Karmele Perez Lizarralde: "Prestakuntza gogoetatsuaren helburua irakasleen profil profesionala garatzeko irakasleen kontzientzian eragitea da"

2023-03-24

Karmele Perez Lizarraldek Lehen Hezkuntzako Hobetzeko prest! jardunaldian parte hartuko du apirilaren 22an. Perez Lizarralde Huheziko irakaslea da, Miker taldeko ikertzailea. Bere hitzaldiaren izenburua “Irakasleen prestakuntza gogoetatsua, hezkuntza hobetzeko giltza” da. Jardunaldiko izen-ematea zabalik dago. 

 
 
Karmele Perez Lizarralde: "Prestakuntza gogoetatsuaren  helburua irakasleen profil profesionala  garatzeko irakasleen kontzientzian eragitea da"

Karmele Perez Lizarralde Huheziko irakasleak Irakasleen prestakuntza gogoetatsua, hezkuntza hobetzeko giltza hitzaldia eskainiko du:

"Gaur egun ezin dugu irakasleen prestakuntza ulertu gogoetaren bitartekaritzarik gabe edo gogoeta sustatu gabe. Ikuspegi honetan, defendatzen da ekintza dela toki pribilegiatua ikaskuntza profesionalerako, eta irakaslearen praktika dela prestakuntzaren oinarria.

Irakasleen prestakuntzak irakasleen interes eta egoera arazotsuei erantzun behar die.

Baina arazo horiek ez dira generikoak, irakasle guztiek ez dituzte arazo eta kezka berberak, haien praktika ez delako beti testuinguru berean gertatzen eta erantzun berak ez die balioko beti irakasle guztiei, ezta ikastetxe bereko irakasleak izanda ere; zer esanik ez testuinguru sozial eta didaktiko ezberdinetan badaude. Beraz, prestakuntzak, eraginkorra izango bada, irakaslearen esperientzia kontuan hartu beharko du, bera baita egoera horretan aditua; inork ez du bere gela ezagutzen irakasle horrek bezala, inork ez ditu haur horiek ezagutzen irakasle horrek bezala, inork ez du bere egiteko modua ezagutzen irakasle horrek bezala, beraz, hortik abiatzen da prestakuntza: norbere praktikaren gogoeta horretatik. Prestakuntza abiatuko da praktika edo kezka erreal batetik, irakasleen arteko elkarrekintzarekin eta prestatzaileen esku-hartzeak gidatuta, prestatzailea gidatzailea baita, ez baitaki dena. Teoria etorriko da praktika horren gaineko gogoetatik, bai irakasleek beraiek eraikitzen duten teoria, bai eta adituek egoera horien inguruan proposatzen duten teoria ere. Irakasleen konpetentzia profesionala garatuko da praktikan oinarritutako teoria esanguratsua ezartzen bada eta teoria erabiltzen bada esperientzia praktikoen gainean gogoeta egin behar denean, alegia, teoria praktikaren eta irakaslearen beharraren harira baldin badator eta irakasleak berak lotura hori egiten badu eta ezagutza horiei zentzua ematen badie. Horri deitzen zaio ikaskuntza edo ikuspuntu errealista. Paradigma errealista hori aldarrikatzen dugu prestakuntza eta praktika gogoetatsuaz hitz egiten dugunean".