Baso-eskola Eredua: Kanpoan asko dago ikasteko

2022-04-06

Gero eta gehiago dira ateak zabaldu eta aire zabalera ateratzen diren eskolak. Natura ikasgelarik handiena dela esan ohi da eta baieztapen hori ez dagokio tamainari soilik. Izan ere, lau pareten artean baino askoz ere gehiago ikas daiteke kanpoko espazioetan. Ikasgela bizia da natura, ziklikoa, konplexua, eta beti mugimenduan dagoena. Ikasteko, jolasteko eta ikertzeko gunea da natura. Ongizatea, askatasuna, sormena, harremanak lantzea, jolasa… Aukera ugari eskaintzen dizkigute kanpoko espazioek eta curriculumeko edozein arlo lantzeko aukera ematen digute, gainera. Testuliburuak itxi eta zentzumen guztiak martxan bertatik bertara ikusi, usaindu, ukitu, entzun eta dasta daitezke naturak eskaintzen dizkigun aukera guztiak. Ausardia behar da ateak ireki eta naturara gerturatzeko, baina atearen beste aldean, onurarik baino ez dugu aurkituko.

 
 
Baso-eskola Eredua:  Kanpoan asko dago ikasteko

B

ost urte dira Kutxaren Ekoguneak Baso-eskola proiektua abiatu zuela. 2015-2016 ikasturtean aurretiko lanak eginda, 2017an hasi ziren hainbat ikastetxerekin batera lanean. Irati Andoño Erdozain Baso-eskola ereduko teknikaria da eta berak azaldu digu nola hasi zen dena: “Garai hartan Kutxa Ekoguneak Hezkuntza Programa bat zuen eta horren baitan, ikasleek egun bateko jarduera egiten zuten Ekogunean bertan. Baina gaur egun haurrek eta gazteek naturarekin duten harremana oso eskasa dela ikusita tarte horiek zabaltzeko beharraz ohartu ziren, Europako Iparraldera begira jarri ziren eta oso interesgarria iruditu zitzaien Baso-eskolaren eredua martxan jartzea”. 

 

Pentsatu eta egin. Hainbat eskolarekin harremanetan jarri eta proiektuarekin aurrera jo zuten. Ikasleek naturarekin harreman egonkorra izatea erronka gisa hartuta, naturako espazio batera maiztasun handiagoz joateko proiektua garatu zuten. “Gure ereduak helburu bikoitza du: ikasleen garapen integralean positiboki eragitea naturak eskaintzen dituen onurak aprobetxatuz, eta natura eta bioaniztasuna babestea. Hezkuntza Komunitate osoaren inplikazioa eskatzen duen proiektua izanik, ingurumen kontzientzia denen artean lantzeko eta garatzeko aukera eskaintzen du. Era berean, etorkizun jasangarriagoa sustatzen ari gara, gizarte ekozentristagoa eta eko-alfabetizazioa ere bultzatzen dugu”, esan du Andoñok.

 

Gaur egun 32 eskolak hartzen dute parte egitasmoan: “Eskolak parte hartzen hasten direnean aholkularitza eskaintzen diegu eta gure laguntzaz jartzen dute martxan eredua, baina behin ibilbidea eginda, urte bete edo bi urteren buruan, haien kasara kudeatzen dute eta denon artean Baso-eskola Sarea osatzen dugu. Garrantzitsua iruditzen zitzaigun sarea sortzea komunitate izaera hori izateko, elkarrengandik ikasten eta hobetzen jarraitzeko”.

 

Eskola batek Baso-eskola ereduan parte hartzea erabakitzen duenean, irakasleek 15 orduko oinarrizko ikastaroa jasotzen dute. Naturaren ezagutza lantzen dute, segurtasun irizpideak, naturan jolastea, curriculumeko edukiak nola uztartu eta Baso-eskolako gidalerroak: saio bat nola antolatu, zer behar duten… Ondoren irteera lagunduak egiten dituzte ikastaroan ikasitakoa praktikan jartzeko eta aholkularitza pedagogikoa eta babesa eskaintzeko. Lehenengo saioetan irakasleak lasai eta gustura sentitzea funtsezkoa da. Eskola bakoitzak erabakitzen du lagundutako saioak zenbat izango diren eta gerora, bakarrik aritzen dira baina Ekoguneko teknikarien laguntza dute: “Gu beti gaude prest eskoletara joateko, beren kezkak erantzuteko… Zaindu behar ditugu. Apustu handia egiten dute, oso ausartak dira. Daukagun jarduteko moduarekin apurtu, ateak ireki eta beste pauso batzuk emateko prest daude. Lan handia egiten dute eta ahalegin hori zaindu behar dugu”, dio Andoñok.

 

Jarduerarako eremuak bilatzeak garrantzi handia du: “Udaletxea bilaketa horretan inplikatzea oso aberatsa iruditzen zaigu. Hezkuntza komunitate osoa inplikatzen da proiektuan. Aberatsak diren eremuak bilatzen ditugu, betiere: jolaserako, esploraziorako eta ikerketarako aberatsak diren espazioak behar ditugu. Eta segurtasun aldetik ere irizpide batzuk finkatzen ditugu”. 

Naturaren onurak 

 

Gaur egun ordu asko ematen ditugu espazio itxietan eta naturarekin harreman zuzena eta jarraia izateak onura ugari dakarzkigu Andoñok azpimarratu duenez: “Dimentsio motorea asko aberasten da, berez naturan bizitzeko prestatuta baikaude eta espazio itxietan ia ezin gara mugitu. Dimentsio kognitiboa ere aberasten da, naturak kontzeptu abstraktuagoak lantzeko eta ulertzeko aukera eskaintzen digulako: izan daitezke klima larrialdia, heriotza edota aniztasuna, adibidez. Aniztasuna zer den ikasten dute, heriotza zer den ere bai, elementuak agertu eta desagertu egiten direlako… Eta dimentsio soziala eta emozionala lantzen dira. Komunitatearen beharraz ohartzeko aukera dute eta baita euren ingurua edo mundua ulertzeko aukera ere. Sormena lantzen da, ingurua patxadaz aztertzeko denbora duzulako, aspertzeko... Ordea, gaur egun bizi garen erritmo azkarrean ez dugu ia denborarik pentsamendu konplexua garatzeko eta horrek dimentsio askotan eragin dezake. Baso-eskolan hipotesiak eta behaketak egiteko aukera dute, gero hipotesi horiek ebazteko, ikerketak egiteko… eta hori pentsamendu konplexuarekin lotuta doa. Jolasa aberasten da, ongizatea ere bai, erresilientzia eta jakin-mina areagotzen dira... Oro har, geroz eta denbora gutxiago dugu naturarekin harremanetan izateko eta horrek arazoak sortzen ditu: arazo kognitiboak (hiperaktibitate kasuak), arazo psikikoak (depresioa, antsietatea, estresa…) eta isolamendua. Fisikoak ere bai, jakina (obesitate tasa altuak, miopia…). 

 

Jarduerak aurrera egin ahala, haurrengan garapena nabarmena izaten dela dio Andoñok: “Ikasle asko ahaldundu egiten dira naturarekin harremanetan eta rolak ere asko aldatzen dira elkarlanean aritzeko beharra suertatzen delako. Talde-nortasuna eta harremanak indartzen eta aldatzen dira… Prozesu aberasgarria da”. 

 

Curriculuma lantzeko aproposa

 

Naturan eduki guztiak landu daitezke. Egokitzea eta begirada aldatzea da kontua. Eredu honek modu holistikoan hezteko aukera ematen duela dio Andoñok: “Begirada zabaldu behar dugu eta dugun aukeraz ohartu behar dugu. Izan ere, gauza oso interesgarriak gertatzen dira saio guztietan eta interes guneak askotarikoak dira. Ia talde guztien  interesekoa da eraikuntzak egitea, adibidez. Orain eskola batean eraikuntzak lantzen hasi dira: etxetik hasita, herriko eraikuntzak, prototipo bat egin dute basora joan eta bertan eraikitzeko… Teknologiak ere sar ditzakezu 3Dn sortzeko.Gaur egun dugun sistema eraldatzen ari da baina industrializazioaren garaiko egitura fisikoa dugu ikasgelen egiturari eta espazioaren egituraketari dagokionez… Ausartu behar dugu, ateak irekitzea eta naturara gerturatzea, salto hori ematea garrantzitsua da. Natura ikasteko, jolasteko, ikertzeko gunea da eta aukera handiak ematen ditu. Barne espazioetan dena estatikoa da baina naturak bere fluxuak ditu, aldatzen doa uneoro eta hori oso aberasgarria da denontzat”, esan digu Andoñok. 

 

Ekogunea Gipuzkoan aritzen da Kutxa Fundazioaren Gizarte Ekintzaren egitasmoa delako baina Gipuzkoatik kanpo ere ikastaroak eskaintzen dituzte, eta pixkanaka beste herrialdeetan zabaltzen ari da egitasmoa: Atxondon, Lekeition edota Iruñean, esaterako. 

 

Hau bosgarren ikasturtea dute eta Baso-eskolaren jarduera hasi duten eskola guztiek jarraitzen dute egitasmoan. Muga nagusia baliabide pertsonalak izaten direla dio Andoñok: “Eskola gehienetan esaten dute Lehen Hezkuntzara zabalduko luketela edo saio gehiago egingo lituzketela baina euren muga baliabide pertsonalak direla. Hezkuntza Sailarekin harremanetan gaude proiektua aurkezten eta ea aukera dugun gehiago zabaltzeko”. 

Egun bat Baso-eskolan

Malgutasunez jokatzea ezinbestekoa da, taldearen egoera, eguraldia edota interesak ez direlako beti berak izaten. Baina, oro har, horrela antolatzen dute eguna:

Eskolan bildu eta Baso-eskolara eramateko materiala prestatzen dute. 

Abiatzea. Bidea bera hezteko tartea da. 

Eremura iristean bertan biltzen dira. Bilgune horrek ikasleen ahalduntzea, komunikazioa eta enpatia lantzeko balio du. 

Jolas librea. Haurren behaketa egiten da betiere haien segurtasuna bermatuz.

Berriro bilgunera. Haurrek hitza hartzen dute. Edukiak txertatzeko unea izan liteke, baita jolasen bat edo dinamikaren bat egiteko unea ere. 

Hamaiketakoa, dena jaso eta eskolara. Batzuek egun pasa egiten dute otorduak naturan bertan eginez. 

Eskolara heltzean haurrei aldatzen laguntzen diete, baina autonomia landuz. 

Basoko arau batzuk (talde bakoitzak adosten ditu eta aldatzen joan daitezke):

Ezin da minik eman, ez lagunei ez bestelako izaki bizidunei. 

Makilak gerritik behera erabiliko dira, bestela ziurtatu inor ez dagoela inguruan.

Haurrek irakasleen begi-bistan egon behar dute.

Fruituak, onddoak… ez dituzte ukituko ezagutzen ez badituzte.

Zaldibiako Lardizabal eskolaren esperientzia

Duela urte batzuk eman zuten ateak zabaltzeko eta naturan hezteko pausoa Zaldibiako Lardizabal eskolan. 2017an Haur Hezkuntzako ikasleak eskola ondoko parke botanikora ateratzen hasi ziren egunero eta ikasle horiek Lehen Hezkuntzara iritsita, jarduerari jarraipena emateko beharra sentitu zuten. Gaur egun 2 eta 12 urteko ikasleek hartzen dute parte Baso Eskola jardueran eta egunero ikusten dute zeinen garrantzitsua den haur eta gaztetxoak naturan heztea. Eider Amundarain, irakasle eta zuzendariarekin, Añarbe Kalonje LHko irakaslearekin eta Maite Garmendia HHko irakaslearekin izan da Hik Hasi eta haiek azaldu dute jardueraren nondik norakoa.

Naturarekin harremanetan haztea eta heztea onuragarria dela-eta, ateak zabaltzea eta natur eremuak baliatzea erabaki zuten Zaldibiako Lardizabal eskolan. Eskola ondoko parke botanikoan jolasten ikusten zituztenean konturatzen ziren haurrentzat plazer hutsa zela bertan jolasean aritzea. Eta irakasleentzat ere plazera zen haurrak han ikustea. Horrela hasi ziren Haur Hezkuntzakoak egunero kanpora ateratzen. Etxetik katiuskak eramaten dituzte, ikasgelan uzten dituzte eta egunero ateratzen dira ikasgelatik. Goiz erdia pasatzen dute kanpoan, eta hala, neguan ere kanpoan epelago dagoenean uzten dute ikasgela. Horrek guztiak Lehen Hezkuntzan jarraipena behar zuela pentsatu zuten, baina ez zekiten nola egin eta hasieran zalantza izan zen nagusi. Izan ere, baliabideak behar dira, Lehen Hezkuntzan curriculumeko edukiak txertatzeko presioa handiagoa da… Eta duela bi urte, pandemiak bultzada eman zion egitasmoari. Aire zabaleko jarduerak lehenetsiko zirela zehaztu zuen orduan ezarritako protokoloak eta horri helduta proposatu zuten Lehen Hezkuntzan ere astero goiz bat eskolatik kanpo pasatzea. Horrekin batera, Ekogunearen eskutik irakasle talde osoari prestakuntza-saioak eskaintzen hasi ziren. 

 

Komunitatearen inplikazioa oso garrantzitsua izan da Zaldibian prozesuaren hasieratik bertatik. Hala esan du Eider Amundarain Lardizabal eskolako zuzendari eta irakasleak: “Guraso batek herri inguruan egin daitezkeen 12 ibilbide prestatu zizkigun eta horiek txandaka egiten hasi ginen, goiza kanpoan pasatuz. Iaz egun finkorik gabe aritu ginen, baina aurten dena egituratu dugu: talde bakoitzak bere eguna du eta bi irakaslerekin egiten dute jarduera”. Jarduera horretara bi irakasle bideratzeak, ordea, beste leku batzuetatik kentzea eskatzen du eta baliabide pertsonal gehiago izatea garrantzitsua izango litzatekeela diote: “24 irakasle gara eskolan eta dauzkagun baliabideekin egin behar dugu aurrera. Hezkuntza Sailak baso eskola proiektuak dauden eskoletan baliabide pertsonalak jartzea nahiko genuke, zeren haiek esan zuten aire zabaleko ekintzak lehenesten dituztela eta talde bakoitzak gutxienez bi irakaslerekin atera behar duela, baina gero ez dute hori gauzatzeko baliabiderik jartzen”. 

 

Amundarainek azaldu digunez jarduera gauzatzeko lau eremu erabiltzen dituzte: “Eskolaren ondoan dugu parke botanikoa, Haur Hezkuntzakoek egunero erabiltzen dutena, eta Lehen Hezkuntzakoak normalean beste hiru eremuetara joaten dira. Udaletxeak eta eskolako ikasle batzuen aitonak lagundu ziguten lurrak bilatzen. Hiru eremu aukeratu genituen, elkarren artean oso ezberdinak: batek erreka dauka, beste bat aldapatsua da, bestean animaliak egoten dira… Behin lur eremuak zein izango ziren erabakita, hitzarmena sinatu genuen udaletxearen, eskolaren eta lurjabeen artean eta hor zera arautu genuen: jabeak eskolari lurra musutruk uzten diola baso eskolako jarduera egiteko”. Gurasoek eremuak egokitzen ere lagundu zuten, auzolanean aritu ziren egiteko horretan eta udaletxearen laguntza ere eskertzekoa da, gure beharrak asetzeko prestutasuna erakusten baitu beti”.

 

Curriculuma naturan landuz

 

Apustu handia egin zuten Lardizabalen eta irakasle talde osoak jaso zuen prestakuntza. “Curriculuma nola txertatu aztertzen ari gara orain, programazioak idazten… Izan ere, oso desberdina da Lehen Hezkuntzako 1. mailakoekin edo 6. mailakoekin aritzea. 6. mailakoek, adibidez, unibertsoa lantzen ari direnez, baso-eskolan ere unibertsoa lantzeko jardueraren bat egiten dute, 5. mailakoak lurreko koordenadak, latitudea eta longitudea lantzen ari dira. Eta 4. mailakoak, zenbaki erromatarrak lantzen ari zirenez, basora joan beharrean herrian barrena ibili ziren horien bila”, azaldu du Amundarainek. 

 

Curriculumeko edozein eduki lantzeko aukera ematen dute naturak eta kanpoko espazioek. Egokitzapenak egitea da gakoa Añarbe Kalonje Lehen Hezkuntzako irakasleak dioenez: “Naturara egokitu behar duzu. Ez da kanpora liburuarekin joatea eta kanpoan jarraitzea, baina liburuko edukiak landu ditzakezu. Batzuetan nahi gabe, gainera. Basoan elkartzen garenean atera egiten zaie; ez diezu kontatu behar hostoak erortzen direla. Haiek galdetzen dute; horrek hostoak dituela, besteak ez, zer gertatu ote zaion, agian tximistak jo duela… Eta pentsatzen hasten dira hosto berriak aterako ote diren, ez diren aterako…”. Ideia horrekin bat egin du Amundarainek: “Iaz, adibidez, egundoko kontzertua antolatu zuten 2. mailakoek makilak hartuta. Musika lantzen aritu ziren agian ordu eta erdiz eta hura ez genuen guk bultzatu”.

 

Baina irakasle taldeak soilik ez, gurasoek ere prestakuntza jaso dute Zaldibian: “Guraso eskolak proposatu zuen egiten ari ginena ulertzeko saio batzuk egitea eta iaz bi saio egin zituzten Ekoguneko teknikariekin. Hitzaldia eskaini zieten eta gero saio praktikoak egin zituzten. Erabiltzen ditugun hiru eremuetara joan ziren eta familiartean egin zituzten baso-eskolako jarduerak”. 

 

Pandemiaren etorrerarekin guraso batzuek kanpora gehiago ateratzeko eskaera egin zuten: “Bultzada bat izan da, zeren egoera horretan kanpora ateratzea justifikatuagoa zegoela zirudien”, dio Amundarainek. Eta berarekin bat egin du Maite Garmendia Haur Hezkuntzako irakasleak ere: “Guraso batzuei kanpora ateratzea denbora galtzea dela iruditzen zaie. Eguna jolasean pasatzen dutela eta lanean noiz hasiko ote diren galdetzen dute. Pandemiak orokorrean ez digu batere lagundu, baina horretan lagundu zuen”. 

 

Lehen Hezkuntzan justifikatu egin behar izaten dute, kanpora ateratzea Amundarainen hitzetan: “Beti ibili behar dugu egiten duguna argudiatzen eta erakusten. Gurasoei eta batzuetan baita geure buruari ere! Inertzia oso indartsua da eta helburuak betetzen ari ote garen galdetzen diogu geure buruari. Kanpoan edo basoan ari garenean badirudi gehiago justifikatu behar dugula curriculumean ageri diren helburuak lortzen ari garela edo konpetentziak lantzen ari garela. Jarduerak eta proposamenak probatzen, sortzen eta ikasten ari gara, baita irakasleok ere. Lehen Hezkuntzan, batez ere, antzeko egitasmoen eredu gutxi ditugu eta hori faltan botatzen dugu. Berez, kanpoko espazioan etengabe ari dira edukiak lantzen eta, gainera, kanpoan edo barnean oso modu desberdinean egoten dira haurrak”. Taldeko harremanak modu berezian lantzen dira eta "norbera izaten ikastea" konpetentzia lantzeko gune aproposa da Baso-eskola.

 

Garmendiak harremanak nola aldatzen diren azpimarratu du: “Lagunarte desberdinak egiten dituzte. Gela barruan elkartzen ez diren horiek kanpoan elkartzen dira, afinitateak aldatzen dira. Elkarri asko laguntzen diote. Kanpoko espazioak ekarpen handia egiten dio elkarlanari eta psikomotrizitatea asko lantzen dute. Bost urteko gelan, esaterako, edonor igotzen da zuhaitz batera bakar-bakarrik”. 

 

Era berean, ingurunea txiki-txikitatik ezagutzen dutela azpimarratu du Garmendiak: “Gure umeek, adibidez, jada badakite zein den osina eta zein ez, eta ez zaie bururatzen osin artean ibiltzea”. Amundarain: “Lehen Hezkuntzan hainbat landare lantzen dituztenerako, ezagunak dituzte. Ez dira liburuan agertzen den urruneko zerbait. Eta ingurumena zaintzeko eta klima aldaketarekin sentsibilizatzeko modurik onena da naturan eta lagunduta egotea, natura eta ingurumena zaintzeko jarrera zabaldu dadin. Beraz, ez da soilik ongi pasatzea”. Landareak soilik ez, animaliak zaintzen ere ikasten dute Garmendiak adierazi duenez: “Trikuak, igelak, zapaburuak, katagorriak… ikusten ditugu. Arratoiak ere ikusi izan ditugu. Zizareak ikusten dituztenean, kontu handiz ibiltzen dira orain. Xomorroren bat ikusiz gero, lehen hil egiten zuten”. “Orain, berriz, etxeak egiten dizkiete eta horrelakoekin ikusten dugu pixkanaka naturaren aldeko kontzientzia pizten zaiela”, gaineratu du Kalonjek.  

 

Errealitatea bertatik bertara

 

Edozein herriri bizitza handia ematen dio haurrak kalean ibiltzeak eta eskola orduetan umerik ez ikustea tristea dela diote. Amundarain: “Lau pareten artean errealitatea erakusten diegu baina errealitatetik aldenduta, eta barruan azaltzen diegu kanpokoa nolakoa den. Errealitatea ezagutzea eta bizitzea oso garrantzitsua da. Zuhaitzak, landareak eta animaliak lantzen ari bagara eta horiek eskola inguruan aurki baditzakegu zentzuzkoena kanpora ateratzea da, bertatik bertara ezagutzea eta ez argazki edo pantaila bidez soilik”. Garmendiak jarraitu du: “Orain katiuskak jantzi eta putzuak zapaltzera ateratzen gara. Garai batean ez zitzaigun burutik pasa ere egiten umeei putzuetan sartzen erakustea. Kontrakoa: ez sartzeko esaten genien. Baina orain putzuak zapaltzen ditugu eta lokatzetan eserita jolasten gara. Berdin du, gero aldatuko gara, Haur Hezkuntzako gela guztietan ur beroa dugu, gainera. Guraso batzuentzat astakeria da lokatzetan zikintzera etortzea eta batzuk kexatu egiten dira. Pedagogia egin behar izaten dugu”. Lokatzak eta zikintasunak sortzen duten kezka hori murrizteko galtza iragazkaitzak erabiltzen dituzte ikasle guztiek.  

 

Gauza berriak ezagutzeko eta ikertzeko grina bultzatzen du naturarekiko harremanak eta Garmendiak jarri digu horren adibidea: “Gaur bi ikasle entsaladak egiten aritu dira belarrekin eta une batez konturatu dira eskuetan oso usain txarra zutela. Aurrerago ziur deskubrituko dutela zein diren gaizki usaintzen duten belar horiek”. “Bai, gainera, zentzumen guztiak aktibatzen dira. Gelan ez da halakorik gertatzen; plastilinak usaina izan dezake baina usain kimikoa da”, gaineratu du Amundarainek.

Abiatu duten esperientziarekin pozarren daude Lardizabal eskolakoak. Ikasleengan sortzen duen onura begi-bistakoa da baina irakasleei ere naturarekin harremanetan izateak on egiten diela dio Amundarainek. “Ordezkoei eta praktiketan etortzen direnei ea zer moduz galdetzen diedanean, hemengo umeek zorte handia dutela esaten didate. Eskola toki erakargarria eta alaia bihurtzen dute halako jarduerek. Hala ere, irakasle batzuek harriduraz hartzen dute proiektua eta bakarren batek baita kezkaz ere”, esan du Garmendiak. Egitasmoarekin aurrera jarraitzeko asmoa dute, baina baliabide gehiago beharko lituzketela azpimarratu dute guztiek. Hala zehaztu du Garmendiak: “5 urteko gelan 22 haur ditut, tutore bakarra naiz eta lan pertsonaletarako ditugun orduetatik atera behar izaten dugu denbora. Hezitzaileen aldetik ahalegin handia eskatzen du horrek ikasturte osoan”.