Pello Otxandiano: “Prozesu hau oso inportantea izan daiteke gure eredua eraikitzeko”

2022-04-07

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Hezkuntza Hitzarmenaren prozesuan buru-belarri murgilduta aritu da hasieratik Pello Otxandiano (Otxandio, 1983). Telekomunikazio Ingeniaritzan doktorea da eta EH Bilduko programa zuzendaria. Duela 16 urte ondu zen Euskal Herriko Hezkuntza Akordioan parte hartu zuen eta urte hauetan denetan jarraipen estua egin dio hezkuntza arloan egosi den guztiari. Talaia horretatik eta urteetan bildutako esperientziatik hitz egiten du, herri ikuspegitik begiratuz, gizartearen aldaketei adi, hezkuntza eragileen mugimenduei so eta ikastetxeetan gertatzen denari erne. Argi dio hezkuntza hitzarmena behar dela egiturazko arazoei aurre egiteko, eraldaketa pedagogikoa gauzatzeko eta euskal hezkuntza eraikitzeko. Orain, alderdi politikoek lortutako adostasuna gizartera eraman behar dela azpimarratzen du. Norabidea adostu eta elkarlanerako garaia dela dio, ilusioz eta indarrez: “Aukera hau ezin da galtzen utzi”.

 
 
Pello Otxandiano: “Prozesu hau oso inportantea izan daiteke gure eredua eraikitzeko”

Zergatik jo behar da “historikotzat” EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta EP-IUk lortutako Hezkuntza Akordioa?

Lehenengo eta behin, horrelako adostasun maila ez delako ohikoa inon, ezta Europan ere, eta egiatan, hemen ez delako inoiz gertatu. Bigarrenik, ez delako edozein gai; ez gara ados jarri koronabirusaren krisiari aurre egiteko, baizik eta herri eraikuntzan oso inportantea den gai batean. Hezkuntzatik herri oso bat pentsatu eta definitu daiteke. Beraz, horrelako hitzarmen batekin norabide jakin bat ematen bazaio, —eta kasu honetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntzari ematen zaio—, herri honen zati honetako hezkuntzaren garapenari eta eraikuntzari begira gauza ugari definitzen dira.

Bestetik, uste dut historikotzat jo daitekeela 93ko esperientziatik gatozelako. Orduan haustura politikoa eta soziala gertatu zen eskola publikoaren eta planteamendu hartatik kanpo geratu zirenen artean. Eta orain, garai hartatik eratorri zena gainditzeko urrats bat egiten ari gara eta ate asko ireki daitezke. Zeren planteamendua sistema osoa arautzea eta sistema osoa norabide bateratuan garatzea da.

Batetik, historikoa eta, bestetik, beharra. Zergatik behar da Hezkuntza Ituna une honetan?

Hiru arrazoi nagusi aipatuko nituzke: egiturazko arazoei aurre egiteko beharra, eraldaketa pedagogikoaren premia eta euskal hezkuntza eraikitzeko beharra.

Egiturazko arazoei dagokienez, hezkuntza sisteman egiturazko arazo edo akats batzuk dauzkagu eta horietako bat demografikoa da. Jaiotze tasaren beherakadagatik ikastetxe asko itxi egin beharko dira eta prozesu hori ez bada modu ordenatuan egiten, gatazkatsua eta traumatikoa izango da. Bigarrenik, jatorri eta klase segregazioaren gaia dago. Azterketa guztiek diote geroz eta gehiago direla kanpotik datozen ikasleak eta hori ez bada ongi kudeatzen kohesio soziala apurtuko da. Eta hori herri gisa guretzat sekulako arazoa da, zeren ez baldin badago kohesio sozialik ez dago herri eraikuntzarik. Ezin daiteke herri bat eraiki gizartea zatitua edo segregatua baldin badago. Eta hirugarren aldagaia euskalduntzean gertatzen ari den atzerakada da eta horren barruan ere aldagai asko daude. Egia da D ereduak asko egin duela aurrera eta hiztun berriak daudela, baina bestetik, digitalizazioaren inpaktua dago. Sozializazio espazio berriak dauzkagu, asko digitalak dira eta hor euskararen presentzia askoz urriagoa da. Beraz, horrelako egiturazko arazoei aurre egiteko itun bat beharrezkoa da.

Bigarren arrazoi nagusi gisa eraldaketa pedagogikoaren premia aipatu dut. Gero eta gizarte konplexuagoa daukagu eta iraultza bat behar da pedagogian, metodologietan eta abar hainbat aldagai txertatu behar direlako: digitala, krisi klimatikoaren testuinguruan nola hezten diren pertsona kritikoak, testuinguru historikoa kudeatzeko gai direnak...

Eta hirugarren arrazoi nagusia euskal hezkuntzaren eraikuntzan fase berri baterako urratsa egin behar dugula da. Orain arteko talkak, ezin ikusiak, antagonikotzat jo diren posizioak... gainditu behar ditugu. Halako mundu konplexu batean, herri gisa edo indarrak batzen ditugu edo bestela ez daukagu etorkizun onik. Ez baldin bagara gai gure hezkuntzaren inguruan norabide partekatua markatzeko, gaizki goaz. Horregatik ere behar da hitzarmena: behingoz gure herri gaitasuna norabide komun batean jartzeko eta herri honek zer hezkuntza sistema behar duen pentsatzen hasteko, gure ezaugarrien eta aukeren arabera. Nazio estatuen eta Espainiaren eskola eredua apurtu eta geuretik pentsatzen hasi behar dugu: deszentralizaziotik, komunitatearen parte-hartzetik eta abar. 

 

Uste duzu badagoela gure hezkuntza sistema osorik birplanteatzeko eta arautzeko gaitasunik?

Zalantzarik gabe. Beste atal batzuetan eztabaida dezakegu; esate baterako, ezin gaitezke izan burujabe % 100ean energetikoki petroliorik ez daukagulako, eolikoak eta eguzki plakak jarri beharko genituzkeelako leku guztietan eta ezin dugulako, eta horrez gain gauza asko beste eskala batzuetan arautu behar direlako. Baina hezkuntzaren kasuan, herri honek badauka gaitasuna bihar bertan hezkuntza prozesua osorik antolatzeko eta arautzeko.

Zertarako behar dugu LOMLOE? Guk ituna egiteko prozesu guztian ez dugu kontsultatu, ez da erreferentzia bat guretzat. Irailean ezarriko zaigu, baina ez dugu horren beharrik geurea antolatzeko. Beraz, zer hezkuntza eredu behar dugun eztabaidatu behar dugu eta kohesio handia eraiki behar da norabidearen inguruan eta etorkizuneko ikuspuntuaren inguruan. Behin norabidea izanda, hori arautuko duen lege bat behar dugu, eta ez bada kabitzen egungo estatus politikoan, hezkuntza arautzeko konpetentzia esklusibo bat aldarrikatu beharko dugu. Guk buruan daukagun sistemaren eraikuntzak gaur egun ez daukagun eskumen maila bat eskatuko du segur aski atal askotan. Katalunian gertatu zen; hango legeak indarrean jarraitzen du, baina artikulu batzuk [Espainiako] Konstituzionalak baliogabetuta daude. Orduan, nik uste dut eztabaida hori ere helduko dela. Burujabetzaren debatera hari desberdinetatik heldu behar da eta horietariko bat hezkuntzarena da.

 

Alderdi nagusien artean adostasuna lortu duzue, baina nola ikusten dituzu sindikatuak eta hezkuntza eragileak? Itunari egin dizkioten kritikak, kontrako adierazpenak eta mobilizazioak ikusita, norabide bakar hori marrazteko prest ikusten dituzu?

Azken 30 urte hauetan EAEko hezkuntzaren eztabaida guztiz polarizatuta egon da, eta orain, nik uste dut, helburu partekatu baten alde elkarrekin lanean jartzeko aukera badaukagula.

Badago mesfidati dagoen jendea, ados, baina bermeak denon artean eraiki ditzakegu. Ituna egiteko prozesuan hezkuntza komunitateari ez zaiola entzun esan zaigu; eta nola egiten da hori elkarren kontra ari badira euren artean? Ez dela parte hartzerik egon eta langileen bizkar egin dela esan da, eta hori ez dut partekatzen inondik inora. Aitzindaria izan den prozedura parlamentario bat egin da eta ezer ez da ixten orain. Gainera, eragile batzuek ezin dute monopolizatu hezkuntza komunitatearen ahotsa. Sindikatuek, adibidez, ordezkatu ditzakete langileen interesak momentu batean, baina hezkuntzari buruzko eztabaida askoz ere zabalagoa da eta hor beste eragileei ere entzun behar zaie eta haiengandik ikasi. Uste dut horretarako espazio bat ireki behar dela. 

Hemen inork ez dauka egia osoa, denok gaude baldintzatuak eta kontziente izan behar dugu denek dituztela interes korporatiboak, alderdi politikoek eta hezkuntza eragileek. Orduan, bakoitzak esan dezala berea, baina besteek esateko daukatena entzunez. Eta egin dezagun eztabaida lubakietatik aterata. Nik uste dut norabide partekatu horretan jartzen baldin bagara, posible dela jauzi handi bat egitea. 

Denaren kontra ere ezin daiteke egon. Noizean behin zerbaiten alde ere... Dena ezezkoan jartzeak desaktibatu egiten du. Joseba Sarrionandiak esaten du banderizoen herria garela. Nik uste dut ez gaudela kondenatuta banderizoen herri bat izatera eta posible dela adostasun handiagoetara iristea. Zeren gauza batzuetan ez gara ados egongo, baina beste gauza batzuetan uste duguna baino adostasun handiagoak dira posible. Eta ados bagaude notizi ona da, jendeak notizi onak ere behar ditu.

Horrez gain, eztabaidak oso polarizatuta daude sektore batzuetan, baina nik uste dut horren azpitik, komunikabideetan ikusten denaren azpitik, beste korronte bat dagoela: eskoletan ikusten dena, jendeak nahi du. Egungo ereduarekin arazoak dituzte eta horiei soluzioak emateko konpromisoak jasotzen dira itunean. Horregatik uste dut posible dela adostasuna lortzea norabidean, luzerako begirada baten inguruan.

Alderdi politikoen arteko adostasun honek orain eztabaida espazio sozialera eramateko balio behar du.

 

Nola eramango da eztabaida gizartera? 

Hasteko, lege batek ez du ezer bermatzen. Historikotzat jo dugun hitzarmen hau tresna bat da, baina ez da helburua. Itunak hezkuntza komunitatean norabide baten inguruan ilusioa eta bultzada sortzeko balio behar du. Hori gabe hitzarmenak ez du ezertarako balio. Eragile guztiek jokatuko duten rolaren eta beteko duten funtzioaren arabera egongo da horren garapena eta denek birpentsatu beharko dute hezkuntza proiektuen garapenean izan behar duten rola.

Alderdi politikoen arteko ituna espazio sozial batean jarri behar da eta ariketa sakon bat egin. Laster dossier bat entregatuko zaio Legebiltzarreko ponentzian parte hartu zuen eragile bakoitzari dokumentazio guztiarekin. Hezkuntza hitzarmena mahai gainean jarrita, hor dauden gako guztien inguruan hitz egin behar da, eztabaidatu, zer adostasun dagoen ikusi, beste ekarpenik dagoen ikusi... eta hori jaso egin behar da legearen eztabaidarako. Legearen aurreproiektu bat egongo da orain, baina hori aldatu daiteke emendakinen bidez, eta aldatu behar da eztabaida parlamentarioan.

Eztabaida legea atera arte luzatu behar da eta urtebete baino gehiago dago debate ahaltsu bat egiteko. Horrek aberastu egingo du, balio du, eta aukera hori ezin da galtzen utzi. Orain da momentua.

 

Zer ekar dezake itunak edo legeak ikasleentzat, irakasleentzat eta ikastetxeentzat?

Ikastetxeentzat iraultza izango dela uste dut. Hezkuntza proiektuak ikastetxearen ingurunearen arabera eta bertako aukerak baliatuz eraikitzea planteatzen da. Komunitatearekin batera egingo dira, herri proiektu batean txertatuz. Hezkuntza komunitatea bihurtuko da prozesuaren protagonista, berak garatuko du eta berak edukiko du prozesuaren kontrola. Behetik gora egingo da, ez orain arte bezala goitik behera.

Horrek irakasle talde ahaldunduak eta gaituak eskatzen ditu, eta lidergo pedagogikoa hartu dezaketen zuzendaritza talde ahaltsuak. Beraz, formazio gehiago eskaini behar zaie. Irakasle motibatuentzat aukera berriak irekiko dira esperimentatzeko eta euren rola birdefinitzeko.

Eta ikasleentzat ere itunak iraultza bat ekarri beharko luke. Ikaslea da erdigunea eta irakaste-prozesu guztia ikasleak egin behar duen ibilbidean dago oinarrituta. Adibidez, ratioen kasuan, ikaslea erdigunean jartzen bada, krisi demografikoa aukera bat izan daiteke ratioak jaisteko.

Ekosistema oso bat behar da hori egiteko eta nik uste dut badagoela.

 

Ekosistema horretan sartzen ditu itunak udalak eta hezkuntza ez formala. Hori ere berrikuntza da.

Bai, Hezkuntza Hitzarmenari lotutako eztabaidetan lehen ez zeukan erdigunea hartu du. Gakoa da udalek eta hezkuntza ez-formaleko eragileek zer rol beteko duten herri bakoitzeko hezkuntza proiektuaren eraikuntzan, zein izango den herri bakoitzeko proiektu hezitzailea eta inportantea da nola txertatuko den eskola edo eskolak proiektu hezitzaile horren baitan.

Esku-hartze komunitarioa egin behar da hezkuntza formala eta ez-formala elkartuz eta lankidetza sustatuz. Hori herri mailan soilik egin daiteke eta udalek funtzio bat bete behar dute hezkuntzan. Eragile izan behar dira hezkuntzan tokiko administrazio gisa. Nik uste dut horrek erdigune argia hartu duela.

Herri hezitzaile horiek eraikitzeko sistema behetik gora pentsatu behar da aurrena. Eta gero, ikusi sistemak zer baliabide jarri behar dituen, nola antolatu behar den. Adibidez, jaitsiera demografikoarekin herri batzuetan eskola bakarra geldituko bada, eta gelditzen den hori Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren parte den eskola baldin bada, ez da hain inportantea eskola hori administrazioarena den edo kooperatiba bat den. Inportantea da zein den herri horretako proiektu hezitzailea eta nola dagoen txertatuta eskola hori proiektu hezitzaile horren baitan. Hori ez dadin izan prozesu gatazkatsu eta traumatikoa, alderantziz, prozesu baikorra izan dadin, esku-hartze komunitarioa gakoa da.

 

Euskal Hezkuntza Zerbitzua eta titularitatea aipatu dituzu. Korapiloa sorrarazi izan duen gaia da titularitatearena. Itunak irakurketa berri baterako atea ireki duela esan daiteke? Publikotasuna ulertzeko beste modu bat?

93ko Euskal Eskola Publikoaren legeak sistemaren erdia arautu zuen eta gero, dekretu bidez, eskola publikotik kanpo geratu zen sistemaren beste erdia arautu zen. Orain, sistemaren osotasuna arautzeko planteamendua egiten da Euskal Hezkuntza Zerbitzua sortuz. Hezkuntza zerbitzu publikoa eskaintzen duten ikastetxeak sartuko dira hor, titularitatea edozein izanda ere. Baldintza, konpromiso eta betebehar batzuk bete beharko dituzte Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren parte izan nahi duten ikastetxeek, eta kontrol publiko bat izango dute.

Hori da gako nagusia eta egiturazko aldaketarik handiena, eta horrek eztabaida handia sortu du. Bateratzearen aldeko aukera eginda, batzuk ulertzen dutena zera da: eskola itunduen edo pribatuaren mesedera egindako zerbait dela, eskola publikoari ematen zaion errekonozimendu bera ematen zaiola. Beste modu batera ere uler daiteke, ordea: kontzertazio unibertsala deitu duten hori bukatzea dela. Orain arte baldintza batzuk jarri zaizkie diru publikoa jasotzeko eta orain beste batzuk jarriko zaizkie. Joko-arau argiak egongo dira, denek bete beharko dituztenak zerbitzu horren parte izateko eta diru publikoa jasotzeko. Administrazioak bermatu behar du funtzio publiko hori, diru publikoa jasotzen duenak konpromiso argiak hartu behar dituela eta kontrol mekanismo zorrotzak egon behar dira.

Beraz, egiturazko urrats handiena zera da: bateratzearen aldeko planteamendua egiten dela. Hau da, ulertzen da Euskal Hezkuntza Zerbitzu hori eman dezaketela titulartasun publikokoek, administrazioaren titulartasunekoak direnek eta pribatuak direnek ere, baldin eta betiere joko-arauak mundu guztiak errespetatzen baldin baditu. Ez dago administrazioaren titularpean egon beharrik zerbitzu publiko bat eskaintzeko eta, beraz, Euskal Hezkuntza Zerbitzuan egoteko. 

Publikotasunaren irakurketa zabalagoa eginda iristen gara horra, publikotasuna herri bezala pentsatuta. Guk zer hezkuntza eredu nahi dugu? Horrek zer sistema eskatzen du? Eta nola antolatu daiteke sistema hori? Goazen funtzio publikoa zer den eta balio publikoa zerk ematen duen identifikatzera eta joko-arau garbiak jartzera horretarako. Eta eredua baldin bada eredu deszentralizatua, parte-hartzailea, komunitateak parte hartzen duena, hezkuntza zentroak autoantolatzen direna, autoantolatzeko eta beren burua gobernatzeko mekanismoak eta gaitasunak dituztenak, ez dugu zalantzan jartzen hori egin ezin daitekeenik admnistrazioaren titularrak diren ikastetxeen bitartez. Baina beste era batera ere egin daiteke. Zergatik ez?

 

Segregazioa eta kohesio soziala serio hartu ditu itunak. Zertan ikus daiteke seriotasun hori? Zer neurri hartuko dira?

Gaia konplexua dela onartu behar dugu denok eta askotariko esku-hartzea behar duela. Norabide partekatu baten bueltan lan asko egin behar da bai eskolan eta baita eskolatik kanpo ere, soluzio magikorik ez baitago.

Arazo handia dago eta leku askotan tentsioa muturrera iristen ari da. Kasu horietan kohesio soziala apurtzen da eta hori hilgarria da guretzat. Kohesio sozialik gabe ez dago herririk eta herririk gabe euskarak ere ez dakit zer etorkizun izan dezakeen. Kohesio soziala eta euskara elkarri lotuta doaz.

Horregatik, uste dut oso serio hartu behar dela, orain arte egin ez diren urrats batzuk egin behar direla eta itunarekin neurri zehatzak martxan jartzera goaz, bai ala bai, urgentziaz. 

Neurri zehatzez gain, diagnostiko zorrotz bat egin behar da ikastetxez ikastetxe esku-hartze eraginkorra egiteko eta hori Euskal Herrian posible da eskala maneiagarria daukagulako: ikastetxe guztiak monitorizatuta eduki ditzakegu, Hezkuntza Sailak banan-banan bisitatu ditzake ikastetxeak, zuzendariekin harreman zuzena eduki, bakoitzaren baldintzak eta komunitatea ezagutu, gurasoak eta ikasleak ezagutu... Eta behin diagnostikoa eginda planifikazio estrategiko bat egin behar da.

Ondoren, segregazioaren kontrako hitzarmen bat egiteko konpromisoa hartu da 2023rako, eskola komunitatearekin eta eragileekin batera.

 

Euskararen gaian kosta zaizue adostasuna lortzea. Azkenean ez da 'murgiltze eredua' aipatzen, 'euskarazko eredu orokortua' ere ez. Azken testua lorpentzat har daiteke? Konformatzeko modukoa da?

Kontua da eztabaida politikoan murgiltze hitzak konnotazio bat daukala eta ez duela adostasunerako biderik irekitzen. Adostu egin behar dugu nola izendatuko dugun guztiok eroso egon gaitezen, baina norabideak argia izan behar du eta aurrera egiteko balio behar du. Eta denok gaude ados aurrera nola eta nondik egin behar den. Ni ez nau hainbeste penatzen murgiltze hitza ez agertzeak, baldin eta helburua argi badago. Eta hor, “ezagutza praktiko nahikoa” esaten den hori zehaztu da lehenengo aldiz; gutxieneko modura Europako B2 erreferentzia markoa ezarri da, estandarra da, eta badakigu hori zer den.

Argi dago horrek murgiltze prozesuetara eramaten gaituela praktikan. Ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza proiektua egin eta garatu beharko du eta horretarako baliabideak jarriko dira, eta baita jarraipena egin, ebaluatu eta lagundu ere. Orain arte etxetik euskara gutxi zeukanari euskara gutxiago eman izan zaio; orain euskara gutxi daukanari gehiago emango zaio. Ikusteke dago hori garatzeko zer indar sozial egongo den, zer baliabide jarriko diren, nola egingo den bidea eta abar. Baina orain arteko egoera gainditzera goaz.