Hezkuntza Plazarak ahalik eta Hezkuntza Lege onena edukitzeko plan bat proposatu du

2023-03-27

Laster aurkeztuko dute Eusko Legebiltzarrean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege berria, eta horren aurrean, Hezkuntza Plazarak ahalik eta Hezkuntza Lege onena edukitzeko plan pilotu bat proposatu du, legea garatzearekin batera agenda berri bat martxan jarriko duena. Larunbatean egin zuten agerraldia Donostian.

“Lege proposamenak Hezkuntza Akordioaren filosofian oinarritu behar du”, bergogorazi dute, “gure hezkuntza sisteman beharrezkoa den jauzia emango badugu”. Jauzi horren muinean hiru ardatz garatu behar direla uste du Hezkuntza Plazarak: ikastetxeetako hizkuntza proiektuak, herrietako hezkuntza proiektuak eta euskal curriculumaren eguneratzea.

 
 
Hezkuntza Plazarak ahalik eta Hezkuntza Lege onena edukitzeko plan bat proposatu du

Ikastetxe bakoitzak hizkuntza proiektu bat gara dezakeela aldarrikatu dute. “Diagnostiko oso batetik abiatuta, hezkuntza formalean eta ez formalean egingo dena jasoko duena. Hizkuntzak irakasteari, ikasteari eta erabiltzeari lotutako alderdi guztien plangintza”.  Ikuspegi soziolinguistikoa, historikoa, soziala eta kulturala ere txertatu behar direla aipatu dute. “Gure egoera diglosikoa kontuan hartuta, euskara ikasteredu orokortua bihurtuko duen proiektu integrala izan behar du”.

Jauziaren bigarren ardatz herri bakoitzak bere hezkuntza proiektua adostu eta gauzatzea dela defendatu du Hezkuntza Plazarak. “Udalak, ikastetxeak, eragileak eta herritarrak hezkuntzan parte hartuz herri hezitzaileak garatu behar dira. Ezberdinkeria eta lehia logikatik, minimo amankomun eta elkarlanera pasatuz. Ondorioz, ezinbestekoa da hori sustatuko duten espazioak herriz herri osatzea eta udalek horretan ezinbesteko protagonismoa hartzea”. Hezkuntza Plazararen iritziz, “espazio horiek lagungarriak izan daitezke puklikotasun eredu berri batean oinarrituko den hezkuntza sistema lortzeko”; “eskola publikoa ardatz, ikastoletako bulkadari helduz, publikotasun berri horretan urratsak” egitera deitu du herri mugimenduak.

Azkenik, euskal curriculumaren eguneratzeko beharra azpimarratu dute. 15 urte igaro dira euskal hezkuntza komunitateak ‘Derrigorrezko eskolaldirako euskal curriculuma’ diseinatu zuenetik. Globalizazioa, migrazioa, krisi klimatikoa, pandemia, feminismoaren olatu berria, digitalizazioa... ordutik hona Euskal Herrian aldaketa ugari gertatu da eta mundu ikuskera berria ekarri du horrek. Ondorioz, ariketa hori berritu eta testuinguru berri honetan euskal kulturaren transmisioa nola bermatzen den adostea funtsezko ikusten du Hezkuntza Plazarak.

Erronka horiei aurre egiteko, Hezkuntza Plazarak bilerak egingo ditu datozen hilabeteetan hainbat eragilerekin, “bakoitzak bere esparrutik, elkarlanean, euskal hezkuntzaren bidean jauzi egin dezagun”.