltzea. Bi euskarri horiek izan zuten arrakastak ikusarazi zigun bai eskoletan eta baita etxeetan ere euskaraz hezkidetza lantzeko baliabideak behar zirela. 

Hori horrela izanik, oraingoan Internetera egin dugu salto, eta sakelako telefonorako aplikazio bat sortzea otu zaigu. Aplikazioa sortzeko garatzaile informatiko batzuekin aritu gara elkarlanean, eta proiektua bideragarria izan dadin, Emakunde, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundia izan ditugu sorrera honetan babesle nagusi.

 

Hobekuntzak

Otsailean kaleratu genuenetik, hainbat hobekuntza egin ditugu aplikazioan. Horietatik bi azpimarratuko ditugu: Emariak atalean, emakumeen izen-abizenen gainean klik eginez gero, beren biografiak irakur daitezke, helburua ikastea eta ahalik eta pedagogikoena izatea baita. Bestetik, sailkapen nagusian eta taldeen sailkapenean, “e” bat agertzen da EmariApp egunean daramaten erabiltzaileen ondoan. 

 

Aplikazioaz harago

Aplikazioaz harago, baina aplikaziotik abiatuta, familian edota eskolan hainbat gai lantzeko aukera eskaintzen digu jokoak. Esan bezala, hainbat arlorekin lotutako zenbait emakumeren izenak asmatu behar dira jolasean (kirolariak, artistak, asmatzaileak, ingeniariak, euskaltzainak, biologoak, irakasleak, bertsolariak eta abar), hainbat herrialdetako eta hainbat garaitako emakumeenak. 

Horrek arlo horietan aritu izan diren edo ari diren emakumeak ezagutzen ditugun edo ez hausnartzeko bide eman dezake; ezagutzen ez baditugu, zergatik izan litekeen pentsatzeko aukera izango dugu; eskolan, emakume horiek ezagutarazteko lanen bat ere bideratu daiteke... Eta familian ere gauza bera egin liteke, haurrekin zein helduekin.

Hau da, gaur, adibidez, EmariApp aplikazioan Elizabeth Magie asmatzea egokitu bazaigu —The Landlord's Game (Monopoly-ren aitzindaria) sortu zuen emakumea—, jokoen asmatzaileei buruz hitz egin dezakegu eskolan (baita lagunartean edo familiartean ere). Zenbat emakume ezagutzen ditugu joko asmatzaileen artean? Monopoly jokoaren aitzindaria nor zen ba al genekien? Jolasak hausnarketarako bide ematen du, arlo ugari landu daitezkeelako eta, bide batez, emakume ezezagunak ezagun egiteko aukera eskaintzen duelako, oso modu errazean, doan eta egunerokoan eskura izan ohi dugun sakelako telefonoa erabiliz. Sakelako telefonoan bertan bilatu ditzakegu emakume horien biografiak, lorpenak, emakume izateagatik arlo horietan izan dituzten edo egun dituzten oztopoak… Horrela, geure iruditegi pertsonalera eta kolektibora emakume gehiago batzen joango gara.

Horrez gain, aplikazioak duen Informazioa atalak beste emakume batzuk proposatzeko aukera eskaintzen digu. Beraz, ariketa interesgarria izan liteke eskolan nahiz etxean gaiaren gainean hausnartzea eta erreferentzia izan daitekeen emakume baten bizipenak eta lorpenak biltzea, eta bide batez, emakume hori proposa dezakezue, guk aplikazioan gehitu dezagun. Herriko edo hiriko emakumeak izan daitezke, hain ezagunak ez direnak beharbada, baina arlo edota garai jakin batean garrantzitsuak izan direnak. Azken batean, erreferentziazko emakumeak falta zaizkigu, eta denak ditugu beharrezko gure iruditegia osatzeko: nazioartekoak, hemengoak…

Animatzen al zarete jokoaren bidez harago joatera? Noizean behin bada ere, ingurukoengan hausnarketa bultzatzera? 

Instagram sare sozialean ere profila du EmariApp aplikazioak. Profil horretan, lehiaketei, sariei eta bestelako berriei buruzko informazioa argitaratzen joango gara. Beraz, egon adi esku artean ditugun sorpresei!