Hik Hasik diplomak banatu dizkie 0-6 etapako formazioa jaso dutenei

2022-09-26

Hik Hasiren 0-6 etapako aditu titulua jaso zuten 35 hezitzailek joan den larunbatean. Formazio honen 8. promozioko diploma banaketa ekitaldian izan ziren formazioaren koordinatzaile pedagogiko Kristina Goñi, Xabier Tapia psikologoa eta formazioko irakasleetako bat eta Mikel Agirrezabala Hik Hasiko formazio arduraduna. "Pandemia garaian hasitako formazioari bukaera ematea lortu dugu, eta zailtasunak zailtasun, zuen gogoak eta prestutasunak honaino ekarri gaitu", azaldu zuen Agirrezabalak. "Zorionak guztioi eta jarrai dezazuela heziketa lanean gogotsu eta emankor, Hik Hasi bidelagun izango duzue". Diploma banaketa Joxe Mari Agirretxe Porrotx, Josu Txapartegi Txapas eta Izarne Garmendia Hik Hasi kideek alaitu zuten soinuarekin denak dantzan jarriz eta denak mahai bueltan bazkaltzen bukatuz.

 

 
 
Hik Hasik diplomak banatu dizkie 0-6 etapako formazioa jaso dutenei

Bi urtetan zehar zaintzan eta pedagogia eraldatzaileetan espezializatutako formazioa jaso dute haur txikienekin dabiltzan hezitzaileek. Lehenbiziko urtean zaintzaren garrantzia jabetzeko eta arlo horretan ahalduntzeko aukera izan dute, besteak beste, Alvaro Beñaranekin jaso duten formazio pertsonala tarteko. Bigarren urtean gaur egun dauden pedagogia eraldatzaileak ezagutzeko eta horietan sakontzeko aukera izan dute. Aurrez aurreko formazioaren balioa, taldean sortutako konfiantza, edukien balioa eta jasotako zaintza azpimarratu dituzte parte-hartzaileek.