2023-2024an ikasleak premiaren arabera onartzeko neurriak jarriko dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

2022-12-21

Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordeak iragarri ditu ikasleak modu orekatuan banatzeko hartuko diren neurriak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan. 2023-2024 ikasturtean ezarriko diren neurrien helburua segregazioari aurre egitea da. "Eskola-segregazioa ikastetxeetan gertatzen den banaketa desberdina da", Pedrosaren hitzetan, "haien ezaugarri pertsonalen, sozialen, kulturalen, ekonomikoen eta jatorriaren arabera. Banaketa hori ez da bat etortzen, estatistikoki, kokatuta dauden eremuko biztanleriaren osaera sozioekonomikoarekin eta kulturalarekin, eta desberdintassun egoerak sortzen ditu". Hala, Hezkuntza Sailak bi bide jorratuko ditu segregazioa mugatzeko: onarpen prozesua edo matrikulazio prozesua aldatzea bata, eta matrikula biziaren prozedura doitzea bigarrena.

 
 
2023-2024an ikasleak premiaren arabera onartzeko neurriak jarriko dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Ikasleak modu orekatuan banatzeko neurriak ikasleak 2 urteko geletan sartzen direnetik jarriko dira martxan, eta hauek izango dira:

1- Eskaintzaren plangintza: ikastetxe bakoitzeko eskaintza erregulatuko da, azpieskaintzarik eta gaineskaintzarik izan ez dadin. Hasteko, ikastetxe guztiek beren plaza libre eta planifikatu guztiak eskaini ahal izango dituzte.

2- Plazen erreserba: diru publikoarekikn sostengatutako ikastetxe guztiek gorde beharko dute Hezkuntza Sailak zehaztutako plaza kopurua ikasle zaurgarriak eskolatzeko. Erreserben ehunekoa berdina izango da eragin-eremu bereko ikastetxe guztientzat.

3- Zaurgarritasun indizea: ikastetxe bakoitzari zaurgarritasun indize bat ezarriko zaio, eragin-eremuaren barruan. Eskaerak aurkezterakoan, familia guztien haien egoera sozio-ekonomikoari buruzko inkesta bat bete beharko dute eta bildutako informazioarekin definituko da zaurgarritasun indizea. Horrela, zona bakoitzak bere zaurgarritasun indizea edukiko du eta bertako ikastetxeek indize horretara hurbildu beharko dute.

4-Zonifikazioan doikuntzak egin dira, neurriak eraginkorragoak izan daitezen.

5- Hurbiltasun eskolatzea: hurbileko eskolatzea bultzatzeko asmoz, etxebizitzatik gertuen dagoen ikastetxean (publikoa zein itunpekoa izan) matrikulatzeak emango du puntuazioarik altuena, 7koa. Eragin-eremuko beste edozein ikastetxetan izena ematen bada 5 puntu izango dira.

6- Familiek ikastetxea hautatzeko mugarik ez dute izango eta onarpen-prozesuan ikastetxe hori lehenesten saiatuko dira, eta hautatukoetan lekurik ez balego soilik eskainiko da beste ikastetxe bat. Familiek ahalik eta ikastetxe gehien hautatzea aholkatzen dute, ikastetxea ahalik eta gehien egokitu dadin familiaren interesetara. Familien interesak eta hezkuntza sistemak berak sistema ekitatiboagoa eta ez hain segregatzailea eraikitzeko duen interesa uztartu nahi dira prozedura honekin.

 

Bestetik, matrikula biziaren prozeduran ere irizpide berriak markatu dituzte. Ohiko matrikulazio aldian egiten ez diren matrikula guztiak Hezkuntza Sailaren aplikazioaren bidez egin beharko dira, eta horrekin ikastetxeetan sartzeko aukera berdintasuna zaindu nahi da. Laster argitaratuko da matrikula biziaren prozedura arautzen duen agindua.