Hezkuntza legeak euskara ikas- eta irakas-hizkuntza izatea eskatu dute euskalgintzako eta hezkuntzako eragileek

2022-10-10

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Hezkuntza Legeari euskararen inguruko ekarpen osoa eta “integrala” egin dio Euskalgintzaren Kontseiluak eta Gasteizen aurkeztu du hezkuntzako eragile eta sindikatu nagusiekin batera; EHIGE, Euskal Herriko Ikastolak, HEIZE eta Hik Hasi eta euskal gehiengo sindikaleko ELA, LAB eta STEILASeko ordezkariekin.

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok aurkeztu du lege-proposamenaren edukia. Horrela, lehenik eta behin gogoan izan du, eragile guztiek kezka bera partekatzen dutela aurkeztutako lege-zirriborroaren inguruan: “behin eta berriro esaten ari gara lege berriak argi zehaztu behar duela zein izango den etorkizuneko hizkuntza-eredua Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza-sisteman. Hori ez da argi geratu aurkeztutako zirriborroan. Hortaz, horixe da gure proposamenak bete nahi duen lehen gabezia”. Bilbaok adierazitakoaren arabera, “lege berriak zehaztapen-maila altua izan beharko du eraginkorra bada. Beharrezkoa da legeak argi eta garbi zehaztea zein den hurrengo hamarkadetan ezarriko den hizkuntza-eredua”.

 

 
 
Hezkuntza legeak euskara ikas- eta irakas-hizkuntza izatea eskatu dute euskalgintzako eta hezkuntzako eragileek

Zehaztasun horiek dira, hain zuzen ere, Gasteizen aurkeztu dituztenak. Kontseiluko eledunak euskarazko hizkuntza-eredu orokortuaren beharra justifikatu du: “Ikasle guztiek euskara ezagutzeko eskubidea dute, eta lege honek eskubide hori bermatu behar du. Orain arte, datu guztiek erakusten duten bezala, euskarazko eredua izan da helburu hori lortzeko eredurik arrakastatsuena. Horregatik diogu, Legeak euskarazko eredu orokortu eta inklusibo berri bat jaso beharko lukeela, benetan nahi bada belaunaldi berriak euskaldunak eta eleaniztunak izatea, justiziaren, berdintasunaren eta kohesioaren bidean”.

Jaurlaritzak aurkeztutako lege-zirriborroan bezala, hizkuntza-proiektuek garrantzi handia hartzen dute Kontseiluaren proposamenean ere. “Hizkuntza-proiektuek hizkuntza-ereduari jarraitu behar diote derrigorrez, eta euskararen ikaskuntza-prozesuan ikastetxearen errealitateari egokitzeko irizpideak izan beharko ditu, baina beti ere oinarri bati jarraiki: euskara gutxiago duenari euskara gehiago ematea. Ezin onar daiteke euskara gutxiago duena euskara gutxiagorekin konformatu behar izatea, bazterketa soziala bultzatzea”. Horrez gain, hizkuntza-proiektuak ebaluatu eta, beharrezkoa izanez gero, egokitu beharra jasotzen da proposamenaren atal honetan. “Are gehiago, hizkuntza-proiektua egokitu ezean programa-kontraturik ez da sinatzerik izango”, azpimarratu du Bilbaok.

Hizkuntza-ereduez eta hizkuntza-proiektuez gain beste hainbat elementu jaso ditu gaur aurkeztutako proposamenak. Lehenik eta behin, curriculumari, euskal curriculumari bereziki, erreferentzia zuzena egiten dio: “euskal dimentsioa eta dimentsio unibertsala barne biltzen dituen ikuspegia jaso beharko du, eta hainbat lanketa proposatzen ditugu horretarako”, gaineratu du Bilbaok. Halaber, ikastetxeetako hizkuntza-jarduna ere arautzen du lege-proposamenak, ikastetxeak euskararen arnasgune funtzional bihur daitezen, eta ikasleak euskaraz normaltasunez bizi daitezen. Jarraian, Kontseiluko idazkari nagusiak lege-proposamenak jasotako atal guztiak zerrendatu ditu: irakaskuntzarako sarrera eta horniketa, ikastetxeetatik kanpoko eskaintza, ebaluazioa, euskararen beste lurraldeekiko lankidetza, lanbide-heziketa, kirol- eta arte-ikaskuntzak… bai eta hezkuntza-sistemaren helburuak eta ikasleen hizkuntza-eskubideak ere. “Saiatu gara ekarpena integrala egiten, hau da, euskararen betaurrekoetatik, ikasleen hizkuntza eskubideetatik, beharrezkoak diren elementu guztiak txertatzen”, gaineratu du Bilbaok.

Behin proposamena aurkeztuta, aste honetan Eusko Jaurlaritzak zabaldutako prozesuan erregistratutako du eta ondoren alderdi politikoei proposamenaren berri emango die, bere egin eta haiek ere ekarpenetan jar ditzaten. Abenduan ikusiko dute zer-nola jasotzen den zirriborroan.