Sua Enparantza: “Ikusleengan dugun eragina ikusteak, indarra ematen du”

2023-03-30

Arene pertsonaiarekin egin da ezagun Sua Enparantza, baina interpretaziotik harago, arteak bidelagun izan ditu txiki-txikitatik. 'Irabazi arte' telesaileko grabaketa-lanen alde gogorraren aurrean, mezu sozial garrantzitsuak zabaltzeak dakarkion gogobetetzeak ematen dio lanean segitzeko indarra.

 
 
Sua Enparantza: “Ikusleengan dugun eragina  ikusteak, indarra ematen du”

Nesken futbolak bizi duen gutxiespena da Irabazi arte telesailaren ardatzetako bat, eta beste bat, nerabeen arteko harremanak. Sua Enparantzaren (Donostia, 2003) antz gutxi omen du bigarren denboraldiko Arenek, baina aktoreak gustura gorpuztu du telesaileko protagonista, bereziki haurrei era nerabeei helarazten dizkien mezu sozialengatik.

 

Zeuretik zenbat dauka Arene pertsonaiak? Nola eraiki duzu pertsonaia?

Lehenengo denboraldian Arenek Suarengandik gehiago dauka, bigarrengoan baino. Bigarren denboraldian pertsonaia asko aldatu didatela iruditu zait, pertsonaia bera aldatu delako eta hazi egin delako, oso nerabe dago. Erlazioek pisua hartuko dute bigarren denboraldi honetan, eta Arene ireki egingo da. Lehenengo denboraldian, aldiz, nire antz handiagoa du, lotsatiagoa da. Ni ere hala naiz. Txikitan oso-oso lotsatia nintzen eta buruari Arenek bezala, buelta asko ematen dizkiot. Egun osoa gauzei bueltak ematen aritzen naiz. 

 

Aurreko denboraldian antzezteko orduan asko sufritu nuen, hain zuzen ere, Arenek nire antza zeukalako, eta asko sartu nintzelako pertsonaian. Oso garbi neukan nolakoa izan behar zuen Arenek. Aurten, ordea, ez dakit oso ondo pertsonaiari zer gertatzen zaion, eta beraz, zailagoa izan da pertsonaia eraikitzea. Baina barre gehiago egin dut, aurreko urtean drama handiak zeuden amagatik, familiagatik…

 

Zure haurtzaroa oso lotua dago arteei: 5 urterekin hasi zinen dantzan eta 9 urterekin gitarra jotzen hasi zinen; orain interpretazioan zabiltza. Zer garrantzia dute espresio horiek zure bizitzan?

Ikaragarria. Ni oso-oso lotsatia izan naiz, eta auzo-lotsa handia izan dut. Antzerkiak eta dantzak maila pertsonalean asko lagundu didate. 5 urterekin hasi nintzen dantzan eta horrek asko lagundu izan dit lotsa askatzeko. 12 urterekin, Donostiako Konstituzio plazan, jendetzaren aurrean, agurra dantzatu nuen bakarrik eta nire lotsak kentzeko mugarri bat izan zen. Ordura arte, beti atzeko lerroan gustura egiten nuen dantza. Erronka handia izan zen, eta orduan argi ikusi nuen: “Bai, hau gustatu egiten zait eta honi eutsi egin nahi diot”. 

 

Aldiz, Arenek futbola maite du. Nesken futbolaren gutxiespena ardatz garrantzitsua du ‘Irabazi arte’ telesailak. Mezu garrantzitsuak zabaltzea gustuko duzu?

Bai, dudarik gabe. Aurtengo denboraldiak ere gakoetako bat hori izango du. Grabaketa gogorra izaten da, presio handia izan dugu, eta nahiz eta gauza onak badauden, oro har, gogorra izaten da lana, baina honekin jarraitzeko heldulekuetako bat gaia bera da. Ikusleengan zer-nolako eragina dugun ikusteak indarra ematen dizu aurrera jarraitzeko: lehengo batean Espainiako ikusle batek idatzi zidan -—orain Irabazi arte Disney Plusen dago gaztelaniaz—, alabarentzako oso garrantzitsua izan delako telesaila, futbolean jarraitzeko indarra eman diolako. Nik ikusten dut telesaila eta mezua jendearengana iristen direla. Fikzioa grabatzen ari garen garaian gu ez gara jabetzen telesailak jendearengana iristeko duen indarraz, baina eragiteko eta jendearengan zerbait ona mugitzeko indarra baldin badaukagu, aprobetxatu egin nahi dut.

 

Zure pertsonaia sutsua da. Emozioak asko bizi ditu, eta, nahiz eta ahoz goran ez esan, oso presente ditu buruan. Pertsonaiak hain sutsu bizi dituen emozio horiek eragiten diote pertsonari? 

Bai eragina dauka. Nire kasuan, lana izan da. Alde batetik, pertsonaia eraikitzea bera lana da, testua ondo irakurri eta ulertu egin behar duzu pertsonaia, berarekin enpatizatu. Nire kasuan, bi pertsonaia lantzea bezala izan da, off-eko ahots horiek ere egin behar nituelako. Batetik, jendeak ikusten duen pertsonaia landu behar nuen, emozioak kontrolpean dituela dirudien Arene, eta, ondoren, pertsonaiaren beste alde bat ere landu behar nuen. Azken finean, errealitatean ere hala izaten da, bi geruza edo gehiago izaten ditugu gutako bakoitzak; kanpora begira modu batekoak izaten gara, eta barrura begira, edo etxean, askotan, beste modu batekoak. Ni ere oso sutsua naiz, eta oso ongi ulertzen dut pertsonaia, batez ere lehenengo denboraldian, eta horregatik, Arenek bizi zituen emozio sutsu horiek asko eragin izan didate maila pertsonalean. 

 

Gazteetxoen eta haurren erreferentzia zara. Nola bizi duzu hori?

Asko kostatzen zait haurren eta nerabeen erreferentzia izan naitekeela pentsatzea, ez da buruan daukadan zerbait eta ahaztu egiten zait. 

 

Famarena ez dut hain ongi eraman. Ezaguna ez izatetik, ezaguna izatera pasatze hori gogorra egin zait, drama benetakoa, antsietatea eragiteko modukoa. Nik uda osoa lan egiten pasa nuen,  oso kontziente izan gabe gero telesail hori jendeak ikusiko zuela, eta grabaketako etapa itxi eta bukatu zenean, lau edo bost hilabetera, telebistan atera zenean, denetarik bizi izan nuen: jendea jarraitzen, laneko atean itxoiten… Oso pertsona lotsatia naiz eta horrekin oso gaizki pasa dut. Eskerrak hau guztia eramateko psikologoak eta abar ditugun lan taldean!

 

Eredu izate aldetik, mezu asko iristen zaizkigu, batez ere gurasoenak neskengana iristen ari garela esanaz, eta askotan kosta egiten zaigu jabetzea gu ari garela bultzatzen hori. Baina hainbeste mezu jaso ondoren eta hainbeste errepikatu ostean, konturatzen gara ardura daukagula, eta lana ondo egiten jarraitu behar dugula, gure mezuak garrantzia daukalako. Bigarren denboraldiari begira, ardura eduki dut ea gaiak lantzen ziren eta ondo lantzen ari ote ziren, kontu handiarekin ibili behar izaten baita, zeren umeak guztiarekin gelditzen dira eta gaizki-ulertuak egon daitezke. Niretzat oso garrantzitsua da halako gaiak lantzea eta euskaraz egitea.

 

Gaur egun, ‘Goazen’ eta  ‘Irabazi arte’-rekin, gai sozial asko lantzen dituzten telesailak dituzte haurrek eta nerabeek eskura euskaraz. Zure haurtzaroan gisa honetako telesailik ikusteko aukerarik izan al zenuen? 

Ni Goazen-en fana izan nintzen. Goazen-en lehendabiziko denboraldia nik 7-8 urte nituela ematen zuten eta ikaragarri gustatzen zitzaidan. Hain nintzen zale sutsua, orduko protagonista nagusia, Irati, izatea zela nire ametsa. Hain zuzen ere, interpretazioko nire lehenenengo casting-a Goazen-erako egin nuen.

 

Euskaraz aukera gutxi dago pantailetan, baina hemengo telesailetan lantzen diren gaiak eta balioak ikusita, ni pribilegiatua sentitzen naiz horren parte izateaz. Egunerokotasunean ahaztu egiten zaigu, baina ekarpen ona egiten ari garela ikustea, garrantzitsua da niretzat. Gainera, bi telesailek oinarri sozial inportantea daukate, eta horri balio handia ematen diot nik.

 

Gatozen dantzara. Euskal dantzekin hasi zinen txikitan, gero bestelako dantzak egin dituzu, jazza, hip hopa eta balleta... Gerora euskal dantza tradizionala eta garaikidea uztartu dituzu Oinkari taldean eta gaur egun Kukain zabiltza. Zer ematen dizu dantzak?

Niretzat arnasgunea da dantza. Niri lasaitasuna ematen didan lekua da. Astea oso betea dudanean pentsatzen dut, “eskerrak asteartean dantza daukadan”, hor jaisten naiz, hor erlaxatzen naiz. Guztiz askatzen naiz dantzan ari naizenean. Oso neska mugitua naiz berez, ez dakit geldi egoten, ez dakit etxean egoten… Hamaika gauza egin behar ditut eta ez baditut egiten ez naiz ondo sentitzen, eta tarte horretan, dantzak ikaragarrizko lasaitasuna ematen dit, nahiz eta entsegu batzuk gogorrak diren. Orekatu egiten nau dantzak.

 

Jendaurrean dantza ikuskizun batean parte hartzea eta fikzioko telesail bat grabatzea oso gauza desberdinak dira, ezta? 

Niri gehiago gustatzen zait zuzenekoa. Telebista dena gezurra da, jaten duzuna ere gezurra da. Dena idatzia eta errepikatua dago, eta zaila da zerbait berria gertatzea. Baina dantzan, eszenatoki batean, emanaldi bakoitza desberdina da, eta lehenengoan ondo egin behar duzu, ez dago bigarren aukerarik. Jendea zuzenean izateak indar handia ematen dizu.

 

Eta hori guztia euskaraz. 'Gazteak aurrera' euskararen aldeko ekimeneko aurpegi izan zara. Hori ere erreferentzia garrantzitsua da gazteentzat.

Nire etxean ez dut inoiz erdaraz hitz egin, euskara eta euskal kultura asko landu dira eta niretzat garrantzitsua da ekarpena egitea Euskal Herrian, euskal kulturan, euskal zineman edo dantzan. Orain ahotsa daukat eta sentitzen dudana esan nahi dut.